Hernandorena, etengabeko ekintzailearen odisea
Hernandorena etengabeko ekintzailearen odisea –
Aitzolekin batera Etxalarko kuarteletik ihesi utzi dugu Hernandorena. Lasak azaltzen du hortik aurrera gerra urte haietan bizi izandako odisea guztia (2008: 58-70 eta 613-636).
Aitzol Beloken utzita Donostiara mugitu zen lehenik, eta mediku gisa lanean jarri zen Antiguako behin-behineko ospitalean. Donostia erortzear zela, irailaren 3an, Donibane Lohizunera aldatu zen, eta han utzi zuen familia urri hasieran eratu berria zen Eusko Jaurlaritzaren aginduetara jartzeko Bilborako ontzia hartu zuenean. Bere ibilbide profesionala zela eta, Osasun Sailean eman zioten lehen ardura Odontologia Militarreko Ikuskatzaileen zuzendari gisa. Euzkadiren filmaketan hartutako esperientzia zela medio, Propaganda eta Kanpo Harremanetarako Azpisailaren baitan zinemagintzako kabinetearen eraketarako ere deitu zioten. Gernika, Euzko-Deya eta Elai-Alai filmak ekoitzi zituen kabinete horrek Jaurlaritzak bertan behera utzi behar izan zuen arte. Azkenik, Kultura Sailaren baitan, Heziketa Fisikoko Ataleko buru ere izendatu zuten. Kargu horretan lanean zela, gerra bete-betean, Bartzelonan nahiz Parisen egonaldi bana egitera iritsi zen bertako hezkuntza sistemen funtzionamendua aztertzeko, eta, besteak beste, Gernikako haurren Elai-Alai dantza taldea jarri zuen martxan.
1938-08-28. Le Belloy, Frantzia. Elai-alai haurren dantza taldeko kide batzuk futbolean. Hernandorenak atera zuen taldea Bilbotik 1937an, hiria frankisten esku erortzear zela eta 1945 arte Europan zehar ibili ziren emanaldiak eskaintzen. Goiko argazkian Txomin Olano ikus daiteke eurekin, Luzear eta Zubimendiren pianista, Basarriren laguna, 1935ko Bertso Guduan epaimahaiko izandakoa. Argazkilaria: Jesus Elosegi. Iturria: Gure Gipuzkoa.
Gernikako bonbardaketarekin taldea deseginda gelditu zen, baina Bilbo erortzear zela, 1937ko ekainean, batzeko prest agertu ziren kide guztiak bildu eta 50 dantzari, bi txistulari, pandero-jotzailea eta albokaria Iparraldera bidean jarri zituen zizurkildarrak. Jaurlaritzaren laguntza deia zabaltzeko nazioarteko bira bat antolatzea zerabilen buruan, eta uztailaren 9an Santanderren ontzi bat hartuta batu zitzaien, hurrengo hilabeteetan Frantzian nahiz Belgikan hainbat emanaldi eskaintzeko (Parisen bakarrik Wagram entzunaretoan, Gaité Lyrique-n, San Martin-en, Chaillot-en eta Nazioarteko Dantzen Artxibategian aritu ziren, besteak beste): “Euskal Herri errepublikanoak Europan eduki zituen kultur enbaxadarik eraginkorrena gertatu ziren […]” (Lasa, 2008: 63). Taldeak II. Mundu Gerra hasi arte jarraitu zuen bere itzulia, baina Hernandorenak familiaren ondora jo behar izan zuen lehen emanaldien ondotik, eta dentista gisa lanean jarri: “Inazio Etxebeste pilotari handia izan zenak […] harategia zeukan Saran eta haren atzekaldean, gela txikia utzi zion Teodorori, dentista kontsulta jar zezan. Etxebeste hau, nola ez, kontrabandista handia ere bazen” (Lasa, 2008: 64). Frantziako titulazio ofizialik gabe ari zelako salatu egin zuten, ordea, eta epaileak debekatu egin zion bere lanbidean jarraitzea. Kontrabandoan murgildu zen orduan buru-belarri. Zortzi seme-alabari eman behar zien jaten.
Lasak azaltzen duenez, Zizurkilen sartu zirenean zuzenean bere jaiotetxera jo zuten faxistek, eta Villabonan ere beste hainbeste egin zuten bere dentista kontsultarekin: “[…] ez zaigu zalantzarik gelditzen: Teodoro atzeman izan balute hormaren kontra balez zulatutakoarena izango zen haren azkena” (2008: 615). Gerrako urte haietan egin zituen joan-etorri ugarietan tokatu izan zitzaion bizi-arriskuan egotea ere, baina haren ekintzarako grinaren tamainakoa izan zen haren zorte ona[1].
Berak zuzenduriko Euzkadi filmak ez zuen hainbeste zorte izan:
“[Hernandorenaren hitzak] Donibane Lohitzunen erbesteratuta nengoelarik Parisera egin nuen bidaietako batean, Jose Artetxe GBBkide ohi eta Manuel Odriozola Casino Kursaaleko zuzendariarekin egin nuen topo. Esan zidaten: ‘Ahaztu ezazu pelikula. Frankistak idazkaritzan sartu [EAJko Donostiako egoitzan zegoen gordeta filma: bai negatiboa eta bai kopia positiboa] eta bilatu zutenean, lehenbizi ikusi egin zuten. Gero labean sartu zuten errausteko’ […] Naziek juduak Auschwitzen bezala, gorroto berberarekin erre zuten filmea labean. Apaizak ere fusilatzera ausartu baziren, zer ez zuten egingo dokumental politiko-kultural batekin!” (Lasa, 2008: 478).
Hurrengo hamarkadetan Hego Euskal Herrira itzultzerik izan ez bazuen ere, bizirik eutsi zionez, eta geldirik egotekoa ez zenez, Frankismoaren lehen erdian bertsolaritzaren sustapenerako lan eskerga egin zuen Iparraldean. 1946rako lehen sariketa garrantzitsua antolatua zuen Herria astekari abertzalearen eskutik.
[1] Etxalarko kuarteleko jazoeraz gain, Galdames merkatalontziarekin gertaturikoa kontatzen du Lasak (2008: 627-631). Arazo tekniko batzuk zirela medio, lehenengo, eta bihozkada bati kasu eginez, gero, Baionatik Bilbora eraman behar zuen ontzira ez igotzea erabaki zuen Hernandorenak. Frankistek ontzia atzeman eta bezperan zizurkildarrarekin afaldu zuen Manuel Carrasco politikari kataluniarra atxilotu zuten. Fusilatu egin zuten hura ere handik aste batzuetara.