[Joxe Agirre VI] Gipuzkoako herriartekoa

Joxean Agirre-(r)en argazkia Joxean Agirre 2018-02-26

Gipuzkoako herriartekoa –

Gazteekin harreman berezia izan zuen Joxe Agirrek. Egungo txapeldunak berak, Amets Arzallusek, behin baino gehiagotan aitortu izan du Agirreri zion mirespena. Baina ez da bakarra. Jokin Urangak edo Euzkitzek ere begirune izugarria izan diote. Azken bi horiek eta Anjel Larrañagak Joxe Agirrerekin batean osatu zuten 1999an Gipuzkoako Herriarteko Txapelketan Azpeitiko taldeetako bat. Joxek 70 bat urte zituen orduan. Taldea osatzeko bilera Anjel Larrañagaren jatetxean, Meolan, egin zuten, eta hain bildu genituen Euzkitze, Uranga eta Larrañaga.

 

Euzkitze: “Gastatzen ari zen bertsolari kasta baten azken ordezkaria zen”

“Niretzat oso gizon garrantzitsua izan zen. Karmelo Baldan irabazi nuen Eskolarteko lehen txapelaren ondoren izango zen. Biharamun goizean Loiolan, ikastolako autobusaren zain haren seme Jonekin egin nuen topo eta zorionak eman zizkidan. “Aitak esan dik Azpeitian beste bertsolari on bat badugula, eta, gure aitak esan baldin badu, halako izango duk”, esan zuen. Sekulako poza eman zidan. Nik entzun nuen lehen bertsolaria ere bera izan zen, Azkoitiko Urrategin, ni oso umea nintzela, 5 bat urte izango nituen. Urrategitik berehala dago Euzkitze baserria, bost minutuko tartea egongo da. Gu oso hangoak izan gara, eta akordatzen naiz lehen aldiz bertsotan Lasarte eta Agirre ikusi nituela. Horrek ere markatu egiten du, eta, gerora ere, ondo hartu izan genuen elkar bai bertsotan eta bai bertsotatik kanpo. Beti esan izan ohi da bi bertsolari jotzailek ez dutela elkar ondo hartzen, baina Agirre eta biok bertsotan ere oso ondo moldatu izan gara, eta beti izan diot estimu handia. Nik uste dut elkarri izan diogula estimu handia. Tarteka bisitan joaten nintzaion eta etxekoekin ere, haren seme-alabekin, harreman estua izan dut. Joxe bajatzen hasi zen hartan, ospitalean egonaldia egin zuenean, bisitan joan nintzaion behin eta alaba batek kontatu zidan Joxe ikustera joaten zen erizain bat ez zela gehiago azaltzen, nonbait, nire kontra zerbait esaten hasi eta Joxek sekulako purrustada bota ziolako. Gastatzen ari zen bertsolari kasta baten azken ordezkaria zen. Gizartea aldatu zen, bertsokera eta gaiak ere bai, eta Joxe Agirre zen desagertutako belaunaldi baten azken adibidea. Harekin gozatzeko aukera izan nuen. Lazkao Txiki hil ondoren, urte batzuk egin nituen Joxe Agirrerekin Zumaiako Artadira sanmigeletan joaten. Erretiratu nintzen bertsotatik, baina berriro ere ilusioa egiten zidan San Migeldik deitzen zidatenean, eta pozik joaten nintzen, neurri handi batean, Joxerekin kantatzeagatik”.

 

Jokin Uranga: “Berarekin kantatzea bezain ederra zen saiora joan-etorria berarekin egitea”

Ni baino gazteagoekin ere ibili zen Joxe, Ametsekin eta Sustrairekin esate baterako, baina bailara honetan behintzat neu izango naiz harekin gehien kantatutakoa. 1999ko Herriartekoan hartu genuen parte elkarrekin, baina, horren aurretik ere, beste edizio batean, uste dut kantatu genuela. Gida-baimena ateratzen ibili zenean, gure amak lana han egiten zuenez, auto aseguruarekin eta abarrekin ere lagundu zion, eta oso harreman ona izan zuten. Eta, uste dut, maitasun bereziarekin hartu ninduela, amaren ezaupidea zuelako ere. 1999ko Herriartekoan, harreman hori estutu egin genuen. 2003an, Gipuzkoako Txapelketan, nahikoa lan polita egin nuen, eta 2005eko Txapelketa Nagusian finalaren atarian gelditu nintzen, eta horren ondorioz hasi nintzen plazak egiten. Joxe puri-purian zegoen orduan, eta jaialdi batzuetan elkarrekin kantatzen hasi ginen. Biok bakarrik ere egin genituen saio batzuk Ataunen, Bilbon, etab. Neu joaten nintzaion kotxearekin bila, eta niretzat berarekin kantatzea baino garrantzitsuagoa izaten zen berarekin egiten nuen joan-etorria. Bertsotan, noski, izugarri estimatzen nuen, bere gauzak esateko modua, ia galduta zegoen mundu ikuskera bat zuen. Berarekin bertsotan egitea gozamena zen, baina, esan dudan bezala, ederragoa zen, oraindik, berarekin egun-pasa bat egitea. Gogoratzen dut Itziarren kantatu behar genuen egun batean hementxe, Meola atarian geratu ginela elkarrekin joateko. Bezperan ni Gasteizen kantatuta nengoen, lo gutxi eginda beraz, eta Itziarko saioa eginda goizeko hirurak aldean etxera gentozela, esan nion baldin Ertzaintzaren kontrolen bat aurkitzen bagenuen, aitona eta biloba ginela esan behar geniela, eta aitona gaixo jarri zenez, larrialdietara neramala presaka. Sekulako grazia egin zion ideiak eta “nahiago nikek bidean tokatuko balitzaizkigu”, esaten zuen. Oso joan-etorri politak egiten genituen. Gazteekin ondo konpontzeak, bestalde, poza ematen zion. 50 urteko aldea genuen, eta ederra da hala ere hain harreman erraza izatea. Bera joan zen, baina etxekoekin jarraitzen dut harreman estua izaten. Ni Azpeitiko Herriko Tabernan, Orkatzen, asko ibiltzen naiz, eta, makaltzen hasi eta gero ere, Joxe ekartzea gustatzen zitzaigun. Eta hari ere gustatu egiten zitzaion, mundu berri bat zabaltzen zitzaiolako, eta jendearen estimua sumatzen zuelako. Saioa bukatu eta eskerrak eman besterik ez zuen egiten. Gugandik bertsokera ezberdina ere bazuen. Azkarrean zen ona, puntuka esate baterako. Gauza bera egiten genuenean ere oso ezberdin ateratzen zitzaigun bertsoa.

Makaltzen hasi zenean ere mantendu nuen harremana. Telefonoz hitz egiten genuen, eta Amets eta biok, inoiz, bazkaltzera ere igo izan ginen. Ospitalean zegoela, nik Añorgan Orixe saria jokatu behar nuen, eta, pare bat egun lehenago, telefonoz esan nion Añorgan txapela irabazi eta ospitalera eramango niola. Eta “Nahiago nikek horixe egingo bahu!”, erantzun zidan. Txapela irabaztea egokitu zitzaidan, joan nintzaion txapelarekin eta berak eduki zuen gordeta. Hil zenean, familiakoek itzuli zidaten”.

 

Anjel Larrañaga: “Jotzaile amorratua zen”

Anjel Larrañagak Martirieta auzoan ikusi zuen Joxe Agirre lehenengo aldiz kantuan, bera mutikoa zela. Egileor zuen bertso-lagun, eta gogoan hartu zituen Joxeren egun hartako bi errima: “Zuk ez dezu ezagututzen gizon txikian finezik / buelo pixka bat dezula-eta ez zazu hartu lainezik”.

“Lehen trikitilari bat, bi bertsolari eta bailarako aizkolari bat nahikoa izaten ziren auzoan festa bete-beteak antolatzeko. Horrela ezagutu nuen nik Joxe inguruko auzoetan. 14 urterekin, Urrategin ikusi nuen Loidisaletxe zaharrarekin kantuan, eta orduan ohartu nintzen zer-nolako bertsolaria zen: jotzailea izugarria.

Errepidea egin gabe zegoen artean, baina pista irekita, eta kamioiak jarri zituzten erremolkeekin jendea gora eta behera garraiatzeko. Sekulako jendetza bildu zen. Meza ondoren, bazkal aurretik, bazkal ondoren eta arratsaldean aritzen ziren bertsotan. Egun hartan ere saio berezia egin zuten. Haserrearen mugaraino eramaten zuen bertsoa. Jotzaile amorratua zen, esatailea, eta esataileari aditzea ere tokatzen zaio. Oso terreno labaina da. Zaila da mugarekin asmatzea. Jendeari bertsolari jotzailea gustatzen zaio, baina neurria non dagoen jakin behar izaten da. Ni asko ibili nintzen Agirrerekin, eta ez zuen errukirik izaten. Azken urteetan ibili nintzen erosoen berarekin. Beti esan izan da Basarrik ekarri zuela bertsolaritza plazara, baina jendeari tabernako bertsolaria gustatzen zaio. Eta Joxek beti uzten zituen lehengo bertsokeraren izpiak bere jardunean, izpiak bakarrik ez, batzuetan gehiago ere bai, oso esataile gogorra zelako. Trikitirako ere kopla asko egina zen, Lajarentzako, sueltorako batik bat. Gerora hasi ziren edo hasi ginen loturako hitzak egiten, gehienetan bertsoak”.

Gipuzkoako herriartekoa  Gipuzkoako herriartekoa  Gipuzkoako herriartekoa  Gipuzkoako herriartekoa  Gipuzkoako herriartekoa  Gipuzkoako herriartekoa