Ixolamenduaren bertsoak
Ixolamenduaren bertsoak –
Nire bertsolari ibilbidean izan dudan esperientziarik berezi eta sakonenetakoa izan da Ixolamenduaren bertsoak izenez bataiatu dudana. Ez dut inoiz ahaztuko eta altxor gisara gordeta dauzkat gure memoria kolektiboan betirako geratuko diren asteotan idatzitako bertsoak, bueltan jaso ditudan mezuak eta opariak eta egindako harremanak. Izan ere, bertsolaria naizen neurrian, Covid 19aren inguruko egoera intentsitate bereziarekin bizi izan dut, bertsoak egin eta egin, bertsoa ekintza zuzenerako tresna sozial gisa baliatuz. Inoiz ez dut egin hainbeste denbora bertso saiorik gabe, baina inoiz baino gehiago izan dut burua martxan bertsoak egiten.
Ekimena, Covid 19aren bueltako konfinamenduari hasiera eman genion egunean jarri nuen abian Twitter bidez. Nigandik eta neuretik, mundua bizitzen ari den egoeraren aurrean berehalako laguntza emateko otu zitzaidan modua izan zen. Zer dakit egiten? Zer egin dezaket nik neure kasa eta etxetik? Pandemiak gure jendartea apenas babesik eta baliabiderik gabe harrapatu zuela ikusirik bururatu zitzaidan ekintzailetza modua izan zen ekimen hau. Twitter izanik neukan sare sozial edo bakarra, bertatik jasoko nituen bertso eskaerak, denak ere egoeraren larritasunari lotuak. Eskatzaileari bertsoaren hartzaileari eta bere egoerari buruzko gutxieneko informazioa eskatzen nion eta hurrengo ordu edo egunetan bertso pertsonalizatua helaraziko nion idatziz, Twitterreko mezu pribatu bidez. Twiterren mezua jarri nuenean ez nekien funtzionatuko zuenik ere edo zer izango zen bueltan letorkeena. Egia esan, ez nuen gehiegi pentsatu, gogoak irabazi zidan eta asko kalkulatu gabe argitaratu nuen proposamena.
Erantzuna berehalakoa izan zen. Mezua azkar zabaldu zen eta lehenengo egunetan eskaera jasa handia jaso nuen. Lehen unetik egoera horretan murgildu nintzen, bertsoak egitera eta ekinak berak erakutsi zidan nola funtzionatu behar nuen. Eskaerak publikoki jaso eta pribatutik erantzuten nituen, tartean informazio intimoa eskatu eta jaso beharra nuelako: hartzailearen izena, arazoa edo egoera eta nabarmentzeko moduko bere ezaugarri pertsonalen bat. Informazio osagarri bezala eta bertsoaren ikuspegia zehazteko batzuetan zeinen partez emango zitzaion ere galdetzen nuen. Normalean, eskatzaile batek edo batzuek hirugarren batentzat eskatutako bertsoak izan dira, gutxitan norberarentzat. Egunak joan egunak etorri, erabat sartua egon nintzen ekimen honetan, orduak eta orduak, jendearen eskaerak behar bezala erantzun nahian, Zumaiako etxe alokatu berrian. Egunak oharkabean pasatu zaizkit askotan, telebista piztu ere egin gabe batzuetan, eta esango nuke, asteak ere ziztu bizian joan zaizkidala eginkizun honetan murgilduta. Denetariko kasuak ezagutu ditut, Euskal Herri osotik iritsi zaizkit eskaerak —batzuetan kanpotik ere bai— eta egoeraren larritasunaren begirada zabala eraiki ahal izan dut. Eskatzaileak: lagunak, kuadrillak, senitartekoak eta elkarteak izan dira gehienbat. Hartzaileak aldiz, denetarik, konfinamenduaren atzean eta birusaren aurrean dagoen sekulako kasuistika erakutsi dit ekimen honek: birusagatik gaixotutakoak, hildakoak, osasun edo gizarte zerbitzuetako langileak, haurdunak, jaioberriak, isolatutako adineko jendea, gaixotasun bereziak dituztenak, banandutako familiak eta bikoteak, presoak, etendako proiektuak… denetarik!
Animoak emateko, opari gisa bideoetan kantatzeko, “zurekin nago” esateko… horrelako funtzioak izan dituzte nire bertsoek. Eta egoeran hain sartua egonik, benetan sentitu dut bertsoak laguntzen zuela. Boteretsua den zerbait bezala sentitu dut bertsoaren izaera. Isolamendua hausteko gai da, eta hartzaileari soilik beretzat eginiko eta soilik beretzat egokitutako pieza bat ematen dio, esklusiboa, neurrira egina, behar duen momentu batean, oztopo denak gaindituz. Hitzaren indarra eta izaera etereoak oztopo fisiko oro gainditu dezake eta bertso xume batek lagun edo senide baten eskutik, Amazonetik edo Ebay-etik eskatu ezin den zerbait helarazten dio behar duenari.
Askotan eskaeraren larritasunak ikusita, ardura handia sentitu dut bertso hauek idaztean eta saiatu naiz hitzez hitz mezua zizelkatzen, larrialdi egoera hori sufritzen ari zen hartzaileari benetako efektu lagungarria, “sendagarria” gerta ziezaion. Oso gaztetxotatik bertsoaren funtzio hori praktikatu izan dut, hileta omenaldi, manifestazio, ezkontza eta abarretan askotan, oso egoera berezi eta emozionalki indartsuetan. Ardura handia sentitu izan dut halakoetan. Baina inoiz ez dut egin ariketa hori hain intentso eta hainbeste denboran segidan, orain egin dudan bezala.
Hartzailearen lekuan jartzen saiatu naiz aldiro, eta denbora gutxian nolako bertsoa, nolako hitzak, nolako tonuan beharko lituzkeen irudikatu dut. Ariketa oso berezia izan da, oso enpatikoa. Erantzunak hunkigarriak izan dira askotan, negar asko egin dut iritsi zaizkidan esker on mezuekin, marrazkiekin, argazki eta bideoekin… bai eta bertsoa jaso zuen norbait hil egin dela jakitean ere. 5 aldiz gertatu da hori, familiak jakinarazi izan dit denetan ere. Oso sentipen erreala da bertso hauek egiten etengabe sentitu dudana, harrigarria, bertso baten bueltan sortutako hartu-eman batetik eratorria. 260 pertsona ingururekin izan dut harremana, gehienetan laburra, eskatu bidali eta agurtu. Batzuetan jarraitu du eta askotan bertsoaren eraginaren berri eman izan didate… Agian berentzat gauzatxo puntual bat baino ez da izan, baina niretzat, astea joan astea etorri horretara egon naizenez, presentzia handiko zerbait izan da. Denbora beharko dut hau murtxikatu, hausnartu, digeritu eta honetatik zer sortuko zaidan ikusteko, baina gauza bat argi daukat, jende on asko dago hor zehar, maitasuna eta esker ona adierazteko prest; bai eta beste mundu bat eraikitzeko prest ere. Eta bertso baten indarra ezin da kW-etan, km/h-tan edo dirutan neurtu, baina bai esker onetan, irritan edo malkotan. Eta aurrez bagenekien ere, indar izugarria du.
Hemen zenbait bertsoren aukeraketa duzue. Ez dut hautatu informazio pertsonala duen bertsorik, beraz, publiko egin direnen lagin bat baino ez da hau.
Aspaldi nerabilen buruan beste mundu bat posible delako ideiaren bueltan zerbait egitea, zerbait sortu, idatzi, antolatu… eta hara! Egoera honek posible dela soilik ez, beharrezkoa dela ere ikusarazi dio jende askori. Nire bertsoak eta egiten ditudan hainbat gauza, ideia horren zerbitzura egon dira beti eta hemendik aurrera, horretarako tresna izaten jarraituko dute, arrazoi handiagoz.
Ospitaleko azken zuloan ari diren garbitegiko langileak animatzeko, jadanik jubilatuta dagoen lankide ohi batek eskatuta:
Ospitaleko azken txokoan
ezkutuan gehienean
arrisku gehien duen lekuan
gehien behar den unean
Garbitegian, dena ematen
ari zarete lanean
zuentzat dira txalo guztiak
nire balkoitxo gainean
Milioi bat esker, milioi bat muxu
bizitzaren izenean!
Euskal Herriko AEK-k eskatuta, isolatuta eta etxetik ikasten ari diren 10.000 ikasleentzat:
Milaka ikasle zuen etxetan
isolatuta zaudete
baina euskara ez da hustuko
nahiz eta gelak ez bete
zenbat ahalegin, zenbat denbora
zenbat amets, zenbat neke
Zenbat “baneki”, zenbat “bagina”
zenbat “ahal da”, ”baliteke”
Beste baldintza bat sartu zaigu
ez muga eta ez epe…
isolamendu oro hizkuntzen
azkena izan daiteke
baina ikasleak, zuek bai, zuek
nola utzi esateke…
etsipenaren birusarentzat
antidotoa zarete
Hiru urte pasatu eta gero, kalerako lehenengo baimenak zapuztuta geratu zaizkien Altsasuko gazte kartzelatuei bidaltzeko, beren aita eta amek eskatuta:
Izan liteke gutun luze bat
Esku bat edo besoa
Izan liteke ukabilkada
Zerurantz estu jasoa
Izan liteke mezu batekin
Zeruan doan usoa
Manifestapen jendetsuena
Senide baten pausoa…
Zerk ematen du berotasuna?
Zerk babes keinu goxoa?
Zerk hausten du isolamendua
Zerk laxatzen du lazoa?
“Birus” ugarik okertu arren
Altsasuko arazoa…
Zuek zaudeten lekura beti
joango da nire bertsoa
Bere bikotekide presoarekin lehen bis a bisa galdu duenak eskatuta, ziegara bidaltzeko:
Hau da hau marka hainbeste urte
dira bion artekoa
hasi zenetik eta ordua zen
jauzi bat egitekoa
baina Korona izenarekin
beste birus bat? nahikoa!
Pazientzia ta umorea
antidoto perfektoa!
Maitasuna da isolamendu
denen aurkako txertoa
Eta hau, Sabeletik mundura webgunetik eskatuta, haurdun eta isolamenduan dauden guztientzat:
Ontzian sartzen garen garaian
Ez dago iragarria
Nola izango den gure bidaia
lasaia edo larria
Inork ez zuen espero mundu
mailako aldagarria
sentitu, hausnartu, zaindu ta hartu
barne munduei neurria
Une hauetan maitasuna da
gure lehen lokarria
sabeletik mundura sortzen den
bizitzaren aldarria
neguak beti iragartzen du
datorren udaberria
Zuen barruan daramazue
biharko mundu berria
Urdulizeko DBHko ikasleei, irakasleen partez:
Ikasleak ez daki
Zer den datorrena
Ez eta irakasleak
Hau da eromena
Agian da ikasgai
Garrantzitsuena
Egoera hontatik
Ikasiko dena.
Herbehereetan bizi den Athletik zalea, Kopako finalerako txartela erosita zuena, udan etorri ezingo dena eta hara joatekoa zen familiaren bisita zapuztuta geratu zaiona:
Herbeherea ia
dugu herri bera
Eta finala ez da
beti bukaera
Beti egongo dira hor
Aita ama, arreba
Udan gozauko duzu
Kuadrillaz batera
Ta Kopako txapeldun
gu izango gera!
Nafarroako Zaraitzu bailarako Gartxot ekimenekoek eskatuta, elkarte kideak animatzeko:
Zaraitzun hots bat aditu dugu
ilunean, mezulari
oreinak erne zutitu dira
Orhira igo da Mari
ilargitara zabaldu dira
Eguzki-lore ugari
Ehunka uso eta arrano
irten dira hegalari
Harrotu dira pago ta mendi,
ur jauzi eta emari
Leihoetara atera gara
Eta jarri gara adi…
isolamendu oro gaindituz
Eskutan lau ttantta gari
Elkorretatik ari da Gartxot
esperantzari kantari
Hau Gasteizko farmazialari elkarte batek eskatuta:
Farmazietan eta Gasteizen
gauza jarri da serio!
Milioi bat esker botikariei!!
Jende askok hala dio!!
jendea doa gaixo ta kezka
beldur eta istorio
aholkutxo bat, jarri bertsoa
ere zuen gomendio
ez du sendatzen baina bihotzai
mesede egiten dio!
Bakarrik isolatuta egoteaz gain, anorexia duen neska bati:
Gizarte honek ematen digu
gorputzaren eredua
Estereotipo eta kanonak
zer infernu, zer zerua
ikus ezazu alde onetik
gure isolamendua
kanpo eragin gabe bilatu
egizko pentsamendua
munduko leku ederrena da,
maitatu zure burua
Azkenik, Radio Euskadiko Boulevard saiotik eskatuta, honako hau:
Besarkada irrati bidez
kezkaz zaudeten deneri
Bakarrik zein haurdunaldian
gaixolarri edo eri
Osasuneko langileei
lana galdu duteneri
Azaleko hainbat gauzetan
Bizi izan gara igeri
Baloreen aroa dator
Nik zuri eta zuk neri
Ikasiko dugunarekin
Mundu berri bat sor bedi