Euskarazko kazetaritzaren eta irakaskuntzaren sustapena lehentasun
Euskarazko kazetaritzaren eta irakaskuntzaren sustapena lehentasun –
Eusko Ikaskuntzak zazpi batzar antolatu[1], liburuak argitaratu, erakusketak, omenaldiak eta estatistikak egin, ikastolak lagundu, Euskal Herrirako unibertsitatea eskatu, eta hainbat aldizkari argitaratu zituen.
Javier Díaz Nocik prozesu honetan guztian kazetaritza munduan murgildurik zeuden eragileek izandako garrantzia seinalatzen du (2012: 127), eta Euskaltzaindiaren sorrerako osaketan protagonismo hori are nabarmenagoa izan zela azpimarratu: “Irizpidea euskal aldizkarien zuzendari guztiak euskaltzaintzat hartzea izan zen […] badirudi asmo nagusia euskaldunon hizkuntzaz idatzitako hedabideen idazkera batzea zela” (Diaz Noci, 1998: 65-66). Honela, Azkuez gain, Campion, RIEVeko zuzendari zen Urkixo eta Euzkadiko zuzendari zen Eleizalde izan ziren Oñatiko Biltzarrean bertan burutu ziren lehen izendapenak. Hurrengoek ere bide bera hartu zuten: Jean Blaise Adema Eskualdunako zuzendaria, Damaso Intza Zeruko Argiakoa, Jose Agerre Napartarrakoa, Georges Lacombe Urkixorekin RIEVen sortzaile eta bertako idazkaria, edo Juan Bautista Eguzkitza Jaungoiko-Zale eta Ekin aldizkarietan lan handia egindakoa.
Hizkuntzalaritza aranistaren esentzien zaindari papera hartu zuen Kirikiñori ere eskaini zitzaion izendapena, baina uko egin eta Euskaltzaindiaren bozeramaile gisa argitaratu zen Euskera aldizkariari Euzkerea argitalpena kontrajarri zion.
Euskararen normalizaziorako zuen garrantziaren jakitun euskarazko kazetaritzaren sustapenari ekin zion Euskaltzaindiak. Honela, erdal egunkariei euskarazko testuak eskaintzen zizkien erredakzio bat jarri zuten martxan, aurrerago abiarazi nahi zuten euskara hutsezko lehen egunkariaren enbrioi gisa. Euzkadi, La Gaceta del Norte eta La Tarde egunkariek, guztiak ere jeltzaleen ingurukoak, hasieratik eman zioten baiezkoa astero euskarazko materiala jasotzeari, mila bana pezeta jarriz, eta handik gutxira El Pueblo Vasco eta El Pensamiento Navarro ere batu zitzaizkien. Ez zen, ordea, egitasmoa aurrikusitako bidea osatzera iritsi: “La idea tiene una regular acogida, y aunque durante unos años se suministran originales a los diarios, en realidad es la propia Academia quien termina pagando los gastos” (Díaz Noci, 2012: 270). Halaber, euskarazko argitalpenen garapena ere nahi baino ahulago sumatzen zen aipatu dugun Damaso Intzak eta Zirilo Arzubiagak (Jaungoiko-Zaleko zuzendaria) 1921ean Euskaltzaindira bidali zuten eskutitz batean irakur daitekeenez: “Euskal izparringi (papera) ta aldizkingiak (revista, revue) zorionez ugarituz dijoaz; baña ez da onen neurrian ugaritzen euskeraz irakurtzeko zaletasuna ta beraz, idazleak gogotsu lan egin arren, onen lanak ez dira errira eltzen” (Díaz Noci, 1998: 68). Bigarren hanka falta zitzaion euskarazko kultura idatziari: testuez gain bere hizkuntzan alfabetatutako irakurleak.
Euskarazko alfabetatzearen lehen pausoak ematen ere hasi ziren. Aipatu da Azkuek Bilbon irekitako lehen ikastola, eta honen atzetik beste hainbat etorriko dira: Donostian 1914an, Tolosan 1921ean, Errenterian 1928an, Soraluzen, Bergaran, Iruñean eta Lizarran 1932an, Gasteizen 1933an, Elizondon 1935ean eta abar. Bestalde, euskal unibertsitate bat sortzeko proiektua ere hainbatetan mahaigaineratu zen urteotan.
Kazetaritza eta eskola, kultura modernoaren oinarrizko instituzio biak, euskalgintzaren lehen mailako kezka bihurtu ziren aldi honetan, bistakoa denez.
[1] 1918an Oñatin, 1920an Iruñan, 1922an Gernikan, 1926an Gasteizen, 1930ean Bergaran, 1934an Bilbon eta 1936an Lizarran.