FINALISTEN KRONIKAK

55tercio_ARG3750San Simon eta San Juda

…joan zen hura, eta negua heldu da.

Amets Arzalluz

Negu bete batekoa da ene hitzen loa.

Batzuetan pentsatzen dut ene buruari egun hartaz galdezka hastea bihar goizean Kairoko Tahrir plazara argazkilari joatea bezala dela. Itzali zen sua. Sarraskiaren aztarnarik ez da ageri. Ez dago antzematerik non ezkutatu diren gaiztoak eta zintzoak. Trafikoa normala da. BEC aurreko biribilgunean ez dute kazetariek autorik gelditzen. Noan bihar goizean eta ez nau inork ezagutuko. Joan zen hura.

Eta hala ere kamera hartu eta Tahrir plazara bezala abiatu naiz egun hartara:

Klik bat

Lagun bat banuen xorieri mintzo ez zen arren xoro batentzat zaukatena. Hogei bat egun egin zituen Donostiako ospitalean. Kalean leku gehiago dago han barruan baino eta atera egin zen. Atera zenean txakur bat laztandu nahi izan zuen. Bestela zoritxarraren atzaparretan galduko zela. Eta bilatu genuen txakur bat, eta laztandu zuen, eta lasaitu zen. Alicantera itzuli zen gero. Eta pentsatzen dut han ere txakurren bila ibiliko dela. Edo bestela zori txarrak ibiliko du. Ez dakit nola dabilen. Eta berak ere ez du jakingo, baina nik, goiz hartan, Barakaldora abiatu aurretik, artean ilun zegoela Hendaia, txakur bat ikusi nuen kalean. Eta ukitu egin nuen, badaezpada.

Klik bi

Lanbro itxia sartu zait egun hartara, apenas ikusten dut ezer, ezer oroitzen, agian denborarekin etorriko zait. Agian nahiago dut ez etortzea eta gauza berriei lekua uztea. Jende berriari toki egitea. Baina jendea, bada ahantziko ez dudana, egun hartakoa. Kartzelatik bueltan nentorren, goizean. Beti oinez etortzen gara. BECen, autoz. Aimar nuen gidari, Hendaiako bertso eskolako kidea, iparraldeko ikastoletan eta bertso eskoletan irakasle dabilena. Hurbilekoa. Eta kartzelero funtzioa zuen, eta txofer zoan. Ez zidan ezer esan. Isilik eraman ninduen. Inoiz ez bezala. Kartzelero fina Aimar. Baina lagun ona. Iritsi ginenean BECeko atzeko atera, oholtzarako bidea hasten zen lekura, begi urdin dituenekin zuzen begiratu zidan, eta esku batez iztarrean kolpe eman. Bakarrik egin nuen oholtzarako bidea. Aimar kartzelara itzuliko zen. Elkarrizketa isil hark egun osoan lagundu zidan.

Klik hiru

Bukatu zenean dena eta egoerak beste aldean jarri gintuenean etxekoak etorri ziren lehenik eta lagunak ikusi nituen gero. Batzuk lehen aldiz joanak bertso saio bat entzutera, ia denak finalean sekula egon gabeak. Txomin, Ion, Ekaitz, Xabi, Ximun, Jagoba… Baina haien begietan ikusi nuena egun osoan zehar neureekin ikusitakoa baino ederragoa izan zen. Orduan ohartu nintzen finala egun bitxia zela. Ulertzen ere zaila dena. Merezi duela. Elkarrekin egon ginen une batez eta iruditzen zitzaidan zerbait esan behar niela. Baina egun osoan zehar jarri zidaten gairik zailena izan zen.

Klik lau

Argazkirik zailena ez da gerla baten erdian erortzen ari den soldaduari ateratako hura, ez eta area barruan ateari bizkarra eman begi bat baloiari bota airean zilipurdi egin eta zangoak guraizeturik gola sartzera doan portugaldar bati ostua, are gutxiago mozkorturik mikrofonoa sinbolo falikoa balitz lez miazkatzen duen kantari mirestuari kontzertu erdian otua, argazkirik zailena berriz ere bizitza bere arruntasun bitxian nola pausatzen den erakusten duena da. Zaila da harrapatzen. Ihes egiten du han dagoelarik. Tahrir plazan ere ez da engoitik ezer gertatzen. Argazki kamera zangopean hartu eta xehatzea onena. Oroitzea debekatua dagoela dioen panel bat ikusten dut ene baitan.

 

67mitad_ARG36822013ºko hotz-beroa

Maialen Lujanbio

Giroa hoztu zuen arte ez zen Txapelketa benetan hasi.

Bertso eskolara udazken sartu berriko hego-haizetan joateak ez dirudi oraindik serioegia. Momentu bakoitzak bere usaina du norbere oroitzapenetan eta neretzat Txapelketa Nagusia hotza da. Hotza. Astearte gauetan desordutan etxeratzea, txamarra kokotzeraino lotuta, oinak izoztuta, gorputza erdi lo eta burua guztiz esnai, des-aldarte deseroso batean.

Bertso eskolako kideen martxan hasi zen 2013koa. Euren ariketei segika, euren saioei begira, euren pozak ospatzen geheinik, tristura txikiren bat ere bai tartean. Bestek sokasaltoan bazterretik ikusten hala ere. Ondoan, baina sokara sartu gabe.

Arraroa da Txapelketa aldamenetik segitze hori. Mundu guztia buru-belarri sartuta, sentsazio, tentsio, azertu eta irristada, eta norbera irudikapenez sentsazio horiek bizitzen, baina ez azalez eta mamiz. Beste herrialdeetako txapelketak ari direnean ere gertatzen da, sentsazio distante bat, epela. Erlatibizatu egiten du distantziak Txapelketaren inportantzia, eta askotan gehiegizkoa irizten zaio besten itsumen horri, norbere apartetik begiratzean. Baina gero etortzen da norberea, eta arrapatzen zaituenean burrunbak barruan, orduan ez da ez epeltasunik eta ez erlatibizatzerik, orduan, ez da munduan besterik izaten.

Etorri zen olatua eta iritsi zen soka-saltora sartzeko momentua. Gailurra gailurra izaten da baina azken kanpamendura ere iritsi egin behar da aurretik, eta jendaurrean kantatu gabe bada ere, bide horrek, badu bere nekea. Badu bere ajea, bere tentsioa, bere inguruko zurrumurrua, bere prentsari erantzutea, bere saltsa, bere espektatiba, bere sorpresa faktorea, bere ilusioa, irrika etabar. Esango du zenbaitek Txapelketa Nagusia den “ikuskizunak” —edo gertakizunak, esango nuke nik—, lau urtean behin baino maizago behar lukeela izan, baino bertan kantuan jardun denak badaki, zer esijentzia maila duen halako zita batek. Nola nekatzen duen burua, giharrak, begiak. Eta nola betetzen (edo pitzatzen) duen egoa, paparra, autoestimuaren zakua. Lau urtez behin horrela hustuta nahikoa da. Lau urtez behin horrela beteta nahikoa da.

Etorri zen olatua eta jendartetik pasatu ginen oholtzarantz, azaldu ezineko sentsazio zurrunbilo bat barruan. Nola gozatu une hori eta nola ez erabat utzi buruari une hori gozatzen. BECeko oholtzan 8 lagun, hitzaren bi adieratan. Lehen finala Andoni Egaña gabe. Zenbat eta gehiagotan bizi final baten ardura eta estuasuna, orduan eta gehiago apreziatzen da Andoniren jarrera, urteetan hor egotea, buru, lehenik; buru eta katebegi ondoren; erreleboa irudikatuz azkenik. Biba zu Andoni!

Gaur egungo bertsolaritzaren irudia zen BEC: 8 bertsolari, bertso eskoletan heziak denak. Bertso maila aparta eta bertsokera desberdinak, denek. Azken hogeita hamar urtean bertso munduak egindako bidearen isla. 13.000 lagun bertan, beste mordo bat telebistaz segitzen. Bertsoa zer den badakitenak, denak.

Egun bat izugarria. Festa bat, esan behar nuen, baina beldur naiz esanaren esanez festa izate horrek pisu geheigi hartuko ez ote duen… Eguna izugarria. Sortzeko. Hitzak, loturak, magia. Entzuteko. Izateko, elkarrekin.

Gorak-eta-beherak egunean zehar. Bakoitza bere norian eta denok batera final haundiarenean.

Eta azkenean, Zorionak Amets bazendun, hainbeste merezimendu… korapiloa eztarrian. Emozioa. Laguna, bertsolari bikaina, txapela jantzita ikustean. Bai horixe! Gustora egindakoarekin. Gustora, edo ia-ia gustora. Beti egin liteke hobeto, bistan dena; baita okerrago ere. Beste sei bertsolarian saio eta ale zoragarriak. Poza. BECeko gailurretik, bertso eskola den oinarrizko kanpamentura eskerrak! Txaloak. Nekea. Maitasun sentimendua bor-bor.

Momentu bakoitzak bere usaina du, eta neretzat Txapelketa Nagusia hori da: beroa.

 

79entera_ARG3780Mementoak

Igor Elortza

Mahaia bete pintxo: horixe topatu dugu Plateruenera heldu garenean. Hori, eta egunaren poza gugaz konpartitu eta ospatu gura duten hogei bat lagun. Besarkadak, irribarreak eta finalaren gaineko gogoeta-collagea. Jatekoa urritu eta edatekoa pilatu arau, mehetzen doa taldea, eta dozena erdi bat gara goizaldeko lauretan etxera abiatu garenerako. Tartean, ordu biak aldera, telefonoa jo diogu txapeldunari Gariren Amets kantatzeko. Gero ohean, ezin buruari stop egin. Rewind. Pause. Forward. Bertso, une, sentipen lar gogoan. Rewind. Kafe lar ere bai. Forward. Pare bat orduko lotxoa, eta berriz itzarrik: 07:00 a.m.

Serigrafia bat, eskultura bat eta bonsai bat autoaren maletategian. Bagoaz berriro Durangora. Hiru hilabete luze dira han, Askatasun Etorbideko Unai eta Erikaren lokalean batu izan garela, astean pare bat bider, gertuko bertsozaleekin. Txapelketa bateko ordurik ederrenak ohi dira, gogotsu ekin eta bide onean zoazenean. Bertsoaldiak zelan bideratu gogoetatzea, doinuak probatzea, ezohiko narrazio bideak esploratzeko saiakerak, lagunen kritika zintzoa. Amaitu da hori guztia. Pena eta Lasaitua. Nekea eta poza. Bidea dela ederrena, bai, baina ederrenagoa heltzen zarenean. Eta halakoei buruz berbetan goazela heldu gara Durangora. Mahai bete pintxo topatu dugu Plateruenean.

Txapela Ametsen buruan. Askok aspaldi itxaroten zuen txapeldun, eta ez gara gutxi berarengandik gehiago itxaroten dugunak. Derrigor izan behar da bertsolari handia hori dena eragiteko. Gaur saio aparta egin du goizean, eta ona arratsaldez. Ipar Euskal Herrira daroa txapela, gainera. Itzel. Eta beste txapeldun bat txapeldunorde: Maialen. Ez zuen erraz. Bat-batean BEC. Zurrun goizean. Erosoago arratsaldez. Bikain. Auoexijentzia handiz. Zortzigarrenetik gora dator ondorengo segidaren berri. Hirugarren ni. Pozik, txapelketa osoan egindako lanagatik batez ere. Agurrak bota, sariak jaso (Goenagaren serigrafia eta Mendizabalen eskultura: beste poz bi) eta jaitsi gara oholtzatik. Elkartekideen besarkadak, pare bat zerbeza, eta prentsaurrekoa. Autoan serigrafiaren eta eskulturaren ondoan utzi du Unaik bere bonsaia.

Folioa karpeta azalean. Amets eta Maialen buruz burukorako. Pena hartu dut konturatu naizenean: ez dut Ametsekin bertsotan egingo gaur, itxura guztien arabera Euskal Herriko txapela jantziko duen egunean. Beste batean beharko du, agian. Orain, oholtzapean arreta osoz zaintzen gaituzten lagunak dauzkagula baliatuz, whiskytxo bat eskatu eta Maialenek eta Ametsek egingo duten saioa entzutera. Gozatzen nabil pattarra edanez bertsoak entzuten, eta sarri samar datorkit burura ederra behar duela Txapelketa nagusiko buruz burukoan bertsotan egiteak. Bateko eta besteko, arin amaitu da dena, eta konturatu naizenerako badakarte epaileen erabakiaren berri. Amets txapeldun. Badator Joanito ere. Diskrezio osoz ipini dio txapela Ametsi buruan.

Arroz integrala eta legatza. Ederrak zeuden, eta pena da halako mimoz geuretzat prestatu diguten erdia platerean uztea ia denok. Baina gaur ez gaude tripakadatarako. Kafe bat. Ordu erdi bat daukagu oinez harat-honat ibiltzeko; berriz ere kontzentratzeko. Eta arin heldu da unea. Jendeak guk baino lasaiago bazkaldu du, eta bero dator. Olatuak. Baina hau txapelketa da, eta geurera gatoz. Hamarreko txikian Maialenekin: tratu txarren giroan; ondo. Puntuka Mendiluzerekin: Aita Noel eta Olentzero; ni ideia argiekin eta Aitor bikain dinbi-danba. Bakarkakorako arazo bat dut: Naufragoarena prestatu dut, baina Mendiluzek hartu du eta sekulakoak botatzen dabil. Valverderen Hegaztientzat pausarri ez dut behin ere erabili Donostian atera nuenetik. Gaia entzun dut: “Lehenengo aldiz hartu du lo zure besoetan”. Valverde. Gustura. Besteen bakarkakoak eta tartea. Amets eta Maialen ez eze Aitor buruz burukoan sartu daitekeela uste dut. Badaezpada, baina, barrita energetiko bat jan eta beste kafe bat hartu dut. Igo gara oholtzara eta badator Saroi: folio bat karpeta baten azalean.

Txaloak, eupadak, aurpegiak. Igo gara oholtzara. Emozio biziko sentipenak. Agurren txandak gorputzaldia egokitzen lagundu digu. Eta lanean hasteko ordua da. Zortziko Handia, Sarriegirekin: Hodei Egiluzen gaia; deseroso. Zortziko txikia: talotegian Unairekin; ideiak argi eta bertsoa erraz. Puntuak tartalarien gainean; ondo. Seiko motzean Beñatekin: haurren lagunen gurasoekin derrigor moldatu beharraz; gustura. Kartzela dugun txarteldegian, kafea. Txanda heltzean, arin etorri zait nor den egoerak beste aldean pini duena: Bildurekin alkatetzara heldu den ezker abertzaleko militante bat; zorrotzago jardun ez izanaren pena badut ere, konforme jesarri naiz. Gainerakoen jarduna ere ondo samar jarraitzeko moduko aldartea izan dut, eta saio ona doala deritzot. Ez da nire ustea bakarrik. Kamerinora bidean hala komentatu dugu. Baina orain, apur bat lasaitu eta bazkaltzeko ordua da. Arroz integrala berduragaz eta legatza saltsan.

Jende ilarak BECeko ateetan. Pabiloietara zuzen sartu gara autoan. Itzuli gara. Hemen gaude. Elkartekoak agurtu, aurkezleen azalpenak entzun, Bizkaia Arenak zelako itxura hartu duen ikusi. Kartzela izango dugun txarteldegira osteratxoa egin. Giro egokia sumatzen dut finaliston artean. Norbere sentsazioak agintzen du gehien, baina igarri egiten da taldekideon artean saio ona egiteko konfiantza. Zoruari begira zein nor bere barne-gogoeten ibilbideak marraztuz oinezean gabiltzala gogoetatxoak partekatzen ditugu, kamerinoetara deitu gaituzten arte. Zozketa: 5. Perfekto. Kafe hutsa. Aretoa bete ahala jende-hotsa handitzen doa. Luzaketa batzuk. Arnasketak. Zapatilletako kordelak nasaitu. Estutu. Nasaitu berriz. Korridorerantz abiatzeko esan digute. Aurkezlea bertsozaleei ongietorria ematen dabil. Elkar besarkatu dugu zortziok. Melea. Oh yes pare bat. Bagoaz. Bagoaz korridorean barrena lehenengo, eta jendetzaren erdian ondoren. Aurpegiak, txaloak eta eupadak.

07:00 a.m. Ondo egin dut lo. Txapelketa osoan zehar egin dut ondo lo. Harrigarria ni izan naizenerako. Jan-edana zaintzeak mesede egin dit. Arin gosaldu dut. Arnasketa eta luzaketa batzuk egin ditut ordu erdi inguruan, patxada ederrean, dutxatu aurretik. Neskatilak itzartu ditugu gero, aitita-amamak datoz-eta euren bila. 08:00ak pasatuta irratia piztu eta arroz platerkada jan dut. Kafea gero. 09:00etan autoa hartu eta Unaienera noa. Duela lau urte entzule nintzen jendetzan. Gaur Txapelketa Nagusiko finaleko oholtzan jardungo dut berriz. Azken hilabeteetan luze eta zabal jardundako kontuak arin antzean aipatuz egin dugu bidea, eta heldu gara BECera 10:00ak bueltan. Jende-ilarak metroko ahotik erakustazokako ateetara.

 

93tercio_ARG37972013-12-14

Aitor Sarriegi

Asteburu berezia tokatu zait aurtengoa. Atzo Santa Lutzi zen, eta lanean jai genuenez ezin galdu Zumarragatik buelta egiteko aukera. Nahi baino gehixeago luzatu zitzaigun eta, azkenean, igande gaueko afaria atzokoarekin batera prestatu genuen. Arratsaldean maleta nola-hala bete eta furgoneta hartu dut. 19:30ean gaude geratuta hoteleko atarian, eta, presaka samar abiatu naizenez, Deskargan behera furgonetaren ipurdiak ihes egin dit. Errepidetik kanpo ikusi dut nire burua, baina sustoa besterik ez da izan: “Ea asteburuko irristada bakarra den” pentsatu, eta aurrera.

Hotelera iritsi eta ekipoa osatu dugu, trasteak gelan utzi eta trago bana hartzera irten gara. Gaur gauean ere bada zer ikusia, Olaizola II.ak eta Martinez Irujok lau t’erdiko finala jokatuko baitute. Ez dut ukatuko; afal-garaian telebistari iltzatuta izan ditut begiak. Partida erdira arte gustura nintzen, baina azken finaletan ohiko bihurtu den bezala goizuetarrak irabazi du: “Kaka zaharra! Ea asteburuko irristada bakarra den”, pentsatu dut. Bigarrena da dagoeneko…

Goiz itzuli gara hotelera, ez dugu biharko eguna gaurkoak baldintzatzerik nahi. Hankan dudan zauriarekin oroitu naiz; ez ditut Compeedak ekarri eta gerra ematen ari zait oraindik. Gaiztotuta hau ere.

2013-12-15

Goizeko seietarako esna nintzen: zauriak min ematen dit eta eztarria ere duda-mudan daukat. Agurrik ez dudala pentsatu akordatu naiz. 07:30erako gosaltzera jaitsi eta espedizioko zizeroneak gosaltzen ari dira: “Hauek ere ez ditek ba lo askorik egin”. Beñat eta Aitor ere jaitsi dira (Aitor eta Beñat hobeto esan, Andoni kezkatuta joan da gaztearen bila. “Patxada ederrean zegoan”).

Euskal Herrian hauta daitekeen paseorik ederrena ez da izango, baina Novoteletik IKEA erraldoirako hormigoi artean egin duguna gogoan geratu zait betiko. Isiltasuna, laurok bakar-bakarrik… Petatxo urdinez jositako etxe horiek egin zituen arkitektoak merezi zuen zigorra ere aipagai izan dugu, bertatik pasatzen garen bakoitzean bezala. Aurpegi ederrarekin dator goiza: “Eta guk eguna hormigoi-puska horren barruan pasatu behar…”. Aitor gelara igo da, eta Beñat eta biok kafea hartzen geratu gara hallean. Hau ere une polita izan da.

BECen elkartu gara guztiok lehenengoz. Orain lau urtekoarekin alderatuta giro lasaia sumatu dut; ez dakit zer den, baina tentsiorik ez dabil airean. “Seinale ona izango dek”. Agertokiaren atzean mimoz prestatu digute kamerinoa, eta hartu ere hala hartu gaituzte. Zozketa ere giro lasaian joan da. Seia tokatu zait, eta paperari buelta emanda Unai Agirrerekin gogoratu naiz: “Bederatzia ere izan zitekeen”. Aurten Amets eta Sustrai izango dira nirekin kantatuko ez dutenak. “Bietako batek jantziko dik txapela. Orain lau urte ere Maialenek ez zian hirekin kantatu”. Agurra pentsatzeko garaia da.

BECeko ikusle arteko pasilloa “betiko” ohitura bihurtu da zortzi urteren bueltan. Zer sentitzen den galdetzen didatenei uzkurtu eta hazi, biak batera egiten zarela esaten diet. Gogoan gordetzeko unea da. Goizeko saioaz zer esan, Amets oso goitik ibili dela iruditu zait eta neure buruarekin haserre samar geratu naiz, bereziki ofizioetan asmatu ez izanagatik. Kartzelakoan asko kostatako lana egin dut, eta sentsazio arraroekin noa bazkaltzera. “Arratsaldean gehiago egin behar dek”. Kantukideek asko lagundu didate burua altxatzen.

Egun osoaren tonika berean, bazkaria ere orain lau urtekoaren aldean lasaia izan da. Ziurrenik zerikusi handia izan du horretan BECen bertan bazkaldu ahal izateko antolakuntzak hartutako lanak, eta nola ez, jatetxerik luxuzkoeneko zerbitzariek baino egokiago zaindu gaituzten goierritarrek ere bai. Etxean bezala, aizue. Kartzelan jan dugunagatik edo, ez dut ordea bazkaria nahi bezala gozatzerik izan, eta platera erdi beteta utzi dut birritan.

Arratsaldean tenple hobean sentitu naiz eta Aitor Mendiluzek globoa nola puztu duen ikusiz atzean gozatzera ere iritsi naiz. Gusturago geratu naiz goizeko lanarekin baino, eta Ametsi buruz burukoan nork lagunduko dion da daukadan zalantzarik handiena. Maialen izan da azkenean, behetik gorako saioa eginda, eta munduko palkorik onenetik, bi bertsolari handi entzuteko aukera izango dut berriro, 13.000 lagunen dekoratua parean dudala. Luxua. Hortik aurrerakoez zer esan: merezitako txapela jantzi duela Ametsek, gogoangarria izan dela, agurretan malkoei eustea zaila dela eta amandre eta aittejaunei kantatuta gustura geratu naizela. Oholtzatik jaitsitakoan ere emozio poltsa bat da bizi den giroa, noiznahi leher daitekeena, eta, zenbait kasutan dagoeneko lehertuta datorrena.

Prentsaurreko gela ere gertu jarri dute aurten. Unai eta Igorrek bidea aurkitu dutela ikustean poztu naiz (ez naiz durangarrez ari), nire apopilo eta txofer izango direlako hurrenez hurren (eskerrak Igorri ere, saioetara Baikor Sarriago joaten laguntzeagatik). Ea ostiralean jarritako afaria zer moduzkoa dagoen; egun luze honek gaua ere ez du motza izango. Eskerrak biharko jai hartuta nagoen lanean…

 

107cuartoarriba_ARG3838Han izan nintzen

Unai Iturriaga

Ez da erraza E eguna igaro eta hilabetera ordukoaz idazten hastea. Zaila ere ez luke beharko baina, zelan esan, botila ardoa irentsi eta ezpain ertzak eta mihi punta hondarrek mikazten dizutenean, aparraldia, mozkorra, eldarnioa, hainbesteraino dira iragana, zalantzak sortzen zaizkizula benetan bertan izan ote zinen. Eta bai, han izan nintzen.

Han izan ginen, lagunarte ederrean, zereko zerak esango lukeen moduan. Izan ere (eta akotatzen hasita) kantukideon artean bereziki atsegina eta kidetasunezkoa izan zen giroa goizetik gehiago. Gehiegizkoa ez ote zen ere pentsatu izan dut gerora, eta ez gure artean dagoen estimuzko lokarria zalantzan jartzen dudalako (ze morbosoa gertatzen zaien gaia, bidenabar esanda, bertsogintzaren mundura txapelketa garaian soilik inguratzen direnei), ezpada ze, agian, apika, akaso, zortzikotean falta izan zelako hortzak izerditzeraino estutuko zituen bakarren bat gehiago. Beharbada (ia seguru nago) neu ari naiz pitokeriak esaten ze, hortzak estutzeak, bere horretan, ez dakar segurutzat, a priori, biharamuneko matrailezurreko mina baino. Baina ez nadin luzamendutan luzatu, motxian izkiriatzeko eskatu baitigute.

BECeko jendetzaz eta giroaz zer esan orain arte esan ez denik. Zenbaiti entzun diodanaren kontrara irudipena dut inoizko errespetuzkoen eta arretatsuen izan genuela zalea. Eta ez diot esateagatik, (berriz ere nitaz ari naiz), beharbada azkeneko txapelketa nuela jakitun (esan ote nuen?), egun osoan zehar hanka bat taula gainean eta bestea kanpoan banu bezala egon bainintzen, bietarik gozatu guran, edo bakarretik sufritu behintzat. Halaxe sentitu nuen nik, akontezimentuaren memento gorenetako euforia uneak salbu (finala finala da), zaleak geu nahasterainoko zuhurtziaz erantzun zuela. Gure kezkan zegoen akatsa, beraiek saioa aditzen ari ziren.

Ez dago hemen saioaren nondik norakoak jorratzeko adina lekurik eta, gainera, horren gainean izango ziren honezkero berbaldi eta eztabaidak nahi beste. Bakoitzak komeni zaionetik hartzen baitu, ni (berriz ere ni!), finala amaitu eta berehala taula ingurura gerturatu zen jendearen iritziak eta oniritziak asebete ninduen gehien, aspaldiko finalik onena izan zela eta holakoak. Indibidualean ezin denean kolektiboari tira eginda, badakizue.

Goraipatzeko bestea, taularen ostean, aldamenetan, sarreretan, kartzelan… pare bat ziento lagunek egindako lana. Uneren batean Mick Jagger-en lehengusu txikia izan zintezkeela pentsatzera zaramatzana ez baita 13.500 lagunen aurrean kantatzea, teloiaren atzean zehaztasunez, borondatezko profesionaltasunez eta benetako txeraz zure zerbitzura (ere), mugitzen den makinaria hori ikustea baizik. Ahal izan nuen guztiei eman nizkien eskerrak, Maialen eta Amets buruz burukora igaro ostean edan nuen whiskya eta gero baten bati behin baino gehiagotan ere eman nizkiolakoan nago. Ez alferrik ordea.

Eta bai, Ametsek irabazi zuen txapela, badakit, neu ere han nintzelako oraindik. Eta poztu nintzen, asko gainera.

Gero uste dut joan egin zitzaidala, edo joan egin nintzela, ez dakit. Zuek ere ez dakizue zer den dena bildu eta parkingeko argi zurixkaren azpian, sariak hiperreko erosketa balira legez autoko maleteroan utzi eta elkar agurtzen deneko une hori. Betetasun bat barruan eta hilabeteetako nekea aurpegietan, nor bere habiara lehenbailehen iristeko premia gorria eta fokoa, foko hori behinik behin, behin betiko itzali den ziurtasun erabatekoa.

 

126media_ARG3819HIRU HARI

Beñat Gaztelumendi

Erlojuko hariak

Oraindik askatu gabeko korapilo bat bezala bizi dut abenduaren 15a, gutxienez hiru hari nire barruko zainekin nahastu eta aski distantzia hartuta begiratzen uzten ez didatela. Lehendabiziko hariari tiraka abenduko egun batera iritsi naiz; hotza gogoratzen dut, hezurretaraino sartzen zen haizea, jendea jendea eta jendea, eta zigarrorik gabeko keak ahoetan eta kerik gabeko zigarroak Donostian, Belodromoko atarian. 1997a zen eta aldaketa handi bat zetorren Txapelketa Nagusiko finaleko oholtzako argazkira, hor ikusi eta entzun bainituen lehenengoz Maialen Lujanbio, Unai Iturriaga (aurretik aritua bazen ere), Jexux Mari Irazu eta Jon Maia. Aldaketa argazkikoa baino sakonagoa izan zen, ordutik hona finaletan eta plazan eredu izan baitira gazteagoontzat Igor Elortzarekin, Amets Arzallusekin, Aitor Mendiluze eta Sarriegirekin eta Sustrai Colinarekin batera. Lehenengo finala hori izan zen batzuentzat, eta niretzat ere bai. Eta ez dakit zergatik, baina aurtengo abenduak ere uste baino gehiagotan eraman nau final hartara; denboraren hariak ez dira ordulariarenak bezain zurrunak izaten askotan, eta nire barruko denboran gertu sentitu dut egutegiek hainbeste urrundu dutena. Bide bat erakusten du ordutik hona joandakoak: ehunka bertso-eskola, dozenaka lagun, milaka bertso. Niretzat entzun nuen lehenengo finala izan zen hura, geroztik ondoan izan ditudan askorena ere bai, eta ni aurten oholtzara ateratzea, behetik entzuten ohitu naizen horiekin halako egun bat konpartitzea, ezin dut “ni”tik bakarrik bizi. Anaiarekin gogoratu nintzen bukaerako agurrean, baina jende gehiago ere izan dut bidelagun. Belaunaldia adinak baino bizipenek zedarritzen dutela pentsatu izan dut beti; ondoan neuzkanak adinez gertukoak izan arren ni ibili gabeko bideetan ibilitakoak zirela sentitzen nuen, eta gure ibiliek abenduaren 15ean BECeko oholtzan topo egiteak ilusio berezia egiten zidan. Ni ere sentitu nintzen taldekide, eta oraindik ere eskertua nago orduan jasotako babesarengatik.

Barruko hariak

Denbora ez da lineala izaten, eta bertsoaren bideak ere ez. Baziren hilabete batzuk bide-gurutzeren batean ahotsa galdu nuela sentitzen nuenetik. Eta ez zen afonia arazo bat. Hitzek nik esatea nahi zutena esateari utzi zioten nonbait, eta ni hasi nintzen hitzek nahi zutena esaten; bertso-eskolako erratzaren aurrean ordu gehiegi pasatzeak barruko bazter guztiak garbitu izan balizkit bezala sentitzen nintzen, alfonbra azpian sekreturik gordeko ez banu bezala. Esan nahiaren esan nahiz esanahia galdutako hitzak ziren nireak.

Eta galdu bezala agertu zen kolpera ahotsa, urriko igande batean Altsasuko frontoian. Bertsoa errima, neurria eta doinua baino zerbait gehiago dela esaten dugu beti, baina zaila da “zerbait” hori zer den asmatzea. Nik ez dakit zer den, baina Altsasuko oholtzan eta geroztikakoetan agertu denak kantatzen zuena kantatu nahi zuen, barruko korapiloa askatu balitz bezala.

Kanpoko hariak

Abenduaren 14an atera ginen BECera (abiatu lehenago egingo ginen, aitak etxean lehenengo aldiz bertso bat kantatu zigunean akaso). Eta finala abiatu eta ordubetera hasi zen niretzat; gure festa kolektibora bidean guardia zibilen kontrol batean geratu gintuztenean, Amorebieta parean. Ea nora gindoazen. Barakaldora gindoazela, hurrengo egunean kantatu beharra neukala. Ea zer kantatu behar nuen. Hori ezin niola esan, mementoan asmatutakoa kantatzen nuela. “A, bertsos”. Eta mespretxu begirada, goitik beherakoa, berdezko gizon handi horren begietan. Eta amorrua eta pena, biak sentitu nituen une hartan: biharamunak BECen elkartuko ziren 13.000 lagunentzat eta joan ezinik geratu zirenentzat esan nahi zuena azaldu arren ulertuko ez zidan gizon harengatik pena eta amorrua ere bai, hainbeste lan egin ondoren oraindik hizkuntza zubi baino mehatxu gisa gehiago ikusten duelako ulertu ezin duenak, ulertu nahi ez duenak. Kuriosoa da BECera bidean “suerte” esaten lehena guardia zibil hura izatea.

Finalaren handitasunaz goizeko zazpi t`erdietan jabetu nintzen, Andoni Egaña hoteleko nire gelako atarian topatu nuenean niri gosaritarako itxaroten. Eta gosaldu ondoren bi Aitorrekin emandako bueltatxoan jabetu nintzen babestua nengoela, baina taldeko bat gehiago izango nintzela final hartan. Jada Illunbeko txahal txikia atzean geratu zela. Hitzen kontra eta hitzen alde borroka egitera joan nintzen ni, hitzek nik nahi zutena esan zezaten, baina bezperako bihurgune berdeak erakusten zidan zerbait gehiago zela egun hura entzutera zetozenentzat; festa bat, aldarrikapen bat, ospakizun bat. Eta poz kolektiboa eta borroka intimoa hari lodiak dira elkarrekin korapilatzeko. Horrek ematen zidan kezka, banekielako errima, neurria eta doinua ez den “zerbait” horrek askatuko zuela, baina “zerbait” beti da abstraktuegia poltsikoetan bilatzeko.

Oraindik ez naiz gai izan finala osorik entzuteko; irudi batzuk ikusi ditut, baina mikrofonotik kantuan ari den hori ez dut ezagutzen, urrunekoa egiten zait; sentsazioa daukat finala atzetik bizi izan nuela, sentitu nintzela poz kolektibo horren parte, ikusten nituela petodunak hara eta hona lanean, baina behin aulkitik jaikitakoan BECetik urrun zegoen norabait joaten nintzela. Finalaz, kantatua baino gehiago gogoratzen dut ingurukoekin hitz egindakoa, konpartitutakoa. Eta damua badut oholtzara atera ginen pasillo luze hartan begiak lotsatu eta lurrera begira metro batzuk egin izanaz.

Akaso sekula askatuko ez ditudan korapiloak izango dira Barakaldokoak; bertsoak gehiago baitu korapilotik hari zuzenetik baino; askatutako korapilo bakoitzaren atzetik agertuko da beste bat; baina ederra da finalean ondoan eserita neuzkan zazpiekin, petoarekin edo petorik gabe aurrean neuzkan milaka horiekin eta hainbeste urtetan inguruan izandako guztiekin korapilatuta sentitzea. Oholtzara atera zen mutil egoista honi lehenengo pertsonan eta singularrean atera zaion kontakizun hau kontakizun txiki askoren arteko bat gehiago besterik ez baita. Korapilo txiki bat, hari luze hauetan.

 

128cuarto_ARG3732Puskak biltzen

Sustrai Colina

2013ko Txapelketa Nagusiari buruz idatzi zitekeen eta ezin zitekeen guztia idatzita dago. Puskak biltzeko tenorea da.

Promesak

Txapelketara aurkezten zarenero mundua ez dela hor bukatzen zin egiten diozu zure buruari, baduzula bertsoa erlatibizatzeko aski eskarmentu, distantziatik begiratuta erridikulua dela… Eta zure burua engainatzea lortu duzula uste duzunean esnatzen dira finalaren biharamuna, erraietako hutsune bertigoz betea, bizkarrean pilatutako tentsio desorekagarria, afonia… Orduan, jendearen esker ona ulergaitza zaizunean, zure buruari beste promesa bat egiten diozu: “Hurrengoan, ez dut gehiago sufrituko… Baina gutxiago ere ez!”.

Postu(R)Ak

2001eko finalaren biharamunetan, ordura arteko inoizko posturik txarrena lortu arren egindako txapelketarekin inoizko gustuen geratu zela aitortu zidan Unai Iturriaga tximaluze batek. Orduan ez nuen konprenitu, aurten berdina sentitu dut. Bide batez, txapelketatik nola erretiratu nahiko nukeen ere erakutsi dit Unaik. Bakoitzak dauzka bere istiluak eta bere ispiluak.

Futbolari

Txikitan futbolari izan nahi banuen, aurten bete dut ametsa. Saio osteetako kazetari errondan “urratsez urrats joan behar da” edo “hurrengo saioa da garrantzitsuena” bezalako topikoekin amorrarazi dut nire burua. Lainotik jaitsi gabeko arnas itoan ez da gutxi hanka ez sartzea. Nik, hanka sartzekotan, ordea, asmatzeko aukerak izanda sartu nahiko nuke. Bitartean, saio ostean mikrofonoa ahopean jartzea ez dela seinale txarra pentsatuz kontsolatzen naiz.

Neurria

Gu izango gara gure ekitaldietarako sarrerak bukatzen direnean kezkatzen eta urduritzen diren munduko antolatzaile bakarrak. Pozten naiz. Alabaina, futbol zelaiak estaltzeko auskalo nongo enpresekin hizketan ibili garela irakurtzea arrotza zait, mingarria ia. Ez dezagun ahantzi gure neurria ez dagoela aforo librean, gure geografiaren mugetan baizik. Hurrengo finalerako San Mames Barria baino nahiago nuke Hiriburu Zaharra. Edo Baiona, edo Gasteiz… Tira, benetan nahiago, oholtza gainean egotea nahiago nuke.

Txatalak

Finaleko kronika bat eskatu eta josi gabeko txatalak idaztea lan alferra iruditu bazaizu, biba zu. Ni, alta, finalean ere txatalak ezin josita ibili nintzelakoan nago, promesak bete gabe, ez postu eta ez postura, bertsolari baino gehiago futbolari, neurria hartu ezinik… eta batez ere, soraio! Eskerrak azken agur on bat bota nuen eta txapela txikitako lagunak eraman zuen.

Posdata

Puskak bildurik, txapelketa ez den edozertaz mintzatuko gara, eta egunen batean, bilobei —gureei zein besteenei—, 2013ko abenduaren 15ean, BECen egon ginela kontatuko diegu.