Ezkutalekuan preso Lekuona

Antxoka Agirre-(r)en argazkia Antxoka Agirre 2025-02-05

Ezkutalekuan preso Lekuona –

Ezkutalekuan preso Lekuona

Manuel Lekuona ez da argazki ospetsuan ageri, baina ekarri beharrekoa da argazki honetara, egun hartan Errenterian egon izan balitz ohorezko lekua gordeko baitzioten bertan.

Lagunari bisitan harrapatu zuen Altxamenduak, Burgosko mugan zegoen herrixka batean, eta egoera ikusita bertako apaizetxean gelditzea erabaki zuen. Bere bi anaia fusilatu egin zituztelako berria iritsi zitzaion handik gutxira, eta Gasteizko Seminarioan falangistak beraz galdezka ibili zirela ere esan zioten:

“Antzemanik Don Manuelek bere bila zetozela, ihesari eman zion bizirik aterako bazen. Horrela, 1936ko abenduaren zortzian, paisano jantzita, Lasartera etorri zen autobusean, gero Lasartetik Frantziara edo joateko asmotan. Gau hartan Orian egin zuen lo. Eta hurrengo egunean, Don Antonio Abauntzek, Brigaden kapeilauak, bere etxean opa zion gordeleku. Han bizi izan zen ezkutuan […]” (J.M. Lekuona, 1995: 19)

Seminarioko klaseetako girora eta euskal pizkundeko talde-lan bizira ohitutako gizona, gordelekuko bizitza bakartiari egokitu behar izan zitzaion. Komentuko artxiboan sartu eta bertako dokumentu zaharren ikerketari heldu zion: “Konbentuko babespean idatziak ditu historia lokaleko hiru monografia: La Parroquia de Lasarte, 1939an bukatua, El convento de las Brigidas de Lasarte, Don Antonio Abauntzi 1941ean eskainia, eta Del Oyarzun antiguo, urte haietan idatzia, nahiz eta 1959an argitaratu zen” (J.M. Lekuona, 1995: 20). Euskal gaien inguruko ikerketa, aldiz, bazterrera geldituko zen: “[…] ikusiz euskal lanek, debekatuak izateaz gainera, arrisku gogorra zekartela […]” (id.: 20).

Lau urte egin zituen ezkutalekuan preso, harik eta 1941ean bistaratzera ausartu arte:

“Ikusi zuenean egoera aldatu zela, normaldu nahi izan zuen bere ezkutuko bizimodua. Beste hainbat apaizekin egin zuten bezala, Euskal Herritik aldegitea eskatu zioten agintariek, gerraurreko jokabidearen zigor bezala. Orduan berak Calahorra berezi zuen erbesteleku […] han zeudenez euskal elizaren zati bati zegozkion eliz artxiboak […] Elizbarrutiko artxiboetan murgildu zen, erbestean, eta noiz arte ez zekiela […]” (J.M. Lekuona, 1995: 22).

1955 arte itxaron behar izan zuen Euskal Herrira itzuli ahal izateko.

Honek ere paper garrantzitsua jokatuko zuen hurrengo zikloan. Itzuli zenerako euskaltzaina zen, 1950ean izendatu bait zuten. Eta Euskaltzaindiako buru ere izendatuko zuten erakunde honek Euskal Herri mailako txapelketak berriro ere martxan jarri zituen hamarkadan. 

Ezkutalekuan preso Lekuona