Bide berria urratzen

Antxoka Agirre-(r)en argazkia Antxoka Agirre 2025-01-07

Bide berria urratzen –

Euskarazko kazetaritzan dena zen berri samarra garai hartan, baina berrikuntzarik handiena Zubimendi eta Luzearrek elkarrekin ekarritakoa izan zen: euskarazko irratsaio finkoa. Urratsa inguruko hizkuntzekin bateratsu egitea lortu zuten gainera.

Bide berria urratzen
Luzear (ezkerrean) Donostiako Unión Radioko Euzkel orduba irratsaioko eguneko gonbidatuekin. Donostiako poxpolinak. 1932ko azaroa. Argazkilaria: Ricardo Martín. Iturria: Kutxateka.

1920ko azaroaren 2an Pittsburg-eko KDKA kateak AEBko presidentetzarako hauteskundeen berri emanaz burututakoa izan zen lehen irrati-emanaldia munduan, eta Europan, esaterako, 1922an sortu zen British Broadcasting Company enpresa, bost urte geroago British Broadcasting Corporation (BBC) izena hartuko zuena. Frantzian, 1921ean egin ziren lehen probak, Espainian 1924ko maiatzean jarri zen indarrean lehen arautegia, eta Euskal Herrian lehen emanaldiak Radio Club de Vizcaya irratiak eskaini zituen 1925eko urtarrilean. Euskarazko lehenengo irrati-uhinen albistea, berriz, Jose Zabala Nabarriztarrak eman zuen Argian urte bereko urriaren 4an: “Lengo eguneko arratsaldean […] belarrikoa jarri nuaneko nabaitu nuan poza! Doniane Loitzuneko txadun-abestaldea abesten ari bai-zan! Etxeko guztiak, belarriko bana genuela zortziakarte entzuten egon giñan”. Astebetera, euskarazko programazioaren edukiak zerrendatzen zituen, Argian baita, izenburutzat “Radio-Donostia” zeraman testuak: Toribio Altzagak euskaraz emaniko “Qui Tolis” bakarrizketa, Errenteriako Etxeberria delako batek abestutako “Eusko-Rapsodia”, Egileorrek kontatutako Fernando Amezketarraren ipuinak… Eta Luzear da Argiaren hurrengo zenbakian formatu berriaz diharduena: “Bat edo batek galdetu du onuzkero ¿baña nola dabil gure euskera egaz? ¿Nola? Emen aurrean daukaten tresnatxoa zure aurrean bazeneuka etzenuke ori galdetuko […] “Pernando Amezketarraren ateraldiak” Eskozia’tik Marruekos’eraño entzun dituzte […]” (Argia, 1925/X/18, “Euskara egaz”. Luzear). Argiaren inguruan oso harrera beroa egin zitzaion irratiari alfabetatze arazoak saihestuz nekazariengana iristeko bitarteko gisa. Izatez, irratiari eskainitako atal bat ere sortu zuten 1926an.

Bide berria urratzen
1933-01-04. Zubimendi (ezkerrean) Donostiako Unión Radioko Euzkel orduba irratsaioko eguneko gonbidatuekin. Argazkilaria: Ricardo Martín. Iturria: Kutxateka.

Tartean behin agertu ohi ziren eduki solteak euskaraz lehen urteetan Donostiako Union Radion; euskarazko irratsaio finkoak zerbait gehiago itxaron behar izan zuen. Hain zuzen ere Luzear izango zen 1931ko irailean Zubimendik El Pueblo Vascon zuen euskal atalean ideia mahairatu zuen lehena. “Irudipen zoroak” bezain izenburu esanguratsua jarri zion testuari:

“Oroitzen al aiz, Joseba? Atzo, zinean izana nauk. Gabero, radio entzun oi diat. Eta antzoki, zine ta radio naastu dituk cocktailik biurrienean; burua zoratu zidatek. Eta irudipenik zalapartarienak irten nai bizian zebizkiat. Irudipen zoro oiek, Euzko Gaztediara eskaini nai zizkioat. Zoro batek, eun zintzo zoratu oi dituala etziotek ba? Ia ba zorakeri abek, norbaitek egi biurtzen ote dizkiken. «Antzokia! (Teatroa). Irudibiltegia!! (Zinea). Irratizkiña!!! (Radioa). A zer iru lagun, gure zabalkunderako! Ta irurok, gure deiaren zai-zai bezela dauzkagunak. Jakina, gauza guzietarako bezela, diru apur bat bear. Ta diru apur ori, duanaren eskutatik ezpadator…” (El Pueblo Vasco, 1931ko iraila; Ordozgoiti, 2012: 12)

Zubimendiri zuzentzen zitzaion, lagun bezala ziurrenik, baina baita Euzko Gaztediko burua zelako bai Euskadi mailan eta baita Donostian ere. Eta horrek erabat sintonizatzen zuen lagunak euskararen zabalkunderako medio berria baliatzeko zuen kuraiarekin:

“Aspalditik amets gozo bat bezela gure buru barruan jiraka zebillen asmo bat, laster betetzeko bidean jarri zaigu. Ez da txantxetako asmoa. Irratizkiñez, radioz, astean ordu bete osoa euskeraz egitea. Radio San Sebastian-ek badakizute nola egunero bialtzen duan bere abotsa ludi guziak entzun dezan. Ba, leku orretatik bertatik, berak pozik guri utzita, euskal abotsa, ludiko bazter guzietara, zabalduko degu. Ludi guzian entzungo dan euskerazko ordu betea! (El Pueblo Vasco, 1932ko otsaila; Ordozgoiti, 2012: 13)

Bide berria urratzen
1935. Zubimendi Kontxako estropadak irratiz ematen. Argazkilaria: Pascual Marín. Iturria: Kutxateka.

1932ko martxoaren 2an eskaini zuten lehen emanaldia, eta aurrerantzean asteazkenero eskainiko zen 20:00etatik 21:00etara. Zubimendi zen zuzendaria; Luzear eta biak, haren alaba Amale Arzelusekin batera, esatari nagusiak; Anjel Lizarraga aritu zen produktore lanetan, eta Txomin Olanok nahiz Bruno Imazek  jartzen zuten zuzeneko musika pianoa joz.

Lantalde horrek Pizkunde hartako hainbat izen garrantzitsuren babesa eta kolaborazioa izan zuen: Aitzol, Lizardi, Monzon, Emeterio Arrese, Orixe, Hernandorena, Toribio Alzaga, Beorlegi, Basarri, Elbira Zipitria, Dunixi, Tomas Garbizu, Aita Donostia, Aita Migel Altzo, Jean Lafitte eta Oxobi, besteak beste. Aldundiaren sostengua ere ez zitzaien falta izan: 1.500 pezeta 1932an, eta bina mila 1933an nahiz 1934an.

Arrakasta izan zuen proiektuak. Ehungarren emanaldia ospatzeko lau orduko emanaldi berezia egin zuten Kursaaletik, Eusko Abesbatzaren, Errenteriako txistularien eta Orkestra Filarmonikoaren kontzertuekin nahiz Basarriren bertso-saioarekin[1], besteak beste. Urteurrena ospatzeko honela zioen Esteban Urkiaga Lauaxetak: “Artzeluztar Amaletxu edonork darau bere abotsa entzun dogulako ez behin, sarritan baino. Zubimendi azkarra, Luzear eta abar geure adiskide egin dira. Eta zelan gero? Irratijaren bidez! Holakorik entzuteko bere!” (Ordozgoiti, 1992: 6). Prentsan elkarrizketatuak ere izango dira Zubimendi eta Luzear irratsaioaren arduradun gisa.


[1] Basarriren bertsoa jasotzen du Díaz Nocik (1992: 371) 1932 hartan argitaratua: “Euskera eder zoragarria/ orra irratetxetan/ txiro ta aberats artean, etxe ta ikastoletan, itxaso zabal, baso ta mendi, kale ta baserrietan./ Biotz zabalez aitortzen degu:/ ¡Maite zaitugu benetan!/ Gaurtik aurrera garalle bear/ dezu alde guztietan”.

Bide berria urratzen  Bide berria urratzen  Bide berria urratzen  Bide berria urratzen