Elkarrizketak. Genero oso berantiarra, bertsolarien ertzekotasunaren eraginez

Antxoka Agirre-(r)en argazkia Antxoka Agirre 2025-01-23

Genero oso berantiarra –

1823an topatu da bertsolaritzari buruzko prentsako testurik zaharrena, 1845etik aurrera gaiaren arreta mediatikoak jarraitutasuna du, 1880kotik bertso-saioen kronika zabalak topa daitezke… Bertsolariei eginiko elkarrizketak, ordea, ez dira 1930eko hamarraldira arte estreinatuko.

Christopher Silvesterrek azaltzen duenez, elkarrizekta, kazetaritza genero gisa, XIX. Mendearen erditik aurrera garatu zen, eta generoaren lehen hamarkadetan prestigio handiko pertsonaiak izan ohi ziren elkarrizketatuak. Henri de Blowitz The Timesek Europan zuen korrespontsalak eginiko lehen elkarrizketak zerrendatzen ditu adibide gisa: “[…] figuras públicas, como el rey Alfonso XII de España, Maurice Gambetta (arquitecto de la III República francesa), el príncipe Bismarck, el Sha de Persia, el papa León XIII y el sultán Abdul Hamid II de Turquía […]” (Montero, 1997: 13).

Bertsolariek Lore Jokoen bueltan prestigiatze bat bizi izan zuten arren, ez zioten ertzeko figura bat izateari utzi. Ertzekotasun horrek esplikatuko luke bertsolaritzak prentsan hainbat hamarkada egin ondoren bertsolari bat elkarrizketatzea inori ez bururatu izana. Dozenaka aditu eta sasi-adituri emango zaio hitza bertsolaritzaz gogoetatzeko, bertsolari bati galdetu baino lehen. Ia mende oso batean zehar, bertsoak jartzeko bakarrik emango die ahotsa prentsak.

1930eko hamarraldian egindako elkarrizketek bertsolariek eta bertsolaritzak irabazitako estatus berri baten zantzua ematen digute, bada, nolabait.

Esan bezala, Basarriri egin zitzaion lehena, 1935eko txapela irabazi ondoren. Bigarrena, berriz, Txirritari, 1936ko txapela jantzi berritan. Gerra zibila tarteko, beste hogei urte pasatu arte ez da gisako elkarrizketarik topatu ahalko, eta bakantasun horrek harribitxi bihurtzen ditu bi testuok.

Badago aurrekari bat: Marie Abbadiek Parisko La Femme aldizkarian 1896ko urtarrilaren 15ean argitaratutako “La femme dans le Pays Basque”. Bertan Lekorneko Aña Etxegarai (1873-1939) bertsolariari ahotsa ematen zaio, galde erantzun labur batzuren bidez. Eta aipatutako biak baino harribitxi bitxiagotzat har daitekeela esan daiteke, bertsolari emakumezkoen figura are ertzekoagoa izanik, dezente goizago emakume bati ahotsa ematea zinez harrigarria bait da. Askoz ere zabalagoa den testu batean txertatutako kronika luzea janzteko erabilitako baliabide bat baino ez da, ordea, eskaintzen dena. Galde-erantzunak beharko lukete testu osoaren funtsa berau elkarrizketa modernotzat hartu ahal izateko. Hala ere, aurrekari interesgarri bat bada, ezbairik gabe.

Genero oso berantiarra
Kepa Enbeita Eibarko batzokian, 1907.

Basarriri elkarrizketa Argian (1935)

Basarriri 1935eko otsailaren 3an Argian eskainitako testua bai josten da hasi eta buka galde-erantzunekin. Horrenbestez, horixe da, esan bezala, bertsolaritzaren historia mediatikoko lehen elkarrizketa.

Esanguratsua suertatzen da lehen elkarrizketa hau euskaraz idatzia izatea. Bertsolaritzari buruzko testuetan euskara frantsesa edo gaztelania baino geroago agertu da gainerako kazetaritza genero guztietan, baina bertsolariari ahotsa zuzenean ematerakoan, aurrea hartuko du lehen aldiz. Hau ez da kasualitatea, bertsolari emakume bati prentsan ahotsa ematen lehena emakumezkoa izatea ere kasualitatea ez den bezala: euskararen komunitateak bertsolariari estatus hori erderenek baino errazago aitortu ahal ziotelako gertatu zen aitzindaritza hori ziurrenik.

Elkarrizketa luzea da izenburutzat “Basarri” daraman hau, aldizkariaren bigarren orrialdearen bost zutabetatik bi betetzen dituena. Ez dakar argazkirik. Egilearen Atarka izenordearen atzean nor dagoen ezin izan da argitu. Basarrik elkarrizketaren une batean “Kepa” deitzen dio, ikusten da elkarren ezagunak direla, eta gertu samarrekoak behar dute gainera, Atarkak hitanoa baitarabil hainbat galderatan, baina ezin izan da izena osatu.

Txapela burutik eranzteko denborarik eman gabe egin da elkarrizketa, eta epaia ezagutarazi den unearen kontakizuna baliatzen du sarrera gisa kazetariak:

“Oturuntza amaitu da eta ‘Aitzol’ek du itza. Lehenago bañan ere dardar aundiagoak nabaritzen dira entzuleetan. Jaunak: epai-maiak erabaki du lendabiziko saria Zarauz’ko ‘Basarri’rentzat dala […] ango txalo eta diadarrak […] Orain dek neria nion nere buruari. Baiñan […] nola utzi bioi bakarrik? ¡Ango zorionak! ¡Ango basarkadak! Alako batean ere, orratiok, asi gera.” (Argia, 1935/II/03, ‘Basarri’, Atarka)

Bi lerrotan aurkezten du kazetariak adinaren datua emanaz eta gurasoen etxean bizi dela zehaztuz, eta lehen erantzunak Euskaltzaleaki eta Eusko Gaztediri bere esker ona erakusteko eta txapelketen bidetik bertsolaritzak hobera egingo duela adierazteko baliatzen ditu Basarrik. Hirugarren galderarako konkretura jotzen du kazetariak:

“¿Zer lan iruitu zaik gaur zallena? —Irugarrena, ori da, doñuba eta oña epaimaiak astia […] gaztiak gera, esatekoan berriak, eta orrenbeste jende aurrian ikusi, mai aundi batian 8 edo 10 epaikari eta antzokian, badakizu, beti alako zerbait […] ¿Lasaiago Iñaki? —Bai lagun ez dudikan ere.”

Ordura arte egindako plazen kopuruaz ari da hurrengo galde-erantzunean, Perurenari hainbat hamarkada geroago esandakoetatik urrun samar: “¿Gutxigora-bera Iñaki zenbat jai aldietan izandu aiz? —Askotan Kepa, askotan; ezin zenbatu nezazke. Gipuzkoa’n egin diran eusko jai geyenetan izandu naiz eta bai Bizkaya’ko uri askotan ere […]”. Eta ibilbide horretan izandako pasadizoren bat eskatuta Donostiako Kursaalean euskal irratsaioaren 100. Emanaldiaren ospakizunean botatako bertso batzuk datozkio gogora: “[…] jai aldia asteko garayan bururatu zitzaidan antzeztokitik (escenario)’tik begiratzea zer nolako jendea zegoen; ¡ango sonbraillu, mantilla eta jende aundiki eta dotoreak! Ura ikusi eta nire buruari nion […] Jende aundiki oyek abertzaleak ote dira? […] ¡Ura ikara! […]”. Bere aurretik atera ziren ezpata-dantzarien ikurrinari txaloka ikusi zituenean lasaitu omen zen eta sekulako arrakasta izan azkenik: “Beriala an nituben jende aundi guztiak besarkatzen eta zorionak ematen. Euskeran alde jai ederrak, Kepa; egun oyek ez dira nai eta ere aztutzen”. Deigarria da nola lotzen dituen zarauztarrak bere bertsogintza eta mezu abertzalea.

Genero oso berantiarra
Basarri, 1935

Eredu izan dituenen artean Enbeita izendatzen du, bada, baina baita Txirritaren jitekoa den Gaztelu ere: “Nere ustez eta juaten bagera abertzale gayak ibiltzen zituzten bersolarietara, ez da Enbeita’tar Kepa bezelakorik. ¡Enbeita aundia da! Beste gayetan ezagutu deanik onena Gaztelu’tar Bautista”.

“Lehengo bertsolariak ala oraingoak” galdera topikoari berriaren aldeko hautua eginez erantzuten dio, geroz eta euskara hobea erabiltzen dela eta bertsolariak ikasiagoak direla argudiatuaz. Halaber, finaleko bertsolarien inguruan galdetuta ere bustitzen da zerbait: “Ezin nezake iñor berexi; danak dira bersolari onak. Orain bai, oyetatik badago jarraitzen badu orain arte bezela, etorkizun aundikoa izango dana eta ori nire adizkide on ‘Zepai’ da”.

Nahikoa elkarrizketa landua da; honela, kazetariak galde-erantzunen segida soilaz haratago elkarrizketaren inguruko xehetasunak tartekatzen ditu: “Galdera oyek egiten ordu bete igaro degu. ¡Iñaki, ator onera, dio batek! ¡Iñaki, urrutizkiñera! ¡Iñaki, argazkiak ateratzea! ¡Iñaki, olako aldunek juateko! […] or dabilkite gure mutil gazte jator au”.

Ordubeteko elkarrizketa izanik, badakartza kontu gehiago ere, baina aipagarrienak itxiera gisa funtzionatzen duten elementuak izan daitezke. Bertsolariak Argiarekin daukan konplizitatea ikusten da irakurleentzat eskatzen dion bertsoan: “[…] ARGIA onen irakurleok/ Egon zaitezke jakiñik/ ez asterikan utzi iñola/ irakurri gabetanik/ Astekari onek Europa zear/ ez dauka ba berdiñik”. Beste hainbesteko konplizitatea erakusten dio kazetariak ordainetan: “Ardutegi eta jate-etxea dauka Zarautz’en eta bertan naiz eta lan asko izan, ez du beñere asterik igarotzen izparringirako euskeraz idaztez. Orrelako euskotar jatorrai lagundu egin bear diogu. ¿Nola? Zarautz’a juaten geranean bere etxera juanaz. Euskotarren dirua gelditu dedilla euskotarren artian.”

Genero oso berantiarra
Ilustrazioa: Patxi Gallego
Genero oso berantiarra  Genero oso berantiarra  Genero oso berantiarra  Genero oso berantiarra  Genero oso berantiarra  Genero oso berantiarra  Genero oso berantiarra  Genero oso berantiarra  Genero oso berantiarra