[Egañaren belaunaldia IX] Jokin Sorozabal

Joxean Agirre-(r)en argazkia Joxean Agirre 2021-05-10
Ilustrazioak: Akuarelak: Mari Kruz Etxeberria. Erretratuak: Pilar H.Socobehere. Gertakarien ilustrazioak: Txema Garzia Urbina

Jokin Sorozabal –

1995ean finalista izan zen Gipuzkoako Txapelketan. Xenpelar, Lizardi, Artxanberri eta Patxi Errota sariak irabaziak ditu. Elektrikaria da, Krafft enpresan egiten du lan mantenuan. Andoainen jaio zen 67an eta Orexan bizi da, Altziturrieta baserrian. Miren Jone emaztea mendi ingeniaria da eta Gipuzkoako Baso Elkartean egiten du lan. Alaba zaharrena, Maialen, albaitaritza ikasten ari da Bartzelonan; Aiora batxilergoan dago eta Garazi, DBH3n. Etxea, jatorriz, XVI. mendekoa da, eta handik Aralarren mendi lerroa ikusten da urrunean. Eta gertuago, herriko kaskoan, Orixeren jaiotetxearen teilatua suma daiteke. Buruari bueltak eman eta pentsamenduak lotuz hitz egitea gustuko duen pertsona da Jokin, eta bere jardunari jarraitu genion.

Jokin Sorozabal

“Bada egun klabe bat nik jendaurrean lehen saioa egin nuena, Zaldibiako bertsolari gazteen 85eko Artxanberri saria. Andoaindik bi joan ginen, herrian biltzen ginenak, baina herritik kanpo inork ezagutzen ez gintuenak. Ni ez naiz kale-kalekoa, eta ezta baserritarra ere, auzo bateko kale etxe batekoa baizik. Gure amak eta osaba batek egin zuten baserriaren ondoan etxe bat, eta han hazia naiz ni, baserritarren artean; euskal girokoa, beraz, erabat. Bertso eskolen sorreraren garaiak ziren haiek. Mikel Mendizabal Ikastolen Elkartetik etorri zen La Sallera irakasleren bat animatzera. Eta Anatxen osaba batekin, Otaño bertsolariarekin, hasi ginen herrian biltzen. Eta handik urtebetera Artxanberrira aurkezteko adorea izan genuen, 18 urterekin. Inori esan gabe, etxean ezer esan gabe, joan ginen. Lau urte geroago irabazi nuen sari hori. Egon naiz pentsatzen Zaldibian debutatu nuen egun horretan, gero Egañaren bueltan ibili ginen bederatzi bertsolariak han geundela. Euzkitze, Sarasua eta Loidisaletxe han ziren nirekin batean. Murua gai-jartzaile zen, Egaña eta Mikel Mendizabal epaile, Sebastian eta Millan badakit entzuleen artean zirela, eta Peña ere han izango zen. Bertsolari gazteen figurak sekulako ikusmina sortzen zuen. Gu ginen bertso eskoletatik ateratako lehen belaunaldia”.

 

Sorozabalekin Xoxokan

Euzkitzek kontatua

Eskolarteko txapelketen garai uros hartan —txapelketak ez ziren hain urosak, baina garaia bai—, Joxe Mari Mujika Anatx urnietarrarekin dezente ibiltzen nintzen, bertsotan eta bestela. Hark osaba du Otaño bertsolari urnietarra. Behin abisu bat bidali zigun, ilobaren bitartez: halako egunetan Xoxoka auzoan afari bat egin behar genuela, bera ontzen ari zen bi bertsolari gazte ezezagunek eta bostok. Oiartzabal eta Sorozabal ziren bi gazteak. Otañok gu haiekin probatu nahi. Afalostean saio luzea egin genuen. Oiartzabal oso txukun, Sorozabal harrigarri. Bigarren punturako eman nion tankera: honek badik aparteko zerbait…

Erabakiak hartzen ona

Telleriak kontatua

Jokin Sorozabalekin badut pasadizo bat frogatzen duena zein denbora gutxi behar duen erabaki ona hartzeko. Urte askoan ibili ginen elkarrekin Gipuzkoako Elkarteko zuzendaritzan. Aretxabaletan ginen biok bertsotan eta bueltan kotxean gentozen, Jokin gidari eta ni ondoan. Jexux Murua eta Mikel Mendizabal ziren atzean, saioa entzutera joanak. Elgetatik barrena gindoazela Peñak eta biok izan genuen basurde festa bat, eta istorio hura kontatzen nentorrela, hor ikusi genuen errepide bazterrean, pretilaren zulotik aterata, basurde bat, eta esan nion Jokini:

—Emaiok, emaiok!

Joan zen basurdea zegoen lekuraino eta iskin egin zion.

—Zergatik ez diok jo? —galdetu nion.

—Aitaren kotxea delako —erantzun zidan.

Jokin oso da pertsona fina eta erabakiak ondo eta azkar hartzen dakiena. Gipuzkoako Elkartean elkarrekin asko ibiliak garelako esan dezaket hori. Nik jarraitu egin diot bertsotari, Ordizian asteroko entrenamendua eginez, baina berak uztea erabaki zuen. Orexan bizi da bere bost emakumeekin, emaztearen ama barne sartuta.

 

Jokin Sorozabal

 

Sorozabalen kotxea

Egañak kontatua

Jokin Sorozabal inor gutxi bezalakoa da bertsotan. Eta izaeraz ere badu punttu bat inork ez bezalakoa. Joxe Agirreren ondoren bera izan dela mozketaren maisu, esango nuke. Zarauzko Iñurritzako surtidoreko tabernan egin genuen zita, mendebalderantz gindoazen orotan egin ohi genuen gisan. Kafea hartu, eta irteerako unean zein kotxetan joan erabaki ezinik ari ginen.

—Nirean joan gaitezkek, nahi baduk…

—Nirean ere bai. Depositua bete zioat…

—Niri berdin-berdin zaidak…

—Niri ere bai…

Oharkabean, nire autoaren ondoan geunden ordurako. Begiratu bat bota zion kanpotik barrurantz. Kuxidade hura ikusita lau hitz aski izan zituen epaia emateko.

—Hor etziok joateik!

 

Jokin Sorozabal

 

Hanka sartzeak ere bai

Loidisaletxek kontatua

Sorozabal eta biok Oiartzungo bertso bazkari batera joan ginen behin, inor ezagutzen ez genuen auzo batera. Eta bazkaltzen ari ginela, bertan zeudenen inguruko informazioa bildu behar izaten denez, bazkaltzen ari zen batek mahai buruan zegoen gizonezkoa mutilzaharra zela eta haren ibilerei buruzko informazioa eman zigun. Hasi ginen bertsotan, mutilzahar horren aipamenak egin genituen eta, saioa bukatu genuenean, etorri zitzaigun haserre, eta bazekiela, esan zigun, zein putasemek eman zigun informazio hura. Zer esan ez genekiela geratu ginen. Arratsaldean zehar beste pare bat saio egin behar genituen, eta bertsotan jarraitzeko gorputzaldi ederrarekin gelditu ginen. Erabiliak izan ginen sentipena izan genuen.

 

 

Sorozabalen erantzuna

Mendizabalek kontatua

Jokin Sorozabali bertso saio baterako abisua eman nion behin: Izazpi mendira gindoazela goiz pasa. Eta ustekabeko erantzuna eman zidan nire harridurarako:

—Aspaldi honetan ez nauk bertsotan aritu eta gorputzak ez zidak eskatu ere egiten.

Erantzun horrek ez ninduen hainbeste harritu, baina ondoren bota zidanak pausoa geldiarazi eta azalpen baten zain utzi ninduen, zuzenean berari begira. Eta honela argitu zidan bere azalpena:

—Orain, joanda ere ez nikek lehengo freskurarekin egingo bertsotan, eta lehen baino okerrago egitekotan ez nauk joango.

—Ez huen hori benetan esango —jarraitu nion nik. Eta benetan ari zela errepikatu zidan. Eta goiz pasa horretan, 1993ko Euskal Herriko finalean Donostiako Belodromoan puntuari erantzunez berak kantatu zuena gogoratu genuen elkarrekin:

“Gerrikoa estutu entzuten da sarri” jarri zioten puntua, eta Sorozabalen erantzuna: erantzun behar zaio jende klase horri/ guretzako arauak noiznahitan ekarri/ ta beraiek nahi duten neurrikoa jarri.

 

 

San Mames atarian

Egañak kontatua

 

Bilboko jaietan ginen Santiago plazan. Ez dakit nondik sortu zitzaidan burutazioa, ez bainaiz horrelakoak egin zalea, baina bi sarrera eskuratu nituen Estanis Argoteren omenaldi partidarako. Saioa egin eta bapo bazkaldu ostean joan ginen biok San Mames aldera. Ez dut uste Jokin oso futbolzalea denik. Uste dut lehen aldia zuela horrelako stadium batera sartzen zena. Egingo nuke ez dela berriz itzuli. San Mamesera heldu ginelarik, bere iritzia azaldu zuen.

—Hau al da?

Hiru hitz aski. Esaten errazagoak interpretatzen baino. Sujerenteak oso…

Jokin Sorozabal
Jokin Sorozabal
Jokin Sorozabal
Jokin Sorozabal