Euskadi Irratia: Hitzetik belarrira

Lehenik Nikolas Aldaik eta azken urteetan Xabier Sukiak, zerbitzu publiko esanahiarekin landu dute bertsolaritza Euskadi Irratian. Mota guztietako entzuleak gogoan dituztela, astez aste bertso-kultura zabaldu dute urteetan zehar, eta, aldi berean, bertsolaritzaren memoria kolektiboa delakoaren artxiboko grabaketa osatu dute.

Euskadi Irratiaren Miramoneko egoitzan egin dugu zita Nikolas Aldai eta Xabier Sukia, “Hitza Jolas” saioko lehengo eta oraingo zuzendariekin. Duela sei urte Aldaik erretiroa hartu zuenez gero, Sukiak egiten du euskarazko irrati kate publikoko bertso irratsaioa, baina hala ere, lankide ohiek, kariño handiz, gogoan dute oraindik esatari zaharra, eta denbora asko pasatu da denek besarkatu eta harekin berriketa pixka bat egiteko zoria izan duten arte.

Azkenean, Sukia joan da haren bila, -“bestela eguerdia arte kalakan segituko du” esan du-, eta estudio batean sartu gara, elkarrizketa egiteko.

Lehenik, erreportaje osoaren egitura aipatu diegu. Hiru zatitan banatuko zela, Koldo Ordozgoiti eta Joxemari Iriondoren lekukotasunarekin osatu ditugula beste bi zatiak, Ordozgoitiren ustez, gordetzen den irrati audio zaharrena Txirritaren 1929ko bertso bat dela…. Aldaik zalantzan jarri du Ordozgoitiren hipotesia. Izan ere, haren ustez, Columbia etxeak Txirrita eta Asteasurekin egindako grabaketa ez da 1927koa, 1917koa baizik. “Disko hura nire jaiotetxean ezagutu nuen nik”, esan du. “Bagenuen han gramofono zahar bat…. eta alde batetik bi bertso eta bestetik beste bi zituen. Garbi dago ez dela zuzenean grabatua, garai hartan ez baitzegoen horretarako teknikarik, eta, gainera, bertso bat bukatu eta “Bota Pello, bota…” esaldia entzuten da, bertsoaren aurretik entzun behar zena”.

Memoria izugarria baitu, zeinahi detailetan pausatzen da Aldai, eta hala, grabaketa zahar haren bueltaka segitu dugu pixka batean. Soluziorik, ordea, ez dugu atzemanen. Beraz, 1917koa edo 1927koa dateke; edo kontserbatzen den euskarazko irratsaio zaharrena ote den epaitu beharko da. Ikertzaileen esku utziko dugu. Euskadi Irratian bertsoa nola sartu zen da gure gaia, eta horretxeri heldu diogu.

“Irratia sortu zenean, 1982-83 ikasturtean, hasieran bertsoez arduratu zirenak Joxemari Otermin, Antton Aranburu, Joxerra Garzia eta Pello Zabaleta izan ziren. “Debaldeko festa”, “Sorginen afaria” eta gisako saioak eginez, hasi da kontatzen Aldai. “Niri 1986an eskatu zidaten bertsolaritzaz arduratzeko”.

Lehenik eta behin, sakabanatuta zeuden milaka grabaketa bildu, antolatu eta editatzeko beharra zegoela konturatu zen, eta eginkizun horretan orduak eta orduak pasatu zituela adierazi du. “Lehenbizi “Mujikaren Euskal Perlak” izeneko irratsaioa egiten hasi nintzen. 1960ko hamarraldian Patxi Mujikak grabatutako bertso-saioak ziren. Ordu arte, bere horretan ematen ziren, oso-osorik, baina kexa dexente jaso genuen, hori ez zegoela horrela ematerik, editatu beharra zegoela… Zeren, gainera, grabaketa denboran Patxi Mujika ez zen isiltzen eta makina bat zehaztapen, ezdeuskeria eta iruzkin egiten zuen, etengabe bertsoak zapalduz…” .

Patxi Mujikaren bizitza nobela bikaina izango litzateke, esan du Aldaik, erdi txantxetan. “Joan-etorri handiak egin zituen…. 1968an Alemaniara joan zen ihesi, eta itzuli zenean, jubilatzeko gertu, beldur zen ezer gabe geratzeko; orduan, Euskadi Irratiari saldu zizkion 60. hamarraldian herriz herri grabatutako hainbat material, guztiak oso baliotsuak. Hilero bi zinta ekartzen zituen, eta ordainetan diru mordoxka bat ematen zioten. Baina handik denbora puska batera, Alemaniatik berak uste baino sos gehiago etorri zitzaion, (markoak pezetak baino gehiago balio zuelako) eta orduan, zintak ekartzeari utzi zion”, oroitu du. “Mujikak esaten zuen hona ekarri zuena etxean zeukanaren erdia ere ez zela. Orduan, auskalo non ote dagoen orain guk ezagutu ez genuen material hori guztia! Izan ere, gizona hil egin zen, eta zinta horien berririk ez da inon”.

Aldaik urteak eman zituen artxibo hura guztia ondo sailkatzen, fitxak egiten, editatzen…. “Lan asko egiten eta denbora luzean aritu behar izan zuen egiteko horretan”. Izan ere, Euskadi Irratiaren bilduma ez zen Mujikaren perlekin bakarrik osatu. Beste biltzaile batzuei ere irratiek beren materiala erosi zieten. “Beste pieza klabe bat Joxemari Iriondo zen, hori ere, garai batean, asko ibili baitzen grabatzen. Loiolatik atera zenean grabazio guztiak hartu eta bere etxera eraman zituen, eta, beraz, Irratiak hari ere eskaintza bat egin zion”. Antonio Zavalak ere grabaketa piloa omen zuen gordeta, eta hari ere hainbat erosi omen zizkion irratiak.

Xabier Sukiak hartu du hitza, bat-batean: “Urte horietan Nikolasek osatu duen artxiboa ikaragarria da. Benetako harribitxia. Euskadi Irratian denetarik gordetzen da eta izugarri ondo klasifikatuta dago. Milaka eta milaka fitxa eta bertso daude, zehatz-mehatz gordeta….”, esan du. “Itsaso handi bat da, eta lanean sei urte baditut ere, oraindik nik ez dut dagoen guztiaren berri”.

Eta hitza jolas bihurtu zen

Bi irratsaio mota egiten hasi zen Aldai, bertsolaritzari buruz. Batetik, “Mujikaren euskal perlak” emititu zuen, hark ekarritako materiala agortu zen arte, eta bestetik, eguneko bertsolaritzari buruz arduratzen ziren saioak. Denborak aurrera egin ahala, ordea, bigarren atal honetan ere bi adar bereizten hasi zen: “Alde batean, asteburuko saioak biltzen zituen saioa zegoen, aktualitateko bertsoak, nolabait. Beste aldean, berriz, eta hitza jolas bihurtu zen egiten hasi nintzen. Hori ez zen asteburuko bertsoekin osatutako bilduma bat izango, bertsolaritzarekin osatutako saio bat baizik”. XVII. mendetik hasi eta gaur arte, bertsolaritzaren inguruan interesa zuen edozer lantzen hasi zen irratsaioa: egile eta sorta ezezagunak, elkarrizketa sakonak…. “Nolabait esateko: bertso kultura”, azaldu du Aldaik. Saio horrek, asko irakurtzeko eta miloika bertso ezagutzeko aukera eman ziola nabarmendu du.

Izan ere, mimoarekin egindako irratsaioa izan nahi zuen “Hitza jolas” hark. Hasieratik, zerbait landu egiteko asmoa argi geratu zen. “1993. urte inguruan, larunbat eguerdian irratsaio berri bat egiteko eskatu zidaten, franja horretan inork ez zuela Euskadi Irratia pizten eta pixka bat bizitu beharra zegoela. Hala, pixkanaka-pixkanaka hasi nintzen, mimo handiz eta harrotasun pixka batekin, egia esan behar badut, eta denborarekin, urte batean, Euskadi Irratiko saiorik entzunena izatera iritsi zen”, gogoratu du.

Lehenik, asteburuetako saioetako ale hautatuak ematen zituen, eta gero, “atzera begiratzen nuen eta memoria kolektibotik, egunari loturik ekarri zitekeen hori ekartzen nuen”. -Zergatik egunari lotuta? “Beti berritzen zen gurpil handi bat, martxan jartzeko, modurik onena zelako. Urtero, larunbatetan data desberdinak tokatzen zirenez, beti banuen soka berria… Ze, kapritxoaren arabera egiten baldin baduzu, arriskua dago, gauza batzuk askotan jartzeko eta beste batzuk inoiz ez”.

Irrati publiko batek izan behar duen “zerbitzu publiko” izaeraren arabera jokatzen saiatu da beti Aldai. Hala, adibidez, bertsolariak hautatzerakoan lurraldetasuna, adin-esparru ezberdinak, eta -ahal zen neurrian- generoa, irizpide gisa erabili zituen hasieratik, ahal bezain saio ponderatu eta orekatua eginez. “Eskolartekoari leku handia ematen nion, eta baita bertsolari gazteen sariketei ere… Nahiz eta gehienbat, helduen plazako bertsolaritza agertu. “Plazarik edukitzen ez zuten hainbat bertsolariri ere, (askotan, adinean aurrera eginak) beren tartea egiten saiatu zen. “Bertso batzuk eskatzen nizkien, propio, irratsaiorako. Esaldi bat eman eta hari hiru bertso kantatzeko proposatzen nien, esaterako”.

Bertsozale Elkartea vs EITB

Zailtasun handiko garaiak ere izan zituen, ordea. Nola egin bertso irratsaio bat, plazatan bertsoak grabatzeko aukerarik ez baduzu? Bada, bi edo hiru urtez honela ibili zen Nikolas Aldai: ia grabaketak egin gabe egin behar izan zituen irratsaioak, haserrealdi handia zegoelako Bertsozale Elkartearen eta EITBren artean. Telebistan Hitzetik Hortzera etetearen ondorioz, Elkarteak planto egin eta hark antolatutako saioetako bertsoak emititzea debekatu zion EITBri, eta beraz, baita Euskadi Irratiari ere. “Zaku berean sartu gintuzten etxe honetako guztiak, eta hainbat denboran gaurkotasuneko bertsorik ia ezin emitituz ibili ginen”, gogoratu du Aldaik. Izan ere, Elkartearen eta EITBren arteko liskar harekin…. Entzuleei egin zitzaien kalterik handiena; bertsozaleei”.

Xabier Sukiak hartu du hitza, berriro. “Erantsi nahi nuke, Nikolasi benetan garai gogorrak egokitu zitzaizkiola. EITB eta Bertsozale Elkarteko ezinikusien garai haietan, bera erdian egokitu zen, eta alde bietatik hartu zituen muturrekoak, tartean zegoen zerbitzu publikoaren izaera hori oso barneratuta zuelako: “entzuleak ezin du hau galdu”. Segur aski, garai hartako anekdota asko izango ditu, diskrezioz, beretzat gordeko dituenak”.

Erreleboa

Zorionez, urak baretu egin ziren denborarekin eta Bertsozale Elkartearen eta EITBren arteko harremanak egonkortzearekin, normaltasuna itzuli zen. Urteak bete ahala, ordea, Nikolas Aldairi erretiratzeko sasoia heldu zitzaion. “Ni hona heldu nintzenean anabasa izugarri batekin aurkitu nintzen eta hori guztia antolatzea, helburu eta norabide batekin, obsesio bihurtu zitzaidan, nire ondotik etortzen zena ez zedin zerotik has, niri gertatu bezala”, esan du. Hala erreleboa ondo prestatu eta urte horietan guztietan egindako lana, ondoren etorriko zenaren eskura jarri zuen, erraztasun guztiak emanez. “Nik gorde nezakeen urtetan egindako guztia eta alde egin; baina ez zitzaidan hori jator jokatzea zela iruditzen eta bertsolaritzarentzako ere ez zen ona izango. Hala, dena zegoen bezala utzi nuen: fitxa bakar bat ere eraman gabe, hurrengoa denaz balia zedin. Handik denbora batera jakin nuen Xabier Sukia izango zela nire ordezkoa, eta neukan guztia jarri nion eskura. Nondik nora eginda zeuden gauzak, nola balia zitezkeen…. Ez nuen sekreturik gorde”.

Buruarekin baietz egin du Sukiak., eta elkar nola ezagutu zuten kontatu du. “Ni Euskadi Irratira bekadun gisa etorri nintzen, uda arrauna emititzen pasatu nuen, gero gauza bat eta beste… Beste lankideak bezala, Nikolas pasilloetan gurutzatzen nuen, eta ni bertsolaria nintzenez, konplizitate handia sortu zen gure artean”. Aldai Sukiarengana joaten omen zen, bere aurkikuntzak partekatzera: “Etorri eta entzun ezak Uztapideren bertso hau, ea zer iruditzen zaian!”.

Halako batean, Aldai jubilatu egin behar zela eta, Sukiari eskaini zioten haren lekukoa. “Zorte handia izan nuen, justu hasi berritan, han egokitu nintzelako, hari erretiratzea egokitzen zitzaionean. Beste norbait egon izan balitz, hari eskainiko zioten…”, esan du. Nolanahi ere, aukera handia izan zen harentzat. “Batetik, bertso irratsaio bat Euskadi Irratian zuzentzeko aukerak sekulako ilusioa egin zidan, baina bestetik, erantzukizun pixka bat ere bai. Baina hasieratik, Nikolas ondoan izan nuen, nik bakarrik hegan egiten ikasi arte. Horiek horrela, perfektua izan zen erreleboa. Guztiz naturala. Aitapontekoa izan nuen: truko guztiak erakutsi zizkidan…” Geroztik, erredakzioan, ba omen da Xabierri “Nikolas Txiki” deitzen dionik. Baita “XabiNiko” ere.

Jada sei urte pasatu dira Sukiak programa beregain hartu zuenetik, baina hala ere, oraindik ere, Aldaik egindako lana deskubritzen ari dela aitortu du. “Bertsolaritzaren memoria historikoa antolatzen egin duen lana errekonozitzea oso zaila da. Izugarrizko altxorra baita”, nabarmendu du.

“Ni itsaso horretan igeri egiten ikasten ari naiz, baina konturatzen naiz, behera begiratuta ez dudala fondoa ikusten, eta gainean nabil, jolasean. Olatuak hartzen ditut… baina duen

sakontasun osoan ez dut oraindik ondo ezagutzen”.

Haize berriak

Gaur egungo erronkak zein diren galdetu eta, Sukiak argi dauka: teknologia berriei egokitzea. “Garaiak aldatzen ari dira, eta orain, interneten egon behar duzu. Edukiak sarean egon behar dira, eta horri jaten emateak lan estra handia ekartzen du. Saiatzen naiz egokitzen, esparru berrietan ere esistitzen…. baina ez da erraza”.

Sukiak ondo azaldu du bere kezken zergatia. “Edozein esatariaren ametsa da, larunbatean saioa egitera zoazenean, jakitea baduzula hainbat entzule, irratia ordu horretan pizteko zain. Baina erreferentzia hori galtzen ari da. Lehen irratsaio bakoitza bakarra zen, halako ordu eta egunetan ematen zen eta puntu…. Eta horregatik, gure etxean adibidez, ume ginenean sakratua zen gustuko irrtsaioaren momentu hura. Denak isilik eta hasieratik eta bukaera arte entzuten zen. Baina gaur egun, internetekin, hori galtzen ari da. Edozein momentutan edozein tokitan kontsumi dezakezu edozer”.

Interneten irudiak duen garrantziarekin ere, kezkatuta agertu da. “Guk horrekin ezin dugu konpetitu”, esan du. Aldaik ez kezkatzeko erantzun dio. “Irudia osagarri baino ez du bertsoak. Bertsoa entzuteko da batez ere. Horregatik iraungo du. Hitzetik hortzera baino gehiago, Hitzetik Belarrira doa”.

Estudiotik ateraz, kalakan segitu dute beren artean. Baina ez luzerako. Kanpoan, lankide ohi multzo bat dago, Aldai jubilatua bisitan etorri dela entzun dutenak, eta musu eman eta goraintzi esan nahi diotenak.