Jaungoiko Txiki, bakarra munduan

Jaungoiko Txiki, bakarra munduan –

Ez dakigu Jaungoiko Txiki zehazki noiz jaio zen, baina bere espetxeratzearen data ikusita (1893) 1870 bueltan jaio zela esatera ausartu gaitezke. Jaiotze data doi-doi jakin ez arren, badira haren munduratzearen bueltako datu argi bi: lehena, Errenterian sortu zela, gaileteroen herrian; eta bigarrena, familia behartsu batean.

Luis Jauregi Jautarkol apaizak haren inguruan idatzi zuen Oarso aldizkarian 1962an: “Aurrekoengandik zetorkion izengoitia. Eztakit nondik eta nolaz asmatua ta ipiñia, baña, itxurazko arrazoien bat gabe etzan izango. Orain irurogei ta bost urte Errenteri’n, pamili geienak bazuten beren izengoitia. Oien artean Jaungoiko-txiki oso ezaguna gendun, eta garai batean, ezaguna bezin bildurgarri”.

Larre motzekoa izatea egokitu baitzitzaion orri hauetako protagonistari, bere sendikoek ez zuten kukurik entzun poltsikoan txanponak zituztela, eta hori gutxi ez eta, gainera, kukuak makur jo zien. Aitak, Jaungoiko Txiki originalak, bere buruaz beste egin zuen, eta herentzian izengoitia besterik ez zion utzi semeari. Seme bakarra zen orduan, eta amak eskean hasi behar izan zuen Oreretako kaleetan, jatekoa ahoratuko bazuten.

Ez dira adiskide onak tripazorriak, eta horiei isekak eta bazterketa gehitzen badizkiegu, nekez sortuko da pertsona gaiztotzeko nahasketa aproposagorik. Gizarte katolikoak ez du sekula begi onez ikusi suizidioa, eta Lazkao Txikik bertso koxkor batean laburbildu zuen apaizek mezetako erretolika amaigabeetan zabaltzen zuten mezua: “Gainera ez du bera hiltzeko eskubiderik gizonak, bere garaian kenduko dio lehenago eman zionak” (Eibar, 1962. Irriz eta malkoz, Antonio Zavala). Epelak entzungo zituen koitaduak, eta Jautarkolek honako gogoeta utzi zuen idatzia Jaungoiko Txikiren haurtzaroari buruz: “Etzuan laguntza aundirik arkitu, irri ta burla pranko, bai. Arritzekoa al-da, era orretan azitako mutilla, gerora, gaizkille ospetsu izateraño eldutzea?”.

Urteekin, labana bere gorputz atal bilakatu zen, eta ez preziso ezkutuan eramaten den atala. Ez omen zuen aparteko motiborik behar izaten aiztoa gaizto erabiltzeko.

 

 

Lehen krimena

Evaristo Bozas Urrutia (Errenteria, 1886 – Tres Arroyos, Argentina, 1929) gazterik joan zen itsasoz bestaldera, eta han kazetari lanetan aritu. Bere ogibideak heriotza eragin zion. La Region izeneko egunkariaren zuzendari izendatu zuten, eta bertatik fermuki salatu zituen instituzioetako ustelkeria eta azpijokoak. Atentatu batean hil zuten.

1921ean bere herrira itzuli, eta, lekukotza andana jaso eta idatzi franko bildu eta gero, Andanzas y mudanzas de mi pueblo. Errenteria, kondairan eta ipuin-zaharretan liburua idatzi zuen. Bertan Jaungoiko Txikiren historiari buruzko pasarte bat jaso zuen (hortik atera dugu informazio gehiena) eta, besteak beste, umetan zuen itxura deskribatu: “Mutil azkarra. Begi distiratsuak, sakonak, begirada gogorrekoak. Hitz errazekoa eta trebea. Batzuetan lagunkoia, mespretxatzailea gehienetan, liskartia, isekei ostikoka erantzutearen zale” (gaztelaniatik itzulia).

Bizitzak ez zion irribarre egin Jaungoiko Txikiri, eta bi esaldi ekar ditzakegu gogora: “Ni naiz ni eta nire testuingurua”, eta “sabel hutsa, kontseilari txarra”. Bozas eta Jautarkol ados zeuden, Jaungoiko Txiki bere inguruabarraren ondorio zuzena zen. Honela deskribatzen du Bozasek umezurtzak jasan behar izan zuena: “Umetan Jaungoiko Txiki galdurik zebilen kaletik, bakarrik, gosetuta, zarpail eta errukarri… Ama eskean zebilen, eta, horregatik, beste umeek trufa egiten zioten Jaungoiko Txikiri. Denek erdeinatzen zituzten, mespretxatu eta errefusatu. Hotz eta izuz begiratzen zituzten. Jaungoiko Txiki kalean hazi zen, dena aurka zuela, inoren laguntzarik jaso gabe. Eta kaletik, gizartetik, gosetik eta hotzetik sekulako energia kriminala jaso zuen, gorrotoa, erailtzeko gogoa. Betiko kontua errepikatzen zen: testuinguru soziala modu morbosoan eragiten ume transhumante batengan, etxegabea, eguzki gabea, ogi gabea, bera zaintzen duen Jainkorik gabea”.

Ebasten hasi zen Jaungoiko Txiki lehenbizi. Jasota dagoen lehen lapurreta “Polikarpo Arozenarenean” da, nahiz eta ez den zehazten Arozenaren negozioa zertan zetzan: taberna, fabrika, burdindegia…

Jaungoiko Txikik gazterik jaso zuen odol jaunartzea, Errenteriako Kaputxinoak auzoan beste langile bat labanaz erailtzean. Felix Istillart zen gizajoaren izena, eta Bozasen arabera, “tripak atera zizkion”. Zein izan ote zen krimenaren zioa? Istillarti sosak ostea? Erdeinu bati erantzutea? Ez dago jasota Jaungoiko Txiki krimen horrengatik epaitu zutenik.

 

Sagardo mikatza eta sakabanaketa politika

 

Kentzen du egarriya,

alaitzen du oso,

jartzen daki kantari,

dantzan ta garboso,

urrezko edariya,

edaten da gozo,

bañan ukalondorik

ez gehiegi jaso.

 

Bertso hori abestu zuen Ramon Artola bertsolari tolosarrak 1894an. Pasarte honetako protagonista mingainluzeak 1893an entzun behar zuen ukalondoa gehiegi ez jasotzearen aholkua, Artolak kantatu zuenerako beranduegi baitzen berarentzat.

Jaungoiko Txiki beti izan zen pobrea, baita janzteko ere, noski. Donostiako sagardotegi batera hurbildu zen arestian aipatutako urtean, zalantzarik gabe narrats itxuraz, ziurrenik zarpail tankeraz, eta arlote piurarekin ere bai, seguraski… Eta muturra majo berotuta zuen pinpirin bati Jaungoiko Txikiri trufa egitea otu ez zitzaion ba. Nor zen ez bazekien, kaiku galanta, eta baldin bazekien, egundoko axolagabea. Praka zaharretako poltsikoan labana zorrotza zeraman gaileteroak, eta bestea ohartu orduko aiztoaren heldulekua bere azala ukitzen ari zen.

Jende mordo baten aurrean erail zuen gizon bat Jaungoiko Txikik, eta orduan ez, orduan ez zen libratu. Errenteriako mikeleteek atxilotu zuten, eta preso nola zeramaten ikusi zuten herriko hiru gizonek honakoa oihukatu zioten Jaungoiko Txikiri: “Bidaia ona izan!”. Mespretxuz, bistan dena. Jaungoiko Txikiren erantzuna: “Itzultzen naizenean hilko zaituztet”. Errenteriar horiek ez zuten pentsatuko presoa itzuliko zenik. Nola baina, Ceutako kartzelara zeramaten eta?

80ko hamarkadan, estatu espainiarra sakabanaketa politika ezartzen hasi zitzaien euskal presoei eta haien familiei, baina asmakizuna ez zen, bere horretan, haiena izan; aspaldiko kontua baita gatibua hurkoarengandik aldentzen saiatzea. Ceutako kartzela armadarekin lotua zegoen, eta gatibuak askotariko lanak egitera behartzeaz gain, eginkizun militarretan parte hartzera derrigortzen zituzten. Preso kantitate izugarria lekualdatu zuten bertara XIX. mende amaieran.

 

 

Concepcion Arenal Ponte (1820-1893) idazle galiziarrak zuzenbide eta kazetaritza ikasketak egin zituen, emakumeen eskubideen alde borrokatu zen eta honako iritzia zuen (Ceutako) kartzela ereduaz:

“Gaizkileak moldatzeko eta zuzentzeko metodoen inguruan erabateko ezezagutza izanda, indar basatia erabili da hauek kontrolatzeko erregimen militarra hauspotuz. Espetxeari kuartela deitzen zaio, presoei indarra, kaboak eta eskuadrak daude, laguntzaileak eta maiorrak, komandanteak eta buruzagitza; ohikoa da militarrak hautatzea langile gisa, gertatu beharko zenaren guztiz kontrakoa. Kartzela bat heziketa etxe bat izan behar da, heziketa geldo eta zail batena, militarrek ez dauzkaten ezagutzak eskatzen dituena, eta izan ohi ez duten pazientzia eta patxada”.

Kartzelazainek presoak torturatzen zituzten, eta Jaungoiko Txiki ez zen erasoen aurrean zozoei begira begiratzen zen horietakoa. Bere zeldakidea jipoitu zuten egunean, labana funtzioak betetzen zituen eztenen bat lortu zuen, handik edo hemendik, eta aukera izan zuen momentuan, bere laguna egurtu zuen espetxezaina garbitu zuen. Ez zuten jakin bera izan zenik militarra hil zuena, bizirik atera baitzen kartzela hartatik… ez berak nahi izango zuen moduan, ordea.

 

Mairua behelaino artean

1893an Rifeko lehen guda lehertu zen, Margalloren Gerra izenez ere ezaguna, Espainiaren eta Melilla inguruko tribu edo kabilen artekoa. Juan Garcia y Margallo zen garaiko gobernadorea hirian, eta bertako biztanleekiko harremanak zeharo ozpindu zituen fortifikazio bat eraikitzearen harira. Izan ere, gotorlekua bertakoentzako sakratua zen pertsona baten (Sidi Guariach) hilobiaren gainean egin zuten, eta horrek sutu egin zituen riftarrak. Berehala 6.000 gerlari jaitsi ziren inguruko mendietatik Melilla setiatu eta bertan zeuden 400 “soldaduei” erasotzera.

 

Jaungoiko Txiki, bakarra munduan

 

Kakotx artean jarri dut “soldadu”, horietako bat Jaungoiko Txiki baitzen. Ceutako preso asko Melillara eraman zituzten, mairuen aurka borrokatzera. Gerra krimen antolatua da, eta horrek ez zuen Jaungoiko Txiki kitzikatzen. Testuinguru hartan, hizpide dugun pertsonaiak are bereziago bihurtzen duen erabakia hartu zuen: desertatzea. Eta ez, gainera, desertatu eta nola edo ahala ospa egiteko. Ez. Rifekoen aldera pasatu zen.

Evaristo Bozasek bere liburuan gaztelaniaz idatzi zuena Joseba Sarrionandiak euskaraz jarri zuen bere Mairuak gara behelaino artean saiakeran: “Prestu eta ernea zelako, lege aundia artu zion Muley-Haffid buruzagiak eta bere laguntzaile egin zuen. Moroen gisara janzten zen eta espainol gatibuei mesede aundiak egiten zizkien. Maiz askoan euskaldunak ere topatzen zituen; beren artean euskaraz ari oi ziren, moroak konpreni ez zezaten; Jaungoiko-txiki euskaraz mintzatzen zitzaien… haugatik laster zabaldu zen moro giputz haren entzutea”.

Guda geroz eta dimentsio handiagoa hartzen joan zen. Espainiarren artilleriak mezkita bat txikitu zuen, eta horrek matxinada yihad bilakatu zuen. Laster ziren 20.000 gizon Melilla erasotzen, eta espainiarrek tropak bidali zituzten penintsulatik. Urtebete iraun zuen gerrak, eta bakea 1894an sinatu zuten.

Desertatzeagatik ezartzen zen zigorra heriotza zen, eta beraz, Jaungoiko Txikik ez zeukan, printzipioz, estatu espainiarrera itzultzeko aukerarik. Baina Muley Haffid sultanak bere bizitza errespetatzeko exijitu zien agintari espainiarrei, eta hauek eskakizuna onartu. Horrela iritsi zen errenteriarra Cartagenako kartzelara.

 

Jaungoiko Txiki, bakarra munduan
9. Soldaduak Melillan, 1893, arg Manuel Company

 

 

Martxa handia eta martxa handiagoa

Ez dago jasota nola, baina handik gutxira Jaungoiko Txikik kartzelatik ospa egitea lortu zuen. Dena den, etxerako itzulera epikoa izan zen berea. Cartagenatik Errenteriara 700 kilometro baino gehiago daude, eta bide luze hori oinez egin zuen Jaungoiko Txikik. Bozasek liburuan dioenaren arabera, hamasei egunean. Hots, maratoi bat eguneko.

Oinazpietan jesusen baba soroa zeukala ailegatuko zen sorterrira, baina iritsi, iritsi zen; eta Errenterian ziztu bizian zabaldu zen haren itzuleraren berria, alafede. Berehala zeuzkan ate joka Errenteriatik atxilotuta atera zutenean isekaz hitz egin zioten hiru gizon haiek, jakin bai baitzekiten Jaungoiko Txiki ez zela emandako hitzaz ahazten. Txundigarria izan zen proposatu ziotena. Herriko jende dirudun ugarik sosak bildu eta Jaungoiko Txikiri eskaini zizkioten, baldintza bakarrarekin: Ameriketara joan zedila. Honek onartu egin zuen, eta Errenteriatik alde egin, berriz ez itzultzeko.

Evaristos Bozasek Txilen kokatu zuen Jaungoiko Txiki, lanean eta inori kalterik egin gabe bizi zela adieraziz. Horrek frogatzen zuen, bere aburuz, testuinguruak bilakatu zuela errenteriarra kriminal, eta zerotik hasteko abagunea izan zuenean, gizon ondradu eta abegikorra zela erakutsi zuela (aurretik riftarrekin eta haiek eginako gatibuekin frogatu zuen bezala). Honela amaitzen du Bozasek Jaungoiko Txikiri eskainitako pasartea, bere ezizenaren atzean ezkutatzen den izena hizpide:

“Herriko zaharrek izututa gogoratzen dute haren izena. Nik penaz oroitzen dut, eta bere krimenak barkatzen dizkiot. Ez dut bere izena emango, kriminal ohiak giroz aldatzean jarrera ere aldatu zuelako, damuarekin eta lanarekin purifikatuz. Kazetaritza, gainera, mingaina bezalakoa da, mesede adina kalte sor bailezake. Gaur bizitza zintzoa daraman Jaungoiko Txikiren izena ematea egun bizi den gizartearen aurrean berari kalte egitea izango litzateke… Jaungoiko Txiki, jarraitu ongiaren bidea eta inor ez da zure iraganaz izutuko”.

 

Euskal Gaizkileak podcasta

Hasier Etxeberria idazlea gaizkileen inguruko artikulu laburrak argitaratzen hasi zen ZuZeun, krimen horien bueltan sortutako kantuak ekarriz. Hura hil zenean, lan berean segitu nuen, eta horren ondotik etorri zen Euskal Gaizkileak podcasta. Hiru zutabe dauzka proiektu honek: batetik, ZuZeu hedabidea bera, proiektua koordinatu eta gidoiak idazteaz arduratzen dena; bestetik, BIEUSE taldea, bikoiztaile euskaldunen elkartea, ahotsak jartzen dituena Xabier Alkizaren gidaritzapean; eta, amaitzeko, IN estudioa, grabaketak egin, audioak editatu eta musika konposatzeko eginkizuna daukana, Iñigo Etxarriren eskutik.

Hamabi atal publikatu ditugu orain arte, tartean Jaungoiko Txikirena. Podcasta orri hauetan agertzen den historian oinarritzen da, nahiz eta fikzioa sortzeko lizentzia ere hartu genuen. Aktore ugarik hartu zuten parte bikoizketan: Ramon Zalakain, Nagore Irizar, Xabier Arruti, Margari Altolagirre, Mikel Mendizabal, Xabier Alkiza, Joseba Sacristan eta Kiko Jauregi.

Pello Zabaleta bertsolari oreretarrak Jaungoiko Txikiren inguruko bertso sorta bat idatzi zuen 1963an, eta Arkaitz Miner musikari errenteriarra arduratu da berau musikatzeaz. Oso produktu gaileteroa, bistan dena.

Etzan patxadaz, igo bolumena eta murgildu istorioan.

 

Jaungoiko Txiki, bakarra munduan Jaungoiko Txiki, bakarra munduan Jaungoiko Txiki, bakarra munduan Jaungoiko Txiki, bakarra munduan Jaungoiko Txiki, bakarra munduan Jaungoiko Txiki, bakarra munduan Jaungoiko Txiki, bakarra munduan Jaungoiko Txiki, bakarra munduan Jaungoiko Txiki, bakarra munduan Jaungoiko Txiki, bakarra munduan 
 Jaungoiko Txiki, bakarra munduan Jaungoiko Txiki, bakarra munduan Jaungoiko Txiki, bakarra munduan Jaungoiko Txiki, bakarra munduan Jaungoiko Txiki, bakarra munduan Jaungoiko Txiki, bakarra munduan Jaungoiko Txiki, bakarra munduan Jaungoiko Txiki, bakarra munduan Jaungoiko Txiki, bakarra munduan