Herriaren kronisten kronistak
BTN22 hedabideetan
Bertsolaria herriaren kronista dela esan izan da askotan, aldizkari honetan bertan irakurri ahal izan zen definizio hori duela hilabete gutxi. Herriaren kronistek urte osoa igarotzen dute gizartearen erradiografiak egiten, aldaketei buruz hausnartzen edota hain bistakoak ez diren gaien barrunbeetara sartzen. Haien eguneroko lana da kronikak eta kronikak egiten jardutea, sakonak zein axalekoak, zer pentsatua eskaintzeko asmotan. Badirudi ohikotasunean egiten duten lan horren ondorioz lau urtean behin iristen direla gailurrera; lau urtean behin adierazten dituzte, bederen, euren ideiak hainbeste begi zorrotzen aurrean.
“Lehenengotik ikasita nekarren foku mediatiko eta publiko oso handi bat dela Txapelketa. 2017ra arte ez nintzen kontziente, jende pila bat egoten da hizketan honi buruz hilabete askotan zehar, eta hori 2017an shock moduko bat izan zen niretzat”. Hala adierazi zituen bere sentipenak Nerea Ibarzabalek Urumeako Kronika-n. Bertsolari batek baino gehiagok aipatu du lehiaketa zurrunbilo baten moduko zerbait dela, inguruko gai guztiak xurgatzen dituela, eta ez daudela ohituta erakusleihoan hainbeste denboran egoten. Izan ere, horixe da Bertsolari Txapelketa Nagusiaren ezaugarri behinenetako bat; handitasuna. Txapelketak berezkoak ditu morboa eta txutxu-mutxua.
Informazio fluxu horretan bertan, bada oraindik poetikoki definitu gabeko espezie bat. Herriaren kronisten ahozko kronikak bildu eta herritarrei helaraztea da haien funtzioa, ahoz zein idatziz. Espezie hori ere asko ugaritzen da Txapelketa Nagusia jokatzen ari den bitartean, eta bertsozaleen informazio gosea asetzeko (eta okitzeko) adina ale sortzen ditu.
Hedoi Etxarte idazleak, 2017ko Txapelketaren harira, adierazi zuen kazetari eta adituen lana dela kriterioa izatea, eta ez «Herbehereetako tulipan zelai guztietako loreak» banatzea denei. Bada, aurtengoan ere ez da zorroztasunik faltatu. Aztertzeko modukoa izan da BTN22k hedabideetan izan duen ibilbidea. Garai eta une bakoitzak ezaugarri ezberdinak dauzka, eta 2022ko Txapelketak izan ditu aipatutako zurrunbilo hori handitu duten aldagai berezi batzuk. Eduki mota berritzaileak sortu dira, bertsozale berriengana iristeko saiakerak egin dira, eta hori guztia uztartu da ohiko jarraipenarekin.
Bistan geratu da komunikazioan azken urteetan gertatu diren aldaketak iritsi direla bertsolaritzara, eta aipatutako zurrunbiloa informazio kopuruen datuetan islatzen da:
Hedabidea |
Argitaratutako ale kopurua |
EITB |
170 |
Berria |
168 |
Naiz |
71 |
Argia |
55 |
Vocento |
33 |
Noticias |
15 |
Aurreko urteetan baino zabalagoa izan da oholtza gainean gertatutakoa aztertzeko erabili den lupa, eta aukera zabal horren barruan bertso saioei buruzko eduki desberdinak sortu dira. Aldi berean, lupa handi horren barruan mikroskopio asko izan dira BTN22n, bakoitzaren interesen arabera ñabarduretara sartzeko aukera izan delako; txapelketa barruagotik eta gertuagotik bizitzeko aukera. Hala, lehenago hainbeste erreparatzen ez zitzaien gauzek protagonismoa eduki dute, eta bakoitzak bere gustuetara egokitu ahal izan du Txapelketaren jarraipena.
Aztertzeko modukoa izan da BTN22k hedabideetan izan duen ibilbidea… Eduki mota berritzaileak sortu dira, bertsozale berriengana iristeko saiakerak egin dira, eta hori guztia uztartu da ohiko jarraipenarekin.
‘Behar baino beranduxeago’ gertatutako aldaketek, esaterako, tarte zabala eduki dute hedabideetako analisietan. Finalean aurrenekoz hiru emakume sartzeak ikusmina sortu du, nahiz eta plazan urteak daramatzaten sekulako maila erakusten. Gaia jendearen ahotan bolo-bolo ibili da, eta Txapelketari buruzko ale eta programetan ere bereziki nabarmendu da. Ikuspegi feministatik garatutako analisiak izan dira ale hedatuenetakoak. Gauzak horrela, asko idatzi eta hitz egin da bertsolariaren diskurtsoari, jarrerari eta hautuei buruz. Ideia hori nabarmendu zuen Gorka Azkaratek Berria-n egindako azken analisi testuan: “Asko hitz egin dugu azken asteotan bertsolari bakoitzak gai baten aurrean hartu ohi duen kokapen eta estiloaren gainean” .
…lehenago hainbeste erreparatzen ez zitzaien gauzek protagonismoa eduki dute, eta bakoitzak bere gustuetara egokitu ahal izan du Txapelketaren jarraipena.
Distira eta hutsuneak hasieratik
Irailaren 24an jokatu zen Txapelketako lehenengo saioa, Getxon. Ordurako hedabide gehienek argitaratuak zituzten prebia moduko ale batzuk. Urtebeteko atzerapena, lehenengo fasean izaten diren saio bereziak, gazteak ba omen zetozela, epaileen lana, Txapelketaren sintonia… Aipatzeko kontu ugari zeuden, eta gai horiei guztiei heldu zieten komunikabideek. Nahiko ohikoa izan zen Txapelketako lehenengo saioen jarraipena; urteroko elkarrizketa, saioen biharamuneko kronika eta analisiekin.
Hasierako uneetan kokatzeko beharra izaten dute zenbaitek, giroa ez da oraindik pil-pilean egoten, eta badira despistatu xamartuta ibiltzen direnak ere. ETBren kasua izan daiteke bigarren hori, ez baitzituzten lehenengo faseko saioak zuzenean eskaini. Aurreneko sei saioen zuzeneko jarraipenean hutsuneak nabarmendu ziren, eta ez zen erraza izan bertan egon gabe bertsoaldiak aditzea. Elizondoko saiotik aurrera iritsi ziren Ilaski Serranok gidatutako emanaldiak, Jon Martinen hitzartze finekin, eta datuek erakutsi dute etxeetatik ere jarraitzen dela Txapelketa; 232.000 lagunek jarraitu baitzuten finalaren emisioa uneren batean. Gertatutakoa gertatuta, zalantza edo galdera bat geratzen da zintzilik: telebista kate publiko batek ez al luke hainbeste pertsona mugitzen dituen ekitaldi bat osorik eskaini behar? Akordio kontuak izaten dira askotan, baina borondatea ere behar izaten da.
Tira. Ausentziak alboratuta, eta ETBri begira jarraituz, Hitzetik Hortzera saioaren denboraldi berria estreinatu zen Txapelketa hasi baino asteburu bat lehenago. Txapelketako saio guztiak jarraitu zituen programak; hasi eta buka. Planteamendu interesgarriekin ailegatu zen gainera denboraldi berria, bertsolaritzatik harago joateko asmoarekin. Izan ere, asteburuko saioetako bertsoaldien aukeraketa eskaintzeaz gain, Txapelketaren ibilbidea baliatu zuten tokian tokiko kulturgile bat elkarrizketatzeko. Gonbidatuetako batzuk izan ziren Gari Garaialde argazkilaria, Aitziber Garmendia aktorea eta Afrika Bibang abeslaria, esaterako. Aberasgarria izan da bertsolaritza eta bestelako kultur adierazpideak uztartzea Txapelketa Nagusia abiapuntu gisa hartuta.
Prentsa idatzian ere izan dira azpimarratzeko moduko testuak. Oso orekatua izan da Berria-k egindako jarraipena, eta tandem txukuna osatu dute Miren Mujikak eta Gorka Azkaratek. Saio bakoitzaren hitzezko argazki dotoreak egin ditu Mujikak, eta hitz gutxi erabilita erraz bilatu dizkio ertzak Azkaratek saio, egoera eta bertsolari bakoitzaren jardunari. Argitaratutako albiste kopuruan ikus daiteke bereziki landua izan dela Berria-ren jarraipena, eta finalaurrekoetatik aurrera formatu berritzaileagoak sortu baditu ere, ez dute une bakar batean alboratu idatzizko informazioa eta analisia; jarraipen ‘tradizionala’, alegia.
(ARGIAkoak) Ez dira elkarrizketa luzeak, baina galdera aproposak egin dizkiete protagonistei, eta kazetaritzan ez dago esateko zerbait duenari galdera onak egitea baino ezer hoberik
Argia-k argitaratutako idatzizko edukien artean, bertsolariei egindako elkarrizketak izan dira distiratsuenak. Ez dira elkarrizketa luzeak, baina galdera aproposak egin dizkiete protagonistei, eta kazetaritzan ez dago esateko zerbait duenari galdera onak egitea baino ezer hoberik. Adibideen artean dago Eli Pagolak Eñaut Martikorenari egindako elkarrizketa , sakontasunari eta estereotipoei buruzko hausnarketa bikainekin: “Umorera oso lotuta jartzen naute eta […] uste dut umoreaz gain eskaintzeko zerbait eta mezu gaitasuna badudala. Ez zitzaidan gustatu estereotipoa erreproduzitzea, bertsolari osoa izan nahi nuke, sakontasuna eta sakonkeria nahastu gabe”.
Berotzen joateko balio izan zuten Txapelketako hasierako asteek. Metafora polita erabili zuen Aitor Bizkarrak lehenengo faseko azken saioan, bertsolaritzaren kazuelari erreferentzia eginez: Hara! Bor-borka da berriz ere; bertsoaren kazuela. Bertsoak bai, baina Txapelketaren bueltako komunikazioa su baxuan egosten ari zer ordura arte, eta finalaurrekoetatik aurrera hasi zen eltzea benetan irakiten.
Podcasten urtea
Urriaren 22an jokatu zen lehenengo finalaurrekoa, eta orduantxe hasi ziren hedabideak Txapelketaren jarraipena egiteko bide berriak zabaltzen. Formatu zehatzei dagokienez, argi dago podcastek eta irratsaioek berebiziko pisua izan dutela BTN22ren jarraipenean. Askotariko saioak sortu dituzte komunikabideek, antzeko molde batetik abiatuta eduki guztiz desberdinak eginda.
Berezkoa Ta Naturala da adibideetako bat. Gazteen artean sona handia eduki du Argia-k sortutako saioak. Planteamendu apurtzailea izan da zentzu askotan, eta bide berri bat ireki du Txapelketa jarraitzeko estiloan. Ohituta dago bertsozalea analisi zurrun eta serioetara, eta podcast honetan umorearen bitartez giro informalagoan aztertu dituzte bertsoaldiak; lehen aipatu bezala, diskurtsoari, terminologiari eta oholtzako jarrerari arreta handia jarrita. Horrez gain, gazteei eman die ahotsa Argia-k eta horrek erraztu du edukia bertsozale gazteengana errazago iristea; batik bat sare sozialen bitartez.
Podcastaren aurpegi estatistikoa Berria-k sortu du. Hedabideak jarraipena eman dio Txapelpekoak saioari, eta zuzeneko irrati saioetan Txapelketako kontuak aztertu dituzte, bertso munduko jende ezagunaren eta Txappela elkarteko kideen parte hartzearekin. Datuetan eta zenbakietan oinarritutako analisiak eraman dituzte irratsaiora, saioen beste ikuspuntu bat eskainiz.
NAIZ irratian ere presentzia nabarmena izan du BTN22k. Txapelketaren saioak aletzeko programa berezia sortu zuten, eta saiorik saio ñabardurak eraman dituzte irrati uhinetara. Bereziki interesgarria izan zen finalaren atarian Maider Arregik, Ainhoa Urienek eta Eli Pagolak, Iraitz Mateoren gidaritzapean, egin zuten errepaso orokorra: doinuak, hiztegia, ikuspegi feminista, Txapelketako polemikak, rolak, gaiak eta beste zenbait kontu aipatuta.
Azkenik, podcasten artean ameslariena EITBk sortutako #10garrena saioa izan da. Errealitatearekin nahikoa ez, eta fikzioaren bitartez eraiki dute Txapelketaren bueltako istorioa. Egoera desberdinak planteatu dituzte, muturreko egoera ugari, eta horren bitartez gaur egungo bertsolaritzan dauden zenbait auzi landu dituzte. Askotan errazagoa baita fikzioaren bitartez aztertzea benetan gertatzen ari dena, edo gerta litekeena. Sentsazio hori eragitea zen sortzaileen helburua; hala azaldu zuen Aitzol Barandiaran gidoigileak Berria-n: “Aldez edo moldez, atal guztiek sor dezakete zalantza hori. Errealitate kutsuz kontatzen dira podcasteko istorioak, eta bati baino gehiagori eragin diezaioke galdera: Eta hau noiz iritsiko da? Gizartean aldaketak oso bizkor gertatzen dira, eta bertsolaritza ez dago hain salbu aldaketetatik, bertsolaritza ez baitago gizartetik kanpo”.
Sarean katramilatuta
Formatu bakoitzak bere jarraitzaile mota izan du, eta oso ezberdinak izan dira hedabide bakoitzak egin dituen programak. Hala ere guztiek izan dute zerbait amankomunean: edukiak hedatzeko kanala.
Sare sozialak izan dira, zalantzarik gabe, Txapelketaren bueltako komunikazioa baldintzatu duten aldagai nagusia. Pantaila erraldoiek sortzen zuten liluratik pantaila txikien intimitatera pasatu da jendartea, anonimotasunaren gerizpean edozer ikusi eta horri buruzko iritzi bat hedatzeko ahalmenarekin. Faktore horrek, hein batean, bertsolarien lana ere baldintzatu du. Finalaren atarian horixe adierazi zuen Aitor Mendiluzek : “Zenbait bertsolariren ahotan bai entzuten direla gai honi buruzko komentario batzuk: honek hau jarri du, hark bestea jarri du, edo kontuz gero jarriko duelako. Zer pentsa ematen du”.
Denbora daramate sare sozialek jendartean txertatuta, BTN22 ez da horien presentzia handiarekin jokatu den lehenengo Txapelketa Nagusia, eta horren erakusgarri dira datuak:
BTN Twitterren |
#BTN17 |
#BTN22 |
||
Denbora tartea |
Txio kopurua |
Denbora tartea |
Txio kopurua |
|
Lehenengo fasea |
09/23-10/24 |
350 |
09/24-10/09 |
382 |
Finalaurrekoak 1 |
10/15-11/12 |
710 |
10/10-11/12 |
676 |
Finalaurrekoak 2 |
11/13-12/02 |
759 |
11/13-12/03 |
693 |
Finalerako tartea |
12/03-12/16 |
353 |
12/04-12/17 |
395 |
Finala |
12/17 |
1372 |
12/18 |
1251 |
Guztira |
09/23-12/17 |
3544 |
09/24-12/18 |
3397 |
Zenbakietatik harago, eragin kualitatiboetan nabarmendu dira sare sozialek BTN22n eragin dituen joera komunikatibo berriak. Lehenengo aldaketa bertsozalearen jarreran antzeman da, hedabideek eskaintzen duten informazioa kontsumitzeko moduan. Dena digitala eta laburra den garaiotan, bat-batekotasunak asetzen ditu informazio egarri guztiak, hemen eta orainak, eta erreakzioen dimentsioa asko handitzen den arren, efimeroa da oso horien iraupena. Bertsolaritzan ere halako zerbait ikusi ahal izan da Txapelketan: bertsoaldi bat gustukoa izan den edo ez epaitzerakoan oso-oso ona edo oso-oso txarra izan da, baina euforia sentsazioak edo etsipen sentsazioak bereziki laburrak izan dira. Gaur bai, baina bihar ez du inork horri buruz hitz egingo, beste estimulu batzuk agertu direlako. Hori agerikoa izan da polemika sortu den momentuetan.
Pantaila erraldoiek sortzen zuten liluratik pantaila txikien intimitatera pasatu da jendartea, anonimotasunaren gerizpean edozer ikusi eta horri buruzko iritzi bat hedatzeko ahalmenarekin. Faktore horrek, hein batean, bertsolarien lana ere baldintzatu du.
Horrek ere, noski, eragin du hedabideek Txapelketaren jarraipena egiteko hartu duten rolean, eta aurreko edizioetan baino presenteago egon dira komunikabide ‘tradizionalak’ sareetan. Gaur egun hedabide guztiek programatzen dituzte edukiak sare sozialetara automatikoki igotzeko, baina beste euskarri bateko edukiak zabaltzeko lanabesak izaten dira normalean. Txapelketaren jarraipena egiterakoan, aldiz, harago joan nahi izan dute zenbait hedabidek, eta zuzenean sareetara bideratutako edukien aldeko apustua egin dute; sareetara egokitutako edukiak sortu eta interakzioa bilatzeko asmotan. Horixe izan da, esaterako, Berria egunkariak egin duen hautua. Twitter sare sozialean hitz egin da gehien BTN22ri buruz, eta hori baliatu du Berria-k Txapelpekoak irratsaioa astelehenero bertara bideratuta.
Sare sozialetan, batik bat, bideo laburren bidez aletu da bertsolarien oholtzako lana; saio bakoitzeko diskurtso, gaitegi eta posizionamenduak kontuan hartuta. Berritzailea izan da analisiak egiteko modua, eta ikusi da arrakasta izan dutela hedatutako bideoek. Bi minutuko luzera duen analisi batek erraz betetzen ditu gaur egun informazioa kontsumitzeko dauden patroiak, zehaztasuna eta zuzentasuna gailentzen direlako. Aldi berean, bideo laburretan gai potoloak lantzeak badu arriskua, eta izan dira denbora gehixeago eskatu duten analisi batzuk. Irekita dagoen bide bat da dagoeneko, eta denborarekin hedabideak joango dira fintzen formatu horretako edukiak.
Hauek izan dira Bertsolari Txapelketa Nagusiaren zurrunbiloak hedabideetan utzi dituen lorratzak. Gustuetatik harago, ukaezina da anitza izan dela jarraipena, eta edonor egokitzeko moduko saioak sortu dituztela hedabideek. Molde zaharragoko edukiak mantendu diren arren, aldaketen urtea izan da 2022a, forman eta edukian. Sare sozialen erabilerak eta bertako joerek baldintzatu dute komunikazioa, eta azpimarragarria da hedabideak horretara egokitu izana bide berriak probatzeko beldurrik gabe.
Aldaketa batzuk geratzeko iritsi dira, beste batzuk ez dira errepikatuko, eta ideia berriak sortuko dira datozen urteetan. Akaso hurrengo Txapelketan #10garrena podcastean irudikatutako errealitatea gertuago egongo da, batek daki. Ziurra dena da errealitate berriak islatzen jarraituko dutela herriaren kronisten kronistek. •