Bertsolaritzarekiko jarrera aldaketaren zantzu garbiak
Bertsolaritzarekiko jarrera aldaketaren zantzu garbiak –
Esan bezala, 1918 urte garrantzitsua izan zen euskal kulturgintzaren historian, Eusko Ikaskuntzaren sorrerak eta erakunde horrek Oñatin burutu zuen lehen kongresuak XIX. mende amaieran garatu zenarekiko hainbat berrikuntza ekarri bait zituen. Eta bertsolaritzari dagokionean ere, euskal intelligentsiaren aldetik azken bizpahiru hamarkadatan pairatutako gutxiespenak atzean utzi eta ziklo berri bat ireki zitekeenaren lehen zantzua bistaratu zen 1918 hartan bertan. Ez zen Eusko Ikaskuntzaren Oñatiko Biltzarrean izan, baina bai mugimendu beraren barruan paper garrantzitsu bat jokatuko zuen Barandiaranen eta enparauen Gasteizko Seminarioan. 1918/1919 ikasturtearen irekiera hitzaldia apaiz gazte bati egokitu zitzaion, Manuel Lekuona oiartzuarrari, eta hark “La Métrica Vasca” hartu zuen gaitzat. Gaia zabalagoa izan arren bertsolaritzari ere egin zion tarte bat, hain zuzen ere aurreko belaunaldiarengan nagusitu zen mespretxu jarrera salatzeko:
“Nos referimos a la poesía popular, la desdeñada poesía de los koplaris o bertsolaris, tan injustamente despreciada de muchos de nuestros cultos (…) nuestros improvisadores, testimonio viviente a una con la música y la danza vascas de las apreciables condiciones artísticas del vasco, a la par que ella sola es prueba palmaria de la flexibilidad y corte verdaderamente primitivos de su habla.” (M. Lekuona, 1918: 14)
Bestalde, 1918 hartan bertan baita ere, Bizkaiko Foru Aldundiak Azkuerentzat urteko 6.000 pezetako ordainsaria onartu zuen folklore bilketa lanetara bideratua. 1922tik 1925era bitartean hamaika liburukitan argitaratu zuen Cancionero Popular Vasco erraldoia izan zen azken emaitza. Kantutegian, bertsoak ere bazuen bere tokia, noski.
Hirugarren zantzu bat Jose Gonzalo Zulaikak 1919an emaniko hitzaldi batean topa daiteke. Aita Donostia izenez zen ezagunago Zulaika, eta ordurako itzal handia zuen musikari, musikologo eta folklorista gisa. Joxerra Garziak jasoa da argitaratu gabea den hitzaldiaren pasartea:
“Las sesiones de bertsolaris son un recuerdo imborrable para quien una vez las haya presenciado. ¡Qué gracia en las respuestas, qué ingenio en ‘restar’ y devolver la pelota a su contrincante! No hay partido que pueda comparársele. Es inagotable el repertorio del malicioso que quiere burlarse, por ejemplo, del caballo del vecino, flaco que casi llega a transparente….; de las Hijas de María que no son perfectos modelos en su comportamiento… del sacerdote que no es irreprochable en su vida… Con palabras, alusiones más o menos veladas, más o menos transparentes, el bertsolari, el poeta popular llega a decir, a insinuar todo lo que pretende.” (2000b: 418)
Elgoibar. Akilino Izagirre Zepai (1906, Azpeitia-1971, Idiazabal) eta Euxebio Eizmendi Txapel (1893, Errezil-1969, Azpeitia). Argazkilaria: Indalezio Ojanguren. Iturria: Sendoa.
Honek 1921ean argitaratu zuen bere bilketa lana, ‘Euskal eres-sorta’ izenburupean, euskal kulturgintzaren historian itzal handikoa eta bertsolaritzari tarte garrantzitsua eskaintzen ziona Azkuerena bezala.
Esan bezala, Lehen Pizkundearen bigarren olatu honek, 1910eko hamarraldiaren bukaeran gailur bat izango du, eta 1920ko hamarraldian Primo de Riveraren diktaduraren eraginez motelaldi bat jasan, 1930ekoan, II. Errepublikarekin, berriro bizkortu aurretik. Bertsolaritzak euskal kulturgintzaren testuinguruan egiten du bere bidea, eta kasu honetan ere 1920ko hamarraldia nahikoa bare joan zen. Azkueren eta Aita Donostiaren kantutegiez gain, Gregorio Mujikak 1925ean argitaratu zuen Fernando Amezketarraren ateraldi eta pasadizoen bildumak izan zuen arrakasta izango da hamarraldi honetan bertsolaritzaren historia sozialerako nabarmentzeko moduko gertakari bakanetakoa.
Eta nabarmentzeko modukoa da, Pernando Amezketarraren arrakasta itzela izan baitzen. Gogora dezagun Intza eta Arzubiaga, Zeruko Argiako eta Jaungoiko-Zaleko zuzendariak, oso kezkaturik agertzen zirela 1921ean Euskaltzaindiari zuzendutako eskutitzean euskarazko irakurleen eskasia zela eta. Bada, Joseba Gabilondoren arabera amezketarraren ateraldiei buruzko liburu hau garaiko irakurriena izan zen (2016: 224-225), eta, zinez, ez zen urruti ibiliko, 1927rako bigarren argitaldi bat behar izan baitzuen.
Gregorio Mujika, Euskal-Esnalea elkarteko lehendakari eta Euskalerriaren Alde nahiz Euskal-Esnalea aldizkarien zuzendari izandakoa, figura garrantzitsu bat zen garaiko euskal kulturgintzan, eta genero horri heldu izana litzateke gertatzen ari zen jarrera aldaketaren beste zantzu bat. Gainera, bere lanaren arrakastak arrasto garrantzitsu bat eman zioen euskaldunekin konektatzeko zailtasunak izaten ari zen euskal intelligentsiari. Pernando Amezketarraren bigarren argitaraldiaren urte berean argitaratu zuen Nikolas Ormaetxea Orixek bere Euskal literaturaren atze edo edesti laburra, eta euskal intelligentsia horren barruan puntako figura zenak honela zioen “Irakaspena” izena duen azken atalean:
“Geldixeago joanen ba gara ere, deramagun erria gerekin eta tinkoago goazke. Erri literatura landu bear dugu leenik. Begiemozu bertsolarietaz esan dizudanari. Gure erria bertsoetarako itoa den ezkeroz, emaizkiogun landuxegoak, baino erritarrak […] gaur euskaldunak —silaba arrotzetara oiturik baitago— bereak arrotzago ditu, ta neke apurra artu egin bear du […] ¿Neke ori noiz artuko du? Gaia emagarri (interesante) denean. Gregorio Muxika’k ederki aski asmatu du Pernando’rekiko liburu ori agertzean […] Ori bai iritxiko da erriraino. Norbait asmoetan dabila, diru asko balu, erriz erri ibili, arkitzen dituen gertakariak bildu, Pindaro’k bezala bertsoetan ipini, ta periz-peri kantatzeko, kantutegietatik artutako musika mintzoagoakin, euskera gal ez dedin” (1991: 44)
1930eko hamarraldian mugimendua bizkortzearekin batera Lekuonak 1931n egin zuen hitzaldi batek eman zion behin betiko bultzada bertsolaritzaren alorrari.