Eta guk Bertx(h)ori dugu maite
Nafarroako hiriburuan ikasle giroa bertsozaletzeko antolatutako egitasmoa da Bertx(h)ori. Horra hor, “Zer da Bertx(h)ori?” galderari erantzuteko modu ezin zuzenagoa. Alabaina, konturatuko zineten dagoeneko hori baino askoz gehiago ere badela Iruñean lehia formatuan sortutako plaza hau. Sorreran, hastapenetan eta garapenean zehar gertatutako batzuk aletzen ahaleginduko gara datozen lerroetan. Gurekin hegan egitera etorri nahi?
Eta guk Bertx(h)ori dugu maite –
Saltsa badago
Ikasleek urteak ikasturteka antolatzen dituzte. Eta bada Iruñeko bertso ekosistemarentzat garrantzitsua izan zen ikasturte bat, 2021-2022koa, hain zuzen ere.
Nafarroako hiriburuan lur hartu genuen hainbat ikaslek 2021eko irailean, Nafarroako Unibertsitate Publikoan, zehazki. Gelan giro euskalduna genuela aprobetxatu eta NUPeko euskara taldeko zenbait kiderekin zein unibertsitateko bestelako jendearekin elkartu eta bertso eskola sortu genuen bertan. Mota guztietako jendea geunden: bertsozaleak, bertsolariak, bertsotan ikasi nahi zutenak, entzutera zetozenak, gaiak jartzen ibili nahi zutenak… Saltsa pixka bat sortzera batu ginen, azken batean; eta saltsa bazegoen.
Bertsozale zein bertsolari nafar gazteok ikusten genuen beste hiri batzuetako ikasle giroan, bertsoari tiraka, sortua zela mugimendu aski indartsua eta sarea urterik urte sendotzen zihoala. Geure buruei galdetzen hasi gintzaizkien ea zergatik Iruñean ez zen halakorik; eta zergatitik harago, ekintzara pasatzea erabaki genuen.
NUPen bertsoaren inguruan batzen hasiz geroztik aste batzuk igaro ziren eta, denborak aurrera egin ahala, unibertsitatean gertatzen ari zena Iruñeak ikus eta gurekin batera bizi zezan nahi genuen. Eta horrela sortu zen Bertx(h)ori. NUPeko bertso eskolan formatu ezberdinetan ibiltzen ginen gazteok plazaratu nahi genuen, ikus zedin bazela NUP euskaldun bat eta bazela Iruñea bertsozale bat. Unibertsitatean sortu zen talde horrentzako plaza bat egin nahi genuen, geronek sortua. Geuregandik eta geuretzat esanen genuke akaso hasiera batean, baina aurki konturatu ginen hiri osoaren parte hartzea ezinbestekoa izanen zela eta, hortaz, derrigorrez, Iruñea osoarentzat (ere) izanen zela plaza hori.
Nafarroako hiriburuan goi mailako ikasketak lingua navarrorumean egitea ia-ia ezinezkoa den arren, ikasle giro euskaltzale eta euskalduna existitzen da, eta giro hori bertsozaletzea ezinbestekoa iruditzen zitzaigun. Bide batez, ezin zalantzan jarri halako egitasmoek gazteen hizkuntza ohituretan eragiteko daukaten gaitasuna, izan ere, harremanak euskalduntzeko urrats garrantzitsua baita elkarrizketak euskaraz gauzatzeko espazioak sortzea eta eskaintzea. Gainera, ikusten genuen zenbaitek bertsolaritzarekin izandako hartu-eman bakanetakoa izan zirela Lehen Hezkuntzan jasotako klaseak; edota, bertsoarekin harremana mantentzekotan, txapelketa baino plaza zabalagorik nekez ezagutzen zutela.
Gazte horiei guztiei erakutsi nahi genien bazela bestelako bertso bat: informalagoa, tentsiorik gabekoa, lagunkoia, hanka sartzea baimendua eta sarri babestua zena… Bertx(h)orin errimarik gabeko bertsoak txalotu dira, bertsoa rapez mozorrotu da, bestelako plazetan graziarik aitortzen ez zaien gorputzen txisteekin barre egin da, potoak goraipatu dira, harreman berriak sortu dira, bertsotan aritzeko kanonetatik ateratzen diren modu eta estiloei zilegitasuna eman zaie… Beraz, ikasle euskaldun horiei guztiei beste mundu bat ireki geniela esango genuke.
Guregandik eta guretzat, Iruñearentzat, sortua izan zen. Edonola ere, NUPeko bertso eskolan genbiltzan horiek bakarrik ezin izanen genuen halakorik sortu. Hala, ezinbestekoa izan zen gure inguru hurbileko bestelako jendearen eta taldeen laguntza, baita Alde Zaharreko tabernen inplikazioa ere. Esan gabe doa entzule gisa saioero hurbildu zitzaizkigun gazte horien parte hartzea zenbateraino izan zen azpimarragarria.
Txori horia hegan hasi zenekoa
Txapelketa formatutik haragoko plaza bat eskaini nahi genien bertan parte hartuko zuten bertsolari, gai-jartzaile eta antolatzaileei, baina baita publikoari ere. Plaza seguru bat sortu nahi genuen guztiaren gainetik. Ideia batzuk oso argi genituen: NUPeko bertso eskolako kideek lehentasuna zeukaten haiek erabakitako moduan (bertsolari, gai-jartzaile, antolatzaile…) oholtzaratzeko. Hari horri tiraka, lehia sartu nahi bagenion, ezinbestekoa izanen zen bestelako jendea ere gonbidatzea eta, beraz, bertsolari eta ikasle nafar guztiei luzatu genien gonbidapena. Gainontzeko bertsolariekin genero eta lurralde parekidetasuna mantentzen ahalegindu ginen.
Bestalde, saioak ostegunetan antolatzea erabaki genuen, Iruñean egun horretan sortzen den ikasle giroari probetxua atera nahian. Ildo beretik, Alde Zaharrean barnako lekuak behar genituen gazte euskaldunak egon zitezen bertan gu kantuan ari ginen bitartean, eta hainbat taberna hautatu genituen. Era berean, ikasturtean zeharreko data bat behar genuen, ikasleak hirian zeudela ziurtatzeko. Hori guztia kontuan hartuta, martxoko ostegunak aukeratu genituen hiru kanporaketak eta finala jokatzeko (Bertx(h)orin akaso onartuko genuke jolasteko aditza erabiltzea, lehia tartean egonda ere).
Gauzak horrela, kanporaketetako bakoitzean hiru bikotek hartu zuten parte eta bikote irabazleak azken saioan ere kantatuko zuen. Azken saioa finala izan zen, FinaLaba, hobeki esanda. Bikoteak egiteko garaian, NUPeko bertso eskolako kideen erosotasuna lehenetsi genuen. Haien lehenengo plaza izanen zen gehienentzat eta leku segurua behar zuen izan, beraz, maila eta esperientzia aldetik saio parekatuak egiten ahalegindu ginen. Gainera, ikus-entzuleen grina sustatzeari ezinbesteko generitzon, haien gustukoa behar baitzuen plazak, eta, beraz, haiek egin zituzten epaile lanak. Orotara, 18 bertsolari, 4 gai-emaile eta atzeko sare jendetsua eta inplikatua izan genituen Bertx(h)oriren hastapenetan.
Beharbada askoren burutan dagoen galdera bat da “Eta izena nondik?”, ez baitigute gutxitan galdetu. Lehendik ere aipatu dugu beste hiri batzuetako ikasle giro euskalduna aprobetxatuz halako mugimenduak sortu izan direla, hala nola Bertso Erronda Bilbon edo BertsoKatu Gasteizen. Gureak batez ere Gasteizen antolatzen zenarekin parekidetasuna gordetzen zuen eta hori hasieratik aitortu izan dugu. Gutako askok gure ikasketak Araban hasi genituen eta bertso inguru hori ezagutu genuen. Halako zerbait nahi genion eskaini Iruñeari.
Horregatik, “bertso” hitzarekin hitz joko bat egin nahi izan genuen (hitz jokoak bertsolari askoren obsesio bihurtu dira dagoeneko, badakizue) eta, era berean, animalia bat sartu nahi izan genuen, Gasteizekoarekiko korrelazioa nabarmena izan zedin. Bertx(h)ori izena etorri zitzaigun: bilatzen genuen hitz jokoa eta animalia zituen eta, gainera, <h> letra mutuarekin zentzu bikoitza topatu genion. “Txori” hitzetik harago, bertsoa “hori” erakuslearen bitartez seinalatu nahi genuen, azpimarratua gera zedin, eta, batez ere, koloreari atera genion probetxua: mezuetan eta publizitatean zabaldutako txoria horia zen, kartelek kolore hori gorde zuten eta saria horia izatea nahi genuen. Iruñean eta Iruñearentzat sortua izan zen txapelketa txiki horretako sariak hiriko sinbolo behar zuen: bertako garrotiko mitikoak kutxa horietan saltzen dira.
Lehengai guztiak genituen arrakastarako. Eta erantzuna ikusita, bete-betean asmatu genuen: jendea galdezka, prentsa jakin-minez, aretoak lepo, giroa bero, publikoa ero… Parte hartzaile eta antolatzaileak pozez lehertzear utzi gintuzten saioek.
Bigarren hegaldia
2022-2023 ikasturtean, NUPeko bertso eskola aldatzen joan zen. Ikasle eta irakasle berriek hartu ziguten lekukoa, baina egitasmoak aurrera egin zuen. Kurtsoan zehar, astean behin batzen jarraitu zuten zenbait gaztek eta, martxoa gerturatu ahala, berriz ere Alde Zaharra astintzeko beharra azaleratu eta gogoa piztu zen.
Aurreko ikasturteko moldeari segituz antolatu zen bigarren Bertx(h)ori. Bide horretan, NUPeko taldean bezala, alderdi batzuk aldatu egin ziren: lokal berriek egitasmoan lekua hartu zuten eta, aurreko edizioan aritutako bertsolari batzuek abestu zuten arren, parte hartzaile berriak ere izan ziren.
Dena dela, badira aldatu ez ziren gauzak. Izan ere, garrotiko mitikoek kutxa horiak zituzten oraindik babesleku eta ikus-entzuleak lehiaketarekiko leial agertu ziren 2023ko martxoan zehar ere. Azken batean, bertsolari hasiberriei eta publiko gazteari plaza eskaintzeko helburua berbera zen. Eta emaitza, berriro ere, arrakastatsua.
Eta hemendik aurrera zer?
Ikasleek urteak ikasturteka antolatzen dituzte. 2021eko irailean Nafarroako hiriburuan lur hartu genuen hainbat ikaslek eta Iruñeko bertso ekosistemari, bi ikasturtez, arnasgune garrantzitsua eskaini genion. Alabaina, ikasle horiek gutxika-gutxika hegoak astindu eta hiria utzi dute, NUPeko bertso eskolak beste formatu batzuk hartu ditu eta beste jende eta ikasle batzuen habia izan da.
Hasierako taldetxo hori aldatzen joan da, haize migratzaileei jarraitzen joan ere, eta beste habia batzuk eratu dira bidean. Orain arte, Bertx(h)orik bi edizio izan ditu, baina plaza horri lotutako bestelako saioak sortu dira, hala nola Bertxio bertso trama edo Sakana Tour Hegan, Sakanako herrietan girotutako bertso desafioa. NUPeko bertso eskolak oraindik ere aukera eskaintzen du, unibertsitate barruko zein kanpoko gazte euskaldun eta bertsozalez inguratuta, bertso munduan lehen urratsak egiteko. Azkarrago edo motelago, altuago edo baxuago, baina hegan egiten irakasten du; eta, ondoren, bakoitzak erabakitzen du zein norabide hartu: bertsolari, gai-jartzaile, entzule…
Migrazioak migrazio eta habiak habia, Iruñeko bertso ekosistemaren eskaria ez da aldatu: beharra dago Nafarroako hiriburuan Bertx(h)ori ez bada antzeko alternatibaren bat eskaintzeko; eta guk, eskaera dagoen bitartean, eskaintza sortu nahiko genuke.
Etorkizunera begira, habiatik atera da dagoeneko gure txoria: gure bertsoak Iruñeko publiko euskaldun eta gazteak errun ditu, errima eta kantu gogoz zegoen jendea. Gu pozik gaude Iruñeko ikasle giro euskaldunari oihuka eskatzen zuen abagunea eskaini diogulako. Orain, jarrai dezala txoriak hegan, aske, hegorik moztu gabe. Hegoak ebakiko bagenizkio, ez litzateke Bertx(h)ori izanen.
Eta guk Bertx(h)ori dugu maite.