Erabaki (gaurdaino) eztabaidatua
Erabaki (gaurdaino) eztabaidatua –
Basarrik irabazi zuen txapela. Txirrita, puntuaketetan ez zen lehenengoen artean sartu.
Bertsolaritzaren historiako txapeldun gazteenari Zarauzko Azken Portun gurasoek zuten tabernan sartu zitzaion bertsolaritzaren harra. Eta txapelketa haien atarian zaletasun itsua zuela ere gaineratu izan du: “Nik garai artan ez nun izaten bertsoa besterik buruan. Nere gozamena ura zan” (Zavala, 1992b: 12). Ez dirudi, ordea, bere gaztetasuna zela medio, Poxpolineko final haren aurretik plaza asko egiteko modua izan zuenik. Txapelketara nolatan apuntatu zen azaltzerakoan behintzat, ez du soberako asko zeukanik adierazten:
“[…] Txomin Olano nun oso laguna. Baita Zubimendi ta oiek ere. Donostitik lagunak giñan. Eta joateko eta joateko asi zitzaizkidan, arren ta arren. Ala, derrigorrean bezela joan nintzan. Nik egun artan pasa nitun bildurrak eta izuak! Ura zan dardarra, ainbeste bertsolaritatik gazteena neu ta… Ume bat. Eta andixe asiera, poliki-poliki.” (Zavala, 1992b: 12-13)
Eta Patziku Perurenari eskainitako elkarrizketan plaza gabezia hori espresuki aitortuko du: “1935eko txapelketa famatu haren aurretik apenas ibili nitzan bertsotan” (Mazantini, 1991, 1. zk., “‘Basarri’-rekin buruz buru”. Perurena, Patziku).
Txapelketa jokatu aurreko urteetan, aurrerago ikusiko denez, garaiko bertsolaririk onena Txirrita zela aipatzen zuen prentsak. Basarri hasiberria ordurako mitoaren tamaina hartua zuen Txirritari gailendu izana errezelo puntu batekin hartu izan da, beraz. Eta, jada seinalatu diren zantzuak azpimarratuz, erabaki hura eztabaidan jarri izan du hainbatek.
Juan Mari Lekuonak, esaterako, nahikoa modu lausoan iradokitzen du: “Jendeak susmoa zuen barnetik bilatzen zen zera hura pertsona konkretu batengan gauzatua ikusi zela: Proiektu berriak badu bere gizona, horri dagokio bertsolaritza berritzea, etab.” (Dorronsoro eta J.M. Lekuona, 1987: 8-9).
Perurenak, interprete lanak eginaz, esaldia hizkera gordinago batera itzuliko du:
“Nik garbi daukat, zer esan nahi duen [Lekuonaren aurreko esaldiaz]. Basarrik bazakiela ederki zertara zihoan, bere korbata eta guzi, dotore jantzita, 21 urteko mutil gaztea, atzetik zebilkion hiritar burges taldetxo haren eredu ereduko ez baitzen kasualidadez azalduko, eta haiek bertsolaritzari eman nahi zioten prestutasun eta goi maila erakusteko ere apropos prestatua zetorren gure Basarri gaztea. Hara zeren fruitua izan zen Basarrik aldez aurretik eskuan ekarri zuen txapela.” (Mazantini, 1991, 1. zk., “‘Basarri’-rekin buruz buru”, Patziku Perurena)
Frankismo garaiko txapelketen antolatzaile nagusi izango zen Alfontso Irigoienek ere ahobizarrik gabe planteatzen du kontua Jon Sarasuak eginiko elkarrizketan:
“Gerra aurrean bertsolaritza kontua mespretxu itxuraz begiratzen zen […] Basarrik irabazi zuen horregatik hain zuzen ere, lege berrikoa zelako. Orduan purismoa (euskararen garbizalekeria) zegoen nagusi eta Basarrik bazekien puristen argot guztia. Bazekien zer egin behar zuen. Hor Txirrita gelditu zen tartean. Donostiako txapelketan bota zuen bertso sonatuak bazuen esanahia.” (Sarasua, 1992, 14)
Gure xedea ez da, noski, txapel hura nork merezi zuen ebaztea, gertatu zena ulertzen saiatzea baizik. Hortik aurrera deusik ez. Basarrik kontatzen duenez, Txirrita eta biek bakeak egin zituzten, gainera:
“Txapelketa ondoren hartan Zarautza etorri zan Txirrita, eta Euskalduna deitzen genion taberna batean jarri zan ostatuz […] Berehala zabaldu zan herrian, Txirrita hemen zala, eta bi aldiz edo bialdu zitun mandatariak gure aitagana, Azken Portura, esanaz ni hara joatea nahiko lukela […] Txirrita han zegoan nere zai. Hasi ginan bertsotan, hark bota eta nik erantzun, hark bota eta nik erantzun… Halako batean negarrez hasi zitzaidan, eta esan zidan: «Oraintxe gustora hilko naiz; enun sekula sinistuko holako gazterik zetorrenik. Oraintxe gustora hilko naiz». Hura gustora eta nire bai. Halaxe bukatu zan gure arteko zera. (Mazantini, 1991, 1. zk., “‘Basarri’rekin buruz buru”, Patziku Perurena)[1]
[1] Basarri izango da gainera Txirritaren mitoa betikotzen lanik handienak hartuko dituena. Gerra ondorenean kazetari lana berreskuratu zuenean, Txirritari eskaini zion lehenengo testuetako bat eta gerora errenkada bat idatzi zituen hernaniarraz, beti errespetu eta begirune handiz.