Erbestealditik trabajadoreetara Basarri
Erbestealditik trabajadoreetara Basarri –
Basarri gaztea Gipuzkoako frontean ibili zen lehenengo: “Zaraten-eta, Bidanin-eta, ibili nintzan. Loiolan osatu gendun batalloia. Gero, altuenak aukeratu egiten zituzten eta ertzaina artu niñuten. Gure kapitana Iñaki Leclerc izan zan […]” (Zavala, 1992b: 14-15). Gipuzkoa faxistek hartu zutenerako Bizkaira mugitu eta Arratiako frontean egotea tokatu zitzaion ondoren. Eta Euzkadin, Egunan edota Gudarin argitaratzen ziren bertsoak jarri eta testuak idazten zituen aldiro: “Egiten nitun noizean bein lantxoak […] billa etortzen zitzaizkidala uste det […]” (id.: 15). Tartean bertsolaritzari buruzko testuak, Gaztelurekin hasi berritan izan zuen saioa, Txirritak 1936ko txapelketan botatako bertsoak, edota haren ateraldiren bat, esaterako. Baita fronteko berriak ere: “Lehenengo Ertzain eta gero gudari izan zen garaian, gudako kazetaritza lanak egin zituen batez ere” (Iriondo, 2013: 175).
Irratiko kolaborazioak ere egin zituen, bestalde, Radio Bilbaoren Euzkel orduban :
“Basarri bertsolariak, Donostian egin zuen bezala, Bilbotik egindako irratsaioetan parte hartzen segitu zuen. Bertso hau irratitik zabaldu zuen, 37ko apirilean, Durangoren bonbardaketa ondoren:
Etsai zakarrok, entzun zazute,/ entzun, bai, arrats onetan:/ gorrotoa ta edena baizik/ ez da zuen biotzetan […] Ene maltzurrok, odolzaleak/ zerate beintzat benetan!
Egoki asko joka zerate/ ene Durango aldean […] Ainbat aurtxo ta emakume on,/ amairu moja tartean!/ Etxe illarak txit apurturik,/ antxe gorputz loi artean…[…]
Zeuen ustetan ori guzia/ euskotarrak bildurtzeko […] Dana batekoz bestera izan da/ lenez gain indartutzeko […] emen guztiok gertu baigaude/ aberri alde iltzeko”. (Ordozgoiti, 2012: 39-40)
Bilbo erortzean Santoñara aldatu zen, Jaurlaritzarekin batera, eta hemendik mugaz bestaldera ihes egitea lortu zuen: “Monzonek asko lagundu zidan orduan. Ta ingles barku batean —Sarastone izena—, ume, elbarri ta gaixo artean joan nintzan Nantes ondoko erri batera” (Zavala, 1992b: 15). Landetako pinudietan basomutil gisa topatu zuen ogibidea, eta horrela egin zituen hilabeteak, tarteka erbesteko Jaurlaritzak Parisen abiarazi zuen Euzko-Deya egunkarian edota Iparraldeko erbesteratuek Orixe buru zutela Baionan sortu zuten Euzko-Enda aldizkarian kolaboratuz.
Egoera luzatuz joan zen eran, itzultzeko ideiari bueltaka hasi zen, ordea:
“Lau urte egin zituen Landetako pinudietan basomutil, muga aldera sarri inguratuz, herriminez. Bere guraso, senide eta lagunak etxera etortzeko eskatzen ari zitzaizkion: —‘Gure ama gaixoa etxera etortzeko eta etortzeko ari zitzaidan beti, gauzak konpondu zirala-ta. Ez zitzaidala ezer pasatuko esaten zidan’ […] Horrela uste nunbait ama alargun gaixoak, eta horrela nahi semeak ere.” (Iriondo, 2013: 178)
1940ko apirilean Euzko Deyako bere azken artikuluak idatzi zituen, Otañori buruz.
Itzuli, atxilotu eta lan behartuak egitera zigortu zuten:
“Aritxulegi, Bejar, Palentzia, Madrid eta ez dakit zenbat tokitan ibili arazi giñuzten. Nun ez? Afrikan beintzat bukatu, Campo de Infantarax’en, Melillatik emezortzi kilometrora. Nere denbora guzian ez det poz aundiagorik izan, libre etortzeko txartela eman zidatenean baiño […] Hainbeste urtetan katigatuta, eta azkenean libre […] Ez dakit orain ziur, baiña 1943’a zala uste det. la zazpi urte etxetik kanpo.” (Zavala, 1992b: 17)
Frankismo bete betean belaunaldi hark osatu eta gerrak errauts bihurtutako proiektua hauspotzeari ekingo zion gutxira, besteak beste bertsogintzarako eredu bezala Pedro Mari Otaño jarriaz.[1] 1949rako lehen bertsolari sariketa garrantzitsu bat antolatua zuen La Voz de España egunkari frankistaren eskutik.
[1] Horrela dio Juan Mari Lekuonak: : “Basarri eta Uztapideren eskola berria hortik sortu da. Utzi Txirrita, eta beren testu-eredua Otaño izango dute. Hori aldakuntza handia da” (Dorronsoro eta J.M. Lekuona, 1987: 10).