Bertsolaritzaren doktore tesiak
Bertsolaritzaren doktore tesiak –
Miren Artetxe, Oihana Iguaran, Eñaut Agirre eta Ainhoa Aizpurua bertsolaritzari lotutako doktore tesi bana garatzen ari dira Mintzola ahozko lantegiaren, Euskal Herriko Unibertsitateko Mikel Laboa Katedraren eta Euskara eta Ikerkuntza Errektoreordetzaren eskutik.
Duela lau urte eskuratu zuen Miren Artetxe bertsolariak Bertsolaritzaren transmisioa eta euskararen gune sinbolikoaren sendotzea doktore tesia egiteko ikerketa kontratua. Mintzola ahozko lantegiak, Euskal Herriko Unibertsitateko Mikel Laboa Katedrak eta Euskara eta Ikerkuntza Errektoreordetzak esleituta abiatu zuen. Oihana Iguaranek eta Eñaut Agirren aurtengo deialdikoak irabazi dituzte, eta Ainhoa Aizpuruak Mikel Laboa Katedrak eskaintzen duena. Bertsoaren Agenda. Agenda settingak bertsolaritzaren diskurtsoan duen eragina, Ahozko hizkeraren ezaugarriak bertsolarien bat-bateko jardunen eta Bertsolaritzaren prosodia dituzte ikerketa proiektuak, hurrenez hurren. Azaroaren 10ean aurkeztu zituzten, Amasa-Villabonako Subijana etxean.
Iguaran: “Etengabeko hausnarketa bat da bertsolarien eta bertsozaleen inguruan zein gai lantzen diren bertsotan eta zein tratamendu ematen zaien”
Aizpuruak bertsolaritzaren prosodia ikertuko du. “Hizkuntzaren musika, ahozkotasunaren funtsa”, ikerlariak argitu zuenez: “Hizkuntza hizketa bihurtzen dugunean, ahoskatzen dugunean, hots bihurtzen dugunean, sortzen ditugun erritmo ereduak, doinu edo intonazio egiturak, azentuak, intentsitate aldaketak…”. Bertsoetan hori dena nola gertatzen den ikertuko du. “Izan ere, bertsoa euskararen adierazmolde bat da, hizketa molde bat da, baina oso berezia, oso baldintza markatuetan gertatzen delako: bat-batekoa da, kantatua, neurtua eta errimatua. Hori dela eta, asko esan lezake bertsogintzaren izaeraz edo bertsogintza ulertzeko lagun lezake, baina baita euskara bera ulertzeko ere hizkuntzaren prosodia bera ere, oso baldintza berezietan gertatzen delako”. Hitzen eta musikaren arteko harreman hori nola gauzatzen den ikertuko du, eta, oinarri bat ezarritakoan, bertsoak euskarari buruz zer agertzen duen ikertuko du. Beste hizkuntzen prosodiarekin ere erkatuko du: “Ikusteko zer duten denek antzeko, eta, era berean, zer desberdin”. Euskararen normalizazioan lagun lezakeelakoan da, irakaskuntzarako eta hitzari berari “indar handiagoa” emateko.
Komunikazio ikasketak egin zituen unibertsitatean Iguaranek, eta komunikabideek bertsogintzan duten eragina ikertuko du, iruditzen baitzaio eragin zuzen bat egon litekeela komunikabideen eta bertsogintzaren diskurtsoen artean. . “Komunikazioan Agenda Setting izena duen teoria bat aplikatu nahi nuke bertsogintzan, ikusteko zer elkarreragin dituen, eta diskurtso horrek nola heltzen dion aktualitateari”, azaldu zuen. Lagin zabala zehaztu du, “saio mota guztiak” ikertu nahi baititu, “ahal dela behintzat”. “Adierazgarriena izango dena 2017ko txapelketa nagusia izango da. Horren atzetik saiatuko naiz beste saio mota batzuetara joaten: sariketetara, plaza librera, jaialdietara…”, agertu zuen asmoa. Bertsoaldi batzuen eduki analisia egingo du, eta epe inguru horretako gaurkotasunarekin alderatuko du. “Etengabeko hausnarketa bat da bertsolarien eta bertsozaleen inguruan zein gai lantzen diren bertsotan eta zein tratamendu ematen zaien. Etengabeko bilaketa batean ari da audientziak eskatzen duen heinean zein bertsolariek hala sentitzen duten heinean. Uste dut bilakaera horren erakusle bat izango dela, eta eragin hori neurtu ahal izatea oso baliagarria izan liteke bai sortzaileentzat, baita gai jartzaileentzat ere”, zioen.
Artetxe: “Bertso munduak badauka bere aldetik hizkuntza ideologia bat, eta hizkuntza ideologia horretan sozializatzen da bertsoeskolan dabilena eta berrtso mundura iristen dena”.
Artetxe orain artean gehiago ibili da Lapurdi, Zuberoa eta Nafarroa Behereko bertso-eskoletako gazteen hizkuntza erabilera, hautu eta portaera aztertzen. Batez ere, euren diskurtsoa ardatz horien inguruan aztertu du, eta aztertu du nola bertso eskolako jardunak horretan badaukan eragina. “Bertso-eskola berezko erabilerarako esparru bat delako euskararentzako, pentsamendu kritikoa lantzen den eremu bat delako, eta lotsari errespetua galtzeko konfiantzazko eremu bat delako. Horrek hizkuntza erabilera areagotzen du nolabait”, adierazi zuen. Bigarren fasean ari da egun, bertso munduari begira, “bertso mundua gehiegi zehaztu gabe”: “Bertso munduak badauka bere aldetik hizkuntza ideologia bat, eta hizkuntza ideologia horretan sozializatzen da bertso-eskolan dabilena eta bertso mundura iristen dena. Airean badago zerbait, eta airean dagoen hori definitzen saiatzen ari naiz”. Hizkuntzak biziberritzeko lehen ezagutzari ematen zitzaion garrantzia, eta, egun, erabilerari ematen zaio. Alor horretan ikusten dio erabilgarritasuna ikerketari: “Aisialdi eremua bada oso esanguratsua, eta eremu horretan dagoen zerbait da bertso-eskola. Adibide konkretu honetatik atera litezke ondorio batzuk aplikagarriak beste eremu batzuetarako”.
Konparaketa egiten ari da Agirre. “Konparatu nahi dira garai bateko bertsolarien eta egungoen hizkuntza”, aurkeztu zuen bere ikerketa proiektua. Ahozko hizkerara mugatuko du ikerketa, eta ahozko hizkeraren ezaugarriak alderatuko ditu. Aurreko lan batean aritua da antzeko lanetan lagin txikiagoarekin. Xenpelar, Txirrita eta Maialen Lujanbio alderatu zituen, orduan. Aurreko ikerlan horrek honakoa erakutsi zuen: “Erakutsi du hasieran espero baino alde txikiagoa dagoela”. Ahozko hizketarako, ahozkotasuna indartzeko eta bertsolaritzatik baliabide zerrenda handi bat ateratzeko “oso baliagarria” izango da ikerketa.