Hedabideratzea: eragile bezain kazetari guztiak
Hedabideratzea –
XX. mende hasiera honetako euskal kulturgintzak garrantzi handia eman zion euskarazko prentsaren sustapenari. Gizarte modernora egokitzeko hedabideratzeak duen garrantziaren kontzientzia hori bertsolaritzaren eragiletzan murgildu zirenek ere izan zuten, noski.

Aurreko Lore Jokoen zikloko proiektuan hedabideratzea oinarrizko ardatz bat izan zen, eta beraz, jarraitutasun bat emango zaio ardatz horri ziklo honetan ere, baina masa kultura lehen urrats batzuk ematen hasi den testuinguru batean ahalegin hori kontzienteagoa eta indartsuagoa izango da.
Ziklo honen gailurra izan ziren 1935eko eta 1936ko Bertsolari Guduen eragile garrantzitsuenek lotura estua izan zuten kazetaritzarekin. Proiektuaren liderra, Jose Ariztimuño Aitzol El Día egunkariaren eta Yakintza, Gure Mixiolari eta Illuminare aldizkarien sortzaile izan zen, eta, gainera, hiru aldizkarietan zuzendari lanetan aritu zen, edo egunkarian euskal atalaren arduradun. Kolaboratzaile garrantzitsua izan zen, baita, EAJren hedabide garrantzitsuenean, Euzkadi egunkarian.
Txapelketak abiarazteko pausoan funtsezko papera jokatzeaz gain, lehenengoan gai-jartzaile eta aurkezle lanetan aritu zen Joseba Zubimendik Ander Arzelus Luzearrekin batera irratiko ateak ireki zizkion bertsolaritzari. Zubimendi El Pueblo Vasco egunkariko euskal atalaren arduraduna ere izan zen, eta kolaboratzaile garrantzitsua Argian edo Euzko-Deyan. Aitzolen Yakintza aldizkarian argitaratu zituen txapelketen bi kronika luzeak bertsolaritzaren historiako funtsezko dokumentu bihurtu ziren, liburu formatuan berrargitaratu ondoren. Eta Luzear, berebat, Argiaren sortzaileetako bat izan zen, aldizkariko zuzendari ere bai tarte batez, eta Aitzolek El Dían zuzentzen zuen euskal ataleko erredaktore nagusi. Euskarazko lehen egunarian ere, Egunan, hartu zuen parte.
Manuel Lekuona edo Teodoro Hernandorena bezalako beste bi izen garrantzitsuk ere, Aitzolen akuilu intelektuala bata eta akuilu praktikoa bestea, gehiago edo gutxiago orduko hainbat argitalpenetan kolaboratu zuten. Hernandorena bertsolariak ikus-entzunezko batean agerrarazi zituen lehenengoetakoa izan zen berak zuzendutako Euzkadi filmarekin.
Azkenik, Iñaki Eizmendi Basarri, 1935eko txapelketan txapeldun eta 1936koan antolatzaile, aurkezle nahiz epaimahaiko gisa funtsezko paper bat jokatutakoa, kazetari izan zen bertsolari bezainbeste, gerora hainbat bertsolarik jarraituko zuten bidea irekiaz. Euzkadin, Argian, El Dían, Egunan eta Euzko-Deyan idatzi zuen ziklo honetan, baita bertsolaritzaz ere, eta Zubimendi eta Luzearren irratsaioan ere kolaboratzaile finkoa izan zen, bertsoak ez ezik bertsolaritzari buruzko gogoetak eskainiaz.
Eragile horien eskutik, prentsan bertsolaritzak zuen presentzia kuantitatiboki nahiz kualitatiboki egonkortzea lortu zen ziklo honetan, aurrekoan lehen pausoak eman ondoren. Elkarrizketa, soslaia edo bertsoen transkripzioan oinarritutako kronika zabala estreinatu ziren, eta estaldura mediatiko moderno bat eman zitzaien txapelketei.