Euskal herri kantaeraren prosodia musikalaz

Agustin Mendizabal-(r)en argazkia Agustin Mendizabal 2024-05-06

Euskal herri kantaeraren prosodia musikalaz –

1          Sarrera

1.1       Kontzeptu nagusiak

2021eko Mintzolaren Ikerketa proiektu saria dela-eta Xabier Leteren prosodia musikalari buruz egin nuen ikerketa kari[1], herri-kantaeraren prosodia musikalari buruzko artikulu bat idazteko eskatu dit aldizkari honek. Zantzu batzuk ematen saiatuko naiz, gaia bera ez baitago sakon aztertua, ez nik ezta aurretik aritu diren adituek ere.

Ezertan hasi baino lehen, argitu dezadan herri kantaera beste esapide honen laburpena dela: ahozko herri kantaera tradizionala. Era berean, hitz gutxitan esateko, horrekin adierazi nahi dut ahozko tradizioz transmititu izan den eskolatu gabeko (bereziki musikan) jendearen kantatzeko era.

Hitz xumez esanda, hau da aztergaia: euskaraz kantatzean, nola isuri izan da kantuan –isuri izan bada– hitz egiteko modua? Nola baldintzatu izan du mintzamenak kantaera? Hain zuzen, horren adierazpena prosodia musikala da: hots, kantuan mintzamena imitatzea lortzen denean gertatzen dena.

Ikusten denez, beraz, prosodia musikalak bi arlo uztartzen ditu: mintzamenaren prosodia (edo, besterik gabe, prosodia) eta kantaera. Gauzak horrela, aldez aurretik prosodia zer den jakin beharko dugu. Lourdes Oñederraren hitzetan, «Lehen kolpean, prosodia hizkuntzaren musika dela esan daiteke: erritmo ereduak, doinu ereduak, azentu egiturak eta, oro har, kontsonante eta bokalekin batera ahoskera osatzen duen guztia». Horren arabera, hitz bitan, esango nuke prosodia mintzamenaren musika dela.

Gauzak horrela, logikoa da pentsatzea kantaeraren bidez prosodia hori islatuko dela, baina, egia esan, ez da berehalakoa horren erantzuna. Izan ere, mintzamenak zein musikak, bakoitzak bere soinu legeak dituenez, ulertzen da bien uztarketa perfektua ezinezkoa izango dela normalki. Hala, lehia horretan, bataren ezaugarriak besteari gailentzeko joera izango da, kasuan kasu. Eta horretxeri eman nahi diot hemen begirada soilik iradokitzaile bat.

Euskal herri kantaeraren prosodia musikalaz
Xabier Lete, 1971- Arg: Gure Gipuzkoa

1.2       Naturaltasuna, ulergarritasuna, komunikagarritasuna

Hala zioen Aita Donostiak, 1916an, De música popular vasca hitzaldian (neronek itzulia): «[Gure herri-kantariek] Oso naturaltasun handiz kantatzen dute; hobeki esan, hitzak eta poesia kantuz esaten dituzte. Kasu batzuetan hain da handia naturaltasun hori, non kantatu beharrean errezitatu egiten baitituzte bertsoak, nolabaiteko intonazioarekin, kantuaren forma primitibo edo jatorrizko batean; hori dela eta, zenbaitetan, melodia nabaritzea ia ezinezko gertatu izan zait. Ahalegin osoa egiten dute hitzak ongi uler daitezen, eta horri ematen diote aurrenengo lekua».

Musikaren eta folklorearen aditu handi haren iritziz, beraz, euskal kantaeran arlo musikal hutsa galtzaile ateratzen da naturaltasunaren eta hitzen ulergarritasunaren aurrean. Zertan dautza bata eta bestea? Alde batetik, naturaltasun hori zehazteko, kantaerak mintzamenarekin duen antzekotasunean jarriko dugu jomuga: zenbat eta antzekoagoak izan, orduan eta naturalagotzat hartuko dugu kantaera. Testuaren ulergarritasuna da beste alderdia, naturaltasunaz bestekoa (gerta liteke kanta bat naturala izan gabe ulergarria gertatzea); dena den, esango nuke lehenengoaren maila gorena bigarrena dela. Eta, jakina, horrek guztiak komunikagarritasunarekin zer lotura duen ez dago esan beharrik.

Testu honetan zehar testu egokitzapen terminoa ere agertuko da. Honela adieraziko nuke haren esanahia: testu egokitzapena da hitzak musikan txertatzeko kantariak egiten duen ekintza eta etengabeko hautua –zenbait baldintzaren araberakoa–, zeinaren emaitza prosodia musikala baita.

Euskal herri kantaeraren prosodia musikalaz
Lurdes Oñederra. Arg: Erein

1.3       Euskal kantaeraren ardatzak prosodia musikalaren ikuspegitik

Paulo Iztuetak zerbait antzeman zion 2003ko Orixe saiogilea lanean: «(…) gure herriak berezko joera baitu erritmoa orekatzea. Gure herrian hainbat jende da —batez ere, bertsolari-giroko familietan asko—, nota bakoitzari silaba bat emanez, silaba bakar batean huts egin gabe zortzikoak edo bertsoak asmatzeko gai dena. Herriak, berezko senaren arabera erritmoa edo tonua aldatuz, bere erara moldatzen ditu kantu erdieruditoak. Joera hau ez da gaitasun ezaren edo kultura ezaren seinale, euskarari darion koalitatea baizik».

Eta hain zuzen, horretxez dihardugu hemen: euskarari berezkoak zaizkion ezaugarriak musikalki gauzatzen diren moduaz. Xabier Leteri buruzko lanaren ondorio nagusietako bat izan da euskarazko azentuaren partikulartasun guztiak gorabehera, Lete neurri handian saiatzen dela –intuitiboki eta oharkabean, esango nuke– azentu linguistikoak konpasen parte sendoekin bat etorrarazten (zenbaitetan, gainera, alderdi emozionalak eragina du horretan). Hori ez dator bat orain arte aditu gehienek esandakoarekin, hots, azentuak ez duela zer esanik euskaraz kantatzen denean. Jakina, euskara ez da Lete, baina jarraibide eta azterbide interesgarria ematen du emaitza horrek.

Bestalde, badago kontuan izan beharreko beste banaketa bat: kanta eta bertso zaharren kantaera[2] vs. bat-bateko bertsolaritza[3]. Hitz bitan esateko, bigarren arlo horretan azentua –hitz mailako baliabide prosodikoa– ez da ia kontuan hartzen, eta, nagusiki, esaldi mailako baliabide prosodikoak erabiltzen dira (abiadurarekin jokatuz, antzeko iraupenetara joz, etenekin jokatuz, multzokatze erritmikoak eginez eta abar[4]); kanta eta bertso zaharren arloan, aldiz, aukera handiagoa dauka, kantariak, azentuaz baliatuz kantaera bere-berea duen mintzamenera moldatzeko.

Bestalde, herri kantaera aztertzeko, liburuetako partituretara jotzea baino egokiagoa da grabaketetara jotzea, hor ikusten baita benetako kantaera, aldaerez hornitua –horietako zenbait prosodia musikalaren arlokoak (besteak beste, doinu beraren gainean testua aldatu egiten denez, aldaketa horri egokitzeko aukera sortzen baita)–.

Ikus ditzagun, bada, [bila berariaz ibili gabe] antzeman ditudan kasu ohargarri batzuen adibideak, sailkatuta.

Euskal herri kantaeraren prosodia musikalaz
Paulo Iztueta. Arg: Tolosaldeko Ataria

 

2          Kasuen sailkapena eta zenbait adibide

2.1       Esaldi mailako prosodiaren aldetik

Testu egokitzapena egokia izan dadin, bi alderdi hauek hartu behar dute parte (neurri handiagoan edo apalagoan gertatuko dira):

  • Kantatzean, hitz jarioak (sekuentzia banaketa gisa ezagunagoa) mintzamenak duenaren antzekoa izan beharra du. Horretarako, etenek (kantitatea, iraupena, banaketa) eta sintagmek (hitz kopurua, abiadura) mintzamenean gertatzen direnen antzekoak izan behar dute. Multzokatze erritmikoek ere (ezin orain azaldu zer diren) laguntzen dute, zenbait hitz eta esapide azpimarratuz.
  • Euskara silaba-aldiko hizkuntza denez, antzeko iraupeneko silaben araberako erritmoa espero behar dugu euskal kantaeran.

Hona hemen bigarren alderdi horren adibide batzuk:

  • Batetik, Manuel Lekuonak bertsolarien kantaera (Hegoaldekoena bereziki) halatsu deskribatu zuen[5], eta hala ageri da jarri zituen adibideetan; antzeko iraupeneko silabak izateari, gainera, abiadura azkarra eta eten laburrak gehitu behar zaizkio; gainera, askotan ez da konpas argi bat nabari. Aita Donostiaren eta Azkueren kantutegietan antzeko adibide ugari aurkitu daitezke, eta are gehiago, beharbada, Zavalaren Auspoa saileko ale ugarietako transkripzioetan. Horri kontrajartzen zaionari, Lekuonak kantaera akonpasatua, kaletarra, señoritoen modukoa adjektiboak erantsi zizkion.
  • Bestetik, gaurko bertsozale eta kantazale herrikoi zaharren kantaera halakoa izaten da oraindik ere. Horren adibide aparta, Oiartzungo Karmen Berasategi zenak kantatutako tobera koplak edo San Martin de la monja –argitaratutako grabaketarik zaharrena Herri Gogoaren 1972ko Lesaka diskokoa da nik dakidala[6]–. Iraupen bereko silaben (eta noten) andana luzeak entzuten ditugu bertan (gainera, konpas erregularra erabili gabe, baizik eta parte kopuru eta iraupen aldakorrekoa)[7].
  • Mundu Gerrako grabaketa bilduma zoragarriko –duela oso urte gutxi berreskuratua– adibide bat bakarrik jartzearren (asko daude), aipa dezagun Jauregiber zuberotarrak ematen duen Zü zira zü (1)[8]. Gaur ezagutzen den bertsio nolabait esateko musikalago edo akonpasatuagoan baino askoz ere uniformetasun handiagoa dago iraupenetan. Eta aurreko adibideko gehigarritasuna ere sumatzen da, adibidez, 5. konpasean.

Hori dena alde batera utzi gabe, nabarmentzekoa da kantari berak ez duela beti kantaera bera izaten, egoeraren eta aldartearen arabera aldatzen dena baizik. Adibidez, Jexux Eskudero goizuetarra zenak Aizak Trabuko guztiz ezberdin kantatu zigun lau urteren aldearekin: lehenengoan erritmo hirutartzat hartu daitekeen batean; bigarrenean, erritmo libreagoan, eta, antzeko iraupenen bidez –kortxeako etenez bereiziak–, hizketara hurbilduz[9].

Euskal herri kantaeraren prosodia musikalaz
Manuel de Irujo eta Manuel Lekuona Unibertsitateko sarreran dantzariak atzean ageri direla, Aita Barandiarani eginiko omenaldian.

2.2       Azentuaren aldetik

Testu egokitzapen ona lortzeko erabiltzen diren baliabideen artean, nik gehien hauteman dudana hau da: kantatzean alderdi musikala testuak agintzen duenera egokitzea. Hiru egokitzapen prosodiko hauen bidez egiten da nagusiki (ez dira neurri berean gertatzen):

2.2.1       Egokitzapen metrikoak

Horrekin esan nahi da hitzak musikaren metrikara egokitzea (hau da, hitzen azentua parte musikal metriko sendoekin bat etorraraztea), noten kokapen metrikoarekin jokatuta egokitzapenak eginez (normalki, notaren kokapen metrikoa azentura egokitzeko, parte sendoan dagoen kortxea bat aurreko parteko zati ahulera aurreratuz). Erratzuko adibide honetan ikus daiteke hori (aurreraxeago zabaldua):

Doinuaren ohiko egitura:

Berriemaileak egiten duena:

Jean-Mixel Bedaxagar zuberotarrak 2007an eta 2010ean gure aurrean kantatutako Mutil gazte bilho hollia (Musde Urrutia) kantan egokitzapenak sumatzen dira, bereziki, eman zituen hiru ahapaldien lehenengo hitzetan[10]: azentuak eskatu ahala, kortxea bat aurreratuz (2. eta 3. ahapaldietan) edo ez (1.an)[11]:

Beste zuberotar handi bat ere elkarrizketatu nuen orain dela urte batzuk: Junes Xübüru (1936-2020). Ene maitia(k) bilhoa holli kantan[12], egitura musikalak berak agintzen du parte metriko sendo ugaritan nota luzeak egotea[13] – Xübürük berak, gainera, gehiago luzatzen ditu–, baina, horrez gain, argi ikusten da Xübürük ere hori bilatzen duela kantatzean; horren froga da bertso-lerro hankamotzetan ere silaba azentuduna parte metriko sendoarekin bat etorrarazten duela (puntu ongi osatuen egitura musikal bera jarraitu beharrean; eta, gainera, nota kopurua silaba kopurura egokituta, kasu honetan ere gehigarritasuna erabiliz)[14]. Adibidea:

Lehenengo ahapaldian (8 silabako hankamotza), – eta –– azentudunak parte sendoan:

Hirugarren ahapaldian (10 silabako zuzena), kortxea bat aurreratuz, –– eta –– parte sendoan:

Bedaxagarren beste adibide bat entzun dezakegu Jaun Baruak kantan, Benito Lertxundiz bestela konpasa aldatzen baitu[15].

Euskal herri kantaeraren prosodia musikalaz
Jean Mixel Bedaxagar. Arg: Imanol Urizar (Elkar)

Hegoaldeko kasu batzuk aipatzearren, Leire Ibañezen Beterriko kantak bilduman[16] Matsaren orpotik dator kantaren hasiera tsaren emana dago, hau da, ez ohituta gaudenez era anakrusikoan, tetikoan baizik, lehenengo silabak parte sendoarekin bat egin dezan. Oiartzualdean guk jasotako Zer dakartzu semia[17] baladaren berriemaileek bertako azentueraren arabera eman zuten (nere mia, ñerà, ñetìk, saliàn, kiàn, emáztià, ikústerà, terà, mutzerà) eta hori lortzeko musikaren egitura metrikoa kasuan kasuan egokitu egin behar izan zuten –intuitiboki– hitz horien aurretik 3 edo 4 notako taldeak sartuz[18].

Kantaren egitura orokorraren arabera:

Berriemaileak egiten duena:

Juan Mari Lekuonak[19] Nere andriak ekarri zuen kantatzean egiten duen erritmo anakrusaduna hobeki egokitzen da hitzen azentuerara Azkuek jasotako Goizuetan doinu anakrusarik gabea baino; adibidez, andríak, erri, Anaztikan… Azkuek Elizondon jasotako Mutil gazteak kantarekin[20] ere hau ikusten dugu ekialdeko azentueraren arabera: hitz gehienen azentuak parte sendoetan, eta, gainera, nota luzeekin bat datozela; horretaz gain, garrantzi handikoa dena: Azkueren transkripzioan bi ahapaldiak metrikoki era ezberdinean daude kokatuta, azentuekin bat etortzeko moduan. Interesgarria Alan Lomaxek Erratzun jasotako Haurra egizu lolotto[21]: doinua Uso zuria guztiz ezaguna izan arren, lehenengo Haurrá deikaria izaki, aldaketatxo bat egin eta musikalki ere parte sendoan egokiarazten du berriemaileak, iraupen luzea ere lagun; ez dirudi, beraz, guztiz ustegabean egindako mugimendua (inkontzienteki bai, baina senak aginduta).

Hona ekarritako adibideen arabera, badirudi azentuaren indarrari lotua egon litekeela fenomeno hori; baina aztergai legoke. Izan ere, ekarri ditudan kasu guztiak azentu azkarraren eremukoak dira: Zuberoakoa bereziki, baina baita Elizondokoa eta Erratzukoa ere (apalagoak), eta, beharbada, baita Oiartzungoa ere (are apalagoa).

2.2.2       Egokitzapen melodikoak

Honetan datza: notetan gora edo behera eginez mintzamenera hurbiltzea. Kasu hau aipatuko nuke denen erakusgarri:  Aizak hi Trauko (L. Iparragirrek kantatua)[22]: 1., 2. eta 4. puntuetan, doinuaren gorakada eta beherakadak azentuari oso ongi itsasten zaizkio (Trau deikaria barne), baina horretarako notak nahierara ipini eta konpasa ere guztiz egokitu behar izan du, ia libre bihurtu arte –beste aldaera batean (B. Perurenaren II.a[23]) ez bezala–. Gainera, kasu honetan, egiten dituen esaldi mailako multzokatze erritmikoak ere aipatu beharrekoak dira.

2.2.3        Egokitzapen agogikoak

Azentua duen silabaren nota besteak baino luzeagoa eginez. Euskararen silaba-aldikotasunarekin kontraesanean dagoen arren, arestian esan bezala zubererazko kanta batzuetan sumatzen dela dirudi, euskalki haren azentueraren izaera lagun. Kasualitatea? Edo bat etortze horrek sortzen duen hoskidetasun eta eufoniaren ondorio ote da doinu horiek hautatu eta tradizioan finkatu izatea[24]? Bestalde, alderdi horrek edozein euskalkitarako balio ote du? Intuitiboki hala iruditzen zait, baina ez dakit horrek zer azalpen izan dezakeen; beharbada, edozein hizkuntzaren joera naturala da azentua azpimarratzeko iraupenak luzatzea, haren azentueraren nolakotasuna gorabehera.

Horrez gain, kantatzean testua alderdi musikalera egokitzea ere gerta daiteke (bakanago, ustez). Adibidez, hitz jakin bat hautatuz (erantsiz edo ordezkatuz), azentua musikaren metrikarekin bat etor dadin. Hotzean ezin nitzake asko aipatu, baina horretarako erantsia dirudi Aizak hi Trauko aldaerako (gorago aipatua) hi hitzak.

Laburbilduz esango nuke hitz mailako prosodiaren aldetik –hau da, azentuarenetik– garrantzia eman beharreko zantzuak ikusten direla. Ez dira gehienak, hala ere, azentuaren araberako egitura, kanta osoan, hasi eta buka dutenak (besteak beste, hemen aipatu gabeko arrazoi batengatik: egin beharreko egokitzapenek musikalki egiteko errazak izan beharra dute, eta hori musikaren egiturak baimendu beharra dauka); askotan, han-hemenkako baliabide intuitibo gisa baizik ez da erabiltzen. Egia esan, euskal azentueraren izaera bereziak laguntzen du prosodia musikala derrigorrezko baldintza izan ez dadin, baina, era berean, zenbaitetan, ematen du bidea hartaz baliatuz hoskidetasunaren bidez komunikagarritasuna areagotzeko.

 

2.3       Abestia zein bertsoa sortzerakoan prosodia kontuan hartzen bide duten kantak

2.3.1            Aurrez esan izan dena

Ahozkotasun garbitik harago doan alderdi hau ere arlo berekoa da: abesti edo bertso bat sortzerakoan, hitzak musikaren egitura metrikoari erreparatuz idaztea, edo alderantziz: musika idaztean hizketaren prosodia kontuan hartzea.

Ildo horretatik badira, beharbada, zenbait bertso zahar klasiko zeinen hitzak musikari erreparatuta idatzi baitira, edo alderantziz (betiere, musikaren alderdi metrikoaz ari naiz). Hain zuzen, alderdi horixe da adituek gehien aipatu dutena. Manuel Lekuonak silabak ezik oinak hartu zituen euskal kantaeraren oinarritzat, baina gerora Altunak, Bigurik, Lafittek, Haritschelharrek… bide hori gaitzetsi egin zuten. Laugarren horrek ere saiotxo bat egin zuen 1969ko Etxahun-Barkoxeri buruzko bere tesian eta ezezko ondorioa atera zuen; baina Mündian malerusik besterik ez zuen aztertu (gainera, bigarren ahapalditik aitzinera). Joera orohartzaile baten bila abiatzen bagara, nahikoa da kontradibide bat topatzea erantzuna ezezkoa izateko; baina nire ustez estilo-aniztasunaren aukera, a priori, aintzat hartu beharra dago. Hala, beharbada aurkitu ditzakegu mintzamenaren prosodia kontuan hartzen duten bertso eta kanta batzuk, edo, behintzat, hartara ongi egokitzen direnak.

Euskal herri kantaeraren prosodia musikalaz
Telesforo de Aranzadi antropologa, Resurreccion Maria Azkue eta Aita Donostia folklorista. Arg: Indalecio Ojanguren

2.3.2            Egitura anakrusikoaren garrantzia. Zortzikoaren kasua

Horien adibide dira doinu anakrusikoak. Egitura musikal hori duten doinuak parte ahulean hasten dira, eta bigarren nota aurrekoa baino parte sendoagoan dute; hori ezin hobeto doakio erdialdeko azentuerari, adibidez, dakigun bezala bigarren silaban ezarri ohi baitu azentua, hitz markatuetan izan ezik. Aipa dezagun Azkuek, orain dela ehun urte pasa egin zuen bildumako 100 kanta hautatu eta aztertu ondoren, egitura anakrusikodun kanta gehiago zenbatu zituela (58), tetikodunak baino (42). Horrez gain, Arana Martijak ondorioztatzen du, Azkueren, F. Gaskueren eta Jean Becken azterlanak kontuan hartuta, euskal kantaerak baduela nolabaiteko joera erritmo ahulez (hau da, anakrusikoz) hasteko[25] –Gaskuek zortziko erritmo deitzen dena aipatzen du, eta Azkuek, bereziki, txisturako musika–.

Horietatik zenbatetan datoz bat prosodia eta musikaren metrika? Horren bila berariaz ibili eta sakon aztertu gabe, Ituringo arotza, Mutil koxkor bat itsu aurreko (Pello Mari Otañorena), Gitarra zahartxo bat (Iparragirrerena) etortzen zaizkit burura. Hiruretan prosodia musikala argi ageri dela esango nuke (euskal azentueren historiaz jarduten diren adituen baimenarekin).

Lehenengoan, Aita Donostiak Bolaños aranaztarrari 1912an jasotakoaren arabera, Iringo atza, Errámun Joakín, harre omén zaudé zeren degún jakín eta abar ditugu. Bat etortze nabarmena ikusten dugu (Iturengo azentua erdialdekoa baita), osoa ez den arren: azpimarratu ditudan guztietan bat egiten dute mintzamenaren prosodiak eta metrika musikalak[26]. Eta Donostiak jasotako beste bertsoan ere berdin-berdin.

Euskal herri kantaeraren prosodia musikalaz
Iparragirre

Bigarrenean, Mutíl koxkór bat itsú aurréko zuéla almeneàn hautematen dut; beraz, bat-etortze ia erabatekoa[27]. Eta harrigarria badirudi ere, antzera gertatzen da bertso sailaren sei bertsoetan. Zortziko deitu ohi den erritmoan kantatzen da.

Kasualitate hutsa? Azter dezagun Iparragirreren Gitarra zahartxo bat (edo Kantari euskalduna), zortzikoan kantatzen dena hura ere. Arestian esandako ia gauza bera esan dezakegu ahapaldi guztietan (Girra zártxo bat det netzat lagúna eta abar; kasu honetan, 4 ahapaldi dira). Urretxuarrarekin jarraituz, eta gehiegi sakondu gabe, nire ustez zortzikoko konpasean daudenen gehienek eredu horri jarraitzen diote[28]: Beltzarana (nabarmen, iraupen luzeak lagun), Gazte gaztetandikan (neurri handian), Gernikako arbola (hala dirudi; lehenengo bertsoan ez hainbeste), Ezkongaietan (neurri handian), Zibilak esan naute (zatika)… Gainera, parte sendoetako nota luzeagoen laguntza ere sumatzen da gehienetan. Aldiz, beste konpasetan idatzitako abestietan ez dirudi horrelako bat etortzea dagoenik: Zugana Manuela, Ume eder bat, Hara non diran…

Zenbateraino izango zen horretaz kontziente Iparragirre? Edo hoskidetasun hori nolabait antzeman eta horregatik idatzi ote zituen abestirik gehienak zortziko deitzen dugun konpas horretan? Musikan neurri batean jantzia zegoela ez dugu ahaztu behar: harmoniarik eta konposiziorik ikasi ez omen zuen arren solfeoaren oinarri batzuk bazituen, haren biografoek erakusten dutenez, eta belarria eta  intuizioa ere izango zituen erritmo berri hori –dantzatik zetorrena eta oraindik guztiz finkatu gabekoa– hautatu eta bere kanta berriak horretara egokitzeko[29].

Bestalde, silaba azentudunetan melodiak gora eta gero behera egitearen laguntza ere sumatzen da haren zenbait abestitan: Gazte gaztetandikan (hasieran), Gitarra zahartxo bat (hasieran batik bat), Zibilak esan naute (neurri batean)…

Zoriaren kapritxoa ote da hori guztia? Edo, esan bezala, bat etortze horrek sortzen duen hoskidetasun eta eufoniaren ondorio ote da doinuak horrela idatzi izana –edo daudenetatik hautatu izana– eta tradizioan finkatzea eta irautea, arrakasta handiz gainera? Ohartu behar dugu, bestalde, Otañoren eta Iparragirreren euskal azentua ez zela bortitza izango (gipuzkeraren gaurko egoeratik begiratuta behintzat), eta Arantzakoa (Bolaños), aldiz, bai. Agian jokoan dagoena ez da azentuaren indarra, baizik eta erdialdeko azentueran sarritan gertatzen den silaba azentudun/ez-azentudun txandakatzeak (ad.: erri balítz) sortzen duen jokoa. Gauzak horrela, egitura anakrusikoak baimentzen du, era erraz batean, aldaketa edo egokitzapenik egin gabe, txandakatze horietan azentua eta konpasaren parte sendoak bat etortzea –era ulerterrazean esateko–, eta hori guztiz naturala suertatzen zaigu. Niri, behintzat, oso antinaturala eta deserosoa gertatuko litzaidake Ituringo arotza edo Mutil koxkor bat (eta abar) kortxea baten atzerapenez kantatzea, parte sendoetan silaba azentugabeak –eta alderantziz– egokiaraziz!

2.3.3            Zuberoako zenbait kanta

Gorago aipatutako Zuberoako khantoreetan, kantaeran ez ezik jatorrizko egiturak berak ere zer esan handia du, Mutil gazte bilho hollia zein Ene maitiak bilhoa holli kanta zaharretan. Bereziki aipatuko nuke nota luzeak konpasaren parte sendoekin bat datozela. Balirudike berariaz sortu dela, kanta horietarako, doinu hori edo antzeko egitura duen beste bat, edo, alderantziz seguruago, hitzak idaztean musikaren egitura kontuan hartu dela neurri handian. Beste aukera aipatua duguna izan liteke: batak bestea bilatu eta aurkitu, eta lortutako eufoniari esker, tradizioan txertatu.

 

3          Azken oharra

Berriz esango dut: beharbada euskal tradizioa ez da monolitikoa izan, gure hizkuntza monolitikoa izan ez dela dakigun bezala. Eta, euskalkien eraginaz gain, har ditzagun halaber kontuan: musika berariaz hitzetarako idatzia egotea edo ez egotea, kanta/bertso zaharra izatea edo bat-bateko bertsoa edo haren errepikapen zuzena izatea eta abar. Esan bezala, aniztasuna hartuko nuke euskal kantaera tradizionalaren ezaugarri nabarmenetakoentzat. Horren arabera, zenbait kantaeratan sumatzen da prosodia musikala –batzuetan era sistematiko samarrean– eta beste zenbaitetan ez.

Azkenik, erantsiko nuke hiru kasu edo alderdi horiek edozein kantaerari zaizkiola aplikagarri. Hain zuzen, adibidez, gaur egungo euskal pop –nolabait esateko– musikako hainbat kantari entzutean, prosodia musikalaren aldeko kezka argia nabaritu dut; haietako zenbait punk girokoak, eta bertsolari batzuk ere bai: hain zuzen, hitza transmititzeko ardura berezia izaten duten sortzaileak.

Badago zer ikertua eta zer aztertua!

[1] Lan horretarako Varun deCastro-Arrazola adituaren ezinbesteko laguntza izan nuen; honetarako ere, bihotzez eskertzen dut haren laguntza.

[2] Maila akademikoan genero tradizionalaren barruan kokatua.

[3] Maila akademikoan genero ez-tradizionalaren barruan kokatua.

[4] Ainhoa Aizpurua-Insaustik egin dituen lanek erakusten dutenez.

[5] Literatura oral vasca, Idazlan guztiak, 1, 313-318. or.

[6] Oiartzungo Udalaren 1999ko Oiartzungo hotsak bideoan ere entzun daiteke.

[7] Erritmo gehigarri deitu geniezaioke horri: notak besterik gabe eransten dira eta konpasaren luzera horretara egokitzen da (konpasa irregular bilakatzen da). Schubarth/Santamarinak (Cancioneiro Popular Galego (1988)) hala diote: “b) Cantos con un concepto rítmico aditivo de lo que no resulta una secuencia rítmica repetida (…)”.

[8] Lehen Mundu gerlako euskal presoen grabaketak (1916-1917) edo Prusiako komisio fonografikoaren artxiboak (Alemania); https://www.mintzoak.eus/eu/larraine/elkarrizketak/ber-05/-en kontsultagai.

[9] Ikusi Euskaltzaindiaren Iker saileko 23. alean, «Berdabioren bertso-doinuen inguruan: musika eta prosodia uztartuz» (http://www.euskaltzaindia.net/dok/ikerbilduma/73437.pdf).

[10] Transkripzio musikala, Euskaltzaindiaren Iker saileko 23. alean.

[11] Gerora, kantaren testua errezitarazi nion, eta guztiz bat zetozen egokitzapen prosodiko metrikoak hitzen azentuekin: Mutil gázte (1. ahap.), Kiturèn dit (2. ahap.), Españako bia (3. ahap.).

[12] Herri Gogoaren 1972ko Zuberoa-2 diskoan entzun daiteke.

[13] Baita arestiko Mutil gazte bilho hollian ere.

[14] Hari ere kantaren testua errezitarazi nion; horren arabera, hankamotz lerrokatuen kasu nabarmenak: ra zü xarmerri; Éz arez, bai dorez; Frantziáko errege; Birjirik ez lü.

[15] HM Udaberriko Kontzertua (Soinuenea, 2003-03-29); Interneten eskuragai dago. Igaran apilaren burian-eko –– parte sendoan gerta dadin nota bat gehitzen du, baita konpasari parte bat ere; kasu hau, gainera, erritmo gehigarriaren beste adibide bat da.

[16] Andoaingo Manuel Larramendi Kultur Bazkuna, 2002.

[17] Frantziako anderearen aldaera. Oiartzungo Udalak 2017an argitaratutako Hau leku aittorra liburuan datoz hitzak eta partitura, 106. orrian.

[18] Horrela, gainera, kasu bakoitzean sortzen den esaldi bukaera erritmiko ahula edo sendoa azentuerarekin eta prosodiarekin bat dator ia guztietan. Durangaldeko Khantoria taldeak 2020ko Musikasten eman zuenean, aldiz, azentu horietako batzuk (lehenengo 5ak) beste toki batzuetan egin zituen, musikaren egiturarekin jokatuz. Beste euskalki batean pentsatzearen ondorioz? Arrazoi musikal hutsak?

[19] 1967an Usandizaga disketxeak kaleratutako Bertso Doinuak I LPan. Dena den, Lekuona eskolatua zen aldetik, ezin zaio beste ereduen maila bera eman.

[20] Azkue 1968 (CPV, 63. zk.).

[21] Entzuteko: https://open.spotify.com/album/1EZEhXB0XhkNm30XZJ0fDC.

[22] Ikusi Euskaltzaindiaren Iker saileko 23. alean.

[23] Ikusi Goizuetan bada gizon bat liburua (Patziku Perurena), 427. or. (Alberdania, 2010).

[24] Adibidez, alde horretatik errimaren garrantzia oso handia da.

[25] Música vasca liburuaren 1976ko argitalpenean, 285-286. orrietan. Bestalde, aipatzen du oso joera sendoa dela azken nota erritmikoki sendoa izan dadin, eta hori euskararen prosodiarekin lotzen du zuzenean (ez gara horretan luzatuko).

[26] Hala ere, horren zergatia hemen azaltzeko luzea den arren, ohar gaitezen hitzez hitz joan garela, talde prosodikoak batere kontuan hartu gabe.

[27] Adituek (Brăiloiu, Ayats…) giusto silabico deitzen dutenaren antzeko bat gertatzen da.

[28] Hala ere, bada zalantzan jartzen duenik Beltzarana eta Ezkongaietan Iparragirrerenak direnik, bai eta Gernikako arbolaren eta Ume eder baten musika ere (hurrenez hurren, Altunarena eta Santestebanena).

[29] Biografoek, Luis Castresanak adibidez, Iparragirreren berrikuntzatzat dute zortzikoaren konpasa euskal kantaeran popularizatzea; hark dioenez, oro har harrera ezin hobea izan zuen arren beste bertsolariek ez zuten hain erraz onartu.

Euskal herri kantaeraren prosodia musikalaz  Euskal herri kantaeraren prosodia musikalaz  Euskal herri kantaeraren prosodia musikalaz  Euskal herri kantaeraren prosodia musikalaz  Euskal herri kantaeraren prosodia musikalaz  Euskal herri kantaeraren prosodia musikalaz  Euskal herri kantaeraren prosodia musikalaz  Euskal herri kantaeraren prosodia musikalaz  Euskal herri kantaeraren prosodia musikalaz  Euskal herri kantaeraren prosodia musikalaz  Euskal herri kantaeraren prosodia musikalaz  Euskal herri kantaeraren prosodia musikalaz  Euskal herri kantaeraren prosodia musikalaz  Euskal herri kantaeraren prosodia musikalaz  Euskal herri kantaeraren prosodia musikalaz  Euskal herri kantaeraren prosodia musikalaz  Euskal herri kantaeraren prosodia musikalaz  Euskal herri kantaeraren prosodia musikalaz  Euskal herri kantaeraren prosodia musikalaz  Euskal herri kantaeraren prosodia musikalaz  Euskal herri kantaeraren prosodia musikalaz  Euskal herri kantaeraren prosodia musikalaz  Euskal herri kantaeraren prosodia musikalaz  Euskal herri kantaeraren prosodia musikalaz