Bertsolaritzara euskararen komunitatearekin sintonizatu nahian

Antxoka Agirre-(r)en argazkia Antxoka Agirre 2025-01-02

Bertsolaritzara euskararen komunitatearekin sintonizatu nahian –

Bere kideek idazten zuten poesia modernistak herritarrengana iristeko arazoak zituela konturatu zen tolosarra: “[…] bere ustez, arazoa idazlan horien maila jasoegian zegoen, berrizaleen hizkera zail eta bihurria zen zabalkunde motel horren errudun nagusia” (Otaegi, 1996: 504). Gasteizko seminarioan izandako eragina dela medio (Lekuonaren hitzaldiak berretsitako eragina), kultura popularrak pizkunde hauetan izan ohi duen garrantziaz ere jabetzen zen, eta molde tradizionalek herritarrekiko komunikazioa erraztu zezaketela otu zitzaion. El Día egunkarian argitaratutako “Antziñako oituren piztutzea” litzateke Aitzolen estrategia aldaketaren lehen zantzua:

“[Koplak] irakurri utsaz eta entzun utsaz errex aditzen dira. Eta onelako olerkiak bear ditugu. Irakurleak eta euskaltzaleak gere bertso zail eta idazlan ezin entendizkoaz aspertu ditugu […] Iñor mintzeagatik ez diot. Neroni naiz erruduna. Baña guztiak bide txarrak utzi eta bide onera jo dezagun […] Gure elburua euskera piztutzea da. Gure baitan sar gaitean eta erabaki egokiena gureganatu dezagun. (El Día, 1933/II/05, ‘Antziñako oituren piztutzea’. Ariztimuño, Jose Aitzol)

Aitzoli erantzunez Lizardik olerkigintza zaila egiteko eskubidea aldarrikatu zuen (El Día, 1933/II/12, “Gure bideko mugarriak”), eta Lauaxetak, umorez hartzea erabaki: “Orreri, orreri!” zeritzon artikuluan berrizaleak gaizkile eta lapurtzat hartu dituen gizarte bat deskribatzen zuen, haien pertsekuzio eta exekuzioa proposatuz (Euzkadi, 1933/II/16).

Aitzolek bereari eutsi zion eta literatur sariketetan molde herrikoia jarraitzen zuten olerkariak saritzen hasi zen. 1934ko abuztuan Yakintza aldizkarian argitaratutako “Eusko olerti-kera berezia” lanean kopla zaharrek “euskal estetika” gordetzen dutela zioen. 1934aren bigarren erdian erabaki zuen bertsolari txapelketak berriro abiaraztea ere.

Poesiak kontzientzia pizgarri gisa espero zuen emaitzarik ez ziola ematen ikustean ekin zion Aitzolek bertsolari txapelketak antolatzeari. Instrumentala izan zen, bada, bertsolaritza sustatzera eraman zuen motibazioa.

Instrumentala zen, ordea, poesiari eskaini zion arreta ere. Kontzientzia nazionalaren pizkundea bilatzen zuen ingeniari sozialaren ikuspegitik ulertu behar da, beraz, burututako ibilbide osoa.

Jokin Zaitegiri bidalitako eskutitzean (1935/III/15) antzeman daiteke Aitzolek zekusan panorama:

“El poema de Orixe, estoy con ello, y tengo una preocupación grande: necesito diez mil pesetas para editarlo y no sé de dónde van a salir. A nadie le importan los temas del euskara y nuestra cultura, no se lee nada… Nuestro Curso de Poesía Vasca ha sido un rotundo fracaso, no ha venido nadie a escucharnos. Y para lograr adhesiones para ‘Euskaltzaleak’ y para otras actividades euskéricas nadie ofrece un céntimo…”  (Otaegi, 1993: 80)[1]

Bertsolaritzara euskararen komunitatearekin sintonizatu nahian
Esteban Urkiaga Lauaxeta (1905, Laukiz-1937, Gasteiz).

Ana Gandarak (2015: 225) oreka komunikatiboa deitzen diona bilatzen zuen, bada, tolosarrak bere arreta poesia modernistatik bertsolaritzara aldatzean, kulturgintzak eskaintzen zuena euskararen komunitateak jasotzen zuenarekin sintonizatzea. 

Hori horrela izanik, bertsolaritzarekiko zinezko interes bat ere aitortu behar zaio, ordea, Aitzoli. Horrela, 1932tik 1936ra bitartean bertso bilketan murgildu eta bilduma garrantzitsua osatu zuen: “Aitzolek herri-poesia edo kantu eta bertso zaharren bilketa-lana beharrezkotzat jo ez ezik biziki maite zuen” (Altzibar, 1996: 479). Eta bere artikuluetan askotan jorratu zuen bertsolaritzaren alorra, baita txapelketak abiarazteko erabakia hartu aurretik ere. “Bertso minez genuen beti, bertso minez, eta buruz ikasiak zituen anitz” kontatzen zuen Joseba Zubimendik (2002: 39). Argitaratu zituen hainbat artikulutan bertsolariekiko miresmena ere nabari zitzaion:

“¿Quien no ha comprobado la sutileza e ingenio de nuestros ‘bertsolaris’? Pero muy pocos pueden, […] testificar el caudal imaginativo, la rapidez creadora de la fantasia de un ‘bertsolari’ cuando pone en tensión las fibras de su alma de artista, cuando su bullente imaginación precipita los conceptos con vertiginosa celeridad y un secreto resorte presta color, ilusión, encanto y vida al verse obligado, al ritmo ferreo, a la melodía ondulante que el jurado arbitraria y repentinamente propone.” (Euzkadi, 1931/I/10, “Concursos de Bertsolaris / Renovando costumbres de antaño”, Ariztimuño, Jose Aitzol).

Bertsolaritzara euskararen komunitatearekin sintonizatu nahian
1935. Hernani. Euzko Nekazarien Bazkunaren egoitzan bertso saioa. Ezkerreko lehenengoa Uztapide da, eta mahaian ezkerrean dagoena Fernando Alkain Alain Zarra. Argazkilaria: Pascual Marín. Iturria: Kutxateka.

[1] 1933rako amaitua zegoen arren, ‘Euskaldunak’ ez zen 1950. urtera arte argitaratu ahalko.

Bertsolaritzara euskararen komunitatearekin sintonizatu nahian  Bertsolaritzara euskararen komunitatearekin sintonizatu nahian