Europa bat-batean akademia

Argazkiak: Conny Beyreuther

Europa bat-batean akademia –

Europa bat-batean egitasmoaren alderdi akademikoa ez zen Miramarreko kongresua bakarrik izan. Bidaiak izan zuen beste geltokirik, Euskal Herritik at ere bai, nahiz modu desberdin eta maila xumeagoan izan: Leonen, Bartzelonan eta Euskal Herriko hainbat hiri zein herrietan eskainitakoa horren lekuko.

2015eko azaroan izan ziren lehen bi hitzorduak; Cerezalesen (León, Espainia) eta León hiriburuan (Espainia). Sierra Pambley eta Antonino y Cinia kultura fundazioekin auzolanean antolatu genituen bi hitzorduak. Saioetan Kanarietako, Galiziako eta Euskal Herriko inprobisatzaileak aritu ziren kantuan. Saioez gain León hiriburuan mahai-ingurua ere prestatu genuen aipatu herrietako ordezkari banarekin, bakoitzaren inprobisazioaz eta inprobisazioaren testuinguruaz berba egin zezaten. Jende asko etorri zen mahai-ingurura eta handia izan zen galderetan zein mahai-ingurua bukatutakoan erakutsi zuten jakin-mina eta miresmena. Berriz joateko deituko omen gaituzte.

2015eko abenduan, berriz, Badalonan eta Bartzelonan aritu ginen, oraingoan Cor de Carxofa glosadore elkartearekin elkarlanean. Hor ere bi saio eta mahai-inguru bat. Hor ere interesa eta jakin-mina ikerkuntzaren ikuspegitik antolatutako solasaldi dibulgatiboaren karietara.

2016ko apirilean, atzerrian gabe Euskal Herri osoan gaindi izan genituen hitzorduak: Bilbo, Hernani, Donostia, Iruñea, Markina-Xemein, Uztaritze eta Aramaion. Horietan guztietan aritu ziren bertsolariak ez ezik, gonbidatutako kanpoko inprobisatzaileak: sardiniarrak, kurduak eta kataluniarrak. Berez, eta batez ere bertso saioak ziren hitzorduak. Aldiz, saio guztietan homeopatia dositan eman genuen zientzia doia. Izan ere, gonbidatutako kantu inprobisatuei buruzko azalpen laburrak eta oharrak eman genizkien gerturatutakoei. Horretarako primeran etorri zitzaigun Xenpelar Dokumentazio Zentroaren eskutik eta Kulturartea Mapari esker eskuratu eta landutako informazioa. Argibideak atsegin eta labur eman zitzaizkion publikoari, gehiago ikasteaz gain, ikuskizuna hobeto prezia zezan.

Hala ere, uztaileko Topaketako kongresua zen baliorik handieneko hitzordua. Izan ere, nazioarteko 34 lagun gonbidatu genituen bertara, hitzaldi, mahai-inguru zein beste moldetan (erakusketa, film, omenaldi…) era aktiboan parte har zezaten.

Hogeita hamalau lagun horietan goi mailako ikertzaile eta adituak zeuden; kantu inprobisatuaren hainbat esparrutan zaildutakoak; munduko hamaika txokotatik etorriak; hainbat belaunalditakoak; erdia baino gehiago emakumeak… Hogeita hamalau koloreko ortzadarra izan zen Miramarrekoa.

 

EUROPA BAT-BATEAN UZTAILEKO KONGRESUA 

Hitzaldiak, hizlariak, hitzak

2003an Bertsozale Elkarteak antolatu zuen lehen Kulturarteko Topaketa Donostian. Lehena izaki, dena zuen abiatzeko, eraikitzeko, hedatzeko. Hari esker etorri da, hein batean, Mintzola Ahozko Lantegiak antolatutako bigarren hau. Eta hark ezarritako oinarriari esker, hain segur, gauza batzuk errazago apailatu ditugu. Esate baterako, hitzaldien definizioa. 2003ko hartan, halabeharrez, gai asko jorratu ziren. Oraingoan, Kulturartea Mapa lagun, geuk hautatu genituen gaiak, eta haietan egokitzen ziren azpigaiak definitu eta hizlariak xerkatu genituen.

Bost eguneko kongresua izan da, eta egun bakoitzak gai jakin bat izan du ardatz. Hori horrela izateak kongresuko parte hartzaile guztiak kokatu gaitu egun bakoitzean, egoera formalean zein kafearen bueltako iritzi trukean. Gisa berean, komunikazio esparruan ere lanak txukuntzen eta eraginkorrago izaten lagundu digu. Eta berdin eskaintzetan; kantu inprobisatuarekin bainoago zeharkako beste gairen batekin interesaturik zegoenarengana iristea ahalbidetu digu egunkako gai antolaketak; dela generoaren kasuan, dela hizkuntza gutxituenean.

Uztailaren 11n, 5 kantu inprobisaturi buruzko deskripzioak zein egungo egoerak entzun genituen: Herrialde Katalanak, Austria, Murtzia, Zipre eta Brasilgo adierazpideei buruzko hitzaldiak izan ziren. Oso maila onekoak iruditu zitzaizkigun, baina bat azpimarratzekotan Josep Vicent Frechinaren esposizioa nabarmendu zen, Herrialde Katalanetako kantu inprobisatuaren egungo egoerari buruzkoa. Lehendabiziko egun horretan, bost hitzaldiak ez ezik, izan zen besterik ere. Beñat Romerak, Beñat Krolem, Oholtza erakusketari buruzko argibideak eman zizkigun. Oholtza erakusketa Beñatek egindako eta EHUko Laboa Katedrak eta Mintzola Ahozko Lantegiak saritutako ikerketa lan baten ondorioa da. Bertsolaritza eta irudiaren arteko zubiei buruzko ikerketa lana du egina Krolemek, eta ikerketa beraz gain, Oholtza erakusketa eta Oholtza performanceak izan ditu emaitza. Gaur egun, Lankuko eskaintzetan aurkitu daiteke Oholtza performancea. Beñatek ikerketan sakontzen jarraitzeko asmoa du.

Uztailaren 12ko hitzaldiak kantu inprobisatuaren transmisioari buruzkoak izan ziren.

Horiek ere onak iruditu zitzaizkigun, batzuk oso. Kantu inprobisatuaren transmisioari buruzkoak izanagatik denak, arrunt diferenteak izan ziren talaiak nola batzuen maila zientifikoa. Baina bukatutakoan, aurrez somatutakoa egiaztatu genuen; elkarren osagarri izan ziren bertan ginenon gozamenerako. Kubako zein Mexikoko transmisioari buruzko azalpenak jakingarri iruditu zitzaizkigun. Zer esanik ez kultur-ekosistema sortzeko bertsolaritza garaikidearen estrategiari buruzkoa. Azken horrek, Mintzola Ahozko Lantegiak sustatutako ikerketa bat du iturri: Bertsozaletasunari buruzko III. ikerketa soziologikoa; ontsalaz 2017ko urte hastapenerako bururatuko dena. Hunkigarria, berriz, lehendabiziko bertso eskolak gogoan entzun genuen elkarrizketa-hitzaldia, luxuzko bi lekukoren ahotik. Bigarren eguna biribiltzeko, Herrialde Katalanetako kantu inprobisatuari buruzko ordubeteko Glosadors dokumentalaz gozatu genuen. Zorionekoak gu, dokumentalari buruzko azalpenak emateko zuzendarietako bat, Roser Texido, izan baikenuen gutartean.

Hirugarren eguneko hitzaldiek generoa zuten gaitzat. Oro har, hitzaldi txukunak iruditu zitzaizkigun, baten bat mami handikoa. Baina topatu genuen kolore urdineko laranjarik zorroan, batez ere jarrerari zegokion urdina. Goiza urrentzeko generoari buruz antolatua genuen mahai-inguru bikaina, hain segur bikaina izango zen, eskainitako denbora baino gehiago eskaini izan bagenio. Gehiago eta, batez ere, sakonago mintzatzen entzuteko gogoz geratu ginen gehienok. Kongresuak goizean zuen gaiak arratsaldeko bertso saioan zuzeneko edo zeharkako presentzia eduki zezan saiatu ginen; uztailaren 13ko kasuan itsuak ere ikusteko modukoa izan zen.

Uztailaren 14ko hitzaldiek ahozkotasuna munduan zuten gaitzat. Kantu inprobisatua mundura hedatu nahi genuen eta ahozkotasunaren ikusmira zabalean kokatu. Mintzola Ahozko Lantegia lanean ari da Unescok bertsolaritza munduko ondare ez material izenda dezan. Egitasmo horretan Unesco Etxea eta Jaurlaritza ditu bidelagun, eta haien ikuspegiak eta gureak uztartu genituen aurrera begira. Egun horretan, modu diferentean baina, ahozkotasunaren ikerketan bi mugarri direnak izan genituen gure artean: Ruth Finnegan eta John M. Foley zena. Lehenak ahozkotasuna eta poesiari buruzko hitzaldia eman zigun. Foleyri, eta hark ordezkatzen zuen Oral Tradition ikerketa zentroari, omenaldia eskaini genion, kantu inprobisatuari oro har eta bertsolaritzari zehazki egindako ekarpen eskergarengatik. Azken buru bezala, hamaika lagun eta partaideren ahotik, Kulturartea Maparen aurkezpen publikoa egin zen. Kulturartea Mapa munduko kantu inprobisatuen informazio pila biltzen eta plazaratzen duen egitasmoa da, batez ere Xenpelar Dokumentazio Zentroari esker dabilena.

Azken eguneko hitzaldiak hizkuntza gutxituek kantu inprobisatuarekin duten harremanari buruzkoak izan ziren. Hitzaldiek, elkarren osagarri izaki, asko luzitu zuten, gai bera hainbat talaiatatik aztertu baitzen. Hitzaldien artean zen Laboa Katedrak, EHUk eta Mintzola Ahozko Lantegiak finantzatutako doktore tesia oinarri duena: bertsolaritzaren transmisioak hizkuntzaren berreskurapenean duen eragina du aztergai aipatu tesiak. Hitzaldien ondotik, eguneko hizlari izan zirenek mahai-ingurua osatu zuten; ikasleen partaidetza zein moderatzailearen egokitasunari esker oso arrakastatsua gertatu zena.

Bertan izan ez zena, aipatutakoaren arabera, konturatuko zen dagoeneko hitzaldiez eta mahai-inguruez gain, kongresuak eskaini zuela besterik: Oholtza erakusketa, Glosadors filma, Foley eta Oral Traditioni buruzko dokumentala, eta Kulturartea Maparen aurkezpena. Horretan behintzat asmatu genuela uste dut, hots, horiei guztiei tartea egiten. Izan ere, formaz zein edukiz beraien balioa ederra izateaz gain, osotasunari, kongresuari berari ere eramangarriagoa eta koloretsuagoa izatea ekarri baitzioten.

 

Hizlariekin harremana

Edozein kongresutan ez bezala, hizlariekin eduki genuen harremana berezia izan zen. Ez baitzen izan kongresura azaldu, hitzaldia eman eta kito. Ezta hurrik eman ere! Gosaltzen, bazkaltzen, afaltzen… elkarrekin genbiltzan. Zer esanik ez, arratsaldero tentu eta talentu handiz antolatutako ezohiko bertso saio berezietan. Eta autobusean harako bidaietan eta itzulerakotan, eta gauero Kresala elkarteko afarietan eta afalondoetan, eta… Hizlariekin izan genuen harremana oso ona izan zen, batzuekin bikaina, hor ere laranja urdinen bat izanagatik. Kongresurako eskatu zitzaien guztia zintzo eta zuzen bete zuten. Kongresu tenoretik kanpora, berriz, oro har, gogotsu eta pozik ibili ziren taldean, lagun giroan. Hori ere bazen aurrez genuen helburuetarik bat, eta uste dugu lortu genuela. Horren lekuko dira horietako batzuek balorazioetan nabarmendu dizkiguten abegia, gertutasuna, eskuzabaltasuna.

 

Ikasleria

93 ikasle izan zituen kongresuak. Luxuzko ikasleak izan ziren asko, tartean izan baitziren goi-mailako ikertzaileak eta inprobisatzaileak. Hain segur, horregatik izan zen hain parte hartze ona galdera-erantzunen tarterako aukera izan zelarik. Hitzaldi batzuek galdera asko eragin zituzten.

Hau idatzi arte eskuratu ditugun kongresuari buruzko ikasleen balorazioak oso onak izan dira. Kongresuaren egitarauari buruzko galderetan, esaterako, asebetetze maila oso altutzat jo zuten. Eta berdin zioten gaien kalitateari, kongresuaren iraupenari zein gaian sakontzeko interesari buruzko balorazioetan. Irakasle edo hizlariei buruz eman zituzten notak ere altuak izan ziren. Antolakuntzari buruzko kontuetan gisa bera: matrikulen kudeaketa, interpretazioa, egoitza… dena oso ongi. Haiei egindako harrera eta zaintza izan zen notarik altuena jaso zuena; zenik eta gorena.

 

Kontu teknikoak

Mila kontu tekniko landu, borrokatu eta lotu behar izan genituen kongresuaren aurreko egunetan, borondatezko eta langilez osatutako Akademia batzordearen bidez; edo ezinbestean, Bertsozale Elkarteko langileekin elkarlanean. Horiek prest utzi eta baten batek pentsatuko zuen berez ibiliko zela gurpila maldan beheiti nola. Baina ez, ohi bezala, ez; zuzenekoaren aferak. Goizegi joan behar omen genuen goizetan, kafea hartzera joan beharko genuela ez aspertzekotan… Bada, ez genuen kafe bakar bat ere hartu; beti bazen zerbait, edo behar zenik falta zen…

Eskerrak sekulako talde eraginkorra aritu zela kongresuaren alderdi tekniko bakoitza ganoraz zaintzen. Eta gure artean ere, nahiz eta noiztenka gaitza izan, ederki koordinatu ginen; bat gehi bat egin eta hiru eman zigun batuketak. Eta ez zen izan arazorik izan ez zelako. Aitzitik, asko izan ziren; txikiak, ertainak eta handiren bat ere bai. Baina aterabideak aurkitu genizkien. Miren Artetxe denbora eta teknologien kudeaketan jardun zen besteak beste; Maider, Itsaso eta Jonpi trinitatea harrera eta laguntzaile lanetan; Nere zaintza eta zenbaitetan arduradun; Oihana grabazioaren aferan; Miren Irigoien interpreteen zaintzan eta baten bat ahaztu badut (barka) hura ere ederki ariko zen, seguru. Gure lanak beste sailetako lankideekin eta eragileekin harremanetan egotea eskatu zuen, eta oso ongi moldatu ginela iruditzen zait: interprete taldea, EHUko Udako Ikastaroakeko kideak, komunikazio eta hedapen sailetakoak… denoi esker karratua biribildu genuen.

Ez da kontu erosoa denbora kudeatzea eta ordulariaren arabera zorrotz jokatzea. Baina holakoetan zorrotz jokatzea komeni da inor gutxietsia edo haserre ez dadin senti, eta uste dut lortu genuela. Horretan, hizlariekin aurretik goizero hitz egiteak asko lagundu zigun.

Hizlarien aurkezpenak, berriz, ikerkuntza taldeko eta genero batzordeko borondatezko kideek egin zituzten. Borondatezkoen parte hartzea bultzatzea bazen helburuetako bat eta, kasu honetan behintzat, lan ederra egin zuten, bakoitzak bere estiloaren arabera.

Mahai-inguruen moderazioak oso ongi kudeatu zituzten Ainhoak zein Pablok, bakoitzak berea, egoki aritu ziren gaiaren ezagutzak lagunduta hain segur.

Interprete taldeak oso lan ona egin zuen. Eta eskerrak! Interpretazioaren aferak ez baitzigun buruko zein tripako min txikirik eman. Bukatutakoan interpreteek eskerrak eta zorionak eman zizkiguten hitzaldi guztiak kongresua baino askoz lehenago idatzita helarazi baikenizkien. Horri esker hitzaldiak egoki prestatu eta kalitate bikainez interpretatu ahal izan zituzten. Ondorioz, atzerritar batek baino gehiagok aipatu zigun itzulpenaren maila bikaina.

 

Azken puntuak eta txirlak

Bi norantzako helburu gorena lortu genuen. Batetik, hainbat kantu inprobisaturi zein haien alderdi jakinei buruzko ezagutza zuzenean jaso eta kontrastatzeko aukera izan genuen. Eta bestetik, bertsogintzari eta bertsolaritzari buruzko ezagutza eraman zuten kanpoko hainbat adituk eta inprobisatzailek.

Autokritika gisa, aitortu beharko genuke itzalik ere egin zuela kongresuko argiak. Guk nahi eta espero baino bertsolaritza munduko eragile gutxiago erakarri genuen Miramarrera. Ez dakigu, ordea, zer gehiago edo bestelako behar zen: gaiak erakargarriak ziren, hizlariak puntakoak, udako sasoian, Euskal Herrian, atzerriko inprobisatzaileak eta ikertzaileen lanak aurrez aurre ezagutzeko parada bakana da berez…

Bertsolaritzan dabiltzan borondatezkoren artean zein borondatezko eta soldatapeko langileen artean harreman berriak hasi, edo zirenak sakondu ziren kongresuari esker. Horrek ere badu bere balioa etorkizunera begira.

Europa bat-batean itsasgorak utzi ote digu txirlarik? Batzuk bai:

–Kantu inprobisatuei buruzko jakintza eta harreman sarearen hedapena.

–Borondatezko gazteei zein Bertsozale Elkarteko langileoi kongresu erraldoi bat antolatzearen eskarmentua; gehienek lehen aldia zuten.

–Bertsolaritzan dabiltzan soldatapeko zein borondatezkoen arteko harremanen trinkotzea.

–Kantu inprobisatua sortzen edota ikertzen duten pertsonen arteko harreman zuzena, gerora harremanak edo antzeko topaketak eragingo dituena.

–Mintzola Ahozko Lantegiaren ibilbide laburraren zenbait emaitza erakustea:

  • Mintzolak sostengatutako doktore tesia.
  • Kulturarteko Mapa.
  • 2016ko bertsozaletasunaren ikerketa soziologikoaren lehen emaitza.
  • Oholtza erakusketa eta performancea.
  • Kulturartea proiektua bera.

–Kulturarteko Maparen aurkezpena eta sendotzea. Munduko kantu inprobisatuen erreferentzia nagusia izatera iritsiko da hain segur. Kongresuan zirenetako batzuek Maparen informazio horniketan parte hartuko dute.

–Munduan zehar bertsolaritzaz zein Euskal Herriaz oso iritzi ona zabalduko duen jende taldea; hala adierazi digute askok behintzat behin etxeratuta helarazi dizkiguten zorioneko eta esker oneko idatzietan.

 

Eta fini

Berriz egin dugu ederra. Atseden pixka bat hartu eta ea luze gabe beste bat antolatzeko abagunerik dugun; Mintzolan zein Bertsozale Elkartean gogorik eta gaitasunik ez da falta.

Europa bat-batean akademia
Europa bat-batean akademia  Europa bat-batean akademia  Europa bat-batean akademia  Europa bat-batean akademia  Europa bat-batean akademia  Europa bat-batean akademia  Europa bat-batean akademia  Europa bat-batean akademia  Europa bat-batean akademia  Europa bat-batean akademia  Europa bat-batean akademia  Europa bat-batean akademia  Europa bat-batean akademia  Europa bat-batean akademia  Europa bat-batean akademia  Europa bat-batean akademia  Europa bat-batean akademia  Europa bat-batean akademia  Europa bat-batean akademia