[HERRIALDEETAKO TXAPELKETAK II] 2021eko Nafarroako txapelketa, ertzak eta erdiguneak agerian

Ainhoa Larretxea-(r)en argazkia Ainhoa Larretxea 2022-09-19
Argazkiak: Nafarroako Bertsozale Elkartea, finalekoak Josu Santesteban

2021eko Nafarroako txapelketa –

Urtaroz aldatuta, udaberritik udazkenerako saltoa emanda, baina Nafarroako bertsolaritza loretan dela erakutsi du 2021eko Nafarroako Bertsolari Txapelketak. Loretan parte hartzaile kopuruan, loretan kalitatean eta loretan baita ikusle kopuruan ere. 1.750 ikuslek jarraitu zuten Anaitasunan zuzenean —ziur etxean ere izango zirela makina bat!— Estitxu Arozenak Saioa Alkaizari txapela janzteko momentua. Txapelketa eder baten bukaera borobila. Hunkigarria zein adierazgarria. Iruñeko finalaren aitzinetik, ordea, bide luze zein emankorra egin du Txapelketak, eta, beraz, has gaitezen hasieratik.

 

Nafarroako berdeak, horiak eta gorriak

Udaberrian egitekoa zena uda atarian hasi zen. Ekainean jokatu ziren Igantzin, Garesen eta Iruritan Txapelketan kantatu ahal izateko sailkapena eskuratzeko hiru saioak. Aurpegi berri zein ez hain berriak ikusi genituen bertsolarien artean, eta, tartean, urte batzuez plazatik kanpora ibilita Txapelketara itzultzeko erabakia hartu zuten Erika Lagoma eta Xabier Silveira. Sailkapen saioetan bertso saio ederrak eginda, aurpegi berriak iritsi ziren Txapelketara. Prest zen, beraz, dena, bertsolariak jardunean hasteko.

Udazkenarekin bat, Txapelketa inoiz iritsi gabeko lurretan hasi zen bertsolarien jarduna: Izaban. Nafarroako Bertsozale Elkarteak ahalegin berezia egin du aurten Txapelketa lurraldean bertsolaritza hain presente ez dagoen lekuetara eramateko, horren adierazgarri Izaban egindako lehen saio hura. Izabakoaren ondotik iritsi ziren Tafalla, Zangoza eta Doneztebeko saioak.

Polito joan ziren saio denak, eta bat nabarmentzekotan Tafallako giroa da nabarmendu beharrekoa. Sei bertsolari oholtzan eta horietarik lau, emakumeak. Nafarroako Txapelketan inoiz ikusi gabeko irudia zen hura, garai berri baten adierazgarri, eta etorkizunerako hazi.

Bertsoaldi zehatzetan arreta paratuz gero, aldiz, makina bat dira azpimarratzeko modukoak. Tafallan Saioa Alkaiza eta Alazne Untxalok egindako zortziko txikiko ariketa da horietako bat, Doneztebeko saioan Josu Sanjurjo eta Julio Sotok zortziko handian eginikoa bertze bat.

Bakarkako ariketak kontuan hartuta, Donezteben Josu Sanjurjok ingurumenaren inguruan egindako puntu erantzunak, Julio Sotok semearen biolin errezitaldira joan ez den aita  baten paperean egindako saioa, Tafallan Erika Lagomak amatxiri bisita egiten dion bilobaren ahotik kantatuak, Zangozan Saraik soldata kobratu ez duen lagunaren inguruan egindako saio gogoangarria… Ezin denak aipatu, baina, ale eta ariketa gogoangarriak utzi zituen lehen fase hark eta, garrantzitsuena, hurrengo faserako gogoz geratu zen bertsozalea.

 

2021eko Nafarroako txapelketa

 

Ataka estutzen

Final laurdenetan, aitzineko fasearekin alderatuz, bertso bat gehiago kantatu behar izan zuten bertsolariek. Kartzelako ariketan, bakarka, bi bertso beharrean hiru kantatu zituzten, eta bertsolariei istorioak gehiago garatu eta sakontzeko aukera eman zien horrek. Saio ederrak joan ziren Altsasun, Berriozarren eta Leitzan jokaturiko hirurak. Aspaldi ikusi gabeko konturik ere izan zen tartean. Leitzakoa zen finalaren aitzinetik azken saioa, eta sarrerak salgai paratu eta azkar batean bukatu ziren. Gauzak horrela, saioa Leitzako Herri Aretotik kiroldegira aldatzeko hautua egin zuen elkarteak, jende gehiago sar zedin bertan. Azkenean, azken urteetako final laurdenik jendetsuena izan zen: 550 entzulek bete zuten Leitzako kiroldegia, Nafarroako bertsolaritza sasoi betean dagoela erakutsiz. Ziur aski, eragina izango zuen Leitzarako egokitutako seikoteak ere: Julio Soto azken txapelduna eta Xabier Silveira zazpi aldiz txapelduna egokitu ziren saio berean, eta bat baino gehiago izango ziren kartelak eragindako morboak deituta sarrera erosi zutenak ere. Azkenean, ordea, ez zen halakorik izan, Eneko Fernandezen osasun arazoak tarteko, Sotok Berriozarren kantatu zuelako, eta Fernandezek, Leitzan.

Altsasun, Berriozarren eta Leitzan jokatutako finalaurrekoetan aise samar nagusitu ziren Eneko Lazkoz, Julio Soto eta Joanes Illarregi. Ikusteko zegoen, ordea, bertze zein bortz bertsolarik osatuko zuten Anaitasunako finala. Ale ederrak izan ziren saio guztietan, eta ezin hemen denak aipatu, baina hona aukeraketa labur eta azkar bat: Eneko Lazkozek eta Ekhiñe Zapiainek Altsasun eginiko hamarreko txikiko ariketa, anai-arreben ikuspegitik; Julio Sotok eta Josu Sanjurjok piano ikasle eta irakasleen paperetan egindakoak Berriozarren; saio berean, Alazne Untxalok eta Saioa Alkaizak 88 urteko aitaren bizioen inguruan egindakoa; Saioa Alkaizak depresioa duen emakume baten rolean kantaturikoa; Sarai Roblesek eta Xabier Silveirak Leitzan zortziko txikian ondurikoa; Eneko Fernandezek eta Iker Gorosterrazuk musikarien paperetik eginikoa; eta Joanes Illarregik 13/13 sumarioan auzipetuta dagoen baten ahotik kantaturiko bakarkakoa.

Aurpegi berriak iritsi ziren finalera —Josu Sanjurjo eta Saioa Alkaiza–, baina finaletik kanpo geratu ziren bertsolariek ere erakutsi zuten gorantz jarraitzen dutela. Finalaren ateetan geratu zen txapelketa bikaina egin duen Sarai Robles, eta erakutsi zuen zer-nolako pausoa eman duen aitzinera txapelketa honetan (eta baita plazan ere). Bide beretik, aipagarria da: Iker Gorosterrazuren eta Alazne Untxaloren lana, ideietan fresko, gaiei beren ukitua emanez; Ekhiñe Zapiainen gaztetasun eta freskotasuna, nola erantzuten duen, zer bertsolaria den; berriz txapelketan bueltan den Erika Lagoma, Txapelketaren itzuleran zer eta nola kantatua duela erakutsi du. Eta, noski, ezin aipatu gabe utzi gainerakoek egindako lana ere: Mikel Lasarte, Julen Zelaieta (zenbat finaletan kantatu duen!), Patxi Castillo, Endika Legarra, Oier Lakuntza. Denek utzi zuten gogoan gordetzeko moduko alerik.

 

2021eko Nafarroako txapelketa

 

Hotz kanpoan, barruan bero

Elurra mara-mara eta 1.750 entzule barruan, 3.500 belarri prest bertsolarien jarduna entzuteko. Lehen agurretik beretik argi utzi zuen bertsolari bakoitzak arratsalderako zuen intentzioa. Forman eta mamian ekarpen bat egiteko ahaleginetan zen Soto; nahi zuena kantatzeko gogoz, Alkaiza (arratsalde guztian erakutsi zuen jarreran aitzinsolasa); kartzelan dagoen eta saioa lehenengoz jarraitu zuen laguna gogoan kantatu zuen Fernandezek; gailurrera iristeko gogoz, Joanes Illarregik; inoiz ez bezala bertsotan aritzeko gogoz, Lazkozek; bertsoari indarra eskatu zion Sanjurjok; beretik kantatzeko gogoz aritu zen Xabat Illarregi, eta txapela norbere buruari janzteko aldarria egin zuen Silveirak.

Hasi ziren, bada, lan puntuagarriak, eta gizarte gaietan eroso-edo ikusi genituen lehen ariketan bertsolariak. Nahiz eta, beharbada, Alkaizak eta Sotok egindakoa izan zen denetan nabarmenena, denek utzi zuten ale gogoangarriren bat.

Umore kontuetan bizi eta trebe sumatu genituen bertsolariak, eta berriro ere Alkaiza distiratsuen. Fernandezekin batera osatu zuen ariketa, eta fresko, ganberro, iradokitzaile, erreferentziak sartuz (C tangana, Arrotxapea, Chill Mafia, Joseba Tapia), goitik beherako saioa osatu zuen. Fernandez ere fin erantzunetan, bere paperetik mugitu gabe. Entzutea eta gogoratzea merezi duen bertsoaldi horietako bat. Polito joan ziren bertze ofizioak ere, denek lortu zuten uneren batean publikoarekin konektatzea, nahiz eta, beharbada, freskotasun hori bota genuen faltan entzuleok.

Puntu erantzunetan, aldiz, distira baino irristadak izan ziren nabariagoak. Alkaiza bera izan zen, beharbada, erori ez zen eta ariketari zukua ateratzen asmatu zuen bakarra. Joanes Illarregi ere fin aritu zen lehen bi bertsoetan, nahiz azkenak ihes egin zion. Ariketa exijentea izaten da puntu erantzunetakoa, eta ezin erran bertsolariek bete-betean asmatu zutenik. Ale politak utzi zituzten hamarreko txikiko ariketan ere.

Eta, ondotik, bakarkakoa: zortzi gai, zortzi historia, zortzi pertsona. Saio osoan egin bezala, Alkaizarena izan zen distiratsuena. Berriro ere ertzera eraman zuen bertsozalea, gasolindegi batean lan egiten duen 60 urteko andre baten begiradatik. Ideietan aberats, errimetan eta deskribapenetan zorrotz, gasolindegira bertara eraman zuen entzulea. Eta ebidentzia bat agerian: emakumerik ez bada finalean, ez dela horrelako mezurik. Hau zen gaia: “Gasolindegi bateko langilea zara. Gaueko txandak luzeegiak egiten zaizkizu”.

 

N-121A

aurrean dudan paisaia

Ultzama aldean nago

eskutan diesel usaia.

60 urte ia

jubilatzeko garaia

baina zimurrak pilatzen

hementxe daukat bisaia.

Uztea nahiz ta litzakeen

arimak leukakeen nahia

gaua gasolindegian

ez baita gauza alaia (bis)

nire bizitza delako

saltzen dudan erregaia. 

 

Berrogei urteetan ni naiz

hemen egon den pertsona

depositoa betetzen

edota saltzeko horma.

Beti diskretu etorri naiz

ez makillaje, ez gona

arriskupean baitago

mostradorean dagona.

Baina hala’re beldurrez

dabil nere zoriona

aizto bat zait bihotzean

kamioneroaren broma (bis)

zein desberdina litzakeen

izanen banintz gizona.

 

Prekario izatea

hori da nere desditxa

hutsaren hurrena baita

hemen dudan lan baldintza

“Kaixo, egun on”, “Kaixo, guapo”

gainera jatorki hitza

eta otso begiz haiek

neri so egiten dabiltza.

Hala’re bueltatuko naiz

nahiz eta hau dudan bortitza

bihar ere argituko du

aterako da argi printza (bis).

tamalez horrela baita

langilearen bizitza.

 

Alkaizarenaz gain, izan zen bertze bertsoaldi ederrik ere kartzelakoan. Bi nabarmenduko nituzteke guztien gainetik: Sanjurjorena eta Silveirarena. Banandu berri den gizon baten ahotik kantatu zuen Sanjurjok. Berriz ere erakutsi zuen, bere bakarkakoetan zerbait kontatzeaz aparte, gauzak ere gertatzen direla. Eta zer erran Silveiraren bakarkakoaz. Artista da ariketa horretan eta, hainbertzetan kantatu izan dion maitasuna gai hartuta, goitik beherako hiru ale utzi zituen.

Eta behin lehen fasea bukatuta, zalantzak. Agurretik bertatik emana zuen abisua Alkaizak nahi zuena kantatzeko gogoz zela, eta hala sumatu genuen saio osoan zehar. Ideietan sendo, bazterretara begira, errefentziak sartuz, eta behar zenean erantzuten. Goitik beherako saioa egin zuek Alkaizak, txapeldun batek behar duen jarreraz. Ariketa denetan berea emanez, erori gabe eta bakarkakoan, batez ere, distiratsu. Txapelerako hautagai sendoa zen. Zalantza zen, ordea, zeinekin kantatuko zuen buruz burukoa. Ohi baino distira gutxiagorekin sumatu genuen Soto; Joanes Illarregik saio ederra egin zuen, nahiz eta puntu erantzunetan bertsoren batean erori; erregular baina gehiegi nabarmendu gabe Lazkoz. Gainontzekoak, berriz, beheraxeago edo.

Azkenean (anitzen sorpresarako), Lazkoz izan zen Alkaizarekin batera buruz burukoan kantatu zuena, eta behetik gora egin zuen bigarren zatian. Ofizio politak osatu zituzten puntukako ariketan, eta, batez ere, sei puntuko motzean, heriotzaren atarian zain dauden bi lagunen ahotik. Bizi-bizi aritu ziren, baina gaiak eskatutako sakontasunari iskin egin gabe. “Pilula hartu duzu aitzinera jarraitu ahal izateko” zuten bakarkako gaia. Abortatzeko pilula hartu duen 17 urteko neska baten larruan sartu zen Alkaiza, Tourra irabazteko pilula bat hartu duen txirrindulariaren azalean Lazkoz. Bide erabat ezberdinak, baina istorio (hun)ukigarriak bienak ere. Ziur aski, puntutako jardunean egindako potoak urrunduko zion txapela Lazkozi, azkenean hiru puntuko aldeaz nagusitu baitzen Alkaiza, nahiz eta bertan sentsazioa zen puntu gehiagokoa zela aldea.

 

2021eko Nafarroako txapelketa

 

Anaitasunetik ahizpatasunera

26 urte bete ziren iaz Estitxu Arozenak lehen aldiz txapela eskuratu zuenetik, eta 26 urte geroago berea izan zen txapeldun berriari txapela janzteko ardura. Oholtzan zeuden bertsolari guztiekin ibilia da Arozena, bertsotan batzuekin, irakasle bertzeekin. Bertso-ama kontzeptua erabili zuen kantaturiko bertsoan, eta bai, ziur aski anitzentzat bertso-ama izan da Estitxu. Ziur aski, beraz, txapela edozeini janztea zen berezia beretzat. Sinbolikoki, ordea, bertzek baino indar gehiago zuen Nafarroako lehen emakume txapeldunak bigarrenari txapela janzteak. Izan ere, berak txapela irabazi zuenetik, anitz aldatu da Nafarroako bertsolaritza eta baita bertsolarien profila ere. Bada, ordea, finalean aldatu ez den gauzarik: 2021eko finalean, 1995ekoan bezala, emakume bakarra oholtzan. Eskerrak finala ez den plazaren ispilu, eta 26 urtean poliki, baina aniztasuna iristen ari den plazara. Eta ez genero aldetik bakarrik, gai eta ikuspegi aldetik ere aldatu da bertsogintza, eta hori behar luke etorkizunak ere: gizartearen aniztasuna bertsotan ere ikusgarri egitea.

Eta hori izan da, beharbada, finalean zein txapelketa guztian zehar Alkaizaren lorpenik handienetako bat: gizartearen bazterrak begiratu eta diskurtso anitzak plazaratzea, Nafarroako Txapelketan orain arte plazaratu gabeko errefentziak sartzea —hiritar pentsakera bere osotasunean—, haize berri bat ekartzea, bere begirada eta errealitate propioa erakustea. Edukian sakontasuna eta formulatzeko egokitasuna elkartuz, bertsogintzan heldutasunera heldu dela, alegia. Eta zer erranik ez, oraindik ere gorago iristeko gaitasuna baduela.

Txapelketa guztian egin bezala, agurrean ere ertzak oholtzaratu zituen. Batetik, euskara gurasoengandik jaso ez duten langileen auzoetako seme-alabak, eta bertzetik, iraultza diren gorputzak.

 

Besarkada bat langile

auzoetako aldera

erdaldun seme-alabok

hor ikasi dugu euskera

eta mundu bat da jaso 

duguna horrekin batera

euskerak behar du ofiziala

Lesakatik Cascantera.

Eta orain muxu handi bat

iraultza den gorputzera

ez-bitarra, queer-a, transa

marika eta bollera (bis)

mundua ederragoa

da hurbilduz bazterrera. 

 

Bukaerako agurra aditzearekin bat, bat baino gehiago hasiko ziren hiztegian beraientzat termino berriak zirenak bilatzen. Balio beza horrek hemendik aitzinera ere ikasten jarraitzeko, eta denok bazterrak begiratzen hasteko.

 

2021eko Nafarroako txapelketa 2021eko Nafarroako txapelketa 2021eko Nafarroako txapelketa 2021eko Nafarroako txapelketa 2021eko Nafarroako txapelketa 2021eko Nafarroako txapelketa 2021eko Nafarroako txapelketa 2021eko Nafarroako txapelketa 2021eko Nafarroako txapelketa 2021eko Nafarroako txapelketa 2021eko Nafarroako txapelketa 2021eko Nafarroako txapelketa 2021eko Nafarroako txapelketa 2021eko Nafarroako txapelketa