[Joxe Agirre III] Harrobia

Joxean Agirre-(r)en argazkia Joxean Agirre 2018-02-21
Argazkiak: Conny Beyreuther

Harrobia –

Joxe Agirrek jokatu zituen apustuetatik garrantzitsuena Azpeitiko zezen-plazan, Juanito Arregi lagun zuela, Yurrebasoren kontra aizkoran jokatutakoa izango zen. Osaba bat zuen Joxek Lasaoko geltokian bizi zena. Alaba bat zuten eta osaba hori elbarri gelditu zelarik, hari laguntzeko jaialdi handi bat antolatu zuten. Juanito Arregi da kontatu diguna: “Harri-jasotzaileak eta sokatira ere izan zen, eta jendetza bildu zen jaialdira. Basarrik egin zituen aurkezpen lanak. Yurrebasok izen handia zuen orduan eta askok barre ere egiten zuen, guk ez genuela haren kontra zer eginik esanez, baina aise irabazi genion, tarte handi samarrarekin gainera. Norbaitek ordurako zahartzen hasia egongo zela pentsatuko du, baina ez da egia. Yurrebaso nire kintakoa zen, 32 urte genituen, eta Joxek bi gutxiago. Ez zen edade kontua izan. Guk sekulako sasoia genuen, eta hura pixka bat uzten hasia zegoen”, dio.

Juanito Arregi Leizeakoa da, Azpeitiko Ezkuzta harrobiaren gainean dagoen baserrikoa. Umea zela, etxean osaba bat omen zuten Juan izenekoa, eta Juanito deitzen hasi zitzaizkion, eta izen horrekin gelditu da. Beso bat falta zaio. Harrobian harria txikitzen ari zela matxakak eraman zion. Abuztuan egin zituen 90 urte, baina begiratu batera gutxiago dituela ematen du.

“Apustu hori izan zen nik Joxerekin egin nuen bakanetakoa, baina lanean urte asko eman nituen berarekin: basoan lehenik, pago-egurra herriko okindegietara ekartzen, eta harrobian, gero. Joxek beste apustu batzuk ere jokatu zituen, baina gehienak lagunarteko kontuak izaten ziren. Gero, erromeria lekuetan egiten ziren aizkorarekin saioak. Xoxoten, San Inazioren irudia jarri zuten urtean, jaialdi moduko bat antolatu zuten ospatzeko, eta beste apustu bat jokatu genuen: Joxe eta nire anaia ziren, eta ni eta Arraioko Joxe Mari. Festaren osagarri bezala jartzen zituzten apustu horiek. Joxe eta nire anaia, berriz, leku gehiagotan ere ibili ziren. Ez genuen entrenatu beharrik izaten, ondo entrenatuta geunden, egun osoan aizkora eskuetan genuela ibiltzen baikinen lanean. Okindegietan pago-egurra erabiltzen zen orduan, eta bakoitzera zortzi-hamar bat gurdikada ekarriko genituen. Guk pare bat metroko egurrak ekartzen genituen, eta ilunabarretan haiek jarduten zuten egur txikitzen. Oso gazterik hasi ginen idiekin egurra ekartzen. Pagoa ugari zen lekuetan bakandu egiten genuen”, dio.

Juanitorekin batean Gorria etorri da hitzordura. Okerkua baserrikoa da, Jose Migel, Arregi hau ere, tartekoak baitira. Gazteagoa da eta ez zituen kontu horiek ezagutu, eta ea pagoa trontzarekin botatzen al zuten galdetu dio Juanitori. “Trontzarekin? Dena aizkorarekin egiten genuen. Askotan biok alde banatan jarrita ebakitzen genuen enborra. Beste bi anaiak soldatu egon ziren bitartean ni gelditu nintzen baserrian, eta urte horietan ibili nintzen basoan. Aita zenak harrobian egiten zuen lan eta ondoren hasi nintzen hemen”, gogoratu du.

Orain lan lasaiagoak egiten ditu Juanitok. Baratza polit bat du harrobiaren kontra eta egunero jarduten du han denbora-pasa.

“Entzuna dut Joxek Landetako baten kontra korrika ere jokatu zuela, baina apustu hori ez zela egitera iritsi, kontrarioa erretiratu egin zelako. Gero, jesuita sartu omen zen. Etxean ez ziotela uzten esaten omen zuen. Etxean uzten ez? Bai zera, beldurtu egingo zen seguru asko”, dio Gorriak. “Bai, bai. Korrika ere egin zituen apustu batzuk Joxek. Azpeitiko plazatik atera eta Erloko gurutzera 50 minutuan joan baietz jokatu zuen behin. Bezperan tabernan egindako trabesa izan behar zuen”, jarraitu du Juanitok.

Gorria ere harrobiko sozio eta langilea izandakoa da. “Loiola aldean Uriak zuen Sistiagako harrobia alokatuta genuen, eta handik ekartzen genuen harria hemen txikitzeko, hemen bertan ateratzen hasi ginen arte. Joxe beti ibili zen zuloak egiten”, erantsi du.

Harrobiko lana arrisku handikoa da. Goitik behera ebakitzen zen harri koska zuloak eginez, baina, tarteka, harriak soltatu egiten ziren eta istripuak edo sustoak sarri izaten ziren.

Azpeitiko zezen-plazan Yurrebasoren kontra jokatu zuten apustuaren ondoren, Joxek bertso batzuk kantatu zituen. Horiek ez zituen gogoan hartu, baina gogoratzen zuen egun hartan Basarrik bota zuen beste bertso eder hau:

 

Bihotzak palazt egiten zidan
plaza hontako sarreran.
Aita gaixo ta alaba elbarri
koadro tristeagorik zer dan.
Horrelakotan bildu behar da
gaur bildu geraden eran.
Guk ez dakigu gaur edo bihar
zertara beharko geran.

Harrobia  Harrobia  Harrobia Harrobia