Europa bat-batean jardunaldiek gogoan eta gogorarazteko utzitakoak
Europa bat-batean Europa bat-batean
Erdigunea ertzei begira jarri zenekoa
Kulturarteko jardunaldia. Halaxe zuen izena ia porturatzean jaso ninduen ontzi hark. Aurrez trabesia luzea zekarren, nik inbidiaz lehorretik ikusia. Kulturarteko topaketa. Bazuen topaketatik zerbait, lehen egunekoa agian, ozta-ozta; gainerakoa sakonegi joan baitzen topaketa soila izateko, esan dakioke ezagutza, baina esango diogu lagunartea. Kulturartekoa erabat izan zen, hori bai. Kulturartea da hitza.
Kultura globalaren aurrean erronka suposatzen zuen tokiko kulturari oihartzuna emateak. Are gehiago, tokiko kultura haiek zegokien herrialdetik atera eta elkarrekintzan jartzeak. Baina ontzi hartan erronkak ilusioz hartzen ziren eta halaxe antolatu zen uztaileko topaketa ere. Kuba, Zipre, Gales, Balear Uharteak, Austria, Mexiko eta Euskal Herria elkarrekin aritu ziren inprobisatzen, norbere tradiziotik.
Inprobisazio emanaldiak eta inprobisazioaren inguruko jardunaldi akademikoak uztartu zituen topaketak. Euskal Herriko Unibertsitateko unibertsitatetik ere bertsotan agertu zuten inprobisazioa eta zientzia kontraesana izan zitezkeela, baina agerian geratu zen akademiak asko egin dezakeela bertsoaren alde eta bertsoak akademiari eskaintzeko esparru zabala duela.
Topeketetan elkartutako inprobisatzaile guztiek eta guztiok halako gosez entzuten genituen besteen esperientziak, halako pozez entzuten gure sentipen berak besteen ahotan eta halako indarrez ikusten genuen kezka bertsuak izan arren gainditzeko bideak zabaltzen ari ginela gure irla banatan… Kultura globalak inguratuta, horixe bera delako tokiko tradizioa, irlatxo bat.
Ez ziren alferrik landu artxipelagoaren metafora eta korrontearen aurkako bidea emanaldietan, ezta tabakalerako periferiako aldarriak ere. Ez zen alferrik bihurtu erdigune Bilintxi eskainitako kale inkomunikatua eta ez zen alferrik Oñatiko pezera erabili arnasa hartzeko. Asteazkeneko emakume inprobisatzaileen saiorako bileran aipatu zen bezala, topaketa osoa omenaldi bat izan zen: inprobisatzen dugula, bagarela eta elkartu garela ospatzeko.
Eta ospakizun horrek jende asko harritu zuen inguruan, kultura globalari lotutako askori piztu die interesa eta erdaldun batek baino gehiagok agertu zuen inprobisatzaileek testuak ulertzeko interesa. Hain zuzen, ez zelako gaztelania izan elkar ulertzeko zubi, gehienetan; zuzeneko itzulpen bidez moldatu izanak agertzen du artxipelago hori metafora hutsa baino lotura handiagoa dela. Kubatar eta mexikotarrek ere euren belarriak eskaini dizkigute jakin-minez, euskarazko itzulpenak ulertarazteko.
Euskaldun bezala plazer txiki bat izan zen hori ikustea, plazer handia gainerako hizkuntza gutxituekin konplizitate hori sentitzea. Euskaldunok, galestarrak eta katalanak bezala, ohituta gaudelako ertzetik begiratzen. Baina zer, ertz hori hiru puska egiten denean? Zer, hiru ertzetara begiratu behar dugunean?
Gure inguruko ertzek ahotsa altxatzen dutenean, bizkarra nori eman erabaki behar dugu. Egunero erabakitzen dugu, baina asteazkenean tabakaleran fisikoki sentitu ahal izan genuen zerbait galtzen genuela. Eta hori da gakoa: zentrotik eta zentrora begira dagoenak, inguruko guztia galtzen duela. Hiru ertzetako ahotsek deseroso jarri gintuzten, posturaz etengabe aldatzeko beharra sentiaraziz (eta zein den hori osasungarri, fisikoki zein bestela).
Ez al da ba hori bera aste osoan zehar egin duguna? Ertzak zentrora ekartzen ahalegindu baino, harrotasunez erakutsi gure ertzetan badagoela entzutea eta ikustea merezi duen asko, tokiak elkarbanatu beharko genituzkeela, txandakatu. Astebetez, ertzetik datozen ahotsei egokitu genien gure postura; ertzeko ahoskerei belarriak eta ertzeko mezuei barrua. Mundua ertzez betetako esfera da, nonbait, eta gure irla ez du urak soilik inguratzen.
Europa bat-batean
Europa bat-batean