Gipuzkoako Txapelketaren biharamuneko gogoetak
Gipuzkoako Txapelketaren biharamuneko gogoetak –
Igaro berri den 2019 urteak lau urteko ziklo baten amaiera ekarri du Gipuzkoako bertsozale familiarentzat. Izan ere, gustatu edo ez, nahiko nabarmena baita bertsoak txapelketek markatutako zikloen arrastoari jarraika egiten duela aurrera azken hamarkadetan; tartean hamaika egitasmo eta proiektu askotariko landu eta garatzen diren arren, neguaren atariko final jendetsu horietan amaitzen baita ziklo bat eta hasten hurrengoa. Bai, bederen, Gipuzkoaren kasuan. Txapelketa amaitu zenetik aste batzuk igaro dira: ba ote gogoeta egiteko parada hartzeko une aproposagorik?
IRABAZLEAK ETA… GALTZAILE GUTXI
Edozein lehiatan beti daude irabazleak eta galtzaileak, eta bertso txapelketetan ere hala gertatu izan da sarritan. Espektatiba handiegirik gabe oholtzaratu eta saio ederrak josiz aurreikusi baino gorago iristea lortu dutenak edo alderantziz, maila altuan arituko zirela espero eta egun txar baten eraginez irristadak kateatu eta lehiatik kanpo geratutako horiek. Onerako zein txarrerako, asko emateko gaitasuna baitauka txapelketa batek, eta tarteka baita kentzeko gaitasuna ere. Irabazleak eta galtzaileak aipatzen hasita, hala ere, nago txapelketa hau ez ote den izan irabazle bat baino gehiago bai, baina galtzaile nabarmenik izan ez duen txapelketa bakanetakoa. Izan ere, Beñat Gaztelumendi izan den arren txapel preziatua buru gainean janztea lortu duen bertsolaria, ez da bera izan, inondik ere, irabazle bakarra; bertsolari bakoitzak bere helburua baitu buruan bueltaka, txapelketa batean izena ematen duen unetik beretik. Beñat Gaztelumendi txapeldunaren helburua txapela berrestea izango zen, ziurrenik, bestelako helburuak ere izango zituen arren, lehia hutsetik harago doazenak. Aurreko hilabeteetako lanketak emandako fruituak jasotzera joango zen añorgarra, beste gehienen moduan. Finalaurrekoetara iristeko aukera izan duten bertsolarien zerrendari erreparatuz, hartu al liteke zerrenda horretako inor galtzailetzat, finalera iritsi ez arren? Eta irabazleak aipatzen hasita, burura datozkit ezinbestean, besteak beste, Haritz Mujika, Eñaut Martikorena, Amaia Iturriotz, Nerea Elustondo, Beñat Lizaso, Ane Labaka eta Iban Urdangarin, kasu batzuk aipatzearren. Irabazle atera ez den bakarren bat balego, kasurik okerrenean lehengo moduan geratuko zen. Ez, behintzat, hortik behera. Txapelketa honi hori aitortu behar zaio.
TXINPARTA ETA ZIRTOAREN ERRESUMA BEHAR LUKEEN ESPAZIO HORI
Entzuleen artean uste orokortu xamarra da, edo hala esango nuke nik behintzat, txapelketa bateko finalean eta baita gainerako saioetan ere gai edo ariketa umoretsuei espazio txikiegia gordetzen ez ote zaien. 8ko txikiko ofizioak, puntukako saioak (baldin baleude) eta gutxi gehiago, non eta trataera serioagoa jasotzera deituriko ariketaren batean bertsolariek bertsoaren grabitate lege naturalei erronka bota eta inork uste ez duen euskarriren batetik heltzen ez dioten ariketa horri. Bertsoaren bat-bateko izaera modu oso egokian islatzeko gai diren ariketak izanik umoreari lekua egiten dioten horiek, ahalegina egin beharko litzateke, aurrera begira, iraupenez luze xamarrak diren halako saioen aringarri diren ariketa horiei protagonismo gehixeago emateko. Pasa berri den Gipuzkoako Txapelketa honetan ere bide horretan sakontzeko aukera ez da gehiegi baliatu. Txapelketez kanpoko bestelako saioetan umorea den bitartean protagonista nagusia, edo nagusietako bat behintzat bai, badirudi tartean epaileak eta puntuaketak sartzen direnean txipa aldatu eta beste parametro batzuk sartu behar direla derrigor jokoan. Bertsolarien benetako maila edo une horretan euren gaitasunari ateratzeko gai diren distira neurtzeko bide bakarra “askotan agertzen duzu zure iritzia publikoki, zure jarduna dela eta, zure kontrako pintadak agertu dira” edo “adingabeen zentro bateko arduraduna zara, langileak behar dituzue, baina inork ez du zuenean lan egin nahi” gaien estilokoak planteatzea balitz bezala. Gai horien modukoei ikuspegi kritiko, humano eta sakon batetik erantzuna emateko moduak asko esaten du, noski, bertsolari baten gaitasun tekniko eta intelektualaz, baina baita arinkeria arruntean erori gabe bertsokideak aurretik botatakoari modu burutsuan eta txinpartak ateraz erantzuteak ere.
3, 2, 1: HASI KANTUAN!
Epai-irizpideen gainean asko hitz egin eta idatzi izan da azken urteetan, onerako ez ezik baita txarrerako ere zenbaitetan. Saio baten amaieran entzule batek izan dezakeen pertzepzioa eta epaileek ondutako sailkapena ez dira sarritan bat etortzen, eta saihestezina izan ohi da eztabaidari bide ematea. Entzuleak, ordea, bere sentipenak kitzikatzera heldu diren bertso horiek hartu ohi ditu gogoan, eta oharkabean pasa zaizkionak baztertu, bertso bakoitzean puntu kopuru berbera dagoela jokoan ahaztuz. Epai-irizpideak hizpide hartuz, bertsolari batek gaia entzun eta bertsoa kantatzen hasterako hartzen duen denbora tartearena aipatu behar derrigor. Zehazki kuantifikaturik egon da atal hau epai-irizpideetan, eta zorrotz betearazi dute epaileek araua, bertso batzuen kasuan dezenteko puntu kopurua galduaraziz bertsolariari. Bat-batekotasuna aipatu da lehenago, eta atal hau ezinbestekoa begitantzen zaigu bertsolariaren erreakzionatu eta erantzuteko gaitasuna modu egokian neurtuko bada.
GIPUZKOA BERTSOTAN ETA GIPUZKOAKO TXAPELKETA
Zenbait hilabetez luzatzen diren modu honetako lehiaketek ikusmina eta publikoaren arreta denbora horretan guztian gorengo mailan mantentzea ez da lan erraza. Udazkeneko ohiko azken fasean bertsolari guztientzat lekurik ez eta udaberrian sailkapen fase moduko bat antolatu da aurten ere. Borroka eskaileraren lehenengo mailatik hasten duten bertsolari horietako askorentzat hil ala bizikoa bilakatzera iritsi daiteke udaberriko fasetik udazkenekora jauzi egiteko txartela lortu behar hori. Eta presio hori bi ahoko ezpata bilaka daiteke, zinez; sailkapen fasea argitzen duten fokuen indarra nabarmen apalagoa baita udazkeneko saioetan argi egiten dutenenarekin alderatuz. Pasa den edizioan, gainera, saio bakarrera jokatu dira nola udaberriko kanporaketak, hala udazkenekoak, bertsolariek euren bizkar gainean paratzen duten zamari gainkarga bat gehituz. Kale edo bale. Udaberriko fasearen eta udazkenekoaren arteko aldea nabarmena denez oihartzun aldetik, prestaketa lana erruz burutu duen bertsolari bat baino gehiago geratuko zen, ziurrenik, herri txiki bateko areto txiki bateko saioan parte hartu eta konturatzerako etxean, berriz jarduteko aukerarik gabe. Txapelketa, bere gordinean. Edozein kasutan, udaberrian modu ia erdi anonimoan jardun izan diren bertsolari horiei gorazarre. Bejondeizuela!
POLITIKOKI ZUZENA EZ DENAREN PAPEREAN
Txapelketako une jakin batean, patroiak irauli eta gai sozialei ikuspegi deserosoenetik kantatzera behartu zituen bertsolariak lehiaren gurpil ankerrak. Estreinako saioan, oharkabean harrapatu zituen bertsolari koittaduak aldaketa horrek, eta saio hartan ez zuen ariketak espero zen emaitza distiratsurik ekarri. “Bikotea zarete, zuen haurra herriko eskola publikora eraman zenuten, orain, bertan etorkinen seme-alabak gehiengoa direnez, haurra herriko ikastetxe kontzertatu batera aldatzea erabaki duzue”. Eta has dadila jolasa. Publikoaren onarpena eta konplizitatea bilatzeko kantatzera oso ohituak daude bertsolariak, eta gehienak bereziki trebeak dira langintza horretan. Nola lortu, ordea, publikoaren txalo zaparrada, publikoak buruarekin baietz esatea eskuak bata bestearen aurka kolpatzen dituen bitartean, bere semea edo alaba ikastetxe kontzertatu batera eraman duela dioen guraso baten azaletik kantatuz, zergatik eta ikastetxe publikoan seme edo alaba horrentzat itxuraz mesedegarri izango ez den lagunartea, “ertzeko” ume eta gaztetxo ugariz osatua, topatuko duelako? Ariketa interesgarria bezain zaila. Baina saioek aurrera egin ahala, hartu zioten bertsolariek ere neurria ariketa horri. “Zuen lagun batek hogei urte daramatza preso, azken urteotan, bisitarako boluntarioak urritzen ari dira, eta zuek ere gero eta gutxiago joaten zarete”. Halako gai puskari ondorengo erantzunak ematen hasi zirenetik bertsolariak, ulertu genuen, ulertu genuenez, egoerari egokitzeko gaitasun kamaleonikoa daukan artista dela bertsolaria, izatez: “guk biok ere ez baitauzkagu / alferrik hainbeste urte”, “beti ondoan eduki gaitu / hantxe pasartez pasarte // ezinezkoa ematen zuen / gertatzen hasi den arte”, “ulergarria dela badakit / baina gaizki sentitzen naiz”, “berak ezin du gehiago eta / guk ezin degu gehiago // ez da mugitzen zergatik dago / geroz eta urrunago?”, “nik esan diot ez goazela / eta ez gaitu espero // baina bidali diezaiogun / eskutitz bana astero”, “bai, eskutitz bat idatzi eta / hau aitortuko diogu // seguru nago beste aldetik / guztia ulertuko du”. Lehendik ez bageneki bezala… Besterik da publikoarengan ariketa horiek sorrarazitako emozio edo sentipena. Baina teknikoki eta ofizioaren definizio zehatza hartuz kontuan, aurrekoa bezalako elkarrizketak, gaiaren planteamendua lagunkoia ez izanik ere, maila oso altukoak dira. Bertsolariek elkar hartu eta elkarrizketa perfektua osatzeko ez baitago beti entzun nahiko genukeen hura kantatu beharrik. Gu guztion miseriak azaleratzea ere behar da, tarteka bederen.
URRATSAK PAREKIDETASUNAREN BIDEAN
Finalean 4 emakumezkok eta 4 gizonezkok kantatuko zutela jakin zenean parekidetasunaren erronka gainditutzat jo zuten askok, baina gauzak ez dira ez zuri ez beltz, eta halako tamainako borroka ez da bataila koxkor horrekin irabazten. Deigarria eta adierazgarria denik ezin uka, baina Beñat Gaztelumendi txapeldunak berak finala igaro berritan adierazi bezala, oraindik ere urrats ugari daude egiteko norabide horretan. Bertsolari bakoitzak bere iragazki propiotik igaroarazten ditu gaiak, pertsonaiak eta bertso bilakaturiko iritziak, eta iragazki horrek asko dauka oraindik ere gizonezko edo emakumezkotik. Bide onetik goaz, baina oraindik ere urteak igaro beharko dira bertsolaritzan ez ezik gizarteko bestelako alorretan benetako berdintasuna lortzeko, inoiz lortuko bada. Ea datorren urteko Euskal Herriko Txapelketa nagusian kristalezko sabai gehiago hausten jarraitzen dugun.
GURE UNIBERTSOA
Herriz herri, auzoz auzo, txapelketa honek ere egin du bere bidea. Ezin konta ahala entrenaldi ordu, herrialdeko bertso eskoletan. Taldearen babesa, gertukoen berotasuna. Irribarre bat, oholtzara bidean, publikoan lehenengo lerroan eserita dagoen amari, aitari, anai-arrebei, lagunari. Aretoko larrialdi irteeretan petodun boluntarioak, aurreko egunetik prestaketa lanetan aritu den brigada nekaezina, kazetariak, argazkilariak, teknikariak, Elkarteko langileak… Familia handia baita, onerako eta txarrerako, bertsoaren familia. Lau urtetik behin herrialdeko bertsozaletasunari bultzada ematen dion zurrunbilo eroa da txapelketa, baina albo kalteak baino dezente onura gehiago dauzkan zurrunbiloa, albo kalterik izatekotan. Etengabe instant jakin batean artista amildegiaren ertzean kokatzen duen eta hainbeste maite dugun diziplina bitxi halakoa…