Erradikalak gara
Erradikalak gara –
Zuri eragiteko
Agian suertatu zaizue kaletik kartelen bat ikustea. Bi emakume ageri dira, begirada serioz kamerari begira. Betaurrekoak eta buru-berokiak dauzkate jantzita –etiketa bistan dutela- eta errietan egitera doakizunaren keinua. Baina badu zerbait argazkiak, errieta jasotzeko gogoa pizten dizuna, ihes egitekoa baino gehiago. Moderazioa horren goraipatua den garaiotan, “erradikalak gara” diote Ane Labakak (Lasarte, 1992) eta Beatriz Egizabalek (Lasarte, 1971), “nahi eta behar baino gutxiago”, gainera.
Erradikalak gara emanaldiak I. Lanku Beka lortu du, eta “bertsotan eta berritsuketan” hainbat herri igaro dituzte, dagoeneko, bi lasartearrek, bertsoa eta bakarrizketa formatuak uztartuz ordubete inguruko saioan. Bertsolaria da Labaka; ipuin kontalaria eta klowna, berriz, Egizabal. Hori jakinda, inprobisazioak, ahozkotasunak edo jendaurrekotasunak elkartu dituela esango luke edonork, baina erradikaltasuna erroetara joatean datza, eta bada lotura sakonago bat bien artean.
“Feminismoak batu gaitu”, diote. Argi zeukaten elkartzen ziren unean proiektuak hortik joko zuela, edo behintzat zehar-lerro gisa egongo zela, seguru: “Ezin zuen beste modu batera izan”. Elkarren jardunarenganako miresmenetik sortu den emanaldia dela azaldu dute Labakak eta Egizabalek, eta miresmen horrek zati handi bat feminismotik du; Egizabal bertsozaletzearekin, adibidez, lotura zuzena:
“Ni asko zaletzen hasi nintzen emakume bertsolariekin. Bertsolariak askotan ikusi eta teknika miretsi arren, batzuetan emaitzak ez zidan ezer esaten. ‘Zoragarria da egin duzuna, ez naiz gai hori egiteko inolaz ere, baina gero emaitzak ez nau hunkitu’. Baina diskurtso bat agertzen denean, jada ez da bakarrik erabiltzen duten teknika, gainera iristen zait, hunkitzen nau”.
Ondarroan egin ziren Topaketa Feministetan Egizabalen aktuazioa du gogoan Labakak: “Inprobisazioa bai, baina oso umoretik egin zuen; oso kontziente, eragiten ari zela. (…) Entzun izan dudanetan horrek eman dit inbidia, oso kontziente izateak. Berak momentu horretan daukan hitz hori erabil dezake eragiteko, eta, gainera, horrek efektu bat dauka”.
Formularen bila
Elkarrekin sortzeko gogo handia bai, baina bi inprobisazio mota uztartzea ez da lan erraza. Lasarten urtero formatu berezian egiten den bertso saioak eman zien gerora jaio zitekeenaren lehenengo pista. “Iazko saioan bakarrizketak eta bertsoak uztartu ziren. Bakarrizketen hezurdura, saioarena, Beak eraman zuen, nahiz eta antzerki taldeko jende gehiagok ere parte hartu. Saioak arrakasta handia izan zuen, oso ondo atera zen”, kontatu du Labakak.
Egizabalek bakarrizketa formatua probatzen zuen lehen aldia zen, ordura arte antzerkigintzan eta ipuingintzan aritu zelako. “Kontalaritza eta bakarrizketak nahiko bereizita daude. Formatua desberdina da. Bakarrizketena ez da asko gustatu izan zaidan formatu bat. (…) Baina, gero, oso eroso aurkitu nintzen. Beste erregistro bat da, ez da ipuin kontalaritza, ez da klowna, baina uste dut oso ondo uztartzen dituela nire bi profil horiek. Formula aurkitu genuen”.
Eta formula eskuartean, erradikalizazioranzko lehen pausoa eman zuten. Hasieran, bakarrizketak eta bertsoak inprobisaziotik egiten saiatu ziren, baina gustuko emaitzarik lortu ez –etorkizunean xantaia egiteko grabazio barregarriak salbu-, eta esan beharrekoak aurrez prestatzea erabaki zuten. Beraz, Egizabalen bakarrizketak eta Labakaren bertso idatziak tartekatzen dira emanaldian –denak paperik gabe kantatuak, eta ez dira gutxi-. “Saiatu ginen guk egiten genuen horretatik ahalik eta gertuen zegoena eta erosoen sentiarazten gintuena egiten”, dio Labakak.
Egizabalen ustez, bi arloak ondo uztartu dituzte. “Bertsozalea ez denak atsegintasunez ikusten du, eta badenarentzat ere ondo dago, nahikoa bertso badagoelako”.
Bizitakoak gidoitzat
Heteroaraua, amatasuna, aniztasuna, biolentzia… ez dugu emanaldi osoa kontatuko, baina ez du mamirik faltarik. Feminismoaren gai potoloenetakoak oholtzaratu dituzte, iritzi askotarikoak eta desadostasunak eragiten dituztenak. Lan horretan erraz moldatu dira biak, ordea. Hala azaldu du Labakak:
“Klabe bat izan da ez dugula teoria jakin bat defendatu nahi izan publikoaren aurrean, dena egin dugu bizipenetatik. Amatasunari buruzko bertsoak, adibidez, nik egin nituen, baina Bearekin aurretik elkartuta eta kontatuta. Guk geure buruari barre egin eta gure kontraesanetaz ari gara, eta hor konplizitate gehiago dago”.
Feminismoan erreferente komunak izateak eta biek horren inguruan irakurri izanak ere lagundu diela uste du Egizabalek. “Ezberdin bizi genezakeen gai bakarra amatasunarena zen, ni ama naizelako eta Ane ez, baina, bestela, gai orokorretan oso bateratuta ibili gara. Amatasunaren nire diskurtsoa ere ez da batere existentzialista. (…) Gazteagoekin ez darabilt beste diskurtso hori: ‘Ama izaten zarenean ikusiko duzu…’. Orokorrean, Ane ez da sentitu arrotz gai honekin”.
Erradikalak direla diote, baina, agian, iritzia aldatuko dugu emanaldian zehar. Egoera ikusita, izan beharko genukeena bezain erradikalak ote gara? Ezetz uste dute berek. Feministek entzun behar izaten dituzten klixeen zerrenda eginda atera zuten izenburua: Erradikalak zarete. “Hori gehiegizkoa da”. “Bai, baina neurrian”.
“Orain sailkapen hau dagoela iruditzen zait: “feminista erradikalak”, dira tipo las txungas. Gero, gure kasuan gertatzen zaigu ez garela ezta hori ere. Nahiko genuke txungak izan eta, gainera, ez gara”, dio Egizabalek: “Ez dugu inongo beldurrik ematen, baina nahiko genuke. Bestela, egon behar duzu beti justifikatzen: feminista naiz, baina jatorretakoa”.
Umorea parez pare
Beren buruari barre egitea, trapu zaharrak ateratzea, kontraesanak azaleratzea… aipatu ditu Labakak umorea egiteko darabiltzaten tresna gisa. Umorea arma boteretsua dela uste du berak, jendeari eragiteaz gain, norbere burua sendatzeko ere balio dezakeena. “Terapeutikoa da. Asmatzen duzunean benetan zure buruari barre egiten kontraesan horiengatik, liberazio bat da”.
Egizabalek ere ez du feminismoa ulertzen umorerik gabe. “Nik uste dut azkenaldi honetan badagoela umore feminista oso potente bat, eta sentitzen duguna, gainera, oso eraginkorra dela arma politiko bezala, gauzak beste era batera egin nahi ditugulako. Feminismoak eman didan lehenengo irakasgaia uste dut hauxe dela: ‘Patriarkatuaren parte zara zeu ere, orduan zeure buruaren kontra ere borrokatu behar zara’”. Bere ustez, umoreak giltza ematen du sistemaren kontra borrokatzeko.
Baina umorea, aukeratzen den aldearen arabera, iraultza edo arma politiko izatetik urrundu eta kontrakoa bilaka daiteke: umore zapaltzailea. Labakaren ustez, bertsolaritzan orain arte erabili den umorea gertuago egon da hortik umore parekidetik baino. “Nik daukat mikroa, nik daukat boterea, ni nago hemen goian, eta sentitzen dut zilegitasun guztia 40 pertsonako mahai bati banaka edozer esateko. Uste dut gero eta gutxiagotan erabiltzen dela, zorionez, baina iruditzen zait umorea beti izan dela oso goitik beherakoa”.
Gero eta gehiagotan ikusten du Labakak Ez da kasualitatea bezalako saio formatuetan, esaterako, umorea norberarengandik pasatuz gero, norbere burua ere tartean sartuta, askoz parekideagoa bihurtzen dela. “Zeu ere besteen mailan jartzen zara, eta norbait identifikatuta sentitzen bada, zurekin batera egingo du barre. Ez zara ari erabiltzen mikrofonoak eman dizun botere bat beste bati barre egiteko”. Umore ez-hegemonikoari ekarpen bat egiten ari direla uste du Erradikalak gara emanaldiarekin.
Kortse bat Altzon
Etxarri, Altzo, Gasteiz, Bergara, Hernani… hainbat herri eta mota askotakoak bisitatuko dituzte aurrerantzean, eta publikoan denetariko jendea aurkitu dute: bertsozale tradizionalak, feminismoan oso formatuta dagoen jendea, horretaz ideiarik ere ez daukana, bertsoak gehiegi inporta ez zaizkiona… Zentzu horretan, Labakak uste du horrek gehiago eragin diezaiokeela berari Egizabali baino. “Zenbait tokitan irudikatzen ditut pertsona oso bertsozaleak, herri horretako soziedadean afaria edukiko banu ere joango liratekeenak”.
Ohiko bertso saio batetik urrun dagoen emanaldia da, eta horrek bertsotan ari denari ere bertsolariaren figura tradizionaletik aldentzea ahalbidetzen dio –gorputz estatikoa, publikoari aurpegia emanda, eskuak poltsikoetan…–. Ikusle oso bertsozaleek, beraz, sorpresaren bat edo beste jasoko dute. “Publiko aurrera irtendakoan ohartu naiz uste baino gehiago ari naizela apurtzen bertsolariaren irudi horrekin, emanaldian” –dio Labakak–, “eserita edo lepoa emanda kantatzerakoan, edo oholtza gainean hitz egiterakoan, kantatu ordez. Gauza txiki pila bat, ez nituenak aukeratu puskatzeko, baina, azkenean, puskatzen dutenak”.
Horrez gain, egoera zehatzago irudikatu dezazuen, –spoiler txiki bat, kontuz– kartelean ageri diren buru-berokiez gain, biak kortse bana jantzita igotzen dira oholtzara. Kontraesan gorena deskubritu dute jantzi horrekin: jatorriz, torturarako prenda bat da, baina izugarri ahalduntzen omen du janzten duena. “Ezin duzu hori eraman eta lotsatuta egon!”, dio Egizabalek. Eta noski, Labakak ez luke inoiz imajinatuko Altzora joango zenik kortse bat jantzita bertsotan egitera. “Baina sentitzen ditut indarra eta ausardia horri buelta emateko”.
Oholtzara igo arte, ordea, ezin jakin zein izango den herri bakoitzeko publikoaren erreakzioa. Txaloak joko dituzte zenbait zatitan? Bertso bakoitzaren amaieran? Isilik geratuko dira? Hasierako termometro gisa, aurrestreinaldia eskaini zuten Lasarteko Elebeltz fabrika okupatuan, eta beren gertuko jendea gonbidatu zuten bertara. “Hor ikusi genituen zati bakoitzean izan daitezkeen erreakzio batzuk, baina badakigu beste lekuetan ez dela beti horrela gertatuko. Gu denetarako prest gaude. Txaloak badaude badakigu zer egin, eta ez badaude ere bai”, dio Egizabalek.
Isiltasuna ere ez litzateke txarra Labakaren ustez. Gustatuko litzaioke norbait mutu uztea. “Zerbaitek eragiten dizunean, zure erreakzioa izan daiteke ero moduan barrezka hastea, baina izan daiteke, baita ere, isiltzea. ‘Ostras, eman didate barru-barruan, dena mugitu zait eta ez daukat erreakziorik’. Nire ustez ona litzateke horrelako aurpegi bat ikustea”.
Emanaldi entretenigarri bat da Erradikalak gara, baina helburua ez da entretenitzea, Labakaren hitzetan. “Jendea mugitu nahi dugu, gero tabernara joaten denean edo lotara sartzen denean zer pentsatua izan dezan”.
Ez al duzue zeuen burua imajinatu tabernako elkarrizketa horretan edo ohean burkoarekin eztabaidan? Eta ez al duzue jakin nahi zer esango zenuketen…?
ERRADIKALAK GARA: ANE LABAKA
Doinua: Haizea dator ifarraldetik
1.Gizarte honen ezaugarri bat
argitzen du historiak:
neurritik kanpo denak dakartza
neurri gabeko fobiak
moderatua behar du hitzak,
borrokak nahiz euforiak.
Erradikala errora doa
hala dio teoriak
zer dauka txarra irauli nahiak
azpiko sustrai lodiak?
Berrikuspen bat behar du sarri
hitzen etimologiak.
2.Beldurragatik goraipatzen da
hainbeste neurritasuna
aldaketari trabak jarrita
mugatuz askatasuna
aldarrikatzen dugun aldiro
gure desadostasuna
“Erradikalak zarete” bada
esateko daukazuna
neurria zeinek jartzen duen da
dagokizun erantzuna
ezer baino lehen subjektiboa
da erradikaltasuna.
3.Pribilejioak galtzeko beldur
pixka bat badaukanaren
begiradatik mintzo zarela
ikusi dezaket garden.
HIlabeteak iraun dituen
sorkuntza prozesuaren
emaitza bertsoz, bakarrizketaz…
josia dugu, dena den,
nola kritikak egiterako
orduan abila zaren,
etorri eta zuk baloratu
hain erradikalak garen.