[Herrialdeetako Txapelketak I] Bizkaia: antolatzaile baten gogoeta
Bizkaia: antolatzaile baten gogoeta –
Bizkaiko Bertsolari Txapelketako talde antolatzaileko kide naizela eta hausnarketa bat egingo ote nukeen eskatu didate lerro batzuk azaleratzeko. Urteetan aritu, eta ez aditu, izan den baten ikuspegia ematen ahaleginduko naiz.
Mende zaharrean bertsozaletu nintzen eta mende berriak ekarri ninduen Bertsozale Elkartera. Behin barruan, zaletasunaren harrak bultzaturik, urtez urte eskualde nahiz herrialde mailako lehiaketen ibilbideari ekin diot antolakuntza lanetan, gaur hitzordua urliarekin, bihar batzarra hor, etzi saioa han… Baina, gogoko lekuan aldaparik ez. Eta badago ere, lantalde konprometitu batek inguraturik lan egiten denean, oztoporik zailenei ere aurre egiteko adoreak indarra hartzen du, eta behin abiada hartutakoan ez dago gelditzerik. Horrela, bada, bi urtez behingo Txapelketa amaituaz bat, hurrengoaren antolaketari ekin aurretik, egindakoaren eta bizi izandakoaren balorazioa egin beharra izaten da. Alor ezberdinetako kideek, hala nola epaile, gai-jartzaile, komunikazio talde, antolakuntza taldeko eta gainerako eragileek nork bereari dagokiona xehatzen du, hutsegiteak eta akatsak nahiz zuzen eta ondo egindakoak mahaigaineratuz, beti ere okerrak zuzentzea eta aurrerapausoak ematea helburu. Aurreak erakusten omen du atzea nola dantzatu, eta iraganak etorkizunari heltzen. Horrela ekin izan diegu Bizkaiko txapelketei urtez urte.
Azkenaldian, galdetegi bati erantzunez eta hura ardatz hartuta aztertzen ditugu gorabehera eta ertz guztiak, horrek ematen baitigu hurrengoari heltzeko aztergaia. Arestian aipaturiko alor ezberdinetako taldekideez gain bertsolariek eurek ere galdetegiari erantzuteko aukera izaten dute. Erantzun guztiak jaso eta mahai bueltan ondo eho eta iritziak kontrastatu ondoren, bidea zabalik da bi urtera etorriko den norgehiagokari begira.
Harainoko bidea, baina, kanpotik urruti samar ikusten bada ere, jardunean eman ohi dute, bai bertsolariek, bai gainerako eragileek. Izan ere, udaberriarekin batera hasten dira bestelako txapelketak ere herrialdean: Bizkaiko Taldekakoa, Eskualdeetakoak, BBK Sariketa, Eskolartekoa, Bertso Eskolen artekoak, tokian tokikoak… formatu ezberdineko bertso-norgehiagoka ugari, gerora etorriko den Bizkaiko Txapelketara, batetik, nahi baino plaza gutxiago egiten dituzten bertsolariak hurbilaraziko dituztenak, eta bestetik, inoiz bertan lehiatu ez diren gaztetxoak Txapelketaren ibilguan barneratuko dituztenak. Horiei guztiei bitartekoak jartzea eta bidea egiten laguntzea da guri, antolatzaileoi, dagokigun zeregina. Egiteko horrek atsegina eta plazera sortzen digu barrenean. Zirrara beroa sentitzen dugu gaztexo bat oholtza gainean ahalegin betean entzuten dugunean, transmisioaren balioaz eta beharraz jabetzen baikara, iraganetik etorkizunerako zubi-lanaren ezinbestekotasunaz. Une horietan atzera begira jartzen gara eta bertsoarekin eta bertsolaritzarekin izandako lehen oroitzapenak etortzen zaizkigu akordura.
Gaur egun hezkuntza arautuan egin ohi dute lehen murgilaldia bertsoaren itsasoan barneratzen diren bertsolari-gaiek, bihar-etziko bertsolariek. Aukera hori izan ez genuenon garaian, bestela jo gintuen bertsolaritzaren harrak. Duela mende erdiko nire kasuan, etxekoen euskaltzaletasuna izan zen bertsoaren bidera bultzatu ninduen lehen akuilukada. Kanta eta bertso zaharrak ikasiz egin nuen topo lehenengoz mundu zoragarri honekin eta harrezkero bizi izandakoa gozamen hutsa izan da, estropezu edo laprastekoren bat gorabehera, hitzez azaltzen saiatuta, neurtu ezin ahalakoa.
Oraindik ere gogoan dut bertsolari bat ikusi nuen lehen aldia eta zer nolako zirrara eragin zidan une hark. Baserriko atarian Jon Lopategi zegoela entzun nuen eta ziztuan abiatu nintzen hura ikustera. Ez zen bertsotara etorria, ganaduarentzat pentsua saltzera baizik, bertsogintzaz kanpo horixe baitzuen lanbide egunerokoan. Une ahaztezina izan zen. Gerora maiz gogoratu izan dudana eta oroitzapenen ganbaran betiko itsatsirik geratu zitzaidana. Handik aurrerakoa berez-berez etorri zen: Balendin Enbeita, Mugartegi, Azpillaga, Lopategi… bertso saioak batean eta bestean… Baina horretara heldu aurretik, bertsoari atxikitzen lagundu zidan benetako altxorra etxean bertan aurkitu nuen. Gure aita zenak garai hartan Antonio Zabalaren Auspoa bildumako liburukiak hartzen zituen eta haiexek izan ziren irakurri nituen lehen bertsoak, bertsolaritzaz benetan gozatzen irakatsi zidatenak, bertsomina sortzeraino esango nuke. Orrialde haietan aurkitu nuen altxor bikainari esker bertsozaletu nintzen, gure herrian, Larrabetzun, orduan ez zegoen-eta bertsolaririk ez bertsolaritza tradiziorik.
Gure txikitako oroitzapenak oroitzapen, gaurko gaztetxoek bestela egiten dute jauzi bertsolaritzara. Arestian esan bezala, lehen urratsa hezkuntza arautuan egiten dute gaztetxo gehienek. Hara baino lehen eta gero ere, ordea, badituzte beste bide batzuk bertsoaren eta bertsolaritzaren berri izateko eta hartaz gozatzen hasteko. Sare sozialak, komunikabideak, lagunarteko harremanak… Ez dago horiei ihes egiterik. Kanpoko eragina, onerako nahiz txarrerako, inoiz baino indartsuagoa den garaiotan, baliabide horiek onerako erabiltzea dagokigu guri, horien bidez gaztetxoak pertsona bezala aberastuko dituen jarduera honetara erakartzeko. Transmisioak bere bidea egin dezan bitartekoak jarri behar ditugu. Horretan dihardugu urtez urte txapelketak antolatzen aritzen garenok, txikienei ate berriak zabaltzen eta eskarmentu handiagodunei bidean laguntzen.
Horiek horrela, guretzat Txapelketa ez da bukatzen irabazleak txapela janzten duenean. Une horrek hurrengo Txapelketari hasiera ematen baitio. Gurpilak etengabe dihardu ibilian, gure helburua ez delako txapelketa bera, bertsolaritza eta bertsolariak baizik. Helburu luze-zabal baten ingurumarian kokatu behar dugu lehia. Bi urtez behin bertsolari batzuek txapela helburu izaten badute ere, harainoko bidean beste jomuga batzuk jartzen dituzte eta horien atzetik abiatzen dira: plazak egitea, ondo pasatzea, gozatzea eta gozaraztea, norbere buruaz konforme geratzea, aurreko Txapelketako akatsak ez errepikatzea, norbere bertso eskolako gaztetxoentzat eredu izatea… Txapelketaren trenak lehiakide batzuk urrutira eramaten ditu eta beste batzuk ibilbidean zehar uzten ditu. Antolatzaileon zeregina da tren hori helmugaraino zuzen gidatzea, ezbeharrik eta istripurik izan gabe eta ustezko matxurei aurre eginez, bertsolari lehiakideak eroso senti daitezen geltokiz geltoki.
Herriz herri eta asteburuz asteburu geltokietako bakoitzean bertsozale batzuk hartzen ditugu eta beste batzuk uzten. Badira bidaiari bertsozaleak Txapelketaren trena irteera gunean bertan hartzen dutenak eta azken-azkeneraino uzten ez dutenak. Horiei guztiei zor gatzaizkie eta horientzat guztientzat lan egiten dugu. Bateko eta besteko, denak asebetetzen saiatzen gara, bertsozale izaten jarrai dezaten, Txapelketari eusten dion euskarri sendoenetakoa ez ezik, bestelako bertso plazetan ere ahozkotasunaren tradizioaren zutaberik garrantzitsuena direlako. Zenbat aldiz entzun ote dugu Txapelketako saioetan: Eskerrik asko, zuri bertsozale, zu barik… Halaxe da, inoiz ez gara nekatuko bertsozale entzuleei esker ona erakusten. Bertsolariei diegun begirune eta estimu berbera erakutsi nahi diegu zaletuei ere. Saioetan zehar bertsolaria kantuan ari denean nahiz aurreko isilaldi segundoetan, halako kontzentrazioz eta errespetuz eusteko eta bukatutakoan txalo-zarta batez eskertzeko gai direnek hori eta gehiago merezi dute.
Txapelketa joan, txapelketa etorri, bertsolariek, bertsozaleek, antolatzaileek eta gainerako eragileek gure jardunean bat egiten asmatu dugula iruditzen zait. Irudipen eta sentipen horrek mugiarazten gaitu eta indarra ematen digu bi urte barru biziko dugunaren lehen urratsak egiten hasteko. Bizkaiko geografía fisiko eta soziokulturala kontuan izanik zabaltasunez jokatzeko ahalegina egiten dugu. Eskualde guztietara iritsi nahia eta beharra dugu. Tradizioz bertsozaleenak diren guneak euskaltzaleenak izaten dira. Eta lehenengo txapelketetan bertsolaritza iristea ametsa zirudien guneetan ere gaur egun bertso eskolak eta bertsolariak daude. Nerbioi ezkerraldean eta inguruetan, erdal gunea izaki, bertsolaritza indartzen ari da, hezkuntza arautuko klaseei eta bertso eskolei esker. Behinolako baserri tradizioko ahozko adierazpidea egunotan hiritartu ez ezik, erdal guneetaratu egin da Bizkaian, eta bi urtez behingo Txapelketa horren ispilu izatea gura dugu. Eginkizun latza, baina ez burutu ezina.
Maite Berriozabal Berrizbeitia gai-jartzaileak azken Txapelketako mezuan ondo adierazi zuen bezala, Bizkaiko bertsolaritzaren ekosistema askotarikoa da. Inoizkorik eta aberatsena dela esatea ez da gehiegikeria. 2018ko Txapelketa bera dugu horren lekuko: udaberriko lehen fasean sekula baino parte hartzaile gehiago izan da. Horrek berarekin ekarri du inoiz baino saio gehiago eta herri gehiagotan antolatu beharra, eta, ondorioz, erakunde eta herri ordezkariekin harreman eta lankidetza gehiago, bertso eskoletako kide gehiagoren konpromisoa, inplikazioa eta lan egin beharra… Arloz arlo goraka goazela nabaritzen dugu, epaile eta gai-jartzaile taldeak berrituz eta haziz doaz. Ez kopuruan bakarrik, baita esperientzian ere, eta hori ekosistema osoaren mesedetan gertatzen da. Horregatik esan dezakegu bozgoraz, aniztasunak osatzen duen baso honetan nekez bizi daitekeela esperientzia bizigarri eta sanoagorik, inguratzen gaituztenen berotasuna hurbil sentitzen dugunean baino. Bertso mundua, era batera edo bestera, barruan daramagunok eta bizitzeko aukera izan dugunok, zorioneko gara. Hainbeste bizipen aberasgarrik gure izaera moldatzen lagundu digute, aldamenekoa, izan bertsolaria, lankidea, bertsozalea, adiskidea… balioesten eta maitatzen irakatsi digutelako.
Hala ere, ez dira irudipen eta sentipenak soilik ekosistema honetan partaide izatera bultzatzen gaituztenak. Basoa bizigarri bilakatzen duen ardatzetako bat euskara bera da, pentsatzeko, amets egiteko, komunikatzeko, jolas egiteko, barrena husteko, sufritzeko, gozatzeko, norbere burua aberasteko eta izaera sendotzeko darabilgun tresna. Hortaz, hain tresna baliotsua izanik, erdaren morrontza eta mendekotasunetik askatzea dagokigu. Euskara geu gara. Euskara badelako izan da bertsolaritza, eta hala izango da aurrerantzean ere. Euskara indartsuak bertsolaritza indartsua dakar. Eta gu ere indartsu egingo gaitu. Horra beste arrazoi bat ekosistema hau arnasberritzen jarraitzeko.
Bizkaiko bertsolaritzaz gogoeta egin dugunean, inoiz entzun izan dugu finalean lau mila bertsozaleren aurrean kantatzeak halako betekada bat eragiten duela barrenean, eta hori oholtza gainean baino ezin daitekeela sentitu. Oholtza prestatzen eta bestelako lanetan aritzen garenoi ere antzerako zerbait gertatzen zaigu. Pentsamendu asko eta askotarikoak etortzen zaizkigu gogora. Gaztetxotan ezagutu genuen harako bertsolari hark edo honako honek txapela janzten duenean edo perla bikainen batekin gozarazten digunean, bertsolarien urteetako lanaz eta ahaleginez oroitzen gara. Txapelketetan lehiatzeak eragiten dituen ezintasunak, nekeak, izerdi larriak, isiluneak, eginahalak eta okerrak bertsoaldi bikainekin nahasten dira gure gogoetan, eta bertsolaritzaren handitasunaz ohartzen gara.
Begirada atzera botatzen badugu, Bizkaiko Txapelketaren zurrunbiloan badira behin eta berriz gogoratu eta sekula ahaztu behar ez genituzkeen datu batzuk. 1984an kantatu zuen lehen aldiz emakume bertsolari batek Bizkaiko Txapelketan. Kristina Mardaras iurretarrak ireki zizkien Txapelketaren ateak, Mungiako pilotelakuan kantatu zuenean, hurrengo urteetan etorriko ziren emakume bertsolariei. Hamar urte geroago, 1994an, 20 urteko Iratxe Ibarra markina-xemeindarra izan zen, Bilboko Arriagan, Bizkaian final batean kantatu zuen lehen emakumea. Harrezkero, beste datu esanguratsu bat emakume bertsolarien ahalduntzeari lotua: 2012tik hona jokatu diren lau txapelketetan finaleko partaideen kopuruan berdintasuna erabatekoa izan da, lau emakume eta lau gizon lehiatu baitira. Baina 2018ra arte itxaron behar izan dugu lehen emakume txapelduna ezagutzeko. Onintza Enbeitak ondo irabazia du ohore hori. Enbeitatarren bertsogintzaren azken adierazpena. Aurretik aititak eta osabak irabazi bezala, orain hirugarren belaunaldiko emakume bati egokitu zaio leinuaren arrastoari segida ematea bere bertsogintza Bizkaiko bertsolaritzaren gailurreraino eramanez. Emakume bertsolariek egiten duten lanaren erakusleiho dugu txapeldun berria, eta zalantzarik ez gainerako emakume bertsolari guztien isla ere badela. Nabarmentzekoa da, bestalde, azken Txapelketako gai-jartzaile taldeko hamaika kideetatik bederatzi emakumeak izatea.
Beste datu alboraezin bat da 1990eko txapelketan Igor Elortza eta Unai Iturriaga, 15 eta 16 urteko bertsolarigaiak, finalera iritsi izana. Bi gaztetxo haiek plazaz plaza zebiltzan bertsolari helduz inguratuta ikustea Arriagako oholtzan bitxikeria iruditu zitzaien bertsozale eta euskaltzale gehienei, erabat ezohikoa duela 28 urte. Bertsolari handi izateko lehen urratsak eginak zituzten eta euren lanaz irabazi zuten final hartarako txartela. Gerora, euren bertsolari maila baieztatu besterik ez zuten egin, Bizkaiko Txapelketaren gurdira igota parez pare egindako ibilbidean zazpi txapel jantzi baitzituzten bi durangarren artean.
Bizkaiko Txapelketari aitortu behar zaion beste onuretako bat da bertsolaritza lurraldeko bertso tradizio gutxiko eskualde eta herrietara eraman izana. Txapelketarik izan ez balitz, gatxa izango zen Nerbioi ezkerraldean, Enkarterrietan eta Bilbo aldean bertan ere bertsolaritzak pausoak ematea. Horri esker, zorionez, gaur egun hezkuntza arautuan Bertsozale Elkarteak eskolak ematen ditu, bertso eskolak sortu dira, eta saioak eta bestelako jarduerak antolatzen dira. Bertsolaritzarekin batera euskal hiztunak goraka doazen eskualdeok ezinbesteko dute euskarazko espresiobide guztiak indartzea, belarriprestei ahobiziak batu behar gatzaizkie, eta Txapelketak badu zeregina arlo horretan.
Gaurko hausnarketak ate asko zabaldu dizkigu eta horietako batek Bizkaiko eskualde batera hurbildu nau. Han, bertsolaritza ia galduta egon ondoren, euskaltzale eta bertsozale talde batek berpizten asmatu du, etengabeko lan eta ekinari esker. Erdal giroa nagusi den hirigune batean, Uribe Kostan alegia, sekulako indarra hartu du bertsolaritzak. ALBE, Algortako Bertso Eskola, Bizkaian kiderik gehien biltzen duena izango da, bai ikasturtean zehar bertsotan trebatzen, bai txapelketetan parte hartzen. Iruzkin hau egin beharra dudalakoan, arestian nekazari giro euskalduneko Enbeitatarrak ekarri ditudan legez orrialdeotara, orain tokitxo bat egin nahi nieke Payatarrei. Guraso erdaldunak izan eta hiru seme-alabak bertsolari izatea gaztelerak hain gogor astintzen duen ingurune batean, eurei ez ezik eskualdeko ALBEkide guztiei eskertu beharreko lorpena da. Horien ibilbidean ere Txapelketak eragina izan du, Xabi eta Fredi Bizkaiko txapel banaren jabe baitira.
Urte hauetan guztietan bizi izandako une bereziren bat gogoratu beharko banu, aipatu berri ditudan Payatarren hariari tiraka, 2006ko Txapelketa datorkit burura, Euskalduna jauregian jokatutako azken finala hain zuzen ere, Xabi Payak Exahun Lekuerekin buruz burukoa jokatu ondoren, txapeldunaren izena entzun zuen unean, oholtza gainean egindako poz-jauziak. Bere helburua lortu berri, hantxe hustu zuen barruan zeraman nerbioen zama, hantxe baretu zitzaizkion sabeleko tximeleta geldiezinak eta bukatu kirioen dantza. Txapela jantzita kantatu zuen habanera hunkigarri hura ez dugu behingoan ahaztuko:
Bost izen bota nahi dodaz
Merezi daben neurrira;
Maisu handi Amuriza
eta Lopategi, biba!
Trino ta Joseba Santxo
epaile onenak dira,
bosgarrena ulertu barik
hor egongo da begira.
Tú no nos diste el euskera,
Pero nos diste la vida,
nos llevaste a la ikastola,
aprendimos enseguida,
ya es hora de que entiendas
el canto que nos motiva,
esta txapela es tuya,
ay, nire amatxu querida!
Agur bertso honen hasieran bertsolaritza ibilbidean maisu eta bidegile izan zituenei hirugarren pertsonan esker ona adierazi ostean, ikus-entzuleen artean zegoen amari zuzendu zitzaion lehen pertsonan eta gazteleraz txapela eskaintzeko, ama-semeen arteko hurbiltasun eta loturaren adierazgarri. Une gogoangarria, inondik ere.
Hainbeste urtetan txapelketetan eta txapelketa batetik besterako uneetan lankide izandakoen lan eskerga eta konplizitatea ere goraipatzekoak dira. Boluntarioak, irakaskuntza arautuko eta bertso eskoletako irakasleak, eragiletza lanean erakundeekin harremanetan aritzen diren lagunak, Lankuko kideak… denak ere ezinbestekoak Txapelketa maila gorenean burutu dadin, Bertsozale Elkarteko altxor preziatu. Bukatzeko, aipamen bihozkor bat egin nahi nioke lantaldean kide izan genuen Ardatz Enbeita Ibarrari, 2014an zoritxarrak gure artetik eraman zigunari. Hark nonbait piztutako izarrak Bizkaiko bertsolaritza argi beza, datozen urteetan ere indarberritzen jarrai dezan, besteak beste, bi urtez behingo Txapelketaren eskutik.