"Gernikako arbola" kantua (Rudolf Trebitsch, 1913)
Gernikako arbola kantua (Rudolf Trebitsch, 1913) –
Rudolf Trebitsch dela-eta
Rudolf Trebitsch (1876-1918) austriarrak gaztetan medikuntzako ikasketak egin bazituen ere, gerora antropologia, etnologia eta hizkuntzalaritza landu zituen, eta eremu horietan nabarmendu zen gehienbat. Haren lana Austriako monarkiaren azken urteetan kokatu behar dugu, XX. mendearen lehenengo erdialdeko euskalari europarren mugimenduaren barruan. Garai hartan, euskal gaiekiko interesak sekula ez bezalako indarra hartu zuen Europan, batez ere Alemania, Austria, Belgika, Bretainia Handia, Espainia, Frantzia, Holanda, Italia, Polonia, Suitza eta Txekoslovakian, hango zenbait hizkuntzalari eta etnografo euskararekin eta euskal kulturarekin zaletu eta euskal gaiak ikertzen hasi zirelako, euskararen berezkotasunak erakarrita. Arlo horretan, goraipatzekoa da Eusko Ikaskuntzak, Julio Urkijok eta RIEV aldizkariak euskal gaiak mundu osora zabaltzeko egindako lana.
Rudolf Trebitschek, Zientzien Akademia Inperialaren Artxibo Fonografikoarekin lankidetza estuan, zenbait bidaia egin zituen, bere diruarekin ordainduak, soinu grabazioen xerka. Munduan barrena ibili zen, tokian tokiko soinu grabazioak biltzen, osatu nahi baitzuen Vienako Fonograma Artxiboak egin nahi omen zuen disko bilduma. Zehazki, herri hauek bisitatu zituen: Groenlandia (1906), Irlanda (1907), Britainia (1908), Gales, Man uhartea eta Eskozia (1909), eta Euskal Herria (1913). Desagertzeko zorian ikusten zituen hizkuntzak aukeratzen zituen, haien soinu-laginak hartu eta Vienara eramateko. 1906tik 1913ra bitarteko aldi hartan, guztira, 240 grabazio egin zituen.
Lehenengo Mundu Gerran, 1914an, hots, Euskal Herritik etorri berritan, sendagile aritzeko errekrutatu zuten. Hurrengo urteetan, zenbait ospitale militarretan jardun zuen. Bat-batean etnologiarekiko harremana eten egin behar izan bazuen ere, gutun batean adierazten du bere eginkizunek uzten zizkioten tarteetan astia eta gogoa izaten zuela euskal etnologiari buruzko ikerketei segida emateko. Antropologia eta etnologia ez bezala, erietxe militarretan egiten zuen lana ez zuen batere atsegin, bere kontzientziaren kontra zihoalako. Inguruabar haietan bizipoza urritzen hasi zitzaion, eta 1918ko urriaren 9an etsi egin zion egoera hartan irauteari: Judendorfeko erietxean bere buruaz beste egin zuen, Grazetik hurbil, 42 urte zituela.
Ondare handia utzi zuen Trebitschek folklore arloan. Bi lekutan banatuta daude hark egindako grabazioak: gehienak, Vienako Phonogrammarchiven, Trebitschek berak han utzi zituelako 1913an; eta banaka batzuk, Berlingo Ethnologisches Museumen. Trebitschen soinu bilduma, beraz, erdibituta dago, zati bat Vienan eta beste bat Berlinen.
Rudolf Trebitsch eta Euskal Herria
Groenlandiatik eta hizkuntza zeltak zituzten aipatutako herrietatik etorrita, Rudolf Trebitschek jakin nahi izan zuen ea bazen hizkuntza gehiagorik desagertzeko arriskuan Europan, bere grabaziogintzan jarraitzeko. Phonogrammarchiveko kolaboratzaile Hans Pollakek erantzun zion euskara zegoela egoera penagarri hartan. Hori nahikoa izan zen, Rudolf Trebitsch euskararen mundura hurbil zedin. Hala, Hans Pollaken erantzuna/iradokizuna jaso ondoren, 1912ko abenduan, Trebitschek Hugo Schuchardtengana[1] jo zuen, euskal etnologiaren arloan argitaratutako azken testuei buruz aholkua jaso nahi zuelako. Eta Hugo Schuchardtek lehenengo zuzenean, eta gero gutunez, erantzun zion. Euskal Herrira bidaia egiteko laguntza ere eskaini zion. Eta Hugo Schuchardten bidez, Julio Urkijorekin harremanetan jarri zen. Julio Urkijok eragin handia izan zuen Rudolf Trebitschen lanean, eta ez hori bakarrik: Trebitschen ikerketen norabidea berak markatu zuen. Inondik ere, Julio Urkijo izan zen Trebitschek Euskal Herrian izan zuen laguntzailerik behinena. Donibane Lohizunen zuen jauretxean eman zion ostatu Trebitschi, Euskal Herrian egon zen denboran, hau da, 1913ko uztailaren 18tik irailaren 3ra bitartean. Euskal hiztunak ere lortu zizkion fonografo aurrean hitz egiteko. Gainera, Euskal Herrian zehar eraman zuen, batetik bestera, bere autoan, grabazioak egin behar ziren tokietara. Grabazioetan esaten zena transkribatzen eta itzultzen ere lagundu zion, gogotik lagundu ere. Euskalki guztien laginak grabatu zituzten, erronkarierarenak ere bai, gaur egun desagertua bada ere. Garai hartako euskal kulturako pertsona nabarmenen ahotsak grabatu zituzten. Besteak beste, Aranzadi, Broussain, Roby, Azkue, Oianguren, Gregorio Mujika eta Julio Urkijo mintzatu ziren gramofonoaren aurrean. Bonaparteren euskalki-mapaz ere baliatu zen, euskalkietako hiztunak hautatzeko orduan. Emandako datu horietan guztietan oinarria harturik, beldurrik gabe esan liteke Rudolf Trebitschen ekimenari eta Julio Urkijoren aholkularitza eta laguntza paregabeei esker dituela euskarak bere testigantza soinudun garrantzitsuenetako batzuk.
Rudolf Trebitschek bi asmo ekarri zituen Euskal Herrira: euskalki guztien grabazioak egitea eta euskal etnologiaren bilduma bat osatzea. Ederki bete zituen biak eta, gainera, grabazio musikalak ere egin zituen, euskal ondare musikalaren adierazle. Beraz, bi motatako grabazioak lortu zituen: hizkuntza grabazioak eta grabazio musikalak. Vienara itzuli eta urtebetera artikulu bat idatzi zuen[2], Euskal Herrian izandako bizipenen eta egindako lanen lekuko.
1984az geroztik, Bilboko Azkue bibliotekan eskuragarri ditugu Rudolf Trebitschek Euskal Herrian 1913an egindako hizkuntza grabazioen kopiak, Jose Mª Etxebarriak Euskal Herrira ekarri zituelako. Gainera, Jose Mª Etxebarria dugu grabaziook eta euren nondik norako guztiak sakon eta zehatzen aztertu dituena. Hizkuntza grabazioek 130 minutu irauten dute denera, 64 diskotan banatuta daude eta bakoitzak bi minutu inguru irauten du[3].
Rudolf Trebitschen euskal grabazio musikalak
Rudolf Trebitschek 1913an egindako grabazio musikalak Berlingo Ethnologisches Museumen daude[4], eta Susanne Ziegler eta Albrecht Wiedmann doktoreekin hitzartutako itun batek ahalbidetu zigun behialako grabazio horiei buruzko ikerlan bat egitea, orain arte egin den bakarra[5]. Grabazio musikalei Trebitsch Basken izena ezarri zieten Berlinen, eta 14 disko edo zilindrotan banatuta daude; horietatik bi (2.208 eta 2.209 zenbakidunak) hizkuntza grabazioen artean ere agertzen direnak. Guztira, 32 minutu irauten dute. Grabazioetarako erabili ziren musika tresnez bezainbatean, guzti-guztiak Vienara eraman zituen Trebitschek, Austriako Etnologia Museora, hain zuzen ere. Gaur egun oraindik Vienan daude, baina Austriako Zientzietako Akademiaren Fonograma Artxiboan, duela zenbait urte hara aldatu zituztelako.
Hau da Rudolf Trebitschen grabazio musikalen zerrenda[6]:
Euskal grabazio fonografikoa, Trebitsch jaunak Pirinioetan 1913an egina.
1‑4 Zurgin bat musikari. Pirinio Atlantikoak Departamendua, Frantzia.
1
- Ostalersa, emakumezko ostalari baten kanta. Dantza egiteko kanta. Tuntuna eta txirula (haize-instrumentua).
- Lili ederra, maitasun kanta. Tuntuna eta txirula.
2
- Satan, demonioaren dantza mozorro-jai batean. Tuntuna eta txirula.
- Turkiarren sartzea, pastoral batekoa, zaharra. Tuntuna eta txirula.
3
- Pello Joxepe, kanta satirikoa, lagun batzuek batera kantatua. Tuntuna eta txirula.
- Tuntuna eta txirula.
- Kauteren dantza, (galdaragilearen dantza), eskuarki txirula bakarrik erabiltzen da.
4
- Nafarroa Behereko Zalditeriaren Martxa.
- Barikala, dantza mota bat.
- Italiako baltsea.
5‑9 Igorren hartutakoak, Arratia bailaran, Bizkaia, Espainia.
5
- Artolak deuko, Ambrosio Gorostiagak albokaz jotako kanta.
6
- Josefa Ealok albokaz eta panderoz jotako kanta. Ahotsa ere Josefa Ealorena da.
7
- Seigarrenaren jarraipena.
8
- a) eta b) Bi dultzaina eta danbor bat; Sebastian Errasti, Jose Maria Gurrutxaga eta Gregorio Larralde ditugu musikariak.
- a) Eztaitarra (ezkontza eguna). Antzinako martxa.
- b) Andre Madalen… Kontsesiri. Kontsesi emakume izena da. Dantza doinua. Fandangoa.
9
- a) Baserritarra, dantzatzeko kanta zaharra, letrarik gabea.
- b) Antzinakoa. Doinu honekin arin-arina dantzatzen da. Letrarik gabe. Bi zatitan banaturik: a) eta b).
10‑12 Tolosan hartuak (Gipuzkoa, Espainia).
10
- Gizon batzuek jotako martxa. Bi txistu eta bi danbolin. Silbote bat eta danbor bat.
11
- San Juanen Martxa. 5/8 konpasa. Testua San Juanen ereserkia da. Lau danbolin jotzailek dihardute.
12
- Ereserki nazionala: Gernikako arbola. Gizaseme bat kantari.
2.193
Irrintzia, euskal garrasia, Pierre Jendak Donibane Garazin egina.
2.208
Bernhard Haritxelar txirula eta tuntuna jotzen. Atharratze, Pirinio Atlantikoak. Frantzia.
2.209
2.208.aren bukaera.
2.215
Joaquín Arrietak kantatutako herri abesti bat. Markina, Bizkaia, Espainia.
2.236
Demetrio Oiarzabalek kantatutako maitasun kanta. Tolosa, Gipuzkoa, Espainia.
2.237
Maitasun kanta, 2.236.a bezala.
2.244
Jota dantza eta Diana, Venancio Salameraren eskutik. Uharte (Iruñea ondoan).
Gernikako arbola kantua
Ohartuko bide zinenez, irakurle, Gernikako arbola kantuaren grabazioa agertzen da Rudolf Trebitschen grabazio musikalen zerrendan, hain zuzen ere, 12. zilindroan kokatuta. Honela agertzen da kantu hori bildumaren edukien alemanezko zerrendan (jatorrizkoan[7]):
Euskarazko itzulpena:
“12. Ereserki nazionala: “Gernikako arbola”. Gizaseme bat kantari”.
Kantu ezagun horren aurreneko lekukotasun soinuduna izan daiteke Trebitschek bildutako hura. Datu hauek bildu ahal izan ditugu kantuaren harako grabazio hartaz:
Grabazioko laguntzailea: Baleriano Mokoroa.
Grabazioa egin zen herria: Tolosa (Gipuzkoa).
Kantaria: Demetrio Oiarzabal botikaria.
Musika tresnak: musika tresnarik ez, kantua bakarrik.
Kantak honela dio[8]:
Gernikako arbola
Da bedeinkatuba
Euskaldunen artian
Guztiz maitatua.
Gernikako arbola
Da bedeinkatuba
Euskaldunen artian
Guztiz maitatua.
Eman da zabaltzazu
Munduan frutua
Adoratzen zaitugu
Arbola santua.
Eman da zabaltzazu
Munduan frutua
Adoratzen zaitugu
Arbola santua.
Iraupena: 1:46 min
Oharra: Trebitschen hitzak: “Gernikako arbola hau duela ehunka urte landatu zen Gernikan, Espainiako Euskal Herrian, eta esan liteke zuhaitz hori euskaldunen independentziaren ikurretako bat dela. Zilindro honetan ereserki nazionalaren bi ahapaldi entzun ditzakegu. Kantan arbola bedeinkatzen da eta bere fruituak goresten dira. Letra eta musika Iparragirre izeneko batek sortu zituen. Berriro ere 5/8 konpasarekin egiten dugu topo, alegia, benetako euskal konpasarekin”.
Hona hemen kantuaren partitura:
Mendeurrena
2013an bete zen Gernikako Arbola kantuaren grabazio haren mendeurrena. Hori dela-eta Berlingo Euskal Etxea-Gernika kultura elkarteak hitzaldi bat antolatu zuen urte hartako maiatzaren 27an, non aurkeztu bainuen Rudolf Trebitschen grabazio musikalei buruz egindako ikerlana. Biharamunean, maiatzaren 28an, Leipzigeko unibertsitatean beste hitzaldi bat eman nuen, bertako Euskara Irakurletzak antolatuta. Ehun urte baino gehiago joan dira grabazio haiek egin zirenetik, eta oraindik haien erabilera eskubiderik ez daukagu Euskal Herrian. Kultura arduradunek jakingo dute zergatik.
[1] Garai hartan, Hugo Schuchardt Filologia Erromanikoko irakasle emeritua zen, Grazeko unibertsitatean.
[2] TREBITSCH, R., «34. Mitteilung der Phonogramm Archivs-Kommission der kaiserl. Akademie der Wissenschaften in Wien. Baskische Sprach und Musikaufnahmen», Anzeiger der philosophisch-historischen klasse der kaiserlichen Akademie der Wissenschaften in Wien, Vol XI, Viena, 1914, 1-31.
Euskaraturik: LOPEZ DE ARANA, I. eta M., «Rudolf Trebitsch: euskal hizkuntzaren eta musikaren grabazioak (1913)». FLV (XXX. urtea, 77. zenbakia, 1998ko urtarrila-apirila), 97-117.
Gaztelaniaraturik: LOPEZ DE ARANA, I. eta M., «Rudolf Trebitsch: grabaciones de la lengua y la música vascas (1913)», ETNIKER 11, 1999ko urria, 266-300.
[3] Euskarazko hizkuntza grabazioak Austriako Zientzia akademiak argitaratu zituen, 2003. urtean, CD-ROM batean bilduta: HURCH, B., «Rudolf Trebitsch and Linguistics: his phonographic legacy», in D. Schüller (arg.), The Collections of Rudolf Trebitsch. Basque Recordings 1913, (Sound documents from the Phonogrammarchiv of the Austrian Academy of Sciences. The complete Historical Collections 1899-1950. Series 5/3), 2003, Viena: Verlag der Österreichischen Akademie der Wissenschaften (OÄW), 13-16. 2 AudioCDs, 1 CD-ROM, Booklet with 71 pages, OEAW PHA CD 15.
[4] Grabazio hauek jatorriz zilindro itxurako argizarizko euskarri batzuetan jasota zeuden, eta, Trebitschek egindako euskal hizkuntza grabazioak bezala, Vienako Phonogrammarchiven gordeta egon ziren hainbat urtez. Behinola, grabazio musikal haien kopia bat Berlinera bidali zuten, Ethnologisches Museumera hain zuzen. Urteak joan eta urteak etorri, Vienan zeuden jatorrizko zilindro edo grabazio haiek galdu egin omen ziren, eta pentsatzekoa da Berlingoa dugula jatorrizko zilindroen kopia bakarra. Niri kopia digitalizatua egin zidaten, CD batean bilduta; jatorrizko zilindroen kopia Berlinen geratu zen.
[5] LOPEZ DE ARANA, I., «Rudolf Trebitsch-en 1913ko euskal grabazio musikalak (II)», Lapurdum Euskal Ikerketen aldizkaria (XIV. zenbakia), 2010, 89-135
[6] Zerrenda hau Trebitschek egindako zerrendaren itzulpena da. Artikulu honetatik hartu dut: LOPEZ DE ARANA, I., «Rudolf Trebitsch-en 1913ko euskal grabazio musikalak (II)», Lapurdum Euskal Ikerketen aldizkaria (XIV. zenbakia), 2010, 89-135
[7] Artikulu honetan ikus daiteke alemanezko zerrenda: LOPEZ DE ARANA, I., «Rudolf Trebitschen 1913ko euskal grabazio musikalak (II)», Lapurdum Euskal Ikerketen aldizkaria (XIV. zenbakia), 2010, 89-135
[8] Trebitschen dokumentazioan dagoen bezala transkribatu dut.