Hainbestek hainbeste maite zutena
Pixkanaka itzali zaigu Nikolas Segurola, Matxinbentako Largarateko semea. Gizakiak ez dio gizaki izateari uzten azken arnasara arte, eritasuna eta ahulezia ere bereak ditu, baina Nikolasek aspaldixko utzi zion Nikolas izateari.
Hainbestek hainbeste maite zutena –
Denboratxo bat bazeraman senideak eta adiskideak ezagutu ezinik, baina artean ere oroimenean iltzatutako bertsoak ezpaineratzen zituen, inork zirikatuz gero. Gaitasun hori ere galdua zuen azken hilabeteetan. “Ari naizela, ari naizela,/ hor ikusten det Txirrita” kantatzen hasi eta erritmorik mantsoenean ere segitzeko gai ez zela ohartu nintzen unean sentitu nuen lehen aldiz gaixoak utzi ziola Nikolas izateari.
Bertsoa, izan ere, Nikolasen izaeran eta bizieran erabat txertatutako zerbait zen. Hala kontatu zigun 2016an egindako liburu biografikoan:
Amona ezagutu zuen. Gure familia dena azkoitiarra zen. Lehen bertsoak gure sukaldean entzun nituen. Oso umetan anaia batekin aritzen nintzen bertsotan-edo. Aitak bertso assssssko zekien, sail oso-osoak: Santa Barbararenak, Genovevarenak, Mainontzirenak, Txirritaren neska zaharrarenak… Lehenbizi errosarioa errezatu eta gero bertsoak kantatzen zituen aitak artazuriketan. Hark bazekien gu horretan edukitzeko modurik onena bertsoak kantatzea zela, bestela joan egiten baikinen. Oroitzen naiz liburu txiki bat bazela gurean. Txirritaren bertsoak-eta zituen behintzat. Ijitoarenak azaltzen ziren. Tartean hau:
Ijituetan gutxi izaten
dirade berriz antzuak,
naturalezaz kasta gogorrak
ta gainera umetsuak;
bizkarrian bat, tripan bestia,
aldamenetan batzuak,
sail galantakin ikusten dira
dabiltzala gehientsuak.
Guk animaliak txikititatik ikusi izan genituen lan horietan, baina horrelakorik ezin zen aipatu ere egin. Dena gorde egiten zuten, dena ixildu. Behin amak harrapatu ninduen bertso haiek kantatzen. Liburua eskutik kendu eta, marmar batean, sutara bota zuen. Han erre zen liburua, baina bertsoek, nola-hala, nire buru handi honetan jarraitzen dute”.
Sekulako buru alea zuen, bai. Frantziskotarrek neuri eman zidaten Nikolasek erabili zuen azken txapela, eta, alajaina!, aterkitzat ere hor nonbait balioko lidake. Oroimena ere buruaren neurri bertsukoa zuen, aparta, eta bertsoek eta bertsoen inguruko bizipenek giga asko hartzen zizkioten. Txapel izan omen zen ezagutu zuen lehen bertsolaria.
Santa eskean. Matxinbentan Santa Ageda festak ospatzen dira. Gure amama oso gaizki zegoen. Horrelakoetan, norbait hilzorian zegoela zekiten baserrietan, ohitura errosarioa errezatzea izaten zen, koplak kantatu ordez. Baina amonak, —berez izan zalea!— ate ondotik kantatzeko eskatu zion koplariari.
Lehendabiziko koplatuko det
ohean dagon amona
bigarren berriz ate onduan
limosnarekin dagona
Haundiak dira, amona maite,
egindako merituak,
orain zeruan zure zai daude
aingeru eta santuak.
Beti pentsatu izan dut bertsoak gogoan erraz gelditzeko modukoa behar duela. Bertso onak buru onean, esan nahi nuke. Garai batean hala moduzkoak ere geratzen zitzaizkidan, orain onenekin ere komeriak…”.
Arantzazura heldu baino lehen, baina ordurako frantziskotarren hegalpean, Zarautzen ezagutu zuen lehen bertsokidea, dozena bat urte zituela. Anjel Martikorena igoarra, gizon motz gorri bat, gerora Nafarroako txapelketetan-eta aritua. Behin Getariara ibilaldia antolatu omen zuten. Nikolas ez zen joan, eta asmatu. Egundoko zaparrada egin omen zien joan zirenei. Puntutan eraso omen zion.
Nikolas
Getarira joan haiz
eta dena busti
Anjel
hi siestan egon haiz
abarka ta guzti
Bertso osoaz ez zen oroitzen, baina hirurogeitaka urtez gorde zuen erantzun hori gogoan. Ondoren Arantzazun jarraitu zuten zaletasuna lantzen. Gehienbat puntutan aritzen omen ziren elkarrekin, baita puntua jarrita erantzuten eta elkarri lau oinak emanda ere. Behin lau oin hauek eman bide zizkion Nikolasek Anjeli: otsua, atsua, zorritsua, putzua. Eta igoarrak:
Nikolas baldin ezkondu balitz
ta hartu balu atsua,
Matxinbentako mendi artean
hau izango zan otsua.
Lan gutxi eginda haziko zuan
familia zorritsua
ta garbitzeko beharko zuan
mila litroko putzua.”
Gaitzeko algarak egiten zituen Segurolak bertso hori gogoratutako bakoitzean. Hori izan zen, hain juxtu, haren beste ezaugarrietako bat: burua ez ezik, bizkarra ere ikaragarria zuen. Galantak esaten zizkioten, baina hartzaile ona zen.
Joxe Lizaso bereziki maitea zuen umetatik, santa eskean aritutako batean lotara haien baserrira erretiratu omen zenez geroztik. Zarauzko frantziskotarrekin pasatutako urteetan, ostera, Basarri ezagutzeko zoria izan zuen. Hark liluratu omen zuen gehien bertsotan. Gerora tratu berezia izan zuen Azpeitiko hirutasun sainduarekin: Joxe Lizaso, Joxe Agirre eta Imanol Lazkano. Zaletasunak eta bertsolariekiko igurtziak gai jartzaile lanetara eraman zuten ibilian-ibilian, eta haiekin aritu izan zen gehien. Dena den, bertsolari askorekin puntako hainbat saiotan aritu izan zen urte luzez. Bertso-sen handikoa izaki, beti heldulekudun gaiak jartzen zizkien bertsolariei. Bati baino gehiagori entzun izan diot hura gidari zenean lasai joaten zirela bertsotara. Lazkanok hau idatzi zuen libururako.
Nikolas gai jartzailea: hasteko, bertsolaritza hain maite izanik eta bertsolari denen laguna denez, ondo baino hobeto ezagutzen zituen bakoitzaren bertute eta gabeziak eta, gai bat jartzerakoan, oso ondo landuta ekarriko zuen bertsolari horrek zuen onenetik eman zezan. Bestalde, zer entzule mota zuen aurrean oso kontuan hartuta egingo zuen gaien aukeraketa. Horrela, nahiz gai sakon edo politikoak, berdin umorezkoak noiz erabili asmatzen ere abila zela esango nuke nik. Nikolasekin saioa genuen bakoitzean halako esperantza puntu bat eramaten genuen, gure hazia erein nahi bagenuen, lurra oso ondo landuta aurkituko genuela. Ez naiz ausartuko gai jartzaile onena izan dela esatera, baina onenetakoa izan dela bai, zalantzarik gabe.
Laudorioak eta ziriak, denetik bildu izan du Nikolas fraideak. Bertsolarienak ez ezik, ingurukoenak ere bai. Hau ere liburuan kontatua du:
Uztapidek bazuen Laxaro izeneko lehengusu bat. Egun batean ni gaiak jartzen nintzen saio bat entzutera etorri zen, lehengusua bertan zela eta. Bukaeran ikaragarri famatu zidan saioa: “A zer saioa! Ikaragarrizko bertsoak bota ditiztek! Uste diat inoiz ez dudala halakorik entzun!”. Nik, berriz, neuri hainbesterainokoa ez zitzaidala iruditu esan nion. Laster bota zidan: “Halako gaiekin ez zagok hobeto egiterik!”. Nik uste, gaiak jartzeko mingaina baino garrantzitsuagoa dela bizkarra…
Nikolas Segurolari izugarri erasan zioten Xalbadorri jotako txistuek. Han gertatuak apenas epaile lanetarako grina handirik piztu zion, baina horretan ere dezente ari izan zen. 1986ko Txapelketan epailetzarako gonbidapena egin zion Bertsolari Elkarteak. Gainera, ordurako erabakita zegoen puntuak bertso bakoitzaren ondoren jendearen bistan erakutsiko zituztela. Handia zen horrek Nikolasi eragiten zion atzerakoa, baina handiagoa bertsolaritzari zion maitasuna. Baietz esan zuen. Damutu zitzaion ederki.
Euskaltzaindiaren eta bertsolarien arteko tirabiren ondoren, Txapelketa Nagusian epaile izateko abisua etorri zitzaidan. Kantabrian nengoela, Potesen, jaso nuen lehen abisua. Ez nuen nahi, baina hartan ere aritu nintzen. Gainera, puntuak agerian eman genituen urte hartan. Aurretik inoiz ez, ondoren ere ez, neuri egokitu lanik zailenak. Ez dut uste han egindako lanak asko goratu ninduenik. Kritikak ere egin zizkidaten, Lizasok niri esker irabazi omen zuela. Ez zen hala, nire puntuak zenbatu gabe ere bera zen txapeldun. Orduan Lopategiren izena aipatzen zen asko, lau urte lehenago eman ez ziotela-eta. Hurrengo txapelketarako argi neukan ez nuela baietzik emango. “Gu markatuta gaudek!” pentsatu nuen. Eta ondorioak jakin banitu, 86an ere ez nintzen han izango. (.) Bertsoa oso sorgina da, ez da metroarekin neurtzen. Behin baino gehiagotan gertatu izan zait, Amuritzarekin eta Egañarekin esate baterako, inguruan sekulako erreakzioa sumatu eta neu berriz…”hori hain ona izan al da?” pentsatzen geratzea. Nik uste dut zeresan handia duela ez bertsoen kalitateak, zeinek bota duen baizik.”
Gai jartzaile lanak utzita gero ere, bertsoei oso lotua jarraitu zuen Largarateko fraide, artzain eta bertsolariak. Arantzazun fraideak galanki bakanduak dira orain, baina asko ziren lehen. Inor ez zuen uzten urtebetetzean bertsorik gabe. Hau Pello Zabala zenari bota zion, 68 egin zituenean:
Pello; hirurogei eta
zortzi urte zuk gaur bertan,
poza ta alaitasuna
izango zan Amezketan.
Fernandoren ondorengo
famili jator haretan,
Arantzazun sartu zinan,
artean oso umetan.
Gero nabarmendu zera
ez dakit zenbat sailetan,
musiko, idazle eta
eguraldi asmaketan.
Gauza askotan aritzeko
sortua zinan benetan,
hartu denon zorionak
egun pozgarri honetan.
Sona handiko pertsonei ere kantatu izan zien. Urte luzez Idahoko gobernadore izaniko Pit Zenarrutzari bota zion hau, artean karguan zela:
Agur ta ohore, Jaun Zenarruza,
egun zoragarri hontan,
euskal artzainak etorri gara
zu eskertzeko asmotan.
Gure esker ona merezi duzu,
inork merezitzekotan,
egin duzuna jakin da hainbat
herritan eta auzotan,
baina inolaz ezin eskertu
molde gutxiko bertsotan.
Ibarretxe lehendakari zela, “alde guztietatik egurra ematen ari zitzaizkiola”, Gomiztegira bisita egin zuen. Hantxe bazkaldu zuen, bertako fraideekin batera, anaitasun ederrean. Nikolasek hauxe bota zion:
Bake sortzaile, bake maitale
ta bakearen gidari
bakea eskaintzen, bakea ematen
bakea nahi duenari.
Bakea sortu, bakea piztu,
bake bila ameslari…
Eskerrik asko, bakea zuri,
bakearen lehendakari!
Eskatu egin zidaten, eta nik bota. Nahiko erraz atera zitzaidan, baina ez pentsa denak hala ateratzen zaizkidanik. Berari gustatu zitzaion, nonbait, paperean nahi zuela esan zidan eta.
Jendea aise erakartzen eta limurtzen zuen Nikolasen izaeraren zabalak. Azken urteetan neuk egiten nion bertso pare bat urteak betetzen zituenean. Haietako batekin amaituko dut adiskide maiteari buruzko zertzelada hau. Azken samarrera arte kantatu zuen berak:
Sarri esan diguzu,
ai, Nikolas traste:
behin honezkero behintzat
ez nauk hilko gazte!
Ez da joan beharrik
argibide eske
nolaz maite zaituzten
hainbestek hainbeste.