ERIK ETA WIN - Itzaletik argira!

Unai Muñoa-(r)en argazkia Unai Muñoa 2020-11-19
Argazkiak: Buhameak taldea

ERIK ETA WIN –

Ander Lizarralde (bertsolaria), Unai Muñoa (bertsolaria), Aitor Atxega (musikaria) eta Imanol Kamio (musikaria) gara Buhameak taldeko kideak. 2013an sortu genuen lehendabiziko emanaldia eta Ez gara Palestinaz ari! jarri genion izena. Ikuskizun hura izan zen Buhameak taldearen abiapuntua eta orduko esperientzia errepikatu nahian ekin genion ikuskizun berriari: Erik eta Win. Azken hau ez da lehenengoaren jarraipena, nahiz eta bi emanaldien artean osagai asko errepikatzen diren. Sakonera ezberdina dute eta Ez gara Palestinaz ari! ikusi gabe, primeran ulertu eta gozatu liteke Erik eta Win. Azken lan honi, bosgarren kide bat gehitu zaio, lehen aldiz zuzendari artistiko bat eduki baitugu, Asier Sota.

Bi emanaldien antzekotasunei begira jarrita, biek dute helburu eta oinarri filosofiko bera. Pertsonaren eta bizitzaren gaineko gogoetak eta esperientzia pertsonalaren biluzte emozionala daude guztiaren atzean eta, garrantzitsuena, inor hatzarekin seinalatu gabe. Oinarriak bi bertsolarion esperientzia pertsonala eta ibilbide terapeutiko baten emaitza dira. Gure bizitza intimoaz hitz egiten dugu, normalean ezkutuan geratzen diren minak esplizitatzen ditugu, publikoki onartzen ez ditugun ezaugarriak bistaratzen ditugu… bizitzaren oihanean mugitzeko eraiki dugun pertsona edo pertsonaia karakterizatzen dugu, nolabait esateko. Karikaturaren formulak gure buruari umorez begiratzeko aukera ematen digu eta, ikuskizun honek, gure mezua zabaltzeko aukera emateaz gain, terapia egiten jarraitzeko bidea ere ematen digu, gure buruari barre egiten ikastea eta epaiaren beldurra galtzea, askatasunaren bi zutabe garrantzitsu baitira.

Lehenengo emanaldian, protagonista bakoitzaren bizipen pertsonalak kontatzen genituen: ume garaietako abandonu sentipenak, gurasoengandik jasotako herentzia emozionalak, nor izateko beldurrak, egoeraren protagonismo beharrak, altuan esaten ez ditugun burutapenak, gizontasun ereduen mugak… erabateko biluztea izan zen, baina oso aberasgarria. Estreinaldiaren aurretik, publikoak epaituko ote gintuen beldur ginen, gure mezua ulertuko ez ote zen beldur, azken batean, nor garen eta nondik gatozen karetarik gabe erakusteko izua sentitzen genuen. Pentsa, estreinaldia baino ordu eta erdi lehenago negar batean geundela kamerinoetan, inoiz baino urduriago. Ez zen horrelakorik gertatu ordea, gure helburu guztiak bete ziren eta publikoak ispilu moduan hartu zuen, bere buruari begiratzeko aitzakia bezala.

Zazpi urte igaro dira esperientzia hartatik eta, berriro ere zer esana geneukala sentitu dugunean, plazaratu dugu Erik eta Win, oraingo honetan, harreman intimoez aritzeko. Ander Lizarralde eta biok gara protagonistak, zehatzago esanda, gure arteko harremana. Urteetan zehar gure harremanaren bilakaera nola gertatu den kontatzen dugu, baina kontzientzia eta umiltasun ariketa bat egin ondoren, ez baita erraza normalean oharkabean eta kontrolik gabe egiten ditugunak ikustea, onartzea eta eraldatzen saiatzea. Zergatik eta zertarako batzen garen besteekin, nola kokatzen garen harremanetan, nola konpetitzen dugun, zer irabazten eta galtzen dugun, zein lotura emozional ditugun, gizonkeriatik gizontasunera zenbat bide geratzen zaigun, botere harremanak nola gauzatzen diren… Azken batean, harremanen tripetan arakatzen dugu eta gure esperientzia pertsonaletik abiatuta, unibertsalak iruditzen zaizkigun gakoak azaltzen ditugu. Berriro ere, gure saiakera inor epaitu eta seinalatu gabe aritzea izan da, ikus-entzuleak gure ispiluan islatu daitezen eta euren harremanen gainean hausnartu dezaten, bakoitzak nahi eta ahal duen neurrian.

Gizaki sozialak garenez, komunitatera egokitzea ezinbestekoa da guztiontzat eta psikologiak zehazten duen moduan, umetan barneratzen ditugu izaeraren zutabe nagusiak. Bi mundu ezberdin eraikitzen ditugu; besteen aurrean erakutsi nahi duguna eta besteen begietara ezkutatzen duguna, argia eta itzala. Hau horrela onartuta, zeintzuk dira besteekin lotzera garamatzaten gako edo indarrak? Agerikoak direnak bihurtzen dira sinbiosiaren ustezko arrazoi, baina ez ote dira erakusten ez ditugun premiak eragiten ari? Gure hutsuneak bete eta minak goxatuko dizkiguten pertsonak topatzen ote ditugu lagun, bikote edo bizitza honetarako bidaide bezala? Horiek dira Erik eta Win erantzuten saiatzen diren galderak, besteak beste. Horrekin batera, gizontasun eredua da beste gai garrantzitsu bat. Gizon eredu ezberdinak dira Erik eta Win, bai euren arteko harremana aztertzerakoan, bai eta emakumeekin erlazionatzeko duten profilari dagokionez ere, nahiz eta min eta beldur asko berdinak izan. Profil ezberdin horien atzean ezkutatzen den haur izutua bistaratzea izan da helburu nagusia eta horrek, nola bi ereduak berdintzen dituen azaltzea. 

Kasu honetan, ez dira gizontasun eredu berrien gakoak proposatzen modu esplizitu batean, baina hutsuneak eta eraldatzeko premia bistaratzen dira, sumatzen dugun noraeza azpimarratuz. Ezagutu ginenetik gaur arte egin dugun bidearen argazki bat erakusten dugu eta gure esperientziatik ikasi duguna partekatzen dugu publikoarekin. Beraz, oinarri erreala duen karikatura bat da gure obra, umorean oinarritzen dena, baina aldi berean, sakontasun filosofiko handia duena. Horrekin batera, forma artistiko berezia duten emanaldiak dira Buhameak taldean eskaintzen ditugunak, hainbat diziplina artistiko nahasten baititugu, tartean bertsoa, musika, antzerkia, poesia eta kantua daudelarik, Asier Sota zuzendariak ezin hobeto uztartu eta haritu dituenak.

Erik eta Win ez gara Ander eta Unai bakarrik, Imanol, Aitor eta Asier ere badira, taldeko musikariak eta zuzendaria. Gidoiaren egileak bi bertsolariak garen bezala, Aitor eta Imanol musikaz arduratu dira, obraren osotasunari ekarpenak egitearekin batera. Bertso munduan eskarmentu handiko musikariak dira, hainbatetan aritu dira bertsolari askorekin elkarlanean. Ondo ezagutzen dituzte bertso doinuak eta bereziki, bertsolariek dituzten dohainak, gabeziak eta premiak bertsoak musikatzerakoan. Oraingo honetan, musikariek ere ekarpen berriak egin nahi izan dituzte, adibidez, doinu berriak sortuz, propio sorta bakoitzari egokitutakoak. Bertsoak barneratu zituzten eta kontestu jakin baterako doinu berriekin jantzi, sorta bakoitzaren mezua eta esentzia zainduz. Horrela, ekarpen txiki bat egin nahi izan diote bertso munduari eta, horretaz gain, ikuskizunari osotasun bat ematen ahalegindu dira. Bereak ez diren musika estiloekin ere esperimentatu dute. Kasu honetan, Lágrimas negras son kubatar ezaguna eta buleria bat bertsionatu dituzte, ekarpena borobiltzeko.

Laburbilduz, antzerkiaren karikaturak umorea aportatzen dio ikuskizunari, obraren osotasuna josteaz gain. Bertso musikatuek aldiz, alde filosofikoago bat erakusten dute, bestelako sakontasun maila batean, mezua kokatzen dute, sakonean dagoen mezua. Lizarralde eta biak bertso mundutik gatoz eta bertsoa da lehenesten dugun osagaietako bat. Bost sorta abesten ditugu, gure hausnarketak, emozioak eta intimitateak partekatzeko bide naturala bertsoa delako. Esate baterako, gutako bakoitzak emakumeekiko harremanetan bizitakoak zein ikasitakoak kontatzen ditugu:

 

“Gaur ez banaute maite zenbat penitentzi

egingo ote ditudan bihar edo etzi

maite ditzazun nire azal ta esentzi

lortzen zaitudanean ez nazazun ahantzi

nik utziko zaitut zuk ez nazazun utzi”

 

Txanponaren bi aurpegiak erakusten ditugu, argia eta itzala:

“Ni ez naiz dena irri eta maitasuna

ni ez naiz lehengo gizon ahalguztiduna

norbera ez da soilik erakusten duna

denok ez al daukagu alderdi iluna

baztertu ez gaitzaten gordeta duguna”

 

Edo elkarri konfesioak egiten dizkiogu:

“Bat egin dugu zuk eta nik bi garela ohartzeko

zugan bilatzen dudana nire baitan topatzeko”

 

Guzti hori estetika zaindu batean borobiltzen da, non osagai guztiek oreka bat lortzen duten obra integratu batean, non kantua, musika, antzerkia, bertsoa eta poesia logika berean uztartzen diren. 

Ezinbesteko bidaidea izan da Asier Sota lan horretan, berak egin baitu lan hori, osagai guztiek osotasun bat edukitzea lortuz, esentzia eta mezurik galdu gabe. Ekarpen asko egin dizkio Asierrek Erik eta Win emanaldiari, baina batzuk aipatzeko, musikariak inplikatu ditu antzerkian, bertso sortak koreografia jakinekin jantzi ditu, antzezteko hainbat errekurtso eskaini dizkigu, ideiak aportatu ditu, osagai guztiak hartu eta koherentzia artistiko bat eman dio obrari… Azken batean, ezinbesteko ekarpena izan da aurreko emanalditik hona, lan profesionalago bat burutzeko eta emanaldiari ahalik eta zuku gehien ateratzeko, behinik behin.

Joan den otsailaren zazpian estreinatu genuen Erik eta Win Lugaritzeko Imanol Larzabal aretoan, eta lerro hauek idazten ari naizen bitartean, Covid 19a dela eta, bertan behera geratu zaizkigu hitzartuta genituen emanaldi asko, baina bi emanaldi egiteko aukera izan genuen, Donostian eta Asteasun. Oso esperientzia aberasgarriak izan ziren biak, berriro ere gure espektatiba baikorrenak bete genituen eta oso pozik geratu ginen ikus-entzuleen partetik jaso genuen feedback-arekin. Oraingo honetan ere, hasieratik jarri genituen helburu guztiak bete izana sentitu dugu eta irrikaz gaude gure mezua herriz herri zabaltzeko, Ez gara Palestinaz ari obrarekin gertatu zen bezala, hura proiektu arrakastatsua izan baitzen, gure ikuspegiaren baitan, behintzat.

Orain, kaleak berreskuratzen hasten garenean, kulturak eta kulturgileok herriarekin bat egiteko aukera berreskuratzen dugunean eta eszenatokietan zita berriak jartzen ditugunean, zeu ere guregana hurbiltzea gustatuko litzaiguke. Ziur gaude, zer pentsatu eramango duzula etxera, barre egingo duzula une askotan eta, zergatik ez, agian malkoren batek ere ihes egingo dizula. Azken batean, gurea bihotzetik bihotzera egina dagoen obra da, emozionala, intimoa, umoretsua, filosofikoa, berezia, zaindua, euskalduna, unibertsala… Laburbilduz, ikustea merezi duen ikuskizuna da Erik eta Win, nire uste apalean. 

ERIK ETA WIN
ERIK ETA WIN
ERIK ETA WIN
ERIK ETA WIN
ERIK ETA WIN
ERIK ETA WIN