[HERRIALDEETAKO TXAPELKETAK III] Bizkaia, aro berri bat eraiki da

Igor Galarza-(r)en argazkia Igor Galarza 2022-09-20
Argazkiak: Bizkaiko Bertsozale Elkartea eta Maialen Ugarriza. Finalekoak Jesus Mari Arruabarrena

Bizkaia, aro berri bat eraiki da –

Berezia izan da azken Bizkaiko Bertsolari Txapelketa. Argi zegoen berezia izan beharra zeukala, txapelketaren datak aldatu ziren momentutik. Eta Txapelketaren hasieratik txapeldunaren bukaerako agurrera arte izan zen berezia. 2021eko edizioak zer aztertu, zer nabarmendu eta zer baloratu utzi digu. Mikroaren bozgorailua erabiltzen dutenetatik eta saioan nahikoa aulki egongo direla ziurtatzen duenarenganaino, guztiak izan dira garrantzitsuak, inoiz baino garrantzitsuagoak. Izan ere, beti zaintzen du lanean ari denak zerbitzua kontsumitzen duena. Are gehiago bertsoaren munduan, ontasuna gehienetan gailentzen delako, zorionez, gure mundu honetan. Eta are gehiago 2021eko Txapelketan: osasun larrialdi baten bueltan antolatutako txapelketa izan denez, lanean aritu dena zein zerbitzua kontsumitu duena, biak saiora seguru hurbil zitezen berme guztiak eskaini behar ziren.

 

Bizkaia, aro berri bat eraiki da

 

Eta nola lortu berme horiek guztiak? Hasteko, non, noiz eta nola egin zehaztu beharra zegoen. Bazirudien 2020ko irailean posible izango zela udazkenean bertan egitea. ‘Udabarria bertsotan’ aurrekanporaketak ere egin ziren, jarraian lehen kanporaketekin hasteko asmoz. Egoera hain da aldakorra egun, ordea… eta Txapelketa atzeratuta geratu zen. Urtebete udalekin berba egiten, aforoak negoziatzen eta osasun neurriak zeintzuk izan behar ziren zehazten. Lortu ziren plazak: kanporaketetan aretoak izango ziren protagonista; finalerdietan, kiroldegiak; eta final handian, azken urteotan bidaide izan den Miribilla. Eta gogora dezagun aretoetako fasea aforo murriztapenekin hasi zela, Durangoko San Agustin Kultur Gunean.

Lehen egun hura berezia zela nabaritzen zen. Talde antolatzaileari Durangaldeko Bertso Eskolako kideak batu zitzaizkion. Lanerako ere dotore jantzita joan ziren batzuk. Egia da ez zela aulki festarik izan (fase osoan, saio bakarrean), baina gauza mordoa zegoen oraindik antolatzeko: bertsolari bakoitzarentzat botila bana eta bina kondoi; saio guztietan atzean lanean jardun duen metalezko figura osatu, eta horri Bizkaiko Bertsolari Txapelketako irudiaren plotterra jarri gainetik (zenbat atzamar galduko ote zituzten bidean hori jartzen zutenek! Hasieran erraza da sartzen, baina gero… komeriak); epaileei eta talde antolatzaileari mahaiak prestatu; ziurtatu soinu-teknikariari txapelketako sintonia eman zaiola eta ez Chill Mafiaren azken “edozer” hori… Bada, zenbatzen hasiz gero, beste urteetan adinako lana zegoen.

Entzuleak, ordu bi eta erdiren ostean, asebeteta zihoazen etxera. Baina hutsik uzten zuten lekuan bazegoen zereginik eraikitako guztia deseraikitzen. Bertsoaren tankera hartzen diot batzuetan: bertsolariak bertsoa barrutik eraikitzen du; ondoren, ahotik atera ahala eraikina bukatzeko; eta, barrutik atera artean, barruan, deseraikitako formak geratzen dira; beste bertso bat eraiki behar da. Bada, antolakuntzan berdin. Saio baterako eraiki, eraikitakoa entzuleak aprobetxatu, eta, behin saioa bukatzean, deseraiki, hurrengo saioan beste era batera baina forma mantenduz eraikitzeko.

Urte luzez forma horiek mantentzeko ardura izan duten pertsona bi dira abenduaren 18an txapeldunari txapela jarri zioten Joseba Etxebarria eta Moises Enbeita. Elkartean urte asko daraman jendeak badu horiek biek egin duten lanaren berri. Herriz herri joan, eta, isilpeko lana euren gain harturik, aurretik aipatutako eraikuntza hori ezin hobeto egin dadin inplikatzen diren pertsona bi dira. Baina bertso eskoletan dauden gazteek ere, modu lausoagoan bada ere, badute Etxebarriaren eta Enbeitaren berririk. Badakite beti daudela lanerako prest, badakite behar den lekuan esku bat botatzen ari direla, badakite saioan ezinbestekoak direla. Eta Etxebarria eta Enbeita, era inkontziente batean, bertso eskolako gazteen eredu bilakatzen dira une horretan. Gazteek hori edaten badute, gauza bera eskaintzeko grina izango dute. Eta hor etorriko da, aurreko urteetan gertatu den bezala, belaunaldi aldaketa talde antolatzailean.

Sariemaile bezain saritu izan ziren, ondo merezita, Etxebarria eta Enbeita. Eta sariemaile bezain saritu izan ziren baita elkartean dauden azpitaldeak ere. Horietako bat da talde komunikatzailea, zeinak, talde antolatzailearekin elkarlanean, saioetako eraikin hori ondo eusten lagundu baitu. Txapelketa aurreko hilabeteetan gauza asko eztabaidatu behar izan dituzte (baita Txapelketa martxan zegoelarik ere) eta multimedia edukiak sortu dituzte.

 

Bizkaia, aro berri bat eraiki da

 

Sariemaileak izan ziren epaileak. Epaileek ere saritzen dutelako. Akatsak zigortu dituzte, eta epaileen zorroztasuna baliteke Bizkaiko bertsolaritzak egin duen gorakadaren isla izatea. Izan ere, lehen saiotik igarri ziren Txapelketak ekarriko zituenak: alde batetik, maila igo zela eta estua bezain garestia izango zela fasez fase aurrera egiteko lehia; eta bestetik, epaileek lan zailak izango zituztela epaitzeko orduan, maila oso berdindua baitzegoen, eta, bertso bat bestea baino hobea zela ebazteko, detaile txikietara jo beharko baitzuten. Bertsozaleek zituzten sentsazioekin alderatuta, emaitzak aldakorrak izan ziren kasu batzuetan. Zergatia argi dago: bertsoak egiten zuen funtsezko ekarpenak gehiago balio zuen dotoretasunak eta itxurak baino. Beti da horrela, berez. Baina badirudi urteak igaro ahala epaileen belarriak zorroztu egin direla, bertsozalearenak zorroztu diren bezala. Bizkaiko bertsogintzan exijentzia beti izan da handia epaiari dagokionez. Baina, teknikoki zein eduki aldetik, azken bost urteetan aldaketak egon dira, eta bertsoen eta gaien maila gora joan diren heinean, epaileen exijentzia ere gora joan da. Hori dela-eta gertatu dira, besteak beste, sorpresak.

Exijentzia hori izan dute, hain zuzen ere, gai jartzaileek. Exijentzia, bistakoa denaz soilik berba ez egiteko. Zaila da gaiak sortzeko erronkari aurre egitea mundu mailako pandemia baten erdian. Koronabirusa aipatu behar duzu, baina ez gehiegi; bere bitartez beste gai batzuk bidera ditzakezu, baina ez bertsolariak birusari buruz soilik aritzeko arriskuarekin. Garai tranpatiak dira gai jartzaileentzat, bai plazako saioetarako, bai txapelketako saioetarako. Halere, gaiak, oro har, egokiak izan ziren. Exijentzia hain handia ari da (gara) bihurtzen, batzuetan bertsolariari berari ere ahaztu egiten zaiola bigarren buelta gabeko edo asmo berezirik gabeko gaiak ere existitzen direla. Gai jartzaile taldeak jakin du ofizio bakoitzean giro aproposena sortzen. Gerta zitekeen ariketa berdinean gai oso desberdinak egokitzea, gaiak gizartean duen pisuari dagokionez. Baina ezagutza aldetik, jakintza handia eskatzen zen ofizio gehienetan (8ko txikian salbuespena, gaiak askoz sinpleagoak eta beste helburu batekin jarriak izan ziren). Protagonista izan zen gaietako bat zaintzarena izan zen. Pandemiak erdigunean jarri duen gaietako bat da, baina aspalditik presente dagoena gizartean. Txapelketak jakin du gaiari adarrak ateratzen eta, birusaz berba egin edo gogoratu gabe, haziak jartzen, bertsolariek fruituak erein zitzaten. Baina ez da gaia zuzen eta ondo irakurtzea. Oholtzan bertsolarientzat helduleku izan dira, eta oholtzan gai jartzaileen eta bertsolarien arteko elkar zaintza igarri da.

 

Bizkaia, aro berri bat eraiki da

 

Ez baitute izan lan errazik bertsolariek. Are zailagoa bihurtu zen Txapelketa urtebete atzeratzean. Baina edizio hau urtebete atzeratzearen abantaila izan da, gorago esan bezala, sorpresak bizitzea. Datuak soilik kontuan izanik, azken sei edizioetan ez zen 30 urte baino gutxiago zuen txapeldunik atera. Finaleko batez besteko adina 30’75ekoa zen (Jone Uriak esana finalaren aurreko prentsaurrekoan). Lehen aldiz, 2000ko hamarkadan jaiotako bertsolari bat aritu zen kantuan. Lehen aldiz, emakume bi, buruz burukoan. Izenburu asko utzi zituen finalak. Txapelketak aire freskoa ekarriko zuenaren sentsazioa zegoen, eta, saioak aurrera joan ahala, horixe bera ikusi zen. Erdiak baino gehiago ziren 30 urtetik beherako bertsolariak (25), eta bertsolari bakoitzak zuen haize freskoaren ekarpena egiteko asmoa. Garazi Navarroren fintasuna, Asier Alcedoren edo Ibai Amillategiren grazia, Josune Aramendiaren sinpletasun dotorea, Txaber Altuberen erreferentzialtasun originalak zein Gorka Pagonabarragaren naturaltasuna… Gazteek asko zuten esateko.

Eta gazteak aipatzen hasita, txapelduna ere zakuan sartu behar. Denbora gutxian, salto txiki asko egiten aritu da azken urteetan, eta, berak azaldu bezala, hirugarren finalean egon baino zerbait gehiago egin gura zuen. Baita egin ere. Gazte belaunaldiak dituen naturaltasuna, fintasuna, sinpletasun dotorea, erreferentzialtasun originalak (Harry Potterren adibidea) eta grazia; guztiak menderatu zituen Txapelketan Nerea Ibarzabalek. Badira urte batzuk plazan islatzen duela, baina Txapelketan salto handi bat ematea falta zitzaion. Eta, azkenean, lortu du. Berarekin batera Jone Uria izan zen txapeldunorde. Saio latza osatu zuen, eta merezimendu osoz osatu zuen buruz buruko historiko hura. Kuantitatiboki, tamalez, gutxiengo nabarmena izaten jarraitzen dute emakumeek. Baina Nafarroako, Xilabako eta Bizkaiko txapelketek erakutsi dute kualitatiboki hazi egin direla, eta, zorionez, diskurtso desberdinak eta ertzetako aldarrikapenak sarriago entzuteko zortea izango dugu, beharbada, aldarri izaera galdu eta aniztasunaren ezaugarri bilakatzeraino (kostako den arren).

Txapeldunak eta aurpegi berriek kaixo bezala esan zuten agur beste aurpegi batzuek: Garikoitz Sarriugartek, Ibon Ajuriagogeaskoak eta 2016ko txapeldun Etxahun Lekuek, besteak beste. Larrabetzuarraren kasuan finaletako aurpegi klasiko bihurtu da eta Bizkaiko bertsogintza zer den ederki islatzen duen bertsolaria da. Galdakaoko finalerdia irabazi eta zazpi egunera Larrabetzuko frontoiko atean zegoen sarrerak baieztatzen. Txapelketak gauza berri asko izango ditu hemendik aurrera, baina aurpegi askoren falta sumatuko du.

Izenburu asko utzi zituen Txapelketak, gauza eder asko eraiki ziren, baina Bizkaiko Txapelketa laburtzeko eta Euskal Herriko Txapelketari begira apustua egiteko izenburua hau izango litzateke: aro berri bat eraiki da.

 

 

Bizkaia, aro berri bat eraiki da Bizkaia, aro berri bat eraiki da Bizkaia, aro berri bat eraiki da Bizkaia, aro berri bat eraiki da Bizkaia, aro berri bat eraiki da Bizkaia, aro berri bat eraiki da Bizkaia, aro berri bat eraiki da Bizkaia, aro berri bat eraiki da Bizkaia, aro berri bat eraiki da Bizkaia, aro berri bat eraiki da Bizkaia, aro berri bat eraiki da