Gure hitzak
Gure hitzak –
Gaizki itxitako motxila bat oka neramala iritsi nintzen igande gauez aterpetxera. Bi egun zeramatzan mikromunduak egosten, eta igartzen ziren lehen burbuilak ordurako. Aurretik aste bat, eta mundu bat hizketan.
“Bueno” “Hemen” “Earra izango da” esaten zuten zetorrenaren gosez zeuden begiraden azpiko ezpainek. Yoslay kubatarraz gogoratzen naiz, atarian zigarreta bat sutzen, alkandora finak bistan uzten zizkion besoak igurzten, que frío-ka. Autobus gidaria bera, irla i-tik a-ra ezagutzen zuena, baina sekula irlatik atera gabea. Lehen pertsona tantak azaltzen ziren aterpetxeko ateetatik, hots gehiago egiten zuten tanta batzuek besteek baino. Austriarrak mendi puntatik herrira bezala hitz egiten zuten, Galeskoek ezpainetatik belarrira.
Portutik ateratzekoa zen kultur artekoaren txalupa, baina eguraldi txarragatik bertan behera geratu zen itsasorako bidaia. Itsaso azpian hartu genuen aterpe, Aquariumean. Saio ederra izan zen, entzuleak aurrean txaloka, arrainak atzean musuka. Gogoratzen ditut bi lurralde puskatutako bi ahots mugaz hizketan, gogoratzen dut Yunetek eragin zidan hotzikara, kantatzen hasterako. Hauskortasunaren aldeko edo kontrako iraultza oihu baten antzeko zerbait sartu zidan sabelean. Badaramat oraindik.
Asteartean, suhiltzaileen egoitzan korrontearen aurka ibili ginen, eta izan zen deskarga elektrikorik. Horregatik izan genituen ileak puntan. Aldi berean kantuan, itzultzen, joaten, pentsatzen, sentitzen, neurtzen eta askatzen ibiltzearen kontra esanak. Oholtzan, eta oholtza aurrean. Tartean, ispilu deformatuak. Beñat Krolemi beste erakusketa baterako mamia emango zion egun horretako azalak.
Asteazkena egun handien kanela usainez etorri zen, eta tabako ke atenporal baten geruzapean igeri. Mende eta latitude ezberdinetako ahots-kordak sokatiran, eta Rebeca “askok irudipena du…” kantuan, ahots lehengusuen oihartzunarekin. Rona ondoren edan genuen. Edo handitan rona izan nahi zuen ginebra.
Ostegunean, Bilintxekin poteatu genuen Donostiako alde zaharrean eta turisten kameratan betikotu genituen gure bizkarrak. Habanako Ikatz kalean egon ondoren Kresalera joan eta gauero bezala boluntario itsaso bat sutan. Afari mundialak, pilota partida internazionalak, eta Marios eta beste zipretarren dantza herrikoiak.
Ostiralak Oñatira eraman gintuen autobusez. Taberna atariak eta plazak plaza bihurtu ziren, eta iluntze laranja hark, ez berde ez gorri, anbarrean utzi zigun gogoa askori, bukatzera doan zerbaiti bezala begiratzen genion ordulariko semaforoari. Maribelek edo Mateuk silabei begiratzen dieten bezala.
Larunbatean, aurreko egun guztietan bezala, Irati eta Maddalen saioa hasi baino lehen jendeari umore ona itzultzen ari ziren, Jon, Esti, Iñaki, Xabi, Haritz… eta beste hainbeste, pastel gaineko ginga gorriz tindatzen, eta gainerakook metro karratuetan kilometroak egiten. Galestarrak izan ezik, galestarrak izozki bana jaten ari ziren marko konparaezineko ertzen batean.
Mexikartuta bukatu genuen Kursaaleko saioa, eta astea. Alondrek “eskerrik asko benetan” esan ziguten eta geuk ere zainetan, benetan generaman eskerrik askoa. Pentsa, konturatu gabe pluralean idazten hasi naiz, orain dela hitz batzuk.
Hitzak gogoratzen ditut. Hitzak eta pasioa, eta hitzekiko pasioa. Pasio partekatua. Gogoan dut astelehenean bertan sentitu nuela halako hunkidurazko negargura bat. Batek daki non jaioa, baina une horretan nire begietan bizi zena. Eta aste osoa pasako zuena nirekin. Rekalde tabernatik Gure hitzak kantua jarrita agurtu gintuztenean konturatu nintzen horrekin, edo hurrengo goizean bestela, nahi baino lo gutxiago eginda autoan sartu eta igandeak kantu bera jarri zidanean. Gure hitzak direlako, Zipreko, Kubako, Galesko, Mallorkako, Austriako, Mexikoko eta Euskal Herriko hitzak, altxatzeko hitzak, erortzeko hitzak, erotzeko hitzak, esateko hitzak. Ez galtzeko hitzak. Ez galtzeko moduko pertsonak, doinuak, kasinoak, hitzaldiak, kaleak, txinpartak, elkarteak, arrainak, burbuilak eta keinuak. Mimoz gordetzeko modukoak. Baina beti izan naiz txarra mapak behar bezala tolesten.