[Joxe Agirre II] Igartza Txiki

Joxean Agirre-(r)en argazkia Joxean Agirre 2018-02-20
Argazkiak: Conny Beyreuther

Igartza Txiki –

Bi Igartzak, Handi eta Txiki, Zestoako Akuatik Aizarnara bidean daude, elkarri lotuta. Igartza Txikikoa zen Jose Agirreren emaztea, Maria Luisa Odriozola. Zazpi senidetatik zaharrenak oso gazterik irten behar izan zuen lanera. Arreba zaharrenaren etxean ezagutu zuen Joxek berak 31 urte eta neskak 16 zituenean. Bertsolariak beti esan ohi zuen 16 urte bakarrik izangatik ere, oso emakume egina zegoela, zeuzkan baino gehiago zituela ematen zuela. Maria Luisak 19 zituenean ezkondu ziren Olatzen, eta Kirurin egin zuten eztei bazkaria. Basarri eta Uztapide zeuden gonbidatuen artean, eta garaiko beste hainbat bertsolari. Laurogei bat lagun izan ziren bazkaritan.

Maria Luisaren bi anaia, Asentsio eta Bixente, bizi dira Igartza Txikin, eta hirugarren anaia bat, Eduardo, Igartza Handira ezkonduta. Berrehun ardiko artaldea dute Igartza Txikin, eta esnea Nafarroako enpresa bati saltzen diote. “Udan Erlo aldean edukitzen ditugu. Akuako beste batek ere baditu han ardiak eta elkarrekin joaten gara autoan goraino”, dio Bixentek. Gaztetatik ezagutzen ditu Erlo alde horiek Bixentek, Aittola, Zamaleku eta beste hainbat erromeria lekutara iristen baitzen. “Emakumerik iristen al zen Zamalekuraino?”, galdetu eta algara batekin erantzuten du. “Emakume asko zen orduan. Oranda aldetik eta Madariaga aldetik, eta baita Azkoitia aldetik ere, igotzen ziren. Horko gehienek inguruko senarra edo emaztea aurkitu zuten”, dio. Bera zergatik gelditu zen soltero? Aukera gehiegi izan zuelako.

Asentsio, gazteena, Azpeitiko kaleko Maite Ansolarekin ezkondu zen eta izen bereko alaba dute, Maite, gurasoen esanetan, Joxe Agirreren emaztearen antz izugarria duena. Bai Asentsio eta bai Bixente bertsozale eta trikitizale amorratuak dira. Orduak eman daitezke haiekin inguruko eta urruti samarreko erromeria eta trikitilariei buruz hizketan. Alaba Maitek panderoa jotzen du.

Joxe Agirrek joera handia zuen Igartzarako. Andrea ekarri eta eraman ibiltzen zen, eta askotan etortzen zen honera”, dio Asentsiok.

Patxi Igartza sasi-bertsolaria osaba zuten Asentsiok eta Bixentek. Aitaren anaia zen. Famatua egin zen bere garaian bertso traketsak botatzen eta, kontatzen dutenez, Basarrik nahikoa ondo imitatzen omen zuen. “Bertsotan aldrebes egokia zela esaten zuen. Tabernazalea zen, baina oso gizon langilea aldi berean”, jarraitzen du Asentsiok. “Pixka bat edaten zuenean zen bertsolaria, bestela batere ez”, sartu da Bixente.

Igartzatik gertu dago Trukuman baserria, belarrekin lan egiten zuen sasi-medikuaren jaiotetxea. Haren arreba Josefa ere oso aditua omen zen belar kontuetan. “Guk minen bat genuen bakoitzean harengana bidaltzen gintuzten”, erantsi du Bixentek.

 

Zuzenean edo zeharka emaztearen gaia jarri gabeko onik ez zuten izaten garai bateko gai-jartzaileek. Bertsoaldi honetan, ordea, ez zuen Nikolas Segurolak emazterik aipatu (“Agirreren belardietan hainbeste kalte egiten duen satorra da Lazkano”). Joxe Agirrek berak darama gaia terreno horretara. Bertsoak 1985ekoak dira. Doinua: “Mando baten gainian”.

 

Agirre:

Satorzarra ez zaitut
nik begi oneko,
hainbeste kalte gogor
egin dizulako,
harrapatzeko nabil
atxur eta zepo,
eta egunen baten
hilko zaitut, seko!

 

Lazkano:

Nahiko haserretua
dago nagusia,
baina nik badadukat
nahiko malezia;
atxurra motza dauka,
bista ez luzia,
horregatik egingo det
nahi dedan guztia.

 

Agirre:

Zere ustez bizi zara
patxara ederretik,
baina zabiltza beti,
zu, bide txarretik;
aldein belarra ebaki
behar den lurretik,
Ta pinuak atera
tzezu zuztarretik.

 

Lazkano:

Belardian biziko naiz
bertan jaio naiz-ta,
eta nire jokeran
beti naiz artista.
Luzatutzen ez bazaizu
motz daukazun bixta,
belardian eingo ditut
mila autopista.

 

Agirre:

Eroriko zerade
noizbaite kakuan,
nahiz ibili azkarra
zeradelakuan.
Harrapauta emango haut
etxera kolkuan:
narrua ibiliko dik
andreak lepuan.

 

Lazkano:

Azkeneko kontu hori
ez zendun tristia,
ondo jantzi nahi dezu
zure emaztia;
zelebrea izango da
hura ikustia:
lepoan sartor bat ta
azpian bestia.

 

Agirre:

Hauxen da ziri ederra
sartu didazula!
Pentsau behar zendun zerbaitxo
esango nizula.
Beraz bi satorrekin
andrea mardula…
lehen batekin nahikua lan
ematen ez dula!

Igartza Txiki  Igartza Txiki