BERTSOMANIAK

Nerea Ibarzabal

Marrazkiak: Patxi Gallego

Antzerkiko arropa horia edo toreroek amabirjinari egiten dioten otoitza bezain ezagunak ez izan arren, bertsolariek ere badituzte erritual xelebreak: oholtzara igo aurretik komunera lau aldiz joatea, baraurik kantatzea, poltsikoetan harri energetikoak eramatea… Ugari eta askotarikoak dira beraien maniak.

Inprobisazioak agintzen duenean, ezer ez da finkoa. Horregatik, akaso, oholtza gainean zenbait bertsolarik heldulekuak behar dituzte, belarrira “dena ondo joango da” esango dieten ipotx txikiak. Ohiturak izan daitezke, edota objektuak, bertsolariari zorte ona ematen diotenak.

“Bertsulari Ttipi” egunean 12 urterekin oparitutako kamiseta, esaterako, Maddi Sarasuaren amuletoa da, eta saio garrantzitsuren bat duen aldiro, kamiseta hori janzten du lo egiteko. “Kamisetak atzean bertso bat du idatzita, eta bertso hori kantatzen dut nikia janzten eta eranzten dudanetan. Konbentzituta nago sekulako zortea ematen didala”.

Mattinena da Maddik behin eta berriz kantatzen duen bertsoa, eta hala dio: “Bertsulari berria da gaur agertzen nun nahitik / bertsutako su berria berriz piztu da nunbeitik / kontsolamendu hauxe deraukat partitu gabe mundutik / xahar batentzat hamabortz gazte heldu direla ondotik”.

Eskolarteko saio baten bezperan eman zion hasiera Maddik bere erritualari, eta oraindik badirau bere ohiturak. “Txapelketako saioetan janzten dut gehienbat, nire buruari benetan ondo kantatzea eskatzen diodanetan, zail egiten zaizkidan saioetan”. Hasieran opari emandako kamiseta bat zena, bertsotarako konfiantza-iturri bilakatu da itsasuarrarentzat. Ez du saio on bat egingo duenaren beste garantiarik behar.

“Bertsolaria” eta “puntualtasuna” ez dira errima familia berekoak askoren ustez, baina badira uste hori ahultzen duten salbuespenak. Jokin Uranga garaiz heltzen da beti saioetara, eta lasai-lasai itxaroten die gainerakoei tabernan zerbait hartzen. Baina bada mania txiki bat puntualtasun horren atzean: behar baino askoz lehenago ateratzen da etxetik, bere buru barruko kristalezko bolari galderak egin ahal izateko. “Saioan zehar gerta daitezkeen egoera ezberdin guztiak imajinatzen ditut bidean. Zeinekin egin dezakedan bertsotan, gai baten inguruan zer esango nukeen nik, berak zer erantzungo lukeen…”. Ofizio osoak egin izan dituela dio Jokinek, bere bertsoak eta bertsokidearen bertso posibleak imajinatuta. Azken orduko entrenamendu bat bilakatzen da ohitura hori, eta “aktibatu” egiten da oholtzara igo orduko.

 

Hasierako agurra, alfergura txiki hori

“Ia mikrofonora irten arte ezin dut agurra pentsatu”. Miren Amurizak ez du jakiten zer egin oholtzara igo aurreko hamar minutu estralurtar horietan; bertsolariak agurra errepasatzen edo pentsatzen egon ohi dira, isilik edo doinuren bat xuxurlatzen, komunera osteraka. Baina Mirenek inprobisazioaren esku uzten du dena, eta, zereginik gabe, aspertu egiten da tarte arraro horretan.

“Ez dakit amildegi ertza zapaltzea gustatzen zaidan edo alferkeriagatik izango den!”, aitortu du. Bat-batekotasunaren erritmoan inor baino lehenago sartzen da Miren, mania horri esker, baina horrek bere arriskua dauka. “Uxue Alberdik eta Alaia Martinek, adibidez, sekulako agurrak eramaten dituzte kotxean edo etxean pentsatuta… eta nik ba, noski, gero halakoxeak botatzen ditut askotan… ‘egin dezagun saio eder bat asteburua hasteko’, eta abar!”.

Gutxitan ausartzen dira gainerakoak amildegi ertz hori hasierako agurretik zapaltzen. Amaia Agirre, esaterako, ia inoiz ez da igo oholtzara agurra pentsatzeke. Kalkulatuta dauzka agurra prestatzeko uneak eta lekuak: “Normalean dutxan edo kotxean pentsatzen dut. Kotxean beste bertsolariren batekin banoa, oholtzara igo aurreko ordu erdian egiten dut, tragoa hartzen ari garenean edo azken hamar minutuetan bestela”.

Berak ere baditu ohitura xelebreak. Egoerak kontrolpean eduki nahia izango da, agian, Amaiaren manien jatorria, edota urduritasuna kanalizatu beharra, bestela. Baliteke bera kantuan ari zen batean publikoan mugikorren batek jotzea eta horrek traumatizatu izana… baina saioa hasi aurretik mugikorra soinurik gabe jarri duela begiratzen du beti, “behin eta berriro”. Zenbait entzuleri kutsatu beharreko tik-a da hau, seguruena.

 

Txapelketa eta superstizioak

Txiki sentitzean eta norbere buruarengan sinestea aski ez denean, sinetsi ohi du gehien gizakiak kanpoko indarretan. Txapelketa izan daiteke egoera horietako bat zenbaitentzat. Horixe da bertsotarako erritualen garaia.

Aurten, Bizkaiko Txapelketako Etxebarriko finalaurrekoaren bezperan zinemara joan zenak Miren Amurizarekin egin zezakeen topo; baita iaz, Euskal Herrikoan, Oiongo kanporaketaren bezperan joan zenak ere. “Txapelketetan bueltaka hasi nintzenean, saioen aurreko egunean zinemara joateko ohitura hartu nuen. Oso gustura joaten naiz, eta zurrunbilo ‘txapelketerotik’ deskonektatzeko on egiten dit beti”.

Estrategia zinematografikoak erabili ditu Mirenek azken bi txapelketetan: “Euskal Herrikoaren bezperan La vida de Adele ikusi nuen. Pelikula luzea, beroa eta ederra benetan! Bizkaikoan, berriz, Escobar, narkotrafikante kolonbiar batzuei buruzkoa… txar mortala!”. Bere iritziz, ez batak, ez besteak, ez diote zorte onik ekarri, eta ez daki ziur ze pelikula klase ikustea komeniko zaion hurrengoan. To be continued…

Bertsolariak, sortzeko eginak diren heinean, sorginak dira denak. Batzuk besteak baino gehiago halere… Onintza Enbeitak bi zinginarri edo amuleto eroaten ditu lepotik zintzilik txapelketan: eguzkilorea eta taroteko giltza. “Eguzkilorea Eako lagunek oparitu zidaten, eta taroteko giltza, izeko Begoñak”. Zilarrezko giltza horrek ateak zabaltzeko balio dio Onintzari, berak nahi dituen gauzei sartzen uzteko eta nahi ez dituenak kanporatzeko. “A! Eta finalera arropa berriekin edo behintzat estreinatu gabeekin joaten naiz!”, aitortu du azken unean.

Janzkerarena bada erritual bat gutxi inprobisatzen dena txapelketan. Jokin Urangak beste mania bat du honi lotuta: gertuko jendearen zerbait eramaten du soinean beti. Norbaitek oparitutako galtzak, kamiseta, belarritakoak, jertsea… denetik jantzi izan du. Beraz, Jokini hozkailu bat oparitu nahi dionak kontuan har dezala datorren Gipuzkoako txapelketan soinean eraman nahiko duela.

Poltsikodun prakak ere amuleto bat izan daitezke, bertsolariek eskuen bidez energiak berreskuratzeko. Iratxe Ibarrak argi dauka, erosotasuna behar du: “Poltsikodun prakak janzten ditut beti oholtzarako. Eskuak sartu ahal izateko behar ditut poltsikoak, horrela nago ohituta eta horrek du lehentasuna”. Txapelketako saioaren egunean, goizean, paseatzeko ohitura ere badu markina-xemeindarrak; bertsolarien artean oso ohikoa den errituala. Miren Amurizak ere egiten du mendi buelta, Andikoa ingurura.

Ezin jakin harriek, mendi-bueltek, lepokoek eta jertse berriek benetan bertso hobeak botatzen laguntzen duten. Beharbada ez. Hala ere, errutina horiek hautsita bertsotan ondo egingo ote luketen galdetutakoan, inor ez da gai baiezkoa erantzuteko.