Duintasuna bertsotan
Duintasuna bertsotan –
—Aizan, hirurogeiak beteak dittun?
—Bai, batera najoian.
—Primeran, orduan parte hartu heike! Eta bertsotxo batzuk idazteaz gain, gai honi zabalpena emoten be lagunduko doskun, ezton?
Eta horrelaxe, espero gabeko goiz erdiko dei xelebre horietako bat jaso eta “Bertsopentsiotan” I. bertso jarrien lehiaketako zurrunbiloan sartu ninduten bete-betean, jubilazioa oraindik urruti xamar ikusten badut ere.
Nola esan ezetz inkonbustible, nekaezin kuadrilla honi! Bizi guztia lanean eta hainbat borrokatan eman ondoren, atsedenerako garaia heldu arren, pentsiodun guztien duintasuna helburu, mugimenduan jarraitzen dutenei, eta nola gainera! Tipi-tapa, etengabe, sei urtetik gora astelehenero gure herrietako plazak aldarrikapenez eta elkartasunez betetzen! Jubilatuak baina ez erretiratuak, noski! Eta beti hausnarrean… zer egin pentsiodunen gaia, mugimenduaren helburuak gizarteratzeko? Nola sozializatu eta indarrak batu, jendarteak proposamenok geure egin eta defendatzeko? Manifak, mendi eta bizikleta martxak, baraualdiak, kalejirak… zer ez dute baina egin 1.080ko horren atzetik? Eta halaxe sortu zen Bertsopentsiotan lehiaketaren ideia ere. Astelehenero plazetan ez egon arren, mugimenduaren helburuekin bat egiten dugunok asko izanik, berori bultzatzeko sentitzen dugun grina horri bide emateko. Eta horietariko asko, euskara, kultura eta bertso munduarekin lotura dutenak! Eta euskaradunak izateko hainbeste oztopo izandako belaunaldiak, batzuei eskoletan gaztelera edo frantsesa inposatu zietelako eta beste askori ikasteko edo berreskuratzeko baliabiderik eskaini ez zitzaielako, euskal kulturari ekarpen xume hau egin nahi izan dio. Pentsioen gaian sakonduz, bertsogintza, pentsamendu eta ideia berriak gizarteratzeko baliabide gisara. Halaxe, “ari garela, ari garela, astelehenero plazetan” gaitzat hartuz, 61 bertso sorta eder jaso ziren, Ipar eta Hego EH osotik, eta baita diasporatik ere, pentsioen gaia gizarte osoari dagokigun gaia dela azpimarratuz, bereziki adin horren bueltan gaudenoi, jakina, baina etorkizunari begira, jendarte eredua definitzen duen oinarrizko gakoa dela gogoratuz, gizarte berdinzale baten ardatza!
Azarotik urtarrilera arteko epea beteta, lan guztiak jaso eta epaimahaiak bere balorazioak egin eta gero, martxoaren 1ean eman zitzaion bukaera ederra Tolosan, sari banaketa eta jaialdi hunkigarriarekin. Han bai giro! Kostako da gaztetxeetan halako mugimendua izatea! Ia 400 lagun, antolaketa bikaina, elkarlanean zaildutako andre-gizonak, umoretsu, itxaropentsu, herrenka, hazurretako minez, baina eskuzabaltasunez okerren daudenen alde borrokatzeak ematen duen poza aurpegian. Mahaiaren bueltan kontu-kontari, kantu-kantari, jai, kantu eta umorerik gabe ez baitago borrokarik eta halako mugimendua ez baitago hainbeste urtetan hain bizi mantentzerik elkarren arteko adiskidetasun, konplizitate eta horrelako une goxorik gabe. Alkatearen agur ederra, Peñagarikano eta Telleriaren bertso pizgarriak, bazkari ederra eta ondoren ta-ta-ta-txan, sari banaketa!
Parte hartzaile bakoitzak eskuz egindako bere diploma jaso (detaile horretan ere zenbat lan, ikaragarria da daukaten kapazitatea), urteak eta esperientziak tonaka oholtza gainean, zorionez erorikorik ere ez zen egon eta denak pozik jaialdian zehar. Ekimenarekin asmatu den seinale. Eta saritutako sorta bakoitzetik zenbait bertso entzun genituen.
Ez da kasualitatea, Rikardo Gzlez. de Durana txapeldunaren lehen bertsoa “andre” hitzarekin hastea. Bertsoak jartzen emakume parte hartzaile asko ez baginen ere, (hurrengorik badago seguru gehiago animatuko garela!) bertsotan sarri azaldu da emakumeak jasandako diskriminazioa, askotan azpimarratu da izan gizon edo emakume, eskubide berdinak izan beharra, ikusten da benetan mugimendu honetan emakume eta gizonak eskuz esku doazela, errespetuz, parean egoten saiatuz, eta hainbat emakumeren errealitate gordinari ematen zaion irtenbideak erabateko eragina izango duela etorkizunean.
Hurrenez hurren hurrengo sarituak, German Kortabarria Igartua, Jesus Peñagarikano Labaka eta Julian Albistur Aranburu. Ondoren, beste bost aipamen, eta diplomak gainontzeko guztientzat.
Askok beren bizipenak aletu dituzte bertsoen bidez; lanean izandako gorabeherak, nekeak, alarguntzeak, frankismo garaiak, eskasia, miseria eta beste hainbat sufrimendu. Bertso gehienak zeharkatzen dituzten ideiak, duintasuna, itxaropena, indarra, kemena, ilusioa, borroka grina, irudimena, batasuna, pentsio duinak, “pentsiodunen mugimendua hazi ugariz sortua”, beraz, animo eta segi, “jarraitu egin behar da borroka honekin, ondo egindako lanak baitu bere eragina”.
Azken batean, denak harro astelehenero egiten ari denarekin, duintasun erakustaldiarekin. Eragile sozial bihurtu direlako, gai sakonak mahai gainean jarriz, gizarteak adineko jendea modu berri batean ikusteraino, atzetik gatozenok miresmen eta esker onez begiratzeko, baita jendarteko talde guztiak, bakoitzak bere eskubideak defendatzeko egiten duten animazio lanagatik ere. Elkartasun eredu dudarik gabe!
Zalantza barik, mugimenduan astelehenero dauden pentsiodunek babes zabala eman diote “bertsopentsiotan” lehiaketari eta azken jaialdiari. Euskaradunek ekitaldia txukun zainduz, ondo asko baitakite bertsoa euskal kultur espresio berezia dela. Baina erdaldunak ere hurbildu dira, eta bat eginik, gustura egon dira. Bertsoen arrimura bildutako parte hartzaileak, pentsiodunak, gonbidatuak, laguntzaile guztiak, denak jarrera ireki eta lagunkoiarekin, natural-natural, giro ederra sortuz. Ezin bultzada hobeagorik pentsio duinen aldeko mugimendua indartzeko!
Bertsoak, hitz jolasak, arimadun berbak, hor gelditzen dira, jasoak, edonork irakur ditzan, baina batik bat Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduarentzat palanka eta animo errimak, denon etorkizun duinerako altxor txiki bat bailiran.