[Joxe Agirre V] Loiola Irratia

Joxean Agirre-(r)en argazkia Joxean Agirre 2018-02-23
Argazkiak: Conny Beyreuther

Loiola Irratia –

Joxe Mari Iriondo: “Puntuari erantzuten ez zegoen bera bezalakorik”

 

[Joxe Agirre V] Loiola Irratia

 

 

 

1962an hasi ziren Loiola Irratian bertsolari sariketak egiten. “Hirugarren urtean animatu nuen Joxe Agirre sariketan parte hartzera, eta berak eraman zuen txapela. Gutunen bidez entzuleek erabakitzen zuten finalistak zein izango ziren. Telefonoak baziren ordurako, baina harreman arruntetarako ez ziren erabiltzen. Lehen urtean Txomin Garmendiak irabazi zuen eta bigarrena Patxi Etxeberriak. Bigarren urte horretan, botoz, Meagako Jauregik bildu zuen punturik gehien, baina enteratu ginen tabernaz taberna ibili zela boto bila, eta letra berarekin idatzitako gutun piloa iritsi zitzaizkigun. Beregana joan eta hori ez zela legezkoa esan genion, eta, eztabaida batzuen ondoren, sailkapenari uko egitera behartu genuen. Hirurehun bat gutun jasotzea arrakasta handia izango zela pentsatuta abiatu ginen, eta 700 pasa jaso genituen hasiera beretik. Izan ziren mila jasotzera iritsitako asteak. Lainezatu egin ginen horrekin. Partaideak urtero aldatzen saiatu ginen, baina izan ziren errepikatu zutenak eta bitan txapela jantzitakoak ere.

Bigarren urtetik aurrera, estudioan egiten genituen binakako saioak albo batera utzi eta, taldeka, Loiolatxo soziedadean egiten hasi ginen eta diferituan ematen. Azken hiru urteetan Landetako Lizasoren tabernan egin ziren kanporaketak. Sei bertsolari finalistek Azpeitiko Zelaitxon jokatu zuten finala lehen urteetan, eta, Azkoitiko frontoian edo Baztartxon, ondoren, epaimahai eta guzti.

Nik Joxerekin oso harreman gozoa izan nuen. Zerbait eskatu nion guztietan erantzun zidan, ez zidan inoiz ukatu. Loiola Irratiko Beti Jai irratsaioan ere parte hartu ohi zuen, beste bertsolari askok bezala. Nik ematen nien gaia edo haiek aukeratzen zuten, eta neu joaten nintzen enkarguzko bospasei bertso horiek grabatzera. Gai-jartzaile bezala egin dudan ibilbidean ere, eta luzea izan da, oso tratu ona izan genuen. Erantzuten zen ona. Aurrekoari arrazoia entzun eta berehala zekien erantzuten. Horretan maisua zen. Oso bertsolari bizia. Lehengo bertsolari guztiek bezala, bazituen bere lizentziak errimarekin, aditza eta aditz laguntzailea ez baitzituzten ondo bereizten. Hori gaur egun poto izango zen, baina ez garai hartan. Nik, behin, Antonio Mari Loidisaletxeri bertso batzuk grabatu nizkion eta, kontu handiz, esan nion nire ustez han potoak zeudela, eta erantzun zidan potoa bertsoa bukatu ezinda gora begira gelditzea zela. Amurizak lehen txapela 80an irabazi zuenean ere Mitxelenak antzeko zerbait esaten zuen, gogoa zuela, alegia, Atamitxera ondo afaltzera gonbidatu eta, gero, egurra emateko. Egin zuen nonbait bertsotan behin Amurizarekin eta “han gelditu yun jotako idia bezala, gora begira”, esaten zuen.

Niretzat, gaia jartzeko, hiru azpeitiarrak eta Azpillaga ziren munduko onenak. Edozein gai jarri eta luzitu egiten zuten. Beste zenbait bertsolarirekin, aldiz, Lasarterekin esate baterako, oso kontuz ibili behar izaten zen. Eta puntuari erantzuten onena Agirre zen.

Loiola Irratiak Itsumendin zuen antena eta Urola osoan, Goierrin, Eibarren eta Ermuan, eta Durangalde osoan hartzen zen seinalea, eta Gasteizen ere bai. FMren lehen esperientzia izan zen Espainiako estatuan”.

Loiola Irratia  Loiola Irratia