JOXE MARI IRIONDO: “GARAI ZAILA IZAN ZEN, BAINA IZUGARRI ABERATSA”

1961ean hasi eta 1983an ETBra joan zen arte, Loiolako Herri Irratitik, Joxemari Iriondo azpeitiarrak izugarrizko lana egin zuen bertsolaritzaren alde. Bertsoak irratiz hedatu, jaialdiak eta bertsolari gazteen sariketak antolatu eta milaka bertso ordu grabatu zituen.

Gazterik hasi zen Iriondo Loiolako Herri Irratian, soldaduskatik etorri eta berehala. Zerbitzu militarra egitera Sidi Ifnira (Maroko) joan zenerako, oposizioak eginik zituen pare bat aurrezki kutxatan. Han zegoela, ordea, andregaiak idatzi zion, Loiolan irratia zabaldu behar zutela eta jende bila zebiltzala. Iriondok idazteko ohitura handia zuen, eta Sidi Ifnitik ere, “Olatz” aldizkarian argitaratzeko bertsoak idazten zituen lantzean behin. Hala, irratitik esan zioten berarekin interesatuta zeudela; Aita Joxemari Bergarak, haren gauza batzuk irakurri zituela eta puritanismorako joera zuen arren, hizketan nolakoa nintzen ikusi nahi zutela. Prezisio matematikoz gogoratzen duenez, 1961eko abuztuaren 26an itzuli zen Iriondo soldaduskatik, eta bi egun geroago presentatu zen irratian. “Presentatu eta lanean hasi”, esan du. Lehenengo eta behin, fonoteka eta diskoteka ordenatzen jarri zuten eta, gero, administrazioa eramaten hasi zen, kontabilitatea egiten Aita Urruzunorekin batera, bere espezialitatea hori baitzen.

Iriondok bazekien, hala ere, lehenago edo geroago gidoiak egiten hasiko zela, izugarri tentatzen zion gauza baitzen. “Garai hartan bazen saio bat “andre-gizonak” zeritzana, Imanol Eliasek idazten zuena, baina nonbait sekula ez zioten xentimorik pagatu, eta udazken hartan esan zuen ez zuela gidoi gehiago bidaliko”, gogoratu du. Senar-emazteen errieta tipikoak umore klabean antzezten zituen saio labur bat zen, eguerdiko ordu batean ematen zena, “garai hartako prime timean” eta aita Lekuonak Iriondori galdetu zion ea ausartuko al zen Eliasek egin gabe utzitakoa idazten. “12:30etan esan zidaten ea nik egingo nuen gidoia, eta 13:00etarako bi idatzi nituen. Egun hartakoak arrakasta izan zuen, eta, hala, animatu eta 6 edo 7 urtez idatzi nituen saio hartarako gidoiak”.

Hura izan zen irratiko lehen “sortze lana” Iriondorentzat, baina handik gutxira, ardura handiagoak hartuko zituen. Larunbat arratsetan, (hori bai benetako prime time-a, izan ere, telebista gutxi zegoen garai hartan eta, gainera, telebistan kate bakarra) Beti jai izeneko saioa ematen zuen Loiolako Herri Irratian, gaztelaniaz. “Aita Lekuonak esan zidan ea ausartuko nintzen programa hura euskaraz egiten eta nik, bi aldiz pentsatu gabe, baietz erantzun nion, noski.” Eduki anitzez osatutako saioa prestatzen hasi zen Iriondo: euskarazko kantak, lau aktoreren artean antzeztutako ipuin bat, Patxi Altunaren “ebanjelio antifrankista”…. Hasieran, Loiolako Inaxio Errementeik bertsolari zahar baten bertsoak hartu eta horiek kantatu ohi zituen. Iriondok, aldiz, Joxe Lizaso, Imanol Lazkano eta Azpeitiko beste bertsolari gazte batzuk gertuago zeuzkan, eta hala, egun batean, aldatzea proposatu zion Errementeiri: “Hi! Eta horren ordez, zer iruditzen zaik hainbat bertsolariri gai bana eman eta sei-zazpi bertso prestatzeko eskatuko bagenie?”. Esatearekin batera, Errementei haserretu egin omen zitzaion eta saioa bertan behera utzi omen zuen. Hala, molde horretan irratian kantatu zuen lehena Txapel izan zen, eta 1983an Iriondo ETBra joan zen arte, larunbatero emititu zen “Beti jai”, eta larunbatero izan ziren bertsoak, betiere bertsolariren batek gai baten inguruan jarritakoak.

Horrez gainera, bertsolaritzak entzuleen artean oso harrera ona zuela ikusita, Iriondo beste hamaika saiotan baliatu zen bertsolariez. “Gogoan dut haietako bat, oso polita”, hasi da azpeitiarra esaten. “Entzuleek proposatzen zituzten bertsolariei jarri beharreko gaiak. “Halako bertsolariari zergatik ez diozu halako gaia jartzen?”. Oroitzen naiz, adibidez, askotarako eman zuen gai bat: “Ni Azkoitiko neska bat naiz, Rosarito, eta esaten dute neskek ez dutela baserrira joan nahi izaten. Ba ni Rosarito naiz eta edozein baserritarrekin ezkontzeko prest nago”. Eta, orduan, Joxe Agirre, aste batez, Rosaritorena egiten ipintzen genuen. Kantatzen zituen sei edo zazpi bertso eta, hurrengo larunbatean, Joxe Lizasok erantzuten zion beste horrenbeste bertsorekin:, mutil zaharrarena eginez bere burua eskaintzen zuen”. Eta, horrela, istorioa gero eta gehiago endredatuz, haria luzatu egiten zen,. “Saio haiek beti zortziko txikian izaten zirela gogoan dut, umore ona sortzearren,” esan du Iriondok. “Oso polita izan zen hura”.

Bertsolari gazteen sariketak

Bertsolari gazteek, beren burua ezagutarazteko, Iriondok antolatutako txapelketei esker, tresna aparta izan zuten Loiolako Herri Irratia. “Aita Lekuona eta biok aspaldi ari ginen pentsatzen “Bertsolari gazteen sariketa” bat egin behar genuela, eta horretan ginela, Zeruko Argian idazten zuen Joxe Alkiza amezketararen karta bat jaso genuen: puntan ez zeuden bertsolariekin txapelketa bat antolatzea proposatzen zuen. Hain zuzen geure buruan, atximur eginez, biraka zebilkigun gauza bera. “Fanderiako pentsuak” finantzatzeko prest zegoela esaten zuen, eta horrela hasi ginen, 62ko otsailean”. Zortzi bertsolari hartu zituzten: hasieran Txomin Garmendia, Koxme Lizaso, Zarauzko Jauregi… Eta bi multzotan banatuta, bertsolariak binaka arituz, liga moduan antolatzen zuten lehia. “Azken erabakia, hori zen inportanteena, entzuleek zuten”, esan du Iriondok. “Hasieran beldurrak janda geunden jendeak bozka emateko idatziko ote zuen, ez ote zuen, eta pentsatzen genuen: “Ba, ehunen bat erantzun hartuko bagenitu pozik ginateke, nahikoa litzateke. Eta horra: lehenengo astean, 700 gutun iritsi ziren! Mundu berri bat hasi zitzaigula jira-biraka iruditu zitzaigun”.

Handik aurrera hamar txapelketa antolatu zituzten, urtero bat. “Hamaikagarrenak, ordea, poto egin zigun”, gogoratu du, atsekabetuta. “Ez genekien zein bertsolari hautatu eta, orduan, entzuleen iritzia eskatu genuen”. Atera ziren izenen artean Iñaki Murua, Millan Telleria, Mikel Mendizabal, Sebastian Lizaso eta belaunaldi hartako beste zenbait zeuden. Hala, bozka gehien izan zuten hamarrak bilera batera deitu zituzten, Loiolako jatetxe batera. “Baina segituan konturatu nintzen goierritarrak bat eginda zetozela, boikota prestatuta zekartela,” esan du Iriondok. “Zergatik gu bai eta beste denak ez?”, galdetzen omen zuten bertsolariek. “Guk azaldu genien irrati txiki bat ginela eta ezin geniela bertsolari guztiei lekua eman, baina Euskaltzaindiak antolatuz gero ez genuela arazorik.” Garai hartan, Zeruko Argian kronika bat publikatu zuen Iriondok, “boikota” nola eta nork egin zien salatuz. “Gero, gainera, esaten zuten, herria borrokan ari da eta gu hemen, irratian, bertsoak kantatzen…” “Eta nik erantzun nien, “Eta irratian kantatzea ez al da ba borroka egitea?”. 1971. urtea zen eta garai latzak ziren. Aurreko urtean ezin izan zen jokatu Salbuespen Estatua Gipuzkoan deklaratu zutelako, eta 65ean ere ezin izan zen egin, irratia itxi zutelako!”.

Bestalde, Iriondoren eskutik, Euskaltzaindiak antolatutako Euskal Herriko Txapelketa Nagusiko finalaurrekoak eta finalak zuzenean ematen hasi zen Loiolako Herri Irratia. “Adibidez, 67an, Xalbadorri jotako txistuak zuzenean eman genituen”, gogorarazi du. “Arazo asko izaten zen zentsurarekin. Eta zuzeneko saio horietarako, askotan jo behar izan genuen Antonio Zavalarengana, harreman handia baitzuen Antonio Arrue karlistarekin, eta horrek baimenak lortzeko gestioak egiten zituen”.

Gai jartzaile eta bertso artxibatzaile

Irratiko lanez aparte, garai hartan, Joxemari Iriondok hainbat urte egin zituen gai jartzaile gisa, eta lan horretan egin zuenagatik ezagun baino ezagunago bilakatu zen. “1962ko San Jose egunean hasi nintzen”, gogoratu du, bere memoria nolako zehatza den erakutsiz. “Eta gero urte mordoan gelditu gabe ibili nintzen. 1976an 76 jaialdi prestatu nituela apuntatuta daukat; eta horietatik, apuntatuta daukat, 6 bakarrik kobratu nituela. Baina garai hartan jaialdi gehienak ikastolen alde edo presoen alde izan ohi zirenez, gustura egiten genuen lan debalde.”

Urte haietan guztietan egindako jaialdi guztiak grabatu egin zituen. Horretarako, bertsolariekin akordio bat egiten zuen: “Zuek mikrofonoa jartzen utzi, eta bertso txarrik botatzen baduzue, nik kendu egingo ditut”. Kontatzen duenez, ez zen sekula enteratu eskubideak behar zirenik horretarako eta natural natural grabatu zituen denak, bertsolarien baimenarekin. Horri esker, artxibo ikaragarria osatu zuen urteren poderioz.

Ez daki zenbat ordu grabatu ahal izan zituen, baina milaka segurik. Beste irratiekin ere tratuak egin izan zituen, materiala trukatuz. Bilboko Herri Irratiko Pedro Mari Goikoetxearekin egindako tratua zela eta, Bizkaiko bertsolari askoren bertsoak entzun ahal izan ziren Gipuzkoan. Patxi Mujikarekin, aldiz, esperientzia txarragoa du. Esan duenez, hari hainbat lan-ordu utzi eta ez omen zizkion sekula itzuli. Hori del eta, zazpi urtean han eta hemen grabatutako bertso guztiak galdu zituen Iriondok.

Hainbat denboraz herriz herri grabagailuarekin ibili ondoren, makina bat anekdota gordetzen du Iriondok. Vespa zahar batean ibiltzen zen batetik bestera, eta ez beti Azpeititik hurbil zeuden lekuetan. “Behin, 1963ko udazkenean, Ariatzako bertso eskolakoekin hitzordua nuen Muxikan: Balendin eta Jon Enbeita, Ireneo Ajuria, Jon Lopategi…. Hara joan, soziedadean afaldu, eta gero, gaiak emanda, bertsoaldi batzuk grabatzea zen nire asmoa. Egun bakarrean grabatutako materialarekin, bost edo sei irratsaiotarako izango nuela pentsatzen zuen.” Magnetofoi handia hankartean hartuta abiatu zen Iriondo Azpeititik Muxikara, Vespan, hego haize handiarekin. Artean, ez zegoen autopistarik, noski. “ Iritsi nintzen Muxikara eta, hego haizearekin kableak hondatu eta argirik ez zegoen soziedadean, beraz, ezin izan nuen grabaziorik egin. Haraino vespan, magnetofoia hankartean nuela joan eta gero….”

Garai haiez oroitzean, Iriondok izugarri ondo pasatu zuela sentitzen du. Gaurtik begiratuta, aldiz, bestelako burutaziorik ere badatorkio: “Zenbat aldiz egon ote nintzen kanpoan etxean egon behar nuen garaian!”. Orduan, izan ere, irratian ordurik gabe egiten zuten lan. Hala ere, pozik dago egindakoarekin, bere ustez, irrati txiki batek, militantzia eta entrega beharrezko baititu bizitzeko. “Lan horren truke, eraso latzak jasan genituen. 1965ean irratia itxi egin ziguten urtebetez, 1977an, aldiz, bonba bat jarri ziguten…. Eta gero beti kuartelera bueltaka…”, esan du. “Momentu zailak izan ziren, baina, halere, ikaragarri aberatsa izan zen niretzat garai hura”.