Egañaren belaunaldia, pasadizoak eta gogoetak
Egañaren belaunaldia –
Bertsolaritzaren inguruko literaturan bada arrakasta handiko genero bat bertsolari handien edo mitikoen gertakari eta pasadizoak bildu dituena, askotan gertakari horiek txiste soilera edo komikotasun antzu batera mugatu badira ere.
Bekatu horretan erortzeko arriskuaz jakitun, ekin genion Egañaren belaunaldia, deitu diogun zenbaki honi, pasadizoen atzean garai bat eta giro bat ezkutatzen direla sinetsita.
Belaunaldi honek lurrikara txiki bat ekarri zuen bertsolaritzaren historiara. Behin eta berriz aipatu izan den 90eko hamarkada hasierako boom edo aparraldi famatua ez zuen telebistak ekarri, talde honek baizik, hedabideak lagundu bazuen ere. Koldo Tapia, Joxerra Garzia eta beste hainbat eragilerekin batean Bertsozale Elkartea pentsatzen eta egituratzen funtsezko lana egin zuen eta, aldi berean, bertsolaritzaren inguruko hausnarketa bati ireki zion atea, sormenaren baitako prozesuak agerian jarri eta mekanismoak ezagutzera emanez.
Belaunalditzat izendatu dugu, baina, kontzeptu lainotsua izaki, zalantza handiekin genbiltzan, Sebastian Lizasok, irizpide kronologikoa ezarriz, uxatu zizkigun arte: “Zaharrena Mikel Mendizabal duk eta Iñaki Murua zetorrek ondoren. Lehena 1956ko martxoaren 31koa duk eta bigarrena uztailaren 30ekoa”, hasi zitzaigun eta erreskadan aipatu zizkigun jaiotegunak. Hurrenkera bakarrik esateko, Millan Telleria eta Anjel Mari Peñagarikano datoz segidan eta Sebastian bera gero. Loidisaletxe da hurrengoa eta Egaña segidakoa. Eta geroxeagokoak dira Sarasua, Euzkitze eta Sorozabal. Hamarreko talde horretatik bakoitzari beste kideei buruzko gertakari, pasadizo, oroitzapen eta gogoetak eskatu genizkion.
Testuen bilketa eta argazkiak: Joxean Agirre
Akuarelak: Mari Kruz Etxeberria
Erretratuak: Pilar H. Socobehere
Gertakarien ilustrazioak: Txema Garzia Urbina
CDaren ardura: Mikel Kazalis
CDko izen-deituren ahotsa: Oñatz Mendizabal
Onenak CDan
Gertakari eta pasadizoen kontaketa ahozkoa izan ohi da berez. Hemen bildu ditugunak ere lagunartean edo taberna batean kontatzeko modukoak dira. Hala kontatu izan ditugu Egañaren belaunaldiko bertsolariren bat hizpidera ekartzen genuenetan. Horregatik, bertsolari bakoitzari bere bi gertakari kuttun ahoz kontatzeko eskatu genion eta hogei kontakizuneko CDa osatu dugu belarrien gozamenerako. Aldizkariarekin batera doa, doan. Kontakizunok bakoitzak bere etxean grabatuta daude. Mikel Kazalisek txukundu ditu bere estudioan.