Beste argazki erraustu batzuk: euskal prentsa

Beste argazki erraustu batzuk –

Beste argazki erraustu batzuk
Gerraren erdian sortu zen euskarazko lehen egunkaria, Eguna. 1937ko urtarrilaren 1etik ekainean Bilbo erori zen arte argitaratu zen.

1936ko uztailaren 18an estatu kolpe faxista gertatu bezain pronto, euskarazko prentsaren arrasto oro desagerrarazi zen Araban eta Nafarroan. EAJren Amayur aldizkariaren nahiz Iruñeko kaputxinoen Zeruko Argiaren itxierak aipatzen ditu zehazki Díaz Nocik (1995b: 247-248) euskarazkoen artean, eta baita euskarari tarteren bat egiten zioten La Voz de Navarra jeltzalearena eta Aitzolek zuzendutako Gure Mixiolariarena ere.

Gipuzkoan, Union Radioren Radio San Sebastian ez beste guztiak isildu ziren hasiera batean, uztailaren 27tik aurrera errepublikaren aldeko indarrek Frente Popular egunkaria argitaratzeari ekin zioten arte. Irailaren 13an herrialdea faxisten esku gelditu zenetik, haien aldeko argitalpenek baino ez zuten bidea egingo, tartean Altxamenduaren bezperan kolpea emateko kontsigna argitaratu zuen El Diario Vasco. Euskarari toki bat egiten zioten guztiak itxita gelditu ziren: Antzerti, Anuario de Eusko Folklore, Argia, El Día, Eusko langille, Igandeko Orria, Poxpolin, El Pueblo Vasco eta Yakintza.

Bizkaian, aldiz, hainbat hilabete eutsi ahal izan zion Jaurlaritzak, eta lubaki horretan euskarazko prentsaren historian garrantzitsuak ziren urrats batzuk egin ziren suntsiketa prozesuan parentesi bat irekiaz.

Aipatu den gisan, 1920ko hamarkada hasieran Euskaltzaindiak euskarazko erredakzio bat sortu zuen egunkariak euskarazko edukiz hornitu eta denborarekin euskarazko egunkari bat ateratzeko asmotan. Lehen saiakera serioa hamarkadaren amaieran etorri zen Argia aldizkarian oinarriturik, eta Lizardi buru zuen Euskaltzaleak elkarteak sustatua, eta 1929ko uztailean lau orrialde zituen zero zenbaki bat argitaratzera ere iritsi ziren, baina bertan behera gelditu zen bideragarritasun ekonomikorik ez zuelako. Gerraren erdian burutu zen saiakera izango zen azkenik aurrera aterako zena, Eguna, historiako euskarazko lehen egunkaria. Gerrak eragindako paper eskasia zela medio Euzkadiren orrialde kopurua jaitsi eta euskarazko orria bertan behera uztea erabaki zenean, orri horren arduradun zen Lauaxetak eta Manu Ziarsolok jarri zuten martxan proiektua. Ziarsolo zen zuzendaria, Agustin Zubikarai zuzendariordea, eta hiru kazetarik osatzen zuten erredakzioa: Alexander Mendizabal, Eusebio Erkiaga eta Jose Mari Arizmendiarreta (gero Arrasateko kooperatiba mugimenduaren sortzaile izango zena). Kolaboratzaile talde zabala zuen, tartean, esan bezala, Basarri eta Luzear. Halaber, Excelsior aldizkariaren lokaletan jarri zuen bulegoa, eta Euzkadiko inprentak botatzen zuen. 1937ko urtarrilaren 1etik ekainean Bilbo erori arte argitaratu zen, 10.000 aleko tiradarekin, eta gerrako kontuez gain hainbat gai jorratu zituen kazetaritza bat eginez, argazkiz eta irudiz ongi hornitua.

Díaz Nocik azaltzen duenez, ez zen gerraren erdian euskarazko kazetaritzak irabazi zuen tarte bakarra. Horrela, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza Sailak, ANV-EAEko Gonzalo Nardiz sailburua zela, euskara hutsezko Ereintza aldizkaria kaleratu zuen; Lauxetak zuzendu eta lubakietan zabaltzen zen Gudari aldizkariak euskarari tarte handia eskaintzen zion, ANV-EAEren Tierra Vascak bezala, eta ELAren Lan-Deya ere elebiduna zen. Jaurlaritzak 1936ko irailaren 30ean bereganatutako Radio Emisora Bilbainaren emisioetan ere inoiz baino euskara gehiago entzun zen, euskarazko buletinekin, politikarien euskarazko hitzaldiekin edota Euzkel orduba euskarazko irratsaioarekin.

Bilbo erortzean denak isildu ziren, ordea, aurreko hilabeteetan Bizkaian euskarazko kazetaritzak zeuzkan euskarriekin gertatu bezala: Jaungoiko-Zale, Ekin Euskera, Euzkerea, Karmen’go Argia, Bizkaitarra eta Txistulari.

Aurreko urteetan bizi izan zen pizkundean neke handiz altxatu ahal izan zen eraikin guztia eraitsita gelditu zen, bada, gerraren ondorioz.

Baita Iparraldean eraikitakoa ere, II. Mundu Gerra etorriko baita handik gutxira. Horrela, 1940an izan ziren lehen itxierak, nazien eskutik:  Gure Herria eta Euskaltzaleen Biltzarra. 1944an azkena, aurreko mendetik zetorren Eskualduna:

“1936.ean bere politika propiari jarraituz —erlijioaren aldekoa itsu-itsuan, dakigunez— Frankoren armadaren alde agertu ziren. Ospetsua da «Mola jeneralaren soldat eskualdunek zaintzen dute Gernikako arbola» dioen pasartea […] Euskarazko aldizkaririk iraunkorrenak, euskara eta euskal kulturarentzat hain garrantzitsua izandakoa, oso bukaera txarra eta itsusia izan zuen: Frantziako Erresistentziakoek 1944.ean […] Eskualduna itxi eta berriro kaleratzea debekatu zuten [Nazien alde lerrokatu zelako]” (Díaz Noci, 1995b: 221)

Beste argazki erraustu batzuk  Beste argazki erraustu batzuk