Esperientzia pertsonal ahaztezinak AEBetan
Esperientzia pertsonal ahaztezinak AEBetan –
XXI. mendeko gizarte honetan, non alde batetik bestera erraztasun izugarriz mugitzen garen, agian ez du zentzu gehiegirik izango bidaia baten kronika egiteak, edo akaso, irakurle fina zaren heinean, gustu eta plazer handiz egingo duzu bederatzi lagunek 2015eko uztailean egin zuten bidaia horren irakurketa. Honetan guztian egia borobila bakarra da, etorriko diren paragrafoetan irakurri ahal izango duzunez, bederatzietako bakoitzak esperientzia pertsonal ahaztezina izan zuela.
Mikel Romanen lurreratzea Ameriketako Estatu Batuetan
Kamera esku artean hartuta, Madrilgo Adolfo Suárez aireportuan grabatu nituen bidaia honen lehen irudiak. Sekula ahaztuko ez dudan egoera surrealista antzeko batek harrapatu zuen nire objektiboaren osotasuna: Ixaak Arruti, gitarra-jotzailea eta usurbildarra, hurrenez hurren. Aireportuetako gela infinituek hartzen duten tamaina neurgarria bada, gu haietako baten erdian ginen, U forma osatzen duten aulkiz jositako “Gate 37”-ko lurrean ahal bezala jarrita. Zain. Orduan ulertu nuen hitzaren esanahi osoa. Aire girotua besterik arnastu ezin daitekeen horretan ia osorik nuen zigarreta kaxa, eta husteko ezintasunak areagotu besterik ez zuen egiten zaintzaren egoera hura. Halako batean, eta bozgorailuetako hotsa besterik entzuten ez genuen horretan, hitz guztiak amaitu zitzaizkigunean, Ixaakek bere “Fender Electro-acoustic Guitar”-a kaxa beltzetik atera eta oholtza bihurtu zuen U formako espazio zabal hura. Guardia zibilek ere entzun gintuzten. Ezingo nuke momentu zoro hartan entzun ziren kanten zerrenda osatu, amaigabea izan baitzen. Egia dena, luze joateko bidean zena motz bihurtu zuela usurbildarrak.
Emanaldia eta gero, zortzi orduko bidaia, eta han ez zen kontzertu inprobisaturako tarterik izan. Baina, zorionez, Charlotteko aireportuan esnatu nintzen. Lur hartuta, ez zuen inork txalorik egin, edo nik behintzat ez nituen sumatu ere egin. Luzeak izan ziren hegazkin erraldoiaren ateak zabaldu zituzten arteko momentuak, eta ondoan nuen ume txikiari ezin nion begirada kendu. Aitaren magalean, lasai zegoen txikia. Urtebeterik ez zuen haurra bizitza osoa bidaiatzen eman izan balu bezala moldatzen zen. Halako batean, anabasa iritsi zen. Ilara bukaera ezin ikusi nuen horretan, jendearen mugimendu eroek aztoratu zuten giroa. Maletak zerutik jausten ziren, eta, bat-batean, dena zen presazko, dena zen larri. Bultzada txikiz egiten nuen aurrera, soinean presa jantzirik zutenak eramanda. Haur txiki horren begirada galdu nuen jende artean, eta lehenengoz arnastu nuen Ameriketako airea. Jakin gabe nola, bidaiakideekin egin nuen topo, eta denak elkarturik, korridoreetan tropelari jarraiki, immigrazio kontroleko ilarara iritsi ginen. Ez dakit zergatik, umearen aurpegia bilatzen hasi, eta, ohartu nintzen sakelakoa hegazkinean utzi nuela. Berreskuratzea zaila izango zela banekien arren, saiakera egin behar nuela sinetsarazi nion neure buruari. Nire zorionerako, hegazkinera sartzen utziko ez zidan pertsonak berreskuratu zuen ingeles maila kaxkarrarekin deskribatu nion mugikorra. Berriz ere ilaran jarri, eta uste baino azkarrago suertatu zitzaidan aduanako poliziarekin egoteko txanda. Ingelesez hitz egiten zuen, nola bestela? Ezer ulertu ezinik, egoera larria zela ohartu nintzen segituan. Burua altxatu eta lagun guztiak ikusten nituen AEBak eta aireportua erdibitzen dituen marraren beste aldean. Behin eta berriz saiatu nintzen azaltzen Euskal Kultura grabatzeko intentzioa besterik ez nuela han, baina, nonbait, nire kamera profesionalak beste intentzio batzuk nituela pentsarazten zion gizon hari. Azkenerako, itzultzaile bat ekarri zuten eta hamaikagarrenez, gaztelaniaz, zertara nentorren azaldu ostean, utzi zidaten Estatu Batuetako lurra zapaltzen.
Xamoa, enbragerik gabeko kotxeak eta Kaliforniako intxaurrak
Handiak dira Kaliforniako intxaurrak, baina, tarteka agertzen da bereziki txikia den bat. Ez duzu ulertzen nola saihestu dituen kalitate kontrolak eta plastikozko poltsaren handian galdurik tokatu zaizun zuri. Bitxia da kontua, baina ez dezadan aurreratu Gardnervillerako bidean aurkitu nuen bitxikeria. Edo bitxitasuna, epaituko duzu zuk.
Lehen eguna bidaiatzen pasatu ostean, Los Angeleseko hotel batean egin behar genuen gaua, eta, urteak betetzen nituenez, mexikar jatetxe batean ospatu genituen. Ez inori kontatu, baina glamour pixka bat espero nuen nire eguneko afarian. Tako eta fajita arteko “Zorionak zuri” hura bueltaka dabilkit oraindik, pikantea urdailean bezala.
Urduritasunaren ajeak eta barruen pisuak apenas utzi zidan lo egiten, baina bigarren egunaren garrantziak goiz esnatu ninduen. Taxi horian gerturatu ginen kotxeak alokatzera, eta, derrepente, Los Angelesetik urruntzen ikusi nuen nire burua. Chevrolet eta Ford markako kotxe eta furgoneta aukeratu genituen. Nik gidatzen nuen bi pedal besterik ez zituen forda. Erraza dela dirudi, baina zin degizuet lehen kilometroetan Sierrak sekulako frenazoak eman zituela! Gero aitortu zidan ezker oinaz zapaltzen zuela frenoaren pedala. Gizajoa!
Estatu Batuetara bidaiatu behar baduzu, eta bertan kotxe bat hartzekotan bazara, entzun gomendioa: ez galdetu jendeari zenbat denbora dagoen leku batetik bestera, eta aguantatu ezin baduzu, gehitu bi ordu, ematen dizuten denborari. Los Angelesetik Gardnervillerako bidaia xinplea zen, berez. Hain zen erraza, 80 bat kilometroko errepide zuzena topatu genuela, amaierarik gabekoa. Kontua da arratsaldeko bostetan egon behar genuela JT Restaurantean, zortzietan hastekoa baitzen bertan eman behar genuen saioa, eta bidaiaren erdi aldera ohartu ginela miliak kilometroak baino luzeagoak direla, eta garaiz iritsi nahi bagenuen aukera bakarra zegoela: abiadura handitu. Bigarren gomendioa: ez gainditu Kaliforniako abiadura muga. Eta istorio honen momentu honetan du zentzua bitxikeriak. Edo bitxitasunak. Zuk epaitu. Egoera definituko dut: Sierra 85 milia/h abiaduran ari da gidatzen chevroleta, nire aurretik. Nik gidatzen dudan kotxea, forda, abiadura berean doa Urtzi, Ixaak eta Jokinekin. Errepideko abiadura muga 55 milia/h-a da. Ixaakek gitarra atera du eta kantatzen hasi gara. Eta, nola ez, 18:30 dira eta 30 milia geratzen zaizkigu iristeko. Esan beharrik ez dago bostetan iritsi behar genuela Gardnervillera. Egoeraren jabe zaren honetan dator Kaliforniako intxaur txikiaren istorioa.
Ispilutik begiratu eta zitekeena agertu zen: Poliziaren argien dirdira. Sierrak aurrera nola alde egiten zuen ikusi nuen, abiadura txikitzen nuen bitartean. Segituan, polizia txiki bat gerturatu zen leihatilara, eta bizkor galdetu zidan ea ba al nekien zein abiaduratan nindoan. “Milia ta kilometro ez denez berdina / pasa dena azaltzen hemen ahalegina / 85en zen orratzan izkina mugaren berdina da miliatan egina / barkatu nor zara zu, zeruko birjina?”. Benetan diotsuet ez niola bertsotan kontatu gure milia eta kilometroen arteko nahasmena, baina, nonbait, polizia txiki hari grazia egin zion euskaldun talde bat alai eta pozik kantari ikusteak, eta, espero ez zitekeen moduan, isuna barkatu zigun.
Korrika eta presaka iritsi ginen Maria Luisa Lekunberrik daraman JT Restaurantera. Gardnerville herrixka txikian kokatua, Nevadako kasinoak antzeman daitezke kaleetatik. Oso alai hartu gintuen, eta puntualtasun ezaren lotsak segituan aldendu zitzaizkigun. Ezertan hasi baino lehen, whiskiz egindako edabea eman zigun, eta, toparen ostean, muntaketa lanetan hasi ginen. Segituan prestatu genituen soinu ekipoak eta oholtza izango zirenak. Bertan, afalostean ginen kantatzekoak.
Berrogei bat lagunentzat ibili ginen kantari, adin tartea 60 urtekoa izango zelarik. Bildutakoen artean hamar bat izango ziren euskaldunak, hitzez noski, baina atmosfera berezia sortu zen. Gure gai-jartzaile den Casabal lau egun geroago iritsiko zenez, Manexekin batera, Sierrak jarri zituen gaiak. Polita izan zen “Lucky Luke” doinuan kantaturiko bertsoaldia. Aspaldian AEBetara joandako euskal artzaina eta bertan jaiotako ilobaren arteko elkarrizketa irudikatu genuen Jokinek eta biok. Euskaraz zekitenek itzulpen lanak egiten zituzten ingurukoekin, eta denboran atzeratutako algarak sortu ziren tarteka, txistea itzuli eta gerora entzuten genituelarik han zeudenen barreak.
Sentsazio oso onarekin oheratu nintzen AEBetako nire urtemuga egunean. Takoak jaten ospatutako Euskal Herriko urtemugaren ondoren, eder bilakatu zen 9 ordu geroagoko urtemuga amerikanoa.
Jaialdi 2015. Sierraren déjà vua.
Ez naizela gidari fina argi utzi zuten Kaliforniako gertakariek, baina zuhurtziaz iritsi ginen Boisera, eta nahiz eta inolako presarik ez genuen, garaiz ere iritsi ginen. “Jaialdi 2015” zioen kartelak egin zigun harrera Idahoko hiriburua zapaldu genuenerako, eta, ez badakizue ere, ez da horren arraroa euskara entzutea han. Izan ere, Boisen bizi da euskaldun gehien munduan, Euskal Herria albo batera utzita, noski, eta hainbat euskal belaunaldi dira bertan jaioak. Horregatik, 1987az geroztik ospatzen da euskaldunon topagunea den jaialdia. Bigarren edizioa 1990ean izan zen, eta, harrezkero, bost urtetik behin ospatzen dute euskal kulturaren festa hau.
Oraindik Casabal eta Manexen bisitaren zain geundela egin genien aurre bertan emango genituen egunei. Segituan hasi ginen bost eguneko egonaldia antolatzen. Bi emanaldi izango genituen, eta sortzen ari ginen dokumentalaren ardatza izango ziren hainbat elkarrizketa prestatu beharrean ginen. Baina goazen pausoz pauso.
Ikusi duzue inoiz aterki txikia gorantz seinalatzen duela garrasi egiten duen gidarik? Ba hala sentitzen nintzen, aterkirik gabe. 2000. urtean txistulari moduan izana nintzen Jaialdian, eta harrotasun handiz hasi nintzaien Boiseri buruzko azalpenak ematen. Segituan ohartu nintzen 15 urte ez direla alferrik igarotzen, eta ezer gutxi gogoratzen nuela. Kaleetan barna eduki nuen lehen buruhaustea: “Hemendik da! A, ez, ez. Handik, handik!! A, ba, ezta ere. Nondik zen?” eta antzeko itxurako esaldiekin iritsi ginen Basque Blockera; GPSaren laguntzaz, noski. Bertan daude Euskal Etxea, frontoia, eta euskal jakiak prestatzen dituzten jatetxe eta abar guztiak. 100 metro inguruko kalea da eta Jaialdirako espresuki aldatzen dute legea, jendeak kalean edan ahal izateko, Idahon ezin baita kalean alkoholik edan. Eta gai mamitsu bezain mozkorti honi buruz ari garela, bertan izan nuen dájà vua. Ez dakit zergatik, Budweiserra eskuan nuela (onartu behar dut ez zela lehenbizikoa) sentitu nuen hotzikara berezi baten modukoa, eta 15 urte atzera egin izan banu bezala aurkitu nuen Boiseko parranda: bertsotan puntuka. Eta bai, horretan denbora ez da pasatu. Poto eta poto artean eman nuen errima ezinezkoekin.
Baina gure espedizioa ez zen parranda egitera joan, eta horregatik prestatu genuen mimoz Boiseko Ikastolan (bai, ondo entzun duzu. Euskal Herrian badago euskara ezdeusa dela pentsatzen duenik, eta AEBetan erabilgarria denik ere) eskainiko genuen emanaldia. Zoragarria izan zen Boiseko haurrek nola begiratzen zieten Joni, Jokini eta Xamoari; nola entzuten zituzten arretaz baxua, gitarra eta saxoa; eta bereziki polita izan zen nola hartu zuten parte euskarazko Maite zaitut, Pintxo-Pintxo edota Paristik natorren kantak ozen abestuz.
Azkeneko momentuko emanaldia ere lotu zuen Jonek, abilezia miragarriz, Basque Blockeko kale famatuan. Euskal Etxearen bitartez hasi zen arratsaldeko bostetan, eguzkipean eta ia jenderik gabe Bertshow. Nekeza izango zenaren zantzu guztiak genituen, baina desertuan osatzen diren ispilu ilusio bat besterik ez zen izan, eta segituan batu zitzaizkigun entzuleak eta kuriosoak lurrean inprobisaturiko oholtzaren inguruan. No woman, no cry, Lily Marlen edota Habanera bezalako doinu bertsotuak izan ziren entzungai, batzuk aipatzearren, edota Euskal Herrian euskaraz, Xalbadorren heriotzean edo Lau teilatu kanta mitiko bezain hunkigarriez babestu genituen beroaren preso ziren zaleak.
Jon Martinen Living Las Vegas
Boiseko Jaialdiaren ostean, aisialdiaren erreinura egin genuen salto, eta ez zen bide makala izan. Basamortua igaro genuen argindarra eramaten duten posteei jarraituz, eta Las Vegasera iritsi ginen, Jaialdiko aparrak kasinoetan xahutzeko asmoz. Bertan elkartu ginen Casabal eta Manexekin, eta hortik aurrerakoa…
Sekula bukatu ezin den desertu
batean jarria, inondik ez gertu
sumatzen da eguzkia.
Norbaitek behin diruz, modu egokian
lehenago ezer ez zegon tokian
ipini zuen guztia
Distira makinek, zigarro muturrek
nahiz zerbitzarien eskote samurrek
ta doan den alkohol hori…
ilundu den egun ta argitu den gau
armiarma sare perfektua da hau.
Tentazioan erori!
Zein ordu den eta nor zaren ahantzita
ezkondu zaitezke Elvisez jantzita
noiznahi juergara irtenda.
Gau eternalean, zainetan whiskya
Las Vegasen gerta daitekeen guztia
Las Vegasen geratzen da.
Fitxak, billeteak, txanponak, boteak
Visa irakurtzen duten eskoteak
Bi iman bikote eran
sexu ta diruzko harreman estua
batak ipurdian du bere eskua
eta besteak karteran.
Hustu ez bazaitu, guztiz amaraunak
egizue egin, apustua, jaunak
bizitza bera hori da:
bolatxo txiki bat, jauzika, gorri-beltz.
Bihozkada bat dut, dena ala ezer ez
23 gorrira.
Zortea bihurtu ez bada billete
ta zure ametsak ez badira bete
oheratu, egizu lo
zenbat tentazio, erresakak hainbat
ezpain lehorretan irri txikiren bat
eta patrikan bi zulo
Doinua: Izan zintezkeenari jarriak
Urtziren Baxuaren hotsek mututu zuten JT
Las Vegaseko ajeen ostean bisitatu genituen Grand Canyon eta Yosemiteko paraje ikusgarriak. Urak egin dezakeena ezin da imajinatu Canyongo zuloa ikusi gabe. Bertigo sentsazioa handia bezain lasaigarria da, nahiz eta Sierrak ia-ia zikindu zituen galtzak, edo hala kontatu zigun behintzat. Yosemitekoa ere aipatzekoa da, sekulako zuhaitz puskek eta amaiera gabeko ur-jauziek txiki utzi zizkiguten ordura arte handitzat genituenak. Musikalki konparazio bat eginez gero, parke naturaleko ikusgarritasuna sentitu arte, baxua gitarra baino handiagoa zela argi nuen, baina ohartu gabe nengoen kontrabaxuak ere badaudela naturaren eremuetan. Begirada parajeetatik kendu gabe, eta bidean atzera begira abiatu ginen Gardnervilleko Jaialdira, han geneuzkalako bi emanaldi hitzartuta.
Eta kontatu ezin diren hainbat komeriaren ostean ailegatu ginen JT Restaurantera. Bertan Maria Luisak ederki asko zaindu gintuen, lehenengoz AEBak zapaldu genituenean, eta berriz ere erakutsi zuen euskal jatorria duela, anfitrioi bikaina izan baitzen.
Iritsi bezain pronto, Jaialdiko ospakizunetan murgildu ginen ia denak, eta euskal dantzaz gozatu genuen. Ez dakienarentzat, aipatu euskal dantza ere ikasi daitekeela Estatu Batuetan, eta 8-10 urte bitarteko haurrek erakutsi ziguten ondo egiten ere badakitela. Baina egun handia ondoren etorriko zena izango zen. Herri txikia den Gardnervillen, inguruko estatuetako hainbat euskaldun elkartzen dira urtero, eta denak egoten dira bazkariaren zain. Parrillan egindako haragi mota ugari jan ostean, eta dantza ikuskizuna bukatu bezain pronto igo ginen antzokiko oholtzara. Boisen erositako anplifikadorea inoiz baino alaiago zegoen, eta behingoz esan dezakegu, musikalki, emanaldi osoa izan zela. Baxuaren kolpeak Ixaaken gitarra limurtzeraino aritu ziren, eta Eperrak kantarekin zutik jarri genuen jendea. Bertsotan, bidaian lehenengoz genuen Casabal gaiak jartzen eta Manex kantari, eta, emanaldiak iraun zuen 45 minutuetan zehar, txalo zaparradak ugari izan ziren. Emanaldiarekin amaitzeko, Johnny Curutchet eta Jesus Goñi aritu ziren kantuan gurekin, eta hala borobildu genuen Jaialdi hartako gau partea.
Hurrengo goizean, JT Restaurantek urtero antolatzen duen gosarian aritu ginen kantuan. Oraingoan barra aldean kokatu genuen oholtza berezia, hain zuzen hiru musikariok makina txanponjaleetan zeuden hiru aulkiak okupatu genituen. Fin aritu ziren bertsolariak, baina bereziki Haritz Casabal izan zen handia. Egoera deskribatuko dut: JTko sarreran taberna dago, eta irekia dagoen ate bat zeharkatuta, jantokia, beraz, gosaria hartu nahi zuenak zeharkatu egin behar zuen oholtza. Demagun, jende asko joaten dela urteroko gosari horretara. “Jende asko” esamoldearekin izugarrizko pila esan nahi dut, kontuan izan AEBetan dena dela handia, baxuak kontrabaxu bihurtzeraino. Bukatzeko, jantokia beteta dagoen artean, gosaria hartu nahi dutenak tabernan itxaron beharrean daude. Beraz, esan daiteke publiko mordoa genuela, baina ia inork ez zuen euskaraz ulertzen. Eta hor agertu zen Casabal I Handia. Erakutsi zuen ingelesez oso ondo dakiela, gaiak elebitan ematen baitzituen, baina bereziki erakutsi zuen ahots izugarri handia duela, euskaraz tutik ere ulertzen ez zutenen arreta osoa lortu baitzuen. Umeez, musikariak arduratu ginen.
Eta emanaldi liluragarriaren ostean, eta JTko sabaian ohitura den moduan, 1$-eko billetea iltzatu genuen Bertshowren sinadura eta esker ona azalduz.
Jokinen mapatxeak Johnny Curutchet hartu zuenekoa
San Frantzisko itzela da. Handia. Handia eta polita. Eta tenperatura onekoa. GPSari jarraituz iritsi ginen erreserbaturiko hotelera, eta segituan iritsi zen lehen muturrekoa: jatorki harrera egin zigun andreak esan zuenez, berak ez zuen inongo erreserbarik gure izenean. Gaurko teknologiez baliatuz email, kode, txartel kontu, NAN eta pasaporteak erakutsi genizkion, baina ezerk ez zuen balio izan. Estafa baten biktima izan ginen. Zorionez, bazituen gelak, eta bertan hartu genuen lotarako lekua.
Hotel bitxia zen, bungalowen antzeko etxetxoz osatua. Binaka edo hirunaka hartu genuen ostatu, eta konturatu nintzen etxetxo guztiak altueran zeudela jarrita, haietara sartzeko eskailerak igo behar zirelarik.
Gutxi erretzen dut, baina gauetakoa sakratua da niretzat, eta pijama jantzita irten nintzen sarrera atarira, “liatzeko pitia” eskuan nuela. Zigarroa piztera nindoala, lurrera begiratu orduko begietako katamalo beltza jantzirik zuen piztiak itzuli zidan begirada. Mapatxea zen. Pauso azkarrez egin nuen salto gelara, zigarroa erori egin zitzaidan eta atea itxi nuen. Erre gabe geratu nintzen, eta, harrezkero, gaueko “pitia” baino sakratuagoa dena ezagutu nuen, mapatxea. Ohean eseri eta lasaitu nintzenean, leihotik begiratzea otu zitzaidan, eta orduan konturatu nintzen ez zela bakarra, baizik eta bikotea zegoela. Katuen antzekoak dira mapatxeak, baina AEBetan dena da handiagoa eta animalia hauek ere gure katuak txiki uzten dituzte.
Aurreko gaueko sustoa eta gero, San Frantzisko bisitatzera animatu ginen. Hango autobusak eta metroa probatu ondoren, beste garraio publiko baten bila joan ginen: bizikletak. Oso gomendagarria den ibilbidea egin genuen, tartean Golden Gate eta Sausalito ikusi eta gero, ferryz itzuli ginen Alcatraz kartzela albo batera utzita. Kilometro mordoa egin eta gero, kaleetan barna murgildu ginen, eta aldapa izugarriez gozatu genuen.
Azken egunean, San Frantziskoko Euskal Etxera abiatu ginen, ziztu bizian, eta, nahiz eta emanaldirik eman behar ez genuen, Johnny Curutcheti egin ez genion elkarrizketa grabatzera joan ginen. Oso era ederrean erakutsi zigun Euskal Etxea, eta zin egiten dut itzela dela. Jatetxeaz gain, areto handia eta frontoia dauzkate, eta, nola ez, azken hau aukeratu genuen Johnny handiari elkarrizketa egiteko. Gauza ugari eta sakonak kontatu zizkigun, tartean, ez dela itzuliko Euskal Herrira, nahiz eta urtero etorriko zaigun bisitan. Baina horiek guztiak dokumentalean entzungo dituzue, noski.
Ixaakek Laida Rock ezagutu zuen eguna
San Frantzisko utzi eta kotxez egingo genituen azken miliak iristear ziren. Los Angeles zen helmuga, hain zuzen helmuga izan genuena AEBetara etortzean. Iritsi bezain azkar joan ginen Guitar Center-era eta Laida Rock ezagutu nuen han. Laidak ahots berezia zuen, “brillo” eta kolore sakonekoa. Laidak emango zizkidan aurrerantzean momentu goxo eta bereziak.
Laida Rock probatzen aritu nintzen luze, konbentzitu nintzen arte. <<Hau da behar dudana>>, esan nion nire buruari, eta deskontu ona lortu eta gero Gibson ederra eraman nuen nirekin. Laida Rock izena jarri nion gitarra berriari, nola bestela?
Eta momentu horretatik aurrera, Los Angeles hiriak ez zidan gehiegi eskaintzen. Nik banuen nire Laida, eta berarekin ematen nituen eguneko momentu ia denak. Lo elkarrekin egiteraino iritsi ginen.
Baina bidaiakideek kontatzen zizkidaten bisitaturiko hainbat leku. Sunset Boulevard kasu. Kontatu zuten haren bila atera eta hiru ordu eman zituztela bueltaka, eta ez zitzaiela horren polita iruditu. Gero, txoritxo batek esan zidan GPSan gaizki idatzi zutela, eta horregatik ibili zirela galduta. Holliwooden ere ibili omen ziren, izarren hiribidean. Michael Jacksonen izarra ere bidali zidaten whatsappetik, baina nik banuen Laida Rock eta Jackson handiak ez zizkidan barruak eragiten. Ikusi omen zuten bista itzelak zituen Griffith Observatoryko miradorea ere; nonbait, hiriaren handitasuna bistaratzen duena, eta Los Angeleseko kale infinituak erakusten dituena. Roman ere egon zen Universal Studiosen, eta argazki bikainak atera omen zituen, baina nik, hoteleko gelan pasa nuen denbora Laida Rockekin akorde berriak asmatuz, Xalbadorren heriotzari bizia ematen, eta Lucky Lukeri kutsu erromantikoa ateratzen. Los Angelesek badu izar berri bat: Laida Rock.
New Yorken hartzea: Casabal I Handia
Eta iritsi zen agur esateko garaia. Agur esan genien kotxeei lehenbizi. Ai! Haiek hitz egingo balute! Zenbat kontu kontatzeko… Baina ez zen agur bakarra izan. Manexek ere martxa zuen, eta agur horrek korapilatu zizkigun eztarriak. Behar bezala esan genion agur Manexi, dantza eginez eta arkuak ipiniz. Merezi zuen Manexek, noski.
Baina ez zen dena agurra izango. Kaixo handi batekin agurtu gintuen New Yorkek, eta, noski, Bertshowek AEBetan izango zuen azken konkista ere hura izango zen. Manexengatik hustuko genituen barruak, eta gure zaldi izan ziren kotxeen omenez ere lortuko genuen garaipena Euskal Etxean.
Gaztea da New Yorkeko euskal diaspora. Saiora gerturatutakoen adin tartea 35 urtekoa izango zen. Alderantziz, ordea, bertako Euskal Etxea Estatu Batuetako zaharrena da, 100dik gora urte dituelarik. Aspaldiko kontuak, beraz, hiri gazte batean. Lotutako saioa erortzear egon zen Etxea berritzekotan zirelako. Baina, azkenik, pazientzia pixka bat izan zuten gu entzuteko. Eta harro esan dezakegu ez zirela damutu. Eduki dugun publikorik euskaldunena izan da dudarik gabe New Yorkekoa, eta lotura horrek askatasun izugarria ematen du gaiak eman, bertsoak kantatu edota musika helarazteko momentuan. Magia polita sortu zen, bai, New Yorkeko arrats-gau hartan.
Kultura zabaltzeko joan ginen eta berkonkistatu genuen euskaltzaletasuna. Hasieran geure taldeari jarri genizkion oinarrizko minimoei gain hartuta joan ginen NYCko Euskal Etxetik. Eta geratzen zitzaizkigun beste 4 egun. Urtzik bataiatu ninduen Casabal I Handia bezala, eta argi zegoen garaipena paseatu beharra genuela etxe orratzen artetik.
Hala egin genuen. Empire Staten, Rockefeler Centerren, Askatasunaren Estatuan eta World Trade Centerreko hutsunean jarri genuen gure bandera. Baina benetako garaipenaren, barkatu, GARAIPENAREN PASIOA Central Parken eman genuen. San Frantziskon egin bezala, hemen ere bizikletak alokatu eta parkeko txoko guztiak arakatu genituen, John Lennonen negar malkoa aurkitu genuen arte. Han, Sierrak Imagine inprobisatu bat jo zuen ahots urratuko saxoz, eta urteak bertan daramatzan Tomen gitarraz lagunduta.
Bederatzi euskaldunen agurra
Egunak Manhatanen eman eta gero, kale zabaletatik igaro ondoren, gospel ahotsak entzun ostean, eta, nola ez, NYCko oroigarri eta erosketak eginda, oso gozo tratatu gintuen lurrari agur esan behar genion. Ordua iritsi zen, 28 egun eta gero. JFK aireportuko zaratak mutu utzi gintuen, eta behin eta berriz sentitu genituen gorputzetako atal guztietan bizitza osorako gordeko ditugun oroitzapenak.
Ezagutu genituen euskal diasporako belaunaldiak eta euren kezkak. Batzuek etorkizun iluna ikusten zioten euskaltasunaren jarraipenari, eta beste batzuek, gazteenek akaso, argi utzi ziguten gogoz eusten zietela gure kulturaren sustraiei. Ezagutu genuen Jaialdi handia, eta baita tamainaz hain handia ez den baina akaso edukiz josita dagoen beste bat ere. Ikusi genituen guretzat arrotzak zaizkigun parajeak eta baita gozatu haietaz ere. Ezagutu genuen beroa, benetakoa, eguzkiak ematen duena eta arbasoen hutsunea bete nahian pertsona batek begirada batez eman dezakeena. Sentitu genuen Euskal Herriarekiko gertutasuna, nahiz eta hamar mila kilometrora egon. Entzun genituen bertsoak, eta ez gureak soilik. Eta entzun genituen Laboa, Xabier Lete eta Benito gure artean baleude bezala. Elkarrizketatu genituen hainbat lagun, eta, batez ere, esperientzia oso bat jaso genuen; ziurrenik, Euskal Herriaren irudia eta pertzepzioa aldatuko dizkiguna, eta euskal kulturaren ondarea zabaltzen lagunduko diguna.