Bilketa: Aitzolen bilduma

Aitzolen bilduma –

Aitzolen bilduma

Bestalde, Lore Jokoetako eragile nagusiek hedabideratzeari ez ezik bilketari ere arreta berezia jarri zioten euren proiektuaren oinarrizko egiteko gisa. Xahoren eta Manterolaren kantutegiak dira lekuko. Euzko Pizkundeko ziklo honetan Aitzol izan zen alderdi honi arreta gehien jarri ziona. Horrela, esaterako, bilketarako deia egin zuen 1932an, eredu gisa Finlandian burututako egitasmo bat jarriaz:

“Esta colaboración de los patriotas euskaltzales puede conducirnos a conseguir lo que Finlandia ha realizado: archivar en un soberbio edificio más de medio millon de poesías, cuentos, leyendas y refranes populares finlandeses […] Y ese edificio sería el mejor Museo y la Historia más interesante de la raza euzkeldun a través de los siglos.” (Euzkadi, 1932/VIII/24, “La poesía popular y el alma de la raza (Iniciativa fecunda), Jose Ariztimuño Aitzol)

Ez zen aipamen puntual bat izan. 1933ko irailaren 25ean Euzkadin “La poesía popular letona en el renacimiento nacional” izenburua zeraman testuan berriro ere bilketaren gaiari heldu zion, Finlandiako eredua Letoniakoarekin osatuz eta zereginerako Kataluniako Patxot institutua bezalako erakunde bat sortu beharko litzatekeela mahaigaineratuz.

Antonio Zavala izan zen gerora, 1955ean bere bilketari ekin zionean, Aitzol en bilduma Aldundiaren artxiboetatik berreskuratu zuena. Azaltzen duenez, 1932tik aurrera urtero burutu zen gisako dei bat, Euskal Herri mailakoa, 1936ra arte:

“[…] urtearen garai berdintsuan deia egiten zan andik eta emendik bertso eta kantak bialtzeko; eta ango eta emengo jendeak zintzo erantzun ere bai […] Bidasoaz onunzko probintzi geienetatik bada zerbait. Gipuzkoatik geiena; Bizkaitik eta Naparroatik ez gutxi; Arabatik ere zerbait; eta baita Lapurditik ere.” (Zavala, 1997: 173)[1]

Ez da tolosarra garaian bilketaren kezka erakutsi zuen bakarra, ezta dei hori egin zuen bakarra ere. Hainbatetan topatu ahal izan da gisakorik, esaterako, Lauaxetak argitaratutako hau: “Pozik jasoko doguz bialdu gura dauskubezan bertzuak. Antziñatik entzun dogu batek badiñardubela bertzuak batzen, baña eztira agertzen. Aldija ostera aurrera dua. Premiña dogu arintxu egiteko” (Euzkadi, 1931/V/26, 1. or., “Azalpenak”. Urkiaga, Esteban Lauaxeta).

Izatez, bilketaren alorrean garai honek eman zituen ekarpen berritzaileenak Makazagaren Bertsolariya, bertso jarrien bilduma hedabideratua dena, eta 1935eko nahiz 1936ko Bertsolari Guduetako bat-bateko bertsolaritzaren zuzeneko transkripzioa izan ziren.


[1] Jasotakoa altxorra dela azaltzen du Zavalak, baina bertsopaperak ez bildu izana botatzen du faltan: “Zergatik etzituan inprentako bertso-paperak eskatu? Bearbada aurre-iritzi oker bat zualako. Erri literatura edo aozko literatura izanik, agian zera usteko zuan: jende zaarraren burua beste bizilekurik etzeukala arek, eta iturri bakarra bera zala.” (1997: 174)

Aitzolen bilduma