Euskal kulturaren lehen instituzionalizazioa
Euskal kulturaren lehen instituzionalizazioa –
XIX. mendean zehar hainbatetan aipatu zen euskararen akademia baten beharra. Jose Pablo Ulibarrik, esaterako, bertsotan jarri zuen, 1832an idatzitako gutunean: “Ogeta lau gizon / bear dira izentau / Gernikako batzarrean / euzkararen ganean / egiteko alegin au”. Jose Franzisko Aizkibelek, berriz, 1856an aurkeztu zuen bere planteamendua, Iparragirrek hizkuntzaren jakintsu gisa “Gora Euskera” kantua eskaini zion urtean.
Hurrengoa Aristides Artiñanoren proiektua izan zen, 1886ko Durangoko Lore Jokoetan saritua. Hainbat ataletan banatzen zen lana eskaini zuen, akademiaren beharra jendarte modernoarekin, besteak beste kazetaritzarekin, eskolarekin eta Administrazioarekin lotuz:
“[…] hay que imprimir al bascuence un impulso más vigoroso y decisivo; hay que infiltrarlo en la masa del pueblo euskaro; llevarlo á la cátedra y á las escuelas; colocarlo en el libro y en el periódico; hacerlo necesario, por todos los medios y á toda costa, mandando, si así fuere preciso, que cuantos aspiren á puestos y cargos en el País, posean ese idioma y lo hablen corrientemente…” (‘Proyecto de Academia Bascongada’, Euskal-Erria, 1886ko uztaila, 432. or.)
Artiñanoren proiektuak ez zuen euskal erakundeen laguntzarik jaso. Horrenbestez, akademiaren finantzaketarako aurreko bost hamarkadetan euskal kulturaren mezenas gisa lan eskerga egindako Abbadieren laguntza eskatzeko deia egin zion Gratien Adema Zaldubik Resurrección Maria Azkueri 1894an igorritako eskutitzean: “[…] On Abadia jauna hil baino lehen nahi nuke Akademia edo jakintsueri eskuara bat baginagoka Frantziako eta Espainiako Eskualherri guzientzat” (‘Del epistolario de R.M. de Azkue’, Euskera, 1957: 335 or.). Abbadiek laguntzeko borondatea erakutsi zuen, baina heriotzak eraman zuen ezer burutu aurretik. Alargunarengana jo zuten ondoren: “Euskalzale batzuek asmoa izan zuten d’Abbadieren alargunarengandik dirua lortzeko, senarraren ametsa errealitate bihurtzeko. Alargunak Azkueri gonbidapena egin zion gaztelura joateko eta d’Abbadieren liburutegia nahi zuen beste erabiltzeko” (Hernandez, 1998: 248).
Azkue aipatzen da batean zein bestean. Izan ere, 1888an, 24 urte eskasekin, Bizkaiko Foru Aldundiak sortu zuen Bilboko Institutuko euskararen katedra Miguel Unamuno eta Sabino Aranaren aurretik irabazi zuenetik figura erreferentzial bihurtu zen euskararen lehen instituzionalizazio honetarako prozesuan. 1896an euskararen ortografiaren bateraketarako proiektua aurkeztu zuen (“Proyecto de ortografía, sometido a la censura de los que se dedican a cultivar el euskera”), Sabino Aranak berea (“Lecciones de ortografía del euzkera bizkaino” ) aurketu zuen urte berean. 1896 hartan bertan historiako lehen ikastola ere ireki zen Azkueren gidaritzapean, Bilbon, erlijioari lotutako mutilentzako eskola pribatu gisa, eta 1899 arte iraun zuen, arazo ekonomikoengatik itxi beharrean aurkitu ziren arte. Hurrengo bi hamarkadetan beste hainbat saiakera ere egin zituen, ordea, bide horretatik lekeitiarrak, eta gutxieneko iraupen bat izan zuten euskarazko lehen bi aldizkariak ere argitaratu zituen mende arteko urte horietan: Euskalzale (1897-1899) eta Ibaizabal (1902-1903), hauek ere egoitza Bilbon zutenak[1].
Oñati. 1918. Eusko Ikaskuntzaren lehen kongresuaren irekierarako autoritateek dantzatutako aurreskua. Argazkilaria: Ricardo Martín. Iturria: Kutxateka.
1901ean euskal ortografia bateratuarekin aurreratzeko eta akademiaren ideiari segida emateko batzorde iraunkor bat eratu zen. Batzordea martxan jartzerako, ordea, Abbadieren alarguna ere, Virginie Saint-Bonnet, hil egin zen, senarraren gisan finantzaketaren arazoa bideratu gabe eta testamentuan ezer jaso gabe. Eta 1902an Hondarribian egindako kongresu baten ondotik, giroa gaiztotu eta egitasmoa bertan behera gelditu zen. Burututako saretze lanetik, ordea, Iparraldeko Eskual Zaleen Biltzarra sortu zen.
Ez zen, noski, Azkue euskararen eta euskal kulturaren instituzionalizazioaren bidea egiten ari zen bakarra. 1907an Julio Urkixok Revista Internacional de Estudios Vascos aldizkaria jarri zuen martxan, euskal kulturaren ikerketa zientifikora bideratua. Urte berean euskal kulturaren sustapenerako Euskal-Esnalea elkartea sortu zen, 1908an izen bereko euskarazko aldizkaria eta 1911n Euskalerriaren alde argitaratzeari ekingo ziona, azken hau Gregorio Mujikaren zuzendaritzapean. 1915ean Euzkerazko Itz-Jostaldien Batzarrearen arduretatik zetorren Toribio Altzagak Euskal Iztundea zeritzon euskal antzerki eskola jarri zuen martxan… Geroz eta intentsitate handiagoko lanketa nahiz saretzea nabari ziren, eta mugimendua funtsezkoa suertatu zen erakunde berri batean gorpuztu zen: Eusko Ikaskuntza.
Eusko Ikaskuntzak bere I. Batzarra 1918ko irailean egin zuen Oñatin, Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesletzarekin. Batzar hura mugarri garrantzitsu bat izango zen euskal kulturgintzaren historian, Lehen Pizkundearen bigarren olatua bertan lehertu baitzen: “1918an jo zuen aldi berri honek, Eusko Ikaskuntzaren Oñatiko Biltzarrean, bere goi-erpina. Gerra-garairarteko epealdi osoan gainditzerik izan ez zen moduko indar-biltzea lortu zen han, Euskal herriaren konfigurazio etnokulturalaz gogoeta-lan sakon eta emankor bat bideratuz” (Zalbide, 1988: 398). Euskarazko akademiaren proiektua ere bertan taxutu zen, eta lau foru aldundien laguntzarekin 1919ko irailean eratu zen Euskaltzaindia, lehendakari Azkue izendatuz. Gauzatua zen, azkenean, hainbat euskaltzale belaunaldik luzez aldarrikatutako ametsa.
[1] Azkue, jeltzalea izanagatik, ez zen aranista. Bai lehen ikastolak eta bai aldizkari horiek (inprenta ere erosi zioten) EAJ barruan aranismoari autonomismoa eta kulturalismoa aldarrikatuz kontrajartzen zitzaizkion Sagarminagaren eta Sotaren euskalerriakoek finantzatu zituzten, Banco de Bilbaoren zuzendaritzan eskua baitzuten.
Bestalde, jeltzaleen diskurtsoan, batez ere lehen belaunaldiarenean, nagusitu zen euskara eta euskal kulturaren inguruko diskurtso esentzialista, baserri munduarekin lotzen zituena, ez zituen begi onez onz ikusten. Horregatik ikastolak eta euskarazko aldizkariak Bilbon ernetzeko seta.