Eskuak

Andoni Egaña-(r)en argazkia Andoni Egaña 2018-12-20

Eskuak –

Birritan agertu behar izan dut epailearen aurrean eta bietan gauza bera gertatu zitzaidan: ez nuen asmatu eskuekin zer egin. Apaizek elkar igurzten dituzte hizketan ari diren bitartean; politikariek jakaren botoia lotzen ari balira bezala entretenitzen dituzte. Baina gu bertsolariak gara, oinak buruanago eskuak baino. Eta bertsolari aurkezten bazara epailearen aurrean, errietaldia seguru daukazu. Bai Gasteizen duela hogeita hamar urte, bai Madrilen duela hogei, bi epaileek gauza bera agindu zidaten hasterako: “¡Saque usted las manos de los bolsillos!”.

Eskuak
Arg: Myriams-Fotos

Ateratzen dituzu eskuak patrikatik eta partida gaizki hasi dela konturatzen zara. Gol bat sartu dizute ia hasi aurretik. Lekua arrotza da eta jokoz kanpo harrapatu zaituzte. Gainera, ni epaiketa bat zein bestera lekuko gisa joan nintzen, zer deklaratu behar nuen ikasita. Ongi ez nezakeen egin eta, hanka sartzeko, beti izaten da aukeraren bat.

Gasteizko epaiketan, nire lankide batzuek euren maila profesionala onar ziezaieten lortu nahi zuten. Ni han nengoen egiatan egiten zuten lana zein zen argitzeko. Eta ez dut deus gogoan ez bada eskuen txikikeria.

Madrilgoa entzutetsuagoa izan zen. HBren mahai nazionala epaitu zuten Alternatiba Demokratikoa zela eta. Euskal gizarteko hainbat pertsonari eskatu ziguten lekukotza egiteko. Bertsolarien artean Jon Sarasua eta biok geunden. Madrilera joan behar zen Auzitegi Nazionalera. Gogoan dut bidaia bat baino gehiago egin genuela Joxe Iriarte Bikila eta Jonan Fernandezekin batera, iritsi eta egun hartakoa bertan behera geratu zela iragartzen baitziguten. Kontuak kontu, gure lekuko lanean esan behar genuen Alternatiba Demokratikoa ez zela ETAk ezkutuka eta klandestinoki abian jarritako zerbait, euskal jendarteak ongi ezagutzen zuen eskaera-sail bat baino. Hilabeteak generamatzala plazan gai horri kantatuz, Lance Amstrongi buruz, biagraren gainean edo kale-garbitzaile paperean bezala. Ea guztiari buruz genekien galdetu zigun epaileak, eta guk, xalo, baietz erantzun genion, gutxi baina denetik zerbait jakin beharra zegoela plazaz plaza ibiltzeko. Epaia etorri zen gerora. Eta han argi jartzen zuen juglares sabelotodo pare baten testigantzak ez zuela asko balio. Lagunei bai, balio izan zien Sarasua eta bioi aurrerantzean adarra jotzeko.

Epaitegietan esperientzia bakarra izan dut ona. Fikziozkoa, jakina. Fernando Amezketarra marrazki bizidunak egin zirenean niri egokitu zitzaidan epaileari ahotsa jartzea. Ez dut gogoan inori eskuak patrikatik ateratzeko agindu izana…

Eskuak