Bertsolaritza jolasgai haur hezkuntzan
Bertsolaritza jolasgai haur hezkuntzan –
Arizmendi ikastolako (Leintz Bailara) Basabeazpi gunean (Aretxabaleta) bertsolaritza izan dute jolasgai, haur hezkuntzan. Euskal Kultura landu duten proiektuaren baitan, Joanito Dorronsoro, Aitor Sarriegi, Patxi Goikolea, Juanito Akizu eta Jon Sarasua izan dituzte bertso kantari eta kontu kontari.
Almengo bertso-eskolaren sorreraz eta garai hartako kontuez aritu ziren Patxi Goikolea eta Juanito Akizu bertso-eskolaren sortzaileak –Xanti Iparragirrerekin batera sortu zuten– eta ikasle izan zuten Jon Sarasua bertsolaria, Arizmendi ikastolako (Leintz Bailara) Basabeazpi gunean (Aretxabaleta). Garai hartako kontuez ez ezik, bertso zaharrak eta bertsolaritzari lotutako hamaika kontakizun kontatu zizkieten aurrez aurre zituzten haur hezkuntzako haurrei. Aurrerago, beste egun batean, bertso kantari eta kontu kontari jardun zuten Aitor Sarriegik eta Joanito Dorronsorok ere. Sarriegi eta Dorronsororen saioan, Dorronsorok hautatzen zituen bertsoetarako doinuak eta Sarriegik doinu horretan kantatzen zuen bertsoa. Haurren arreta eurenganatu zuten batzuek eta besteek, eta gonbidatuei errimak jartzen eta haiekin hitzen jolasean ere aritu ziren.
Euskal kultura izan zuten aztergai urte hasierako proiektu batean, eta bide horrek eraman zituen bertsolaritzara. Basabeazpi guneko pedagogia arduradun Iñaki Gonzalezen arabera, ikastola izatetik, “DNAn” daramaten kontu bat da euskal kultura eta bertsolaritza landu izana. “Komunitate baten parte gara, eta hori aztertzen dugu. Komunitatearen errealitatea aztertu eta azterrarazi behar dugu, eta, posible bada, eraldatu gure oinarrietan. Horretarako, batetik, zientziak erakusten digu pertsonak berak nola funtzionatzen duen; eta, bestetik, ikastola garen heinean herri honi zor dioguna dago”, zioen Gonzalezek. Horrek eraman ditu Euskal Kultura aztertzera proiektu batean. Euskal kultura ez dute aztergai bakan, askotariko proiektuak egiten dituzte urtean zehar askotariko gaien gainean. Berbarako, aurreko urte batean Pirritx, Porrotx eta Marimototsen Munduko loreak kantaren bideoklipa ere egin zuten. Orduko hartan beste herri batzuk izan zituzten aztergai.
Gonzalez: “Gakoa, gaia bera baino gehiago, emozioa aktibatzea izaten da, bizipena izateko aukera izatea, horrek sortzen duelako interesa”
Halako gaiekin haurrengana nola iritsi da erronka eta neurozientzian hartu dute oinarria, alegia edozein gai lantzeko motibazioa emozioak abiarazten duela. “Emozioak aktibatzeko gai bagara, interesa aktibatuko da. Interesa aktibatzen bada, burua abian jartzen da, ikasteko prest gaude eta egin egiten dugu. Emozio horren bitartez, gai gara gordetzeko informazio hori guztia. Beste alde batetik, adimen anitzek erakutsi digute garun guztiek ez dutela berdin funtzionatzen, eta bakoitza oso bide ezberdinetatik iristen dela ondorio beretara”, azaldu zuen Gonzalezek. Arizmendi ikastolan Konfiantzaren pedagogia garatu dute, eta, jakintza askotatik jasota garatu duten pedagogia horren baitan, “proiektuak ez dira ohiko proiektu: funtsa da nola begiratzen diogun gizakiari, eta begirada horren funtsa da gizakia programatuta dagoela eta gai dela baldintza egokietan bere prozesua egiteko subjektu eta subjektu komunitario bezala. Gure lana da testuinguru egokienak sortzea”.
Lehenik, emozioen aktibazioa
Proiektu baten aurrean, haurrekin gaia adosteko bidea defendatu izan dute batzuek. Adosteko bidea ez dela guztien interesekoa irizten dio Gonzalezek, euren interesa “denengana iristea” da. Hargatik hautatzen dute emozioa pizteko bidea. Irakasleek gidatzen duten une bakarra izaten da interesa pizteko unea. Hainbat modutara egiten dute; besteren artean, adimen aniztasuna aintzatetsita. Era honetara bideratu zuten euskal kulturari buruzko proiektua: “Ikusi genuen haurrengan emozioa sortzen duen gauza garrantzitsu bat euren gurasoen, familiakoen edo komunitatekoen parte hartzea zela, edo gu komunitatera joatea eta bertan esperientzia bizipen bat edukitzea. Egin genuena zen begiratu zer dagoen gure hezkuntza komunitate barruan. Ohartu ginen bagenituela guraso musikari nahikoa, bertsolariak genituela, bertso-eskolen sorreran egon ziren aitonak zeudela… Oso testuinguru egokia genuen emozio hori aktibatzeko. Gakoa, gaia bera baino gehiago, emozioa aktibatzea izaten da, bizipena izateko aukera izatea, horrek sortzen duelako interesa”. Lehen paragrafoan aipatutako gonbidatuen artean, haurren osaba edo aitona ziren guztiak, salbu eta Patxi Goikolea. Goikolea, dena den, komunitateko kide da.
Gurasoei euskal kulturaren inguruan izan zezaketen edozein informazio, material edota tresna ekartzeko eskatu zieten. “Ingurua asko apaindu dugu eurek ekarri duten informazioarekin. Ekartzen duten material asko eskura daude eta estetikaren parte ere badira. Haurrek une jakinak izan ohi dituzte horiek erabiltzeko. Ez du balio ezertarako erabiliko ez den kontu bat ekartzeak. Askoz esanguratsuagoa da, horma batean badago eurek ekarritakoa, eta ekarri duenak ikusten badu eta besteok ere bertatik ikasten badugu”, zioen Gonzalezek.
Gonzalez: “Testuinguruan aukerak emanez gero, eurek egiten dituzte gai horri buruzko hausnarketa guztiak”
Gurasoengandik informazio, material eta tresna horiek jasotakoan, jasotako interesaren arabera, hasi ziren irakurketa idazketarako, matematikarako, musikarako, eskulanetarako, esperimentaziorako, pentsamendurako eta bestetarako tresnak sortzen. Gonbidatuen ekarpenek sustatu zituzten jolas eta esparru berriak ere: “Patxi Goikoleak kontatu zuen nola erratz makila bat erabiltzen zuten eskoletan publikoaren aurrean kantatzen ohitzeko. Makilak eskura utzita bakarrik oraindik jarraitzen dute antolatzen mikrofono bat, ipuin bat hartu eta ipuinean ikusten dituzten marrazkiak kantuan botatzen. Ez dute egiten errimarekin, ez dute egiten bertso estrukturarekin, baina kantuan egiten dute. Zer egiten dute? Berba jolasarekin jarraitzen dute, eurek egiten dituzte euren errepikak. Hizkuntzan trebeak direnak, adibidez, asko jolastuko dira horretara. Testuinguruan aukerak emanez gero, eurek egiten dituzte gai horri buruzko hausnarketa guztiak”. Edukien kontzientzia hartzeko, manipulatu eta esperimentatu beharra azpimarratu zuen Gonzalezek: “Zabalik eskaintzen baditugu, gehiago esperimentatuko dute adimen horietatik. Eduki horiek guztiak zentzuarekin ikasiko dituzte. Hori da eskaintzen duena proiektu baten testuinguruak”.
Proiektua garatzerako orduan, gurasoen parte hartzea “handia” da. “Gai batzuetan guraso batzuek parte hartzen dute, eta beste batzuetan beste batzuek. Beti oso harrera ona edukitzen dugu. Komunitatetik ikasten dugu, komunitatearekin batera egiten dugu, eta komunitatera itzultzen dugu horren sintesia”, argitu du Gonzalezek. Ikuskizuna egin zuten komunitatera itzultzeko. “Saiatzen gara hori ere bizipenetik egiten den zerbait izatea”.
Gonzalez: “Irekiduraren plazera transmititu nahi izan dugu. Euskal kultura modu indartsu batean bizi izateko aukera saiatu gara biziarazten”
Euskal kulturaren transmisioa
“Oso interesgarria” da euskal kulturak orokorrean egin duen ibilbidea Gonzalezentzat. “Bizipenetik eta plazeretik oso garrantzitsua da haurrek bizi izatea garapen hori eta une bakoitzaren garrantzia”, adierazi zuen. “Oinarri-oinarritik” hasi ziren. Artzaintzaren doinuak, txalaparta, bertsolaritza, garai zahar eta berrietako musika, kantautoreak eta beste hainbat arlo landu zituzten, sorreratik gaur egunera. “Plazerez bizi izan dugu, eta egun horiek guztiak nola nahasten diren ikusi dugu. Irekidura horren plazera transmititu nahi izan dugu. Euskal kultura modu indartsu batean bizi izateko aukera saiatu gara biziarazten”.
Bertsolaritzaren kasuan, ahotsetik, musikatik, mezutik… abiatu ziren: “Horretarako oso testuinguru egokia genuen, gainera. Era berean, pedagogikoki bertsolaritzak aukera handia ematen du berba jolasak egiteko, errimak egiteko eta gauza askotarako. Bertsogintzak beste edozein proiektutan dauka lekua, musikak daukan bezala”.