ETA ZER GEHIAGO?

Andoni Egaña-(r)en argazkia Andoni Egaña 2020-01-22
Argazkiak: J.M. Bielsa

ETA ZER GEHIAGO?

Xabier Lizaso eta German Ormazabal piano-jotzaileak lehendik ezagutzen nituen. Lizasorekin duela zazpi-zortzi urte hasi nintzen lanean, eta Bi arreba eta Garai hura gara ikuskizunak osatu genituen. Ormazabalekin, berriz, duela pare bat urtetik hona Artxipielagoaemanaldia jokatu dugu antzokiz antzoki. Biak batera etorri zitzaizkidan ea hirurok zer egin genezakeen galdezka. Oso argi zeukaten bien proiektua zertan zetzan: bi piano igo oholtzara eta bi pianorentzat zegoen ondaretik obra batzuk aukeratu eta haiek jotzea. Niri, publikoa obraz obra ahalik eta goxoen eramango zuen errelato bat asmatzea eskatu zidaten…

Lehen bileratik erabaki genuen egia kontatzea bezalakorik ez dela. Egiak beti funtzionatzen duela. Bi piano-jotzaileek orain arte bizitzan egindako urratsen inguruko buruhausteak kontatzea erabaki genuen. Hamazazpina urte zituztela, bakoitzari bere ikastetxean, selektibitatea hurbiltzen ari zela eta tutoreak bulegora egin zien dei. Zer ikasteko asmoa zuten galdetu zien. Biek gauza bera erantzun zuten: pianoa!

Orduan orain baino mentalitate itxiagoak izatea ez da harritzekoa eta bai Xabierri eta bai Germani, bakoitzari bere ikastetxean, tutoreak gauza bera erantzun zien: “Pianoa? Eta zer gehiago?”. Piano ikasketak ez ziren nonbait aski. Beste zerbait ikastea komeni zen, zerbait “serioa”, piano ikasketek baino lan-irteera ziurragoak eskainiko zituena. Gainera, etxera joan eta guraso aurrerakoi samarrak egokituz gero, bazen esaldi bat oso ohikoa: “Pianoa? Besterik ez? Heuk ikusiko duk!”. “Heuk ikusiko duk!” hori ezezko borobila baino galgarriagoa zen gaztetxoarentzat. Ezezko borobilak errebeldiarako tartea uzten du sikiera. “Heuk ikusiko duk!”ek erantzukizun osoa norbere bizkar uzten du…

“Eta zer gehiago?” aurrera baino atzera eragiten zuen esaldia. “Heuk ikusiko duk!” erantzukizuna sentiarazteko esamoldea. Eta errematatzeko, “badaezpada ez al huke hobe…?” iradokizuna. “Badaezpada” da pobreen hiztegian kontsulta-sarrera gehien dituen hitza. “Badaezpada” ez da ametsen hiltzaile goiztiar bat baino.

Esaldiak esaldi, eta entzunak entzun, Xabier Lizasok pianoa eta pianoa bakarrik ikastea erabaki zuen. German Ormazabalek “berak ikusi” zuen eta “badaezpada” beste “zerbait gehiago” ikastea hobetsi. Egia hori kontatzetik hasi behar genuela pentsatu genuen. Eta egia horretatik abiatuta, bi pianoren laguntzaz, bizitzaz behar genuela hitz egin, bizitzako bidegurutzeez. Bi piano-jotzaileen historia partikularra da abiapuntu, baina iruditzen zitzaigun bizitzan bidegurutze askotan hartu behar izan dituztela erabakiak entzuleek ere. Eta bakoitza bere bizitzako bidegurutzeez pentsatzen jartzea da osatu dugun errelatoaren helburua.

Bi piano, bi lagun, bi bide desberdin… Kontrastea, figura poetikoetan oinarrizkoena. Zuria eta beltza. Pianoaren teklak. Xabier Lizaso bere erabakiaren ondorioz Sevillara joan zen pianoa ikastera. Londresera ere bai. Eta batik bat, Varsoviara. Han eman zituen hiru urte laurogeiko hamarraldiko Polonia zail hartan. Hotza, bakardadea, herrimina… Une batzuetan, hartutako erabakiari buruzko zalantzak; harrotasuna, besteetan, nahi zuen huraxe egiten ari zelako. German Ormazabalek Zuzenbide karrera egin zuen. Beste bide bat aukeratu zuelako pianoa jotzen segi zuen, baina ez piano-jotzaile profesional izateko asmoz. Herriminik ez zuen sentitzen hemen bertan bizi zen eta. Neurri batean, asebetetzen zuen bere musikaz kanpoko lanak ere. Baina herriminik ez bazuen ere bestelako min batzuk bazituen. Oroimina, etsimina eta, batik bat, jakin-mina. “Eta zer, pianoa eta pianoa bakarrik ikasten tematu izan banintz?”. “Eta zer, enpresen kudeaketari eskaini izan dizkiodan orduak eta orduak pianoari eskaini izan banizkio?”.

Abiapuntua bizitzak ipintzen dizkigun bidegurutze horiek ditu ikuskizunak. Hortik aurrerakoa, ez dut dena kontatuko, bestela gu entzutera inor gutxi etorriko da eta.

Aitorpen batzuk egin beharra daukat ordea. Ni, oholtza berean eta aldi berean bi piano-jotzaile sekula entzun gabea nintzen ikuskizun hau prestatzen hasi ginen arte. Ederra dela esan beharra daukat. Rasmaninoff, Ravel, Chopin, Milhaud, Piazzola, Brahms… dira emanaldirako hautatu dituzten musikagileetariko batzuk. Propio bi pianotarako egindako lanak dira jotzen dituzten gehienak. Zinematik ezagun egin zaizkigun lan batzuk ere sartu dituzte programan: Shindlerren zerrenda, Cinema Paradiso

Harritu eta miretsi egiten nau piano-jotzaileek entseatzeko duten grinak. Orduak ematen dituzte, euren hizkera moduan esanda, “estudiatzen”. Eta egunero. Egunen batean jo gabe egonez gero hurrengoan segituan antzematen omen dute eskuetako herdoila eta besoetako mina. Eta ni han, haiekin batera. Bertsolariok entseguak ez ditugu oso geureak. “Entseatu koldarrek egiten dute” esaldia da nik behin bota ondoren gure artean gehien errepikatzen duguna. Nik ere lan egiten dudala, baina beste era batera, esaten didate piano-jotzaileek. Kide izateaz gain lagunak ditut, dudarik gabe.

Bi piano-jotzaile eta bertsolari bat derrigor dira geldo samarrak oholtzan. Gure lanari bestelako distira eta mugimendua erantsi asmoz Agurtzane Intxaurragari eskatu genion laguntza. Berak eman dizkigu ideiak eta berak erakutsi digu ideia horiek nola burutu. Arlo arrotza zen gu hirurontzat, baina dagoeneko hiru-lau emanaldi egin ditugu Bergaran, Hondarribian, Donostian, Orion… eta gero eta erosoago sentitzen hasi garela esango nuke.

Bertsolariak zer egiten duen horrelako toki batean? Hitzezko errelatoa eramateaz gain, hiru-lau tarte baditut hitzezko esana indartzeko bertso-jarriak kantatzen ditudana. Eta bada beste tarte bat —egia kontatzea erabaki genuen hemen ere eta askotan elkartu izan gara eta inprobisatu Tolosako ihauterietan Txinparta Soziedadeko pianoaren jiran— non tokian tokikoari bertsotan aritzen naizen Germanen laguntzaz. Inprobisazioan inperfekzioa eder ere bada eta inprobisatzen ari naizen unea izaten dut emanaldi osoko lasaiena. Inprobisatzen ari zarela gaizki samar egiten nahiko ongi dago; exekutatzen ari zarela ongi samar egitea nahiko gaizki.

Publikoa, jakina, ez da ohiko bertso saioetako bera izaten. Harritu ninduen beste kontu bat da musika klasikoko entzuleek nola espero izaten duten bakoitzarentzat esku-programa bat non xehetuta azalduko den zer eta norena den emanaldian joko den oro. Gure publikoak, berriz, bertsotakoak, sorpresa nahi izaten du, ezustea…

Errelatoaren bukaera aldera kontatzen dugu bizitzako bidegurutzeetan bide bat hartuak beste bat uztea eskatzen duela, eta hortik sortzen direla gure zalantza, buruhauste eta barne-zurrunbiloak. Galera ere bai baita bizitza. Baina ezer ez da behin betirakoa. Bide-galtzeak, atzera-aurrerak, bidegurutzeraino itzuli eta utzitakoa hartzea… dena da onargarri. Hamazazpi urterekin pianoa eta pianoa bakarrik ikastea erabaki zuen Xabier Lizaso hura pedadogia kontuetan buru-belarri sartua dabil azkenaldian. Azkenaldian German Ormazabalek enpresa bateko kudeatzaile lana utzi eta arteari eskaini dio ordurik gehien. Eta nik… bertsoak uzteko tentaziorik ez dut sentitu baina pianoa jotzen hastekoa bai. Nork daki. Akaso, hemendik urte batzuetara…

ETA ZER GEHIAGO?
ETA ZER GEHIAGO?
ETA ZER GEHIAGO?
ETA ZER GEHIAGO?
ETA ZER GEHIAGO?
ETA ZER GEHIAGO?