[Egañaren belaunaldia IV] Anjel Mari Peñagarikano
Anjel Mari Peñagarikano –
Albizturko Herriko Ostatuan jaio zen, 1957ko urriaren 17an, eta mutikoa zela hasi zen bertsoarekin zaletzen, etxera etortzen ziren bertsolariei entzunez. 80an irabazi zuen Xenpelar saria, urte horretako Txapelketa Nagusian Amurizarekin txundituta gelditu zen eta hortik aurrera hasi zen bertsolari egiten. 91n Gipuzkoako Txapelketa irabazi zuen. Hiru aldiz izan da finalista Txapelketa Nagusian, eta hamarkada pare batez ez zen gelditu. Berak esan ohi duen moduan, garairik egokienean ezkondu zen (berandu samar alegia, bere lagun asko berrogei urteren bueltako krisialdia gainditu ezinik zebiltzanean) Jaionerekin, eta seme bat dute, Jokin. Kirol zalea ez ezik, gaztetan kirol asko egindakoa da. Karisma handiko bertsolaria, berak eraiki duen pertsonaia nahi bezala kudeatu izan du. Bere Athletic zaletasunari, esaterako, sekulako etekina atera izan dio. Jende askoren bertsolari kuttuna izan da urte askoan, azkenaldi honetan jendaurrekoari pixka bat utzita badabil ere. Azkenaldian, Saeco eta Bianchi kafe makinak erosi eta instalatzen ditu Gipuzkoako enpresetan. Enpresa horiek lekua eta argindarra bakarrik jartzen dute. Anjel Mariren saria langileek makinan uzten duten dirua da. Aurretik liburu saltzaile egin zuen lan eta harrotasunez aipatzen du bertsolari ezagun izateagatik leku askotan egiten zioten harrera.
Batea
Sarasuak kontatua
Tourmalet mendatean gora doa hamabosteko taldea, han eta hemen inguratutako maillotez jantzita. Peña da emozionatuenetakoa, eta horrexegatik, bere maitagarrian, serioen doana.
Hilabete batzuk lehenago sortu zen ideia bertsolari eta bertsozale batzuen artean. Tourrera joan behar genuela, eta Pirinioetako porturik zailenak igo behar genituela. Andoni txirrindulari familiakoa da, eta haren lehengusu Bartolo zenaren balentriak nire begiz ikusita, banekien haren hankek txirrindurako indar berezia izango zutela. Peña eta Mendizabal bizikletari eman eta eman omen zebiltzan azkenaldian, hogeita hamagutxi urteko sasoian. Jexux Murua, Altzoko adiskide Manuel Olano, Andoniren anaia gaztea txirrindularia eta beste batzuekin osatu zen kuadrilla. Andoni, Mikel eta, batez ere Peña, hilabeteetan kilometroak egiten ari omen ziren gorputza prestatzeko. Nik, sekula ezertan serio entrenatu ez den honek, inoiz ez bezala saio batzuk egin behar izan nituen Gatzagako mendatean gora, portuetan gora jarraitu ezinik barregarri geratzearen beldurrez.
Bagoaz bada gora, arratsalde fresko batean. Ideiarik ere ez nork zer aguantatuko duen eta goraino denok iritsiko ote garen. Lehen kilometroak batera egin ditugu, eta, nire kalkuluak bestelakoak baziren ere, aldapa gogorrenetan gora hasita, bertsolarietako bat eta besteren bat atzeraxeago geratzen hasi dira, hankak eta entrenamendua gorabehera; nikotinaren lanak, nonbait. Peña gogotsu, aurreko taldean: hamarreko bat gaude orain. Aurrerago eginda, bigarren bertsolaria eta beste bizpahiru lagun geratu dira erritmoari jarraitu ezinik, polikiago joan beharrean. Zortzikotea aurreko pilan. La Mongie inguru sonatuan, nire harridurarako, Jexux bera, bere zimelean, eta besteren bat, apur bat atzerago geratu dira. Aurrera goaz, hemen ez dio inork inori itxoiten, dena-beharrean goaz. Ahal dena egiten da etenik ematen ez duen aldapa deabru honetan. Boskotea geratu gara aurrean. Halako batean, Peña juxtu doala iruditu zait. Juxtu, denok joango gara oso juxtu, baina hura ezinean. Minutua baino lehen esan du, arnasa nonbaitetik bilduta:
—Hi, hi, batea, danok batea jun ber diau…!
Lagun baten bila
Egañak kontatua
Berastegin sekulako afari-merienda eginda gentozen Sarasua, Peña eta hirurok nire Ford Fiesta gorrian. Gazta zaharra harrak zuloetatik saltoka zituela, eta ardo on-ona, edozein deskuidatzeko modukoa. Tolosan geratzeko eskatu zigun Peñak, lagun batekin egon nahi zuela eta. Geratu ginen eta Jon eta biok abiatzera gindoazen unean, Peñak gerarazi egin gintuen.
—La oskua, la oskua! Laguna ze pisutan bizi den ez nauk akordatzen. Eta hemen hainbeste etxebizitza zegok bloke bakarrean… Taberna horretara sartu eta telefonoz deituko zioat. Eta zuek, bitartean, kafe bat edo hartu…
Sartu ginen bi lagun tabernara lagunak laguna topa zezan. 86ko sanlorentzoak ziren eta orduan ez zen sakelakorik. Mostradorean gu kafe banarekin, Peña izkina batean ari zen barran eskaturiko telefono-listinari begira. Orriei atzera eta aurrera mordoa eragin eta gero, etsita, guregana jo zuen.
—La oskua, la oskua! Ezin diat aurkitu. Ahaztu egin zaidak ze abizen duen!
Peñagarikano ondotik
Euzkitzek kontatua
Sekula ez naiz errimea izan hitzorduetara puntual iristen, orain asko zuzenduta nago baina —Sebastian barrez irudikatzen dut: hi kanbixau!—. 1991ko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren finalera ere juxtu samar nindoan denboraz. Amarako tuneletan kotxe pilaketak zeuden, gainera. Minutu baten soberakinik gabe iritsi nintzen belodromoko atera, eta Jexux Muruak purrustada egin zidan: “Zuzenean oholtzara!” Gaizki, Xabier, orduan ere gaizki. Agur bana egin ondoren, lehen bertso puntuagarrian potto egin nuen. Potto egitea baino oker handiagoa izaten da norbera konturatzea, kezka eta ezinegona areagotzen baititu, bestela nahikoa ez-eta. Neu ez nintzen ohartu, zorionez. Tira, zorionak gutxi iraun zuen. Aulkian eseri orduko, Peñak ondotik: “Hi, potto egin duk!”. Eta gero berak irabazi txapela!
Bi bertso afari Andonirekin
Peñak berak kontatua
Andoni Egañak askotan kontatzen du nik nire emaztea bertso afari batean ezagutu nuela eta halaxe izan zen, baina Andonik ez zekiena da nik bigarren bertso afari bat antolatu nuela neska horrekin kointziditu ahal izateko, eta engainatuta eraman nuela bertso afari horretara. Donostiako Axular Lizeoan egiten zuen lan orain nire emazte denak, eta egiten du oraindik ere, eta ikastola horretako irakasleek bertso afari bat antolatu zuten inguruko Aieteko taberna batean. Andonik saioa bukatu eta alde egin zuen, eta besteok Donostiako Parte Zaharrera jaitsi ginen. Orduan ezagutu nuen Jaione. Neskarekin berriro egon ahal izateko, bigarren bertso afari bat antolatu nuen eta Andoni eraman nuen, baina nik antolatu nuela esan gabe. Bigarren bertso afari hori Axular lizeoan bertan izan zen. Handik gerora esan nion zer egin nuen.
Zuzenean lanera
Telleriak kontatua
Peñari buruzko pasadizoak asko ditut, baina Oñatira joan gineneko bat kontatuko dut. Artean ez zuen gidabaimenik. San Isidro egun batez joan ginen bertsotara. Saio bat egin, bertakoekin afari bikaina egin, eta trikitia eta erromeria bukatu zenean abiatu ginen etxera. Eta Udana igotzen argi ginela, kotxeari pintxazoa egin zitzaion. Anjel Mari besoan min hartuta eta zintzilik zuela zegoen. Katuarekin saiatu nintzen altxatzen, baina ez zuen funtzionatzen eta, han geundela, Zumarragako Golden dantzalekutik zetozen lau gazte gelditu ziren. Gainean kremailera, kate eta burdin pila zeramaten. Ea zer gertatzen zitzaigun galdetu ziguten gazteleraz. Kontatu nien katuak ez zuela funtzionatzen, eta haiek kotxea altxatuta egin genuen gurpil aldaketa.
Abiatu ginen etxera eta Anjel Mari lo, berriro, berehalaxe. Ostiral gaua zen eta larunbat goizetan lanera joaten ginen, artean. Ormaiztegiko Tejerian, ogia eta egunkariak egoten ziren, eta Tejeria horretan, izenak dioen bezala, teilak egiten zituzten eta teila puskaz egindako zorua zegoen. Nentorren abiaduran sartu nintzen leku horretara eta, kotxearen saltoekin, Peña izutu eta sabaia jo zuen buruarekin.
—Nora hoa? –galdetzen zidan.
—Egon hadi lasai, egunkaria eta ogia erosi behar ditiat eta.
Hartu nituen egunkaria eta ogia, eta bidean martxan jarri orduko hartu zuen lo berriro. Iritsi ginen Anoetara eta esnatu egin behar izan nuen.
Ni zuzenean lanera eta Anjel Mari lotara joan ginen. Lantokian esan zidaten:
—Millan, gaur deskuidatu haiz. Ez haiz, ba, hi askotan deskuidatzen.
—Ez, baina gaur bai. Despertadore kabroi horrek ez zidak jo –esan nion.
Biharamun horiek izugarri luzeak eta gogorrak izaten ziren.
Nik ez nuen denborarik ateratzen lo egiteko. Etxera bueltan, askotan, kuluxka bat egiteko gelditu behar izaten nuen.
Tabernako bertsolaria
Egañak kontatua
Peñak eskarmentu handia zuen ordurako. Dexente ibili ginen bolada batean biok elkarrekin eta, nire aldean, asko ezagutzen zuena zen Anjel Mari. Bertsotara joan biok eta saioa bukatu ostean, taberna-ertz batean, espontaneobatek ekin zion bertsotan gu tentatzeari. Ondo ari zela oso irudituko zitzaidan niri. Hala esan nion behintzat Peñari ondotik ahapeka:
—Honek oso ondo egiten dik bertsotan!
Barre-murritx batekin erantzun zidan Peñak. Eta esaldi bat bota zidan inoiz ahaztuko ez dudana.
—Tabernako bertsolaria beti irudituko zaik oso ona, lehenengo aldiz bada.
Neuri gertatua
Peñak berak kontatua
Gure gazte garaian soldaduskara joan behar izaten genuen. Beti egiten zen despedida, eta soldaduskara zihoanari azenario bat jartzen zitzaion lepokoa balu bezala. Sanpedroak ziren eta Asteasura joan ginen. Ni nintzen azenarioa zintzilik zeramana. Beñat Iguaranen aitarekin topo egin nuen, Inaxiorekin, hura ere bertsolaria. Hasi ginen bertsotan eta jende dezente inguratu zitzaigun. Bizardun moztaka bat ere gurekin batera hasi zen. Zein izango eta gerora jakin nuen Joxe Arregi zela, gero torturatuta hil zutena. Zer mundu txikia!
Peñak duen dokumentua
Muruak kontatua
Igual berak kontatuko du orain kontatzera noan anekdota hau. Euskal Telebistarekin bihurritu ginenean, Elkarteak sorrera hartan zailtasun handiak izan zituen. Genituen bi langileak ere, Koldo eta Jexux, langabezira joan ziren. Inguruan genbiltzanok dirua jartzen hasi ginen eta uste dut Peñak daukala zerrenda hura, zeinek zenbat ditu jarri zuen agertzen zuena. Zerrenda horrek sekulako balioa du, eta, tarteka, mehatxuren bat ere egin izan digu:
—Kontatu egingo diat zeinek zenbat eman zuen eta zeinek esan zuen emango zuela eta batere eman ez.
Baina ez digu inoiz dokumentu hori entregatu. Auskalo noiz egingo duen publiko urrea balio duen dokumentu hori.
Dieselaren delkoa (CDan dago)
Peñak berak kontatua
Ardozaleak beti izan gara eta, tarteka, ardo gorri bila joaten ginen Zirauki edo Mañeru aldera. Manuel Olano altzotarra, irakaslea eta bertso munduan lan asko egindakoa, eta biok joan ginen behin kotxean. Pare bat bodega bisitatu genituen eta ardo bidoiak maleteroan genituela gentozen etxera, euria goian behean egiten zuela. Eta, Nafarroatik barrena Gipuzkoara gerturatzen ari ginela, kotxea salto txikiak egiten hasi zen, motorra itotzen ari balitzaio bezala. Opel Kadett zuri bat nuen, hamabost egun lehenago erosia. Mugiroko Benta baino lehentxeago zen. Bazterrean gelditu, kapota altxatu eta begira geundela, Manuelek esan zidan delkoa izango zela, euriarekin eta umidurarekin busti egiten zelako; bereari ere horixe gertatzen zitzaiola.
—Kapota itxi egingo diat orduan, bestela gehiago bustiko zaiok —esan nion eta, orduantxe, futbol partidu bat jokatzetik zetozen gazte batzuk gelditu zitzaizkigun ea laguntzarik behar al genuen galdetuz.
—Hara, hara, hara!, gasoila galtzen ari duk kotxe hau —esan zuen haietako batek, aberiaren jatorria aurkitu zuelakoan, baina erortzen ari zena ez zen gasoila, maleteroko ardo gorria baizik, bidoia iraulita zihoalako. Sekulako barreak egin zituzten gazte horiek. Kotxea bultzaka martxan jartzen ere saiatu ginen, eta Mugiroko Bentara eramateko eskatu genien. Hara joan, gure arropak beheko suaren ondoan lehortzen jarri eta telefonoz gure mekaniko ofizialari, Jexux Muruari, deitu genion. Eta hura etorri zen bere lagun mekaniko profesional bat ondoan zuela gure bila. Jexux Muruak askotan kontatu digu han geundela gu beheko suaren ondoan galtzerdiak zintzilik lehortzen jarrita eta ardo gorria edaten. Ea zer gertatu zitzaigun galdetu ziguten, eta kontatu genien nola hasi zen kotxea saltoka eta Manuelek uste zuela delkoa bustiko zitzaiola. Eta hori entzutean sekulako algarak egiten hasi ziren.
—Zergatik egiten duzue barre? –galdetzen genien, eta erantzun ziguten:
—Ez al dakizue dieselak ez duela delkorik?
Jexux Muruaren eta mekanikoaren artean konpondu zuten aberia eta etorri ginen etxera.
—Mekanikoari propina ona eman nion, baina egun hartako zigorra ez zen propina izan, baizik ondoren gure bizkar delkoaren kontuarekin egin zizkiguten adarjotzeak.
Peñaren auto istripua
Lizasok kontatua
Nik Peñari buruz bilduma bat egingo nuke. Behin Elgoibarko San Lorentzon ginen festetan. Abuztuaren 11 edo 12 zen eta erabat nekatuta nenbilen, egun ilara neramalako gelditu gabe bertsotan. Nik handik beste leku batera joan behar nuen eta Peñari eskatu nion ea nire ordez joango al zen.
—Segi, segi, la oskua, nik ez diat joan nahi! —esaten zidan.
Joan nintzen bertsotara eta gero enteratu nintzen neskaren batekin plana eginda zegoela eta, neskarekin zihoala, istripua izan eta gure etxera hots egin zuela; istripua izan zuela eta zer egin behar zuen jakin nahi zuelako. Ni bertsotan nintzela erantzun zioten, eta orduan Millani deitu omen zion:
—Hi, Millan, la oskua, la oskua, Anjelito nauk. Istripua izan diat eta horrelakoetan zer egin behar izaten dek?
Ahal den bezala etxera etorri behar zuela erantzun omen zion Millanek.
Handik hiruzpalau egunera elkarrekin ginen berriro Zizurkilgo amabirjinetan. Kotxerik gabe zen eta Albizturrera joan behar zuen, etxera.
—Eramango al nauk? —galdetu zidanean, ezetz esan nion, bromatan; ez nuela eramango esan nion.
—Ni erabat jota nengoela ez hidan mesederik egin nahi izan, eta, gero, zerbait jotzen hasita, bazterra jo huen.
Lazkanok, adarra jotzeagatik, berak eramango zuela esan zion, niri keinua eginda. Peña erabat izua zen, eta Imanolek bidean putetxean sartu-irten bat egin behar zutela esan omen zion eta beldurtu omen zen Peña.
—La oskua, la oskua, neskak etortzen bazaizkidak zer esan behar ziet nik? —esaten omen zuen.
Kakalardoa patatekin
Peñak berak kontatua
Oso famatua egin zen bere garaian Zumaian bertso afari batean bota nuen bertso bat. Telleria eta biok, artean oso gazteak ginela, Juanito Dorronsorok deituta joan ginen saio horretara. Jaten hasi ginen eta, berehala, bertako plater tipikoa atera zuten: olagarroa patatekin. Gu lehorrekoak izaki, olagarro zoparik eta olagarroa patatekin sekula jan gabeak izango ginen.
—Zer da hau? –galdetu nuen, eta agertu zidaten olagarroa zela patatekin. Eta nik ez nekien olagarroa zer zen ere. Gero ikasi genituen andarika, barbarina eta lasuna zer diren, baina orduan ez nituen ezagutzen. Bertsotan hasteko ordua iritsi zenean, prestatu nuen bukaera bat: “Gaur arte ez nekin ze goxua den olarrua patatekin”. Bertsoaren lehen puntuak bota nituenean, ahaztu zitzaidan “olarru” hitza, eta “Ze goxua den kakalardoa patatekin” kantatu behar izan nuen, eta sekulako barreak egin zituen jendeak. Eta, geroztik, nik bakarrik dakit zenbat adarjotze egin zidaten kontu horrekin. Hurrengo bertsoan, dena den, barkamena eskatu nuen, lehorrean jaiotakoak horrelakoak egiten dituela adieraziz. Geroztik, zenbat aldiz esaten zidaten:
—Zumaira joan behar diagu kakalardoa jatera.
Euskararik onena Tolosakoa zela zioen mitoaren beherakada orduan hasi zen niretzat.
Amoniako eta harmoniarako
Muruak kontatua
Behin, Lizartzan saioa bukatu eta autora sartu aurretik pixa egin behar ba, eta, egiteko horretan ari ginela, Peña hasi zen:
—La oskua, la oskua! Bihar, igual, barazki hauek mahaian egongo dituk.
Pixa sanoa dela erantzun genion:
—Pixa gaitzak sendatzeko erabiltzen ditek bestelako sendagairik ez den lekuetan —esaten genion. Lazkao Txiki ere pixa egiten ari zen.
—Zer zeukak, ba, pixak? —galdetu zuen, eta Peñak erantzun zion:
—Amoniako.
Eta Lazkao Txikik orduan:
—Ardoa hobea izango duk harmoniarako.
Bertsolariak kiroletan
Peñak berak kontatua
Hemezortzi urtez azpikoen Herriarteko Txapelketa bat jokatu zen herri kiroletan; hau da, harri jasotzen, aizkoran, pilotan, sokatiran eta lokotx biltzen. Ni lokotx biltzen atera nintzen. Zestoak eta Anoetak jokatu zuten finala. Sokatiran, pare bat minutu egin zituzten elkarri amore eman ezinik, eta Zestoako taldean tiratzen zutenen artean Jexux Iribar Olalde bertsolaria zegoen. Zestoa izan zen txapeldun eta Anoeta bigarren. Ez da dominak neure buruari jartzeko, baina txapelketako lokotx biltzeko saio guztiak irabazi nituen.
Peñaren kirolzaletasuna
Sorozabalek kontatua
Bere ezaugarrietako bat kirolzaletasuna da. Kirola eta apustua maite ditu. Peñak, gaztetan, arraunean asko egin zuen bateletan, Tolosan. Manu Maritxalarri entzun nion irratian Tolosako Batela taldea Espainiako txapeldun izan zela. Kirola eta apustua asko gustatzen zaizkio, eta gogoan dut Zizurkilgo festetan, behin, bertso saioa bukatu eta nola hasi zen erronkak botatzen, eta Sarasua eta Beltza jarri zituen bera eta laugarren baten kontra pilotan herriko frontoian. Ez dakit laugarren hori ez ote zen Mikel Mendizabal. Egon naiz kontuak ateratzen eta Beltzak, Lopategik, 56 edo 57 urte izango zituen ordurako. Jendetza bildu zen partida ikustera, goizeko ordu bietan. Uste dut Peñak irabazi egin zuela. Alkizan ere badakit beste batean jokatu zuela Euzkitzerekin, hango beste biren kontra. Peñak oso ondo esplotatzen ditu bere izaeraren alderdi batzuk, Athletic zaletasuna, esate baterako. Oso ondo manejatzen du bere pertsonaia. Igorrera joan ginen behin, larunbat arratsalde batez, bertsotara eta saioaren ondoren, Joxe Agirre ere tartean zenez eta txuleta bat jateko pronto egoten zenez beti, hasi ginen taberna bila eta, Peñak Athleticen partida bat ikusi nahi zuelako, taberna kaxkar batean sandwich txar bat jaten bukatu genuen, telebistan Athletic ikustearren. Eta Osasunak bi eta huts irabazi zion.
Jon Maia nire batelean
Peñak berak kontatua
Bateletan sekulako afizioa zen garai horretan Tolosan, 84ko uholdeek presa bota eta arrauna egiteko lekurik gabe geratu ginen arte. Orain, berriro piztu da afizioa. Gure garaian inork ez zekien igerian, baina, lehorrekoak izanik ere, sekulako zaletasuna genuen arraunean. Urak presa bota zuenean, gure batel hori han zegoen alferrik galtzen eta Zumaiara eraman zuten, eta, han, gorriz margoturik jarri zuten uretan. Eta nire batel horretan Jon Maia ibili zen arraunean. Ni ibilitako ontzi berean ibili zen Maia. Bizitzaren paradoxak dira horiek. Hamaika aldiz jardunak gara hori dela-eta adarra jotzen elkarri. Gero, Jon Maia itsasgizona izan da, marinela.