[Herrialdeetako Txapelketak III] Nafarroa: soinujolearen aita
Nafarroa: soinujolearen aita –
Tuteratik Urdazubira, 1936tik 2019ra
172 kilometro daude Tutera eta Urdazubi artean. Google maparen arabera, bi ordu eta hamasei minutu behar genituzke kotxean, ordainsaria ordainduz. Asteburu berean bildu ditu bi herriok Nafarroako bertsolari txapelketak. Kilometrotan distantzia hori egin ahal izatea urte luzeetako ibilbide eta lanaren ondorio dira. Honatx nire ikuspegitik (agian autobiografikoegia) Nafarroako bertsolaritzaren bilakaeraren inguruko hausnarketa.
2017an Pepito Iantzi, soinujole ospetsua, jaio zela 100 urte bete ziren, eta Lesakako Bandak Harriondoan, Gaiarren eta Victoria Eugenian eskainitako ikuskizuna Pepitoren aita Paulok idatzitako bertso batzuk abestuz hasi genuen. Hiru egun horietan zehar musikari eta entzule anitzekin aritu nintzen Pauloren bertso idatzien altxorraz. Paulori buruz dudan lehen aditzea, Lesakan lau urtez, 1979tik 1982ra, ospatu zen Paulo Iantzi saria izan zen. Beti entzun izan nuen etxean Nafarroako Txapelketarik ezean, Lesakako udalak antolatu zuela sariketa hori, Nafarroako bertsolari guztiei irekia, ez baitziren anitz.
Aitzinetik izan ziren bertze txapelketa batzuk; 1936an Elizondoko Euzko etxeak eta Euskaltzaleak (ez dakit azken hau talde antolatu bat zen edo euskaltzale talde bat zen…) antolatu zuten kanporaketa gisako bat Donostiako finalera ordezkaria bidaltzeko. 60ko hamarkadan Vianako printzearen izenean aritu zen antolakuntza. 60ko hamarkada horretako txapelketen liburuak argitara eman ziren. Ez dut gogoan nork, baina etxeko txukunketa egiten ari zirelarik liburu horiek aurkitu eta nire esku jarri zituen bertsozale batek. Orduan irakurri nituen Xaltoren bertso gehiago. Ordura arte Xaltori buruz gehien aditu nuena Belgikako Fabiolari buruzko puntu erantzuna baitzen. Andresek ez zekien nor zen Belgikako erregina berria eta nolabait erantzun zuen puntu hura. Liburuxka horietan Migel Arozamena lesakarraren hiru txapelen berri izan nuen. Hantxe ezagutu nuen Klemente Ezkurdia ere, Julio Soto Ezkurdia, martxoaren 23a arte guttienez, Nafarroako Txapelduna denaren senitarteko zuzena.
Vianako printzetik eta Bertsolarien Lagunak elkartearen arteko tartea Lesakako udalak bete zuen lehen aipatu bezala. Urtero-urtero ospatu zen Nafarroako Txapelketa 1983tik 2011ra. 2012an ez egitea erabaki zen eta, ordutik, bi urtetik behingo maiztasuna du Nafarroako Txapelketak. Aurten, txapelketa urtea da beraz.
Haurren agurra
Nafarroako Txapelketan ohikoa izan da saioa antolatzen duen herriko bertso eskolako edo hezkuntza arautuko bertso programa jasotzen duten haurrek agurra kantatzea. 1986a zen, Lesakako frontoian hiru ikaslek abestu genuen agurra. 80ko hamarkada ia osoan eta 90eko hamarkadaren erdialdera arte, hezkuntzan, txapelketa antolatzen eta elkartearen eginbehar guztien arduraduna zen Lontxo Aburuza etortzen zen ikastolara bertso tailerrak ematera, eta haren eskutik atera ginen oholtzara. Aitak iradoki zidan Migel Arozamenari buruz kantatzea. Nik ezetz, eta ikastolan neronek pentsatutako bertsoa (gogoratzen ez dudana) kantatu nuen burugogor. Agur hura kantatu nuelarik, zaila zen irudikatzen hainbertze herritako haurrak taularatzeko lanean ariko nintzenik…
Haur garaietako oroitzapenekin jarraituz, 1987an gogoan dut Beran izan zela finala. Ernest Alkhat izan zen txapeldun, eta gogoan dut txapela jantzi ondoren txapeldunaren agurra izan ordez, bertso xorta bat kantatu zuela. Orduan izan nuen sentsazio berdintsua izan nuen Joxe Agirrek Maialeni txapela jantzi eta bertsotan hasi zenean…
1988an, aita hasi zen txapelketan kantatzen. Mila bider erran zioten ingurukoek txapelketan izena emateko. Berak dioenez, animatzaileak nekatu zirelarik eta inguruko presiorik ezean, orduantxe eman omen zuen izena. Anekdota moduan, Nafarroako Bertsolarien Lagunak elkartera deitu zuelarik, Estitxuren aita zela erran omen zuen. Ordurako Lontxok Tantirumairu ikastolara bidaia batzuk eginak zituen klaseak ematera eta haur bertsozaleak gehiago ezagutzen baitzituen helduak baino. Lau txapelketa egin zituen aitak ni plazaratu aitzin. Sentsazio arraroa da nerabe batek bere aita taula gainean entzutea… Nik uste ni izan nintzela bere epailerik zorrotzena.
90eko hamarkadako zurrunbiloa
Ikastolan 8. maila bukatu eta Oronozko institutura joan ginen 1989an. Erabat eten zen ikastolan bertsolaritzarekin genuen lotura: ez genuen asteroko tailerrik, ez Lontxoren bisitarik, ez eta Mendizabal eta Telleriaren noizean behingo bertso eta txisterik. Nafarroako Txapelketan bertsolari ez hain gazteek kantatzen zuten garai hartan. Bittor Elizagoien zen gazteena orduan, 30 urte betetzear. Manolorekin batera Lesakako gaztetxo zaletu batzuekin eta Arantzako gazte talde batekin solastu ondoren, martxan jarri zuten Bortzirietako bertso eskola. 90eko hamarkadan Nafarroako Txapelketa gaztetuko zuen taldeari arnasa emanez, Arantzako Ekaitza elkartean elkartzen hasi ginen. Pixkanaka, aranztarren kopurua jaitsi egin zen eta lesakarrena mantendu. Ondorioz, Lesakako Arrano elkartean biltzen hasi ginen eta han biltzen gara gaur egun ere. 1992an bi plazaratu ginen talde hartatik, Xabier Silveira eta biok. 1993an, bertze lau. Laster, bigarren labealdia ere bero atera zen, oraindik ere hoztu ez den labealdia.
Berueteko ostatuan
Nafarroa Behereko bertsolariak Paulo Iantzi sarira gonbidatu zituzten 1980an. Eta ordutik Nafarroako Txapelketan kantatzen zuten. 1991n Urko Atxutegik eta Jexux Arzallus lapurtarrek abestu zuten lehen aldiz txapelketan. 2000. urtean iritsi zen Lapurdiko labealdi potentea. 2002ko eta 2003ko Nafarroako txapelketetan txapelduna eta txapeldunordea Amets eta Sustrai izan ziren. Ordurako Txapelketa Nagusiko finalean kantatua bata, eta atarian gelditua bertzea. Berueteko ostatuan egin zen bilera batean hartu zen erabakia: bi aldeen mesederako, Nafarroako Txapelketan Nafarroako bertsolariak arituko ziren ordutik. Banaketa honetan, banaketa guztietan bezala, une gogorrak bizi izan ziren, baina erabakiak alde on ugari ekarri zituen: Nafarroako bertsolarien nabarmentzea, horixe baitzen txapelketaren helburu nagusia eta azken urteetan betetzen ez zena (kontrako efektua ere izan zuen zenbaitetan eta zenbaitentzat); Iparraldean mugimendu propioa izatea, Xilabaren sortzea…
Anaitasunatik ahizpatasunera
Xabier Silveiraren nagusitasunetik, Julioren nagusitasunera pasatu gara azken 10 urteetako ibilbidean. Eta zertarako ukatu, aurten ere Julio da faborito nagusi (hau txapelketa hasi aurretik idatzitako testua da). Baina Juliok ederki daki Eneko Lazkoz egundoko bertsolaria dela eta bolada onean dabilela. Aimarrek Txapelketa Nagusiko finalerdietan kantatu zuenetik saio on asko egin dituela dakien bezala. Euren onena emateko prest daude Julen, Eneko, Xabi eta Terre ohiko finalistak. Alazne, Iker, Josu, Joanes, Saioa, Patxi eta Mikel, aitzineko txapelketan finalaren atarian gelditu zirenak euren garapena erakusteko gosez daude. Lehenik eta behin finalerdi gosez irtengo dira Irati, Iban, Joana, Sarai, Diego, Endika, Sahats eta Saats. 18 urte bete gabe ariko da Xabat! Zorionak eta animoak denei, izena emate hutsa da eskertzekoa!
Nire lehen txapelketan, 1992an, neska bakarra izan nintzen, baina 1993an baginen hiru; haietatik bi, finalean. 1999. urteko Txapelketa arte Amaia Teiletxea (1993 eta 1994an) eta hurrengo lauretan Estitxu Fernandez izan nituen bertsokide finaleko oholtzan. 2000n 2001ean eta 2002an, berriz, neska bakarra. 2003an, Miren Artetxe ere han zen, eta berriz bakarra 2004an eta 2005ean. 2006an Erikarekin batera aritu nintzen. Ordutik, Erikak bertze hiru finaletan abestu du eta nik bitan. Baina emakume bakar izanik. Azken bi finaletan, aldiz, ez da emakumerik izan. Hauek finaleko datuak, orokorrean Txapelketako emakume parte hartzaileen kopurua honakoa izan da 1992tik hasita: 1, 3, 3, 3, 4, 4, 4, 4, 6, 5, 1, 3, 2, 2, 2, 2, 1, 3, 4, 4, 4, 4, 7, 5, 7. Horiek bertsolarien datuak dira. Baina Nafarroako Bertsolari Txapelketako gai-jartzaileetan emakumeak izan dira nagusi azken urteetan, eta epaileetan ere parekidetasuna da nagusi.
2019an zazpi emakumek eta 23 gizonek eman dute izena. Anaitasunan ahizpatasun pixka bat ikusteko gogoz gaude! Zoratu daitezela estatistikak.