Rufino Iraola: Bizitza bat bertso-paperetan

Bianditz Iraola Azanza-(r)en argazkia Bianditz Iraola Azanza 2020-01-13

Bizitza bat bertso-paperetan –

Ez da erraza eman didaten lana; bizitza bat bertso bidez azaltzea. Ez da erraza galdu berri duzun norbaiten unibertsoan murgiltzea, eta bizitza horren ibilbidea berriz egitea. Aukeratzeak baztertzea eskatzen duelako, eta aukeratzen hasita, zaila delako maite duzun norbaiten aspekturen bat kanpoan uztea. Eta sentimenduek, oroitzapenek, beste bizitza bat dute orain, eta unetik unera aldatzen dute maitatu duzun hura ikusteko modua. Eta denak besarkatu eta lotu nahi dituzu. Guzti horien artean, bertso hauek azaleratu zaizkit aita gogoratzean.

Denetan lehenengoa, nire lehenengo bertsoa izan zelako, Marrotxeko Bautista Artanori jarritako bat. Bautista gizon handia zen, borobila, jatun ona. Umore onekoa, eta bromazalea. Ezin dut bere irudi garbirik oroitu, baina beti buruan ibili izan dut aitak egin zion bertso hau:

Artano, zure konduta
tatxa gabea duguta,
gradu handia izango duzu
zeruan sartuta,
guziek aukeratuta,
giltzak eskuan hartuta
atezain hantxe jarriko zara
San Pedro kenduta.

Lau bat urte izango nituen, eta kalean topatzen genuen bakoitzean, aitak galdetzen zidan ba ote nekien zein zen: “Bertsoa badakik, ba! Kantaiok”. Auskalo zenbat aldiz kantatu nion bertsoa Bautistari, eta beti lehen aldian entzun izan balu bezala hunkitzen zen. Gero, eskua ematen zidan, eta sena banuela esan.

Sekula ikasi dudan lehen bertsoa izan da, eta ahaztu ez badut, liluratu izan nauelako da. Ez nekizkien hitzak zituen, zuten hotsa gustatzen zitzaidan, eta zeruaren eta San Pedroren irudia ezin nuen egin, are gutxiago atearena eta giltzena. Gaur oraindik hori dena barruan dut: nola irudikatzen nuen zerua eta ondorengo bizitza. Badirudi aitak berak beti izan dituen kezkak niri ere txikitatik sartu zizkidala.

Izan ere, aitaren alderdi bat eta bakarra nabarmentzekotan, horixe izango litzateke: galderak sortzen zitzaizkion une oro, eta galdera horiei erantzuna bilatu nahirik bizi izan da beti. Askotan piztiatzat deskribatu izan du behar hori, eta pentsamentua itzaltzea kostatzen zaigunok badakigu zer den hori.

Nire kantu liburua (1977ko azaroa)

Arratsetako nire
kontakatilua,
nik bakarrikan dakit
zure baliua.
Lo harrarazteko droga
eta alibiua,
letraz eraikitako
nire kastilua.

Nire malkoek sarri
bazaituzte busti,
gaur ederrago zara
malko eta guzti;
joan deneko urte
batzuez honuzti
negarrak ez nau eta
inspiratu gutti.

Bizitzak badu berez
hamaika tortura;
horrek bultzatzen gaitu
sarritan kantura.
Nahiz hitzak zuzendu
guk basamortura,
barrena lasai behintzat
zerbaiten kontura.

 

Kobazulotik garraisi

Nondik natorren ez dakidala,
noraezaren ertzean;
heldulekutzat amildegia
aurrean eta atzean.
Oinak lurrari josiak, baina
arima, apika, haizean.
Zatiketa bihotzean
pentsamenduak jotzean. (bis)
Goizik inondik ez da ageri,
bizi gara arratsean,
eta arrazoiak ez du etzan nahi
fedearen ohantzean. (bis)

Nik gogoeta egin izan dut
zeruaz eta munduaz
(nire buruko entendimentu
guzti-guztia bilduaz):
Jainkoa edo delako Horrek
egin duen absurduaz,
odol, izerdi ta suaz,
gizonaren helburuaz. (bis)
Esaten dena, dena denetik
aparte mila leguaz…
Oraindik gabiltz kobazuloko
hormatzarrak laztanduaz. (bis)

Ez zen gizon iluna, hala ere, nahiz eta une oro argi bila ibili. Traszendentzia edozer gauzak zuen berarentzat, edozein gauza xumek irakurketa unibertsalak egiteko balio zion, eta, askotan, azalekoaz harago, bizitzaren edertasunaren muinari heltzen zekien. Baserriari jarritako bertso hauek dira adibide. Alde batetik, gure aita beti izan zen baserritar eskasa. Ez baserrian lanik egin gabekoa zelako, baizik gustatzen ez zitzaiolako. Baserriaren ideia ez zen batere bukolikoa beretzat, baina aritzen zenari aitortzen zion bere balioa, hain juxtu aritua zelako.

Baserriaren gorantzan

Baserri batek berekin ditu
makina bat amenazu:
ganadu askok emaitza ahula
eta beste asko antzu,
laborea urri, belarra eskas
eta soro denak galtzu;
ortuan, berriz, barrabas-belar
beldurgarria indartsu.
Ez dakit zeri eman su!

Lanik ez zaigu sekula falta
arratsalde nahiz goizean:
soro, belardi, baso, garadi,
ikuilu ta baratzean.
Saiatu arren esne askorik
ez da azaltzen pertzean,
ta letxeria nola zerbitu
hau bataiatu ezean
beste askoren antzean?

Sagarrondoek lehen bezala
ez dute frutu ematen,
adar puntetan ale zimurrak
baizik ez dakit daukaten,
eta xoxoak ikusten dira
mokoka haiek eramaten;
sagarra biltzen mozkortzen gara,
ez sagardoa edaten,
ez da modurik izaten!

Oh, baserria, beti gogoan
nola ez zaitut izango nik,
esan bezala, hainbeste etekin
atera badut zugandik!
Nire izardien xurgatzailea
izan zara betidanik,
orain artean bizi izan banaiz
ez dago bizi ezinik,
eta banoa hemendik!

Baserria gustatu ez arren, jaiotetxea ez zuen saltzeko. Anai-arreba guztiek dute sorlekua aintzako, ez baitago egun bizi diren lekutik urrun. Guretzat leku mitikoa da ia, ondotik askotan pasatu arren, sekula ez baikara bertan izan. Familia kontuetan, ateratzen direnean, bizi-bizi dago Olei-zahar, lehengusuok jaio baino dexente lehenago saldu bazuten ere.

Jaiotetxeari (1976)

Ehundaka urtez izan zara zu
sendi askoren itzala;
urteak eta eguraldiak
beztu dizute azala.
Maitatzen zaitut urrun dagoen
semeak ama bezala…
Ni naizen arte zu ere Jaunak
zutik eduki zaitzala.

Jabetasunez berriz ez gara
itzuliko Olegira,
baina sarritan jartzen natzaio
beheko aldetik begira.
Bion arteko kontu isilak
goxoak izaten dira,
eta horrelaxe uxatzen dugu
elkarrenganako mira.

Etxea beti izan zuen presente, gainera, dituen adiera eta zentzu guztietan. Etxea baita sendia, etxea baita munduratzeko behar duzun zutabea, etxea deskantsua eta etxea etorkizuna. Eta etxeko gizon ere izana da gure aita. Oreka perfektutik urrun dago gurean ere, baina nik gogoratzen dudala, aita beti izan da etxeko gizon. Harritu egiten nau orain hainbeste urte dituzten bertso hauek irakurtzeak, orduan nobedade gisa islatzen badu ere, beti ezagutu dudalako horrela. Harritu egiten naute, duela hilabete jarriak izanda ere berdintsu balioko luketelako.

Etxeko gizon (1981)

Gaurtik aurrera badut
titulu berria,
batere eskatu gabe
nigana etorria:
etxea gobernatzen
naukate jarria,
gastatuko dut, bada
zeinek ekarria.

Nire hurrengo lana
enkarguak jaso,
ahal dudan merkenetik,
onenari paso!
Xuhurra naizela-ta
batzuek eraso;
kanpotik hitz egiten
erraza da oso.

Andrea badijoa
egun on esanda,
eguneko ordenak
goizetik emanda,
ongi bete ezean
gauean demanda,
tituluen bentaja
horixe izan da.

Eta etxea maite bazuen, etxekoak zer esanik ez. Ez daukat nik aitaren irudi maitekor handirik. Esan nahi dut, gurekin ez duela jolas gehiegirik egin, ez gaituela ito arte besarkatu… Ez da aita hotz eta urrutikoa izan, ordea, beste garai batzuetan ohitua, beste modu batera azaltzen zituen gauzak. Ordenagailu zein paperaren aurrean, ordea, barrena husten bazekien. Ez dut gogoan noiz ezagutu nituen ondoko bertso hauek, baina pentsa dezakezue nolako zirrara eragin zidaten ezagutzen ez ninduen norbaitek hitz hauek eskaini izanak. Ni urte hartako apirilean jaio nintzen, baina amaren sabelean egon, edo bere magalean, gauza ber-bera aitortu zidan.

Haur baten zain (1978 martxoa)

Gure amets gozoa
burutu bezperan,
ez dakizu zein pozik
gu aurkitzen geran.
o, haurtxoa, ez dakit
zer izango zeran.
Neska ala mutila,
berdin dit aukeran…
Zatoz guztiok ongi
gozatzeko eran.

Ama kontentu dago,
aita ere alai,
ospakizun handia
noiz gertatuko zai.
Elkar ikusi arte
ezin egon lasai.
Inoiz izanagatik
guretzat sufrigai,
berdin gabeko pozen
iturri ere bai.

Ez gaituzu aurkituko
aberats, dirudun;
xentimo bat gorderik
ez daukagu inun.
Baina esango dizut
zer herentzi dugun:
izango duzu nahi
hainbeste maitasun,
eta haziko zaitugu
osoki euskaldun.

 

Haur baten jabe (1978 uztaila)

Bertso kantari natorkizu gaur
o, gure seme laztana;
zu zara gure amets eztia,
zu zara gure poz dana.
Zu zerbitzeko beti gerturik
daude aita eta ama…
Hauxe da lan bat segi eta segi
eta nekatzen ez dana.

Gisa horretan ikusirikan
geure baratza loratzen,
aita bat nola aspertuko da
bere semea goratzen?
Egun guztia pasatzen dugu
mimo eta adoratzen…
Ez dut urruti ibili behar
ez banaiz ere txoratzen!

 

Jaio, Rufino bera ere behin edo beste jaio zen. Ondoko bertso sorta da horren adierazgarri. Bereziak dira bertso hauek zentzu askotan: lehenik eta behin, autoa txatarratarako geratu zen istripu batetik zirkinik gabe atera zelako. Guk ere, lehen aldiz, orduan galdu genuen aita. Izan ere, lehen aldiz etorri zitzaidan burura aita (edo ama) galtzeak zer lekarkeen. Asko asaldatu ninduen gertaera hark, eta bertso hauek irakurtzeko eman zizkidanean, azkenekoa erantsi nion, hain nengoen asaldaturik (Bai, hika egin nion aitari!). Berandu konturatu zen, nonbait, eta “hala utziko diat, eleante zeok!” batekin konpondu zuen.

Baina gertakari honetaz gain, egun bereziak izan ziren oso ondokoak. Alde batetik, kuadrillako batek pilotari afizionatu bezala azken partida jokatu zuen hurrengo egunean, eta profesional gisa debutatu, handik gutxira. Neronek ere erreportaje zabal bat argitaratu nuen egunkari batean. Lehen aldiz, izen eta guzti. 20 urte nituen, eta galtzear egon ginena ospatu genuen gabon haietan gure etxean. Eta zetorrena, gogoan baitut harrotasunez hartu zuela erreportaje hura. Ordurako, berarekin ibilera batzuk eginak nituen bertsolari txapelketetan, eta hor hasi zen erreleboa ematen.

 

Abenduaren 24an, berriro jaio (1998)

Abenduaren hogeita laua
oso data ezaguna,
aurrerantzean doble motiboz
zelebratuko duguna,
nirearekin lotuko baita
Belengo gertakizuna;
sekula ere ez zait ahaztuko
galdu artio zentzuna,
mundu hontara bigarren aldiz
etorri nintzen eguna

Kaminoetan izan ohi dugu
makina bat gorabehera:
zerorri irten bidetik edo
bestea etorri parera;
nirekin ere ia bete zen
jende askoren patu bera,
Peugeot zaharrak bidali nahi ni
defuntuen elkartera,
baina azkenean noroni ondo
ta bera txatar parkera.

Horregatik da nire kasua
alaitu eta pozteko,
ez nengoen prest neu joan eta
kotxea hemen uzteko,
orain modurik ez dudan arren
auto berria erosteko,
bizia neure eskuetan dut
dirua irabazteko,
nahitaezkoa, neu ahaztu gabe,
Peugeot zaharra ahazteko.

Kaminoetan izaten dira
hainbesteko destrozoak:
bai kotxea ta bai gidaria
puska txikitan jasoak,
familietan samin negarrak
ez dira une gozoak.
Hik ere ia eman hituen
kanposantura pausoak
eta oraindik barrena daukak
horri jartzeko bertsoak?

Luze eta zabal joko luke, eta, hala ere, ez nuke esango esan nahi dudan erdirik. Bizitza oso bat dago laburbildua testu honetan, eta bihar idatziko banu, beste gauza batzuk sartuko nituzke, gaurkoak kanpoan uzteko.

Pentsa dezakezue orain zenbateko pisua duen errima bakoitzak, esaldi bakoitzak, bertso bakoitzak. Esanguratsuena sartzeko, pisuko beste batzuk kanpoan utzi beharra. Horixe da heriotza, dena kolpean mozten du, eta ezerk ez du zentzurik, denak beste zentzu bat duelako bat-batean.

Hau da ekarri nahi izan dudan Rufinoren lana, aita izan denaren zati txiki bat baino ez. Guretzat zaila izan da nondik moztu jakitea, ez dugulako ezer moztu nahi izan. Hementxe, beraz, Rufino eta aita, bere hitzen bidez, maitasunez aukeratuta.

Bizitza bat bertso-paperetan  Bizitza bat bertso-paperetan  Bizitza bat bertso-paperetan  Bizitza bat bertso-paperetan  Bizitza bat bertso-paperetan  Bizitza bat bertso-paperetan  Bizitza bat bertso-paperetan  Bizitza bat bertso-paperetan  Bizitza bat bertso-paperetan  Bizitza bat bertso-paperetan  Bizitza bat bertso-paperetan  Bizitza bat bertso-paperetan  Bizitza bat bertso-paperetan  Bizitza bat bertso-paperetan