[Joxe Agirre IV] Etxe Zuri

Joxean Agirre-(r)en argazkia Joxean Agirre 2018-02-22
Argazkiak: Conny Beyreuther

Etxe Zuri

Imanol Lazkano: “Bikoteetan ematen diren fletxazoaren antzekoa izan zen gurea”

Etxe Zuri

Landetako eta Izarraizpeko kuadrillak, auzo samarrekoak izaki, desafioka ibili ohi ziren. Joxe Agirrek jokatu zuen bere azken apustua (jokatzera iritsi ez bazen ere) landetarren aurkakoa izan zen, eta baita bere lehen bertso saioetako bat ere. Imanol Lazkano soldaduskara joan gabe zegoen artean, 17 bat urte izango zituen eta berak zazpi gehiago. Bi kuadrillek Azpeitiko sarreran dagoen Etxe Zuri tabernan egin zuten topo. Landetarrek bazekiten Joxe bertsotan ibiltzen zena eta Izarraizpekoek ere bazuten Imanolen berri eta han hasi omen ziren bakoitzak bere bertsolaria tentatzen. Joxek esan ohi zuen ahariak bezala jarri zituztela buruz buru.

“Iztio baserria Orandatik Azpeitia aldera dago lehengo bide zaharrean. Baserri hori Martzial Uzinek erosi eta soroetan zumea sartu zuen. Urtero zumea ebakitzera Landetako kuadrilla joaten zen eta Joxe Agirre, idiekin garraioan ibiltzen zenez, hari deitu omen zioten zumea Iztiotik errepidera jaisteko. Hor hasi omen zitzaizkion gazte horiek, adarra jotzeko asmoarekin, Joxeri Landetan bazegoela beste bertsolari bat bera baino hobea esanez. Nik ere banekien landetar horiek erronkak joz zebiltzana. Egun batean, San Sebastian arratsaldea zela uste dut, ni Landetako kuadrillarekin eta hura Izarraizpekoarekin, hementxe egin genuen topo, Etxe Zuriko taberna honetan. Seguru asko nik Orandarekin lehebiziko hitzak bertsotan egingo nituen egun horretan. Ahariak apustuan bezala bota gintuzten aurrera. Nik 17 bat urte nituen eta berak zazpi gehiago. Geroko ibilietan makina bat txorakeria eta baita alukeria ere esan izan diogu elkarri, bertso jardunak hori eskatzen zuelako. Baina egun horretan elkarri desafiorik bota gabe jardun genuen, sekulako errespetuarekin aritu ginela daukat gogoan, zer kantatu genuen arrastorik ez badut ere. Zortzi-hamar bat bertso kantatuko genituen, eta, nahikoa samar kantatu genuela iritzi genionean, gure kuadrillak albo batera utzi eta, elkarri bizkarretik helduta, zerbait hartzera gerturatu ginen mostradorera. Eta han hasi zitzaidan esplikatzen tarteka izaten zituela auzo txikietatik eskariak, bere kideko lagun eroso samarrik ez zeukala eta ea animatuko nintzen. Bikoteetan ematen diren fletxazoaren antzeko bat izan genuela uste dut. Eta baietz agindu nion. Hemezortzi urterekin hasi nintzen plazak egiten eta inolako harrokeriarik gabe esan dezaket, berak ere askotan aitortu izan duelako, erosoena nirekin sentitzen zela, eta nik beste hainbeste esan dezaket berari buruz. Hasiera hartan, entzuleei genien beldurra edo errespetuagatik, oso berriak ginelako ere bai, une gozoekin batean mingotsak ere asko igaro genituen, eta horrek ere uste dut lotura bat sorrarazten duela. Konfiantza handia genuen. Beste inori kontatzen ez zizkion gauzak kontatzen zizkidan niri eta nik ere bai berari.

Beti esaten digute Joxek eta biok elkarrekin puntuka egindako saio batzuk gogoratzeko modukoak izan zirela. Baina jendea ez da ohartzen puntuka horrela egiteko aurretik urteetako gimnasia bat egin izan dugula. Beharbada hark taldean bertsolaririk ez zuelako eta nik ere ez, baina ingurukoak puntua jartzeko adina bazirelako, erantzuten trebatu ginen, hala iruditzen zait. Gimnasia hori gaztetatik egin genuen eta, nola arlo horretan ondo ibiltzen ginen, herriz herriko ibilian ere lan horretan jartzen gintuzten, eta soka bat ekartzen du horrek. Gai-jartzaile eta guzti oholtzara igo eta askotan ibili izan gara saioa bideratu ezinik, ezinean, eta jendeak ere sufritu egin ohi du halakoetan. Makina bat saio salbatu ditugu puntutan txukun samar egiteagatik. Bat-batekotasun horretan erritmoarekin asmatuz gero, eta tarteka kolpe on batzuk joz gero, puntuka engainatzen da errazenik publikoa. Dohain bat behar dela horretarako? Gorputzeko zein gihar behartzen den, hura indartzen da. Eta guk hori ikaragarri landu genuen. Erraz egiten genuen, baina bakarka ere urteetan landu izan genuelako. Zenbat aldiz joan ote naizen kotxean norabait neure buruari puntua jarri eta erantzunez. Nik ordubeteko saio asko egin ditut kotxean puntutan. Eta gauza bera egingo zuen Joxek ere. Publikoak merezi baino gehiago maite gaitu bertsolariok eta sufritu egiten du ezinean gabiltzanean, eta gozatu egiten du gozatzen ari garenean. Puntutan hain erraz egitea, ondo etorri zaigun arma bat izan da.

Gaur entzun izan dut bertso eskoletan egiten direla bertsolariak eta hori ez da egia. Bertso eskolak behar dira ikasleak aste barruan bakarka egin duena erakusteko eta giroa ere behar duelako, baina lana norberak bere gisara egin behar du. Gu ere ez ginen bertso eskolarik gabeak. Gure bertso eskolak igande gaueko tabernako saioak ziren, eta aste osoa behar izaten genuen saio hori prestatzeko. Joxe Agirrek bizitasuna landu zuen, ziria sartzea zen bere helburua. Neurria, errima eta doinuak landuko zituen, baina helburu horren mende jartzen zituen. Hori zen bere bertsokera. Basarri aurreko bertsolaritzaren adibideetako bat zen. Taberna-zuloko bertsolaritza zen, azken batean. Basarrik kultura maila bat eman zion bertsolaritzari, baina bertsoa lehortzeko arriskua ekarri zuen horrek. Agirreren kastakoak ziren Zepai eta Loidisaletxe ere, bizitasun handiko bertsolariak; baina, batzuetan, pasatu egiten ziren, eta oreka bat aurkitzea da kontua. Agirre bera ere larri ibiltzen zen, batzuetan, oreka hori aurkitzen. Jotzaile amorratua baitzen, eta plazan kantuan hasi orduko pizten zitzaion grina hori. Horrelakoa zen plazan, baina, gero, inork baino bihotz samurragoa zuen. Eta, lehen esan dudana, gauza guztien gainetik bertsotarako grina zuen. Niri gertatu izan zait Joxerekin norabait joan eta gai batekin larri samar ikustea, baina handik hamar egunera antzeko gai bat jarri eta primeran moldatzea, etxean landuta zekarrelako. Harrobian konpresorarekin zuloak egiten ari zela ere bertsotan jarduten zuen. Neuk ere lau urte egin nuen lan hemendik gertu zegoen Muebles Imaz lantegian, 14tik 18ra bitartean. Tornuan egiten nuen lan txirbila eta hautsa irentsiz, baina tornuak ateratzen zuen zaratak lagundu egiten zidan kontzentratzeko, eta uste dut ez dudala bertsotan neure gisara sekula santan orduan adina egin. Hamar ordu lanean, hamar ordu bertsotan egiten nuen”.

 

Imanol Lazkano poltsikoan bi orrialde dituela etorri da elkarrizketara. Orrialde batean, hil zen egunean familiaren eskariz idatzitako bertsoa dakar:

 

Zure lagunek behin eta berriz
aitortu duten moduan
bertsolaritza bizi den arte
izango zera goguan
abere zale nekaezina
lan egiteko orduan
Olentzeroren bixki laguna
Orandako sutonduan
senar, aita ta aiton hoberik
etzen izango munduan.

 

Beste hauek ondoren jarritakoak dira:

 

Ezustekotik ezustekora
mago izatera iritsia
bertsoeroko galdera hauxe:
orain non dauka untxia
bertsolaritzan aro polit bat
Joxe, hik diguk itxia
Txirritak zuen dotriña hartako
azkeneko harribitxia

 

Hire barruko txinpart bakoitza
azaltzen huen mingainez
dotore jantziz ziri zorrotzez
eta esaldi apañez
orain zaleon begietatik
malkoak egin dik gañez
hainbat urtetan eman diguken
gozamenaren ordainez.

 

Mendi gaineko arnas preskoa
kutsatu gabeko haize
horregatikan giñuan beti
hire bertsoaren gose
Nahiz oraindikan guk gehiago nahi
Ezin giñelako ase
egin dukanak ez dik izenik
MILA MILA ESKER JOXE.

 

Joxe Agirrek egindako puntukako saio asko gorde dira. Pare bat adibide ekarriko ditugu gogora. Lehen bertsoaldia 1981eko Bertsolari Egunekoa da. Joxe Mari Iriondo da gai-jartzaile.

 

Zuretzat elurtea
zer moduz izan da?
Ez det asko sufritu
egia esanda,
baba ta zezina ere
etxian bazan-da,
bapo pasatu degu
talo batzuk janda.

 

Sapaia hutsik eta
Ataian elurra…
Hori egia baino
hobe da gezurra,
holako baserritarrak
laster joko’u lurra,
ukulluan izango da
azala ta hezurra.

 

Zeu ondo gobernatu
ganauak gosiak…
Nundik jakin dituzu
nire notiziak,
ez nau asko poztutzen
haiek planteziak:
errape motzak eta
ilaje luziak.

 

Hogei erralde ez da
behi pare gorria…
Gurdi hutsa mugitutzen
istilu larria,
baina asmatuta daukat
sistema berria:
akerrari egin behar
diot uztarria.

 

Oñatin, Larraingain elkartean 1991n kantatuak dira hauek. Nikolas Segurala zen gaiak ematen.

 

Sekula izan al zara
zu lanean fina?
Galdera xelebrea
didazu egina;
langile amorratua
ez naiz izan baina,
halere egingo nuen
zazpi frailek aina.

 

Fundamentu gutxi
ta aitzakia ugari…
Nikolas abusatzen
ez al zera ari?
Urte mordo galanta
ta hanketatik eri,
aitzakiekin ez da
konpondutzen hori.

 

Etxe zuri Etxe zuri Etxe zuri Etxe zuri Etxe zuri Etxe zuri Etxe zuri Etxe zuri Etxe zuri Etxe zuri Etxe zuri