Bertsolaritza ipuinetan: Prentsan argitaratutako aurrekarien errepaso arin bat

Prentsan argitaratutako aurrekarien errepaso arin bat –

Testua: Antxoka Agirre

Idazleek eskaini dizkiguten plater gozoen aurretik, zizka-mizka modura, garai batean prentsan argitaratutako aurrekarien katalogo bat dakarkigu. 17 pieza labur errepasatu dira, guztiak ere horitu samarrak, aldizkari honentzat ez ezik euskal literatura garaikidearentzat ere ariketa arrotz samarra bihurtua baita eskuartean duguna: urteak dira bertsolariaren figura ipuinetatik, eleberrietatik edo poemetatik desagertu zela. Bestalde, fikzioak berak ere ez du toki handirik egungo prentsan, ahaide urruntzat har daitezkeen fake newsak bolo-bolo dabiltzan arren. Rentrée edo itzulera moduko honentzat, bada, atzera begirako bat ahogozoa esnatzen hasteko.

Prentsan argitaratutako aurrekarien errepaso arin bat

XIX. mendearen bigarren erditik hasi eta XX.aren lehen herena bitartean, folletoia edo atalka hainbat egunetan zehar argitaratutako istorio luzea izan zen fikzioak prentsan zuen sarbide nagusienetako bat. Arrakasta handikoak eta ohikoak ziren folletoi hauek, eta kazetari bezala ezagun egindako sinadura asko animatzen zen gisako testuak lantzera. Gauzak horrela, ez da harritzekoa bertsolaritzaz prentsan argitaratutako fikziozko piezarik interesgarrienak eremu horretan topatzea: Agosti Xahoren Aïtor – Légende cantabren, 1845ean Ariel aldizkarian argitaratua, bertsolaria zen Aitor, euskaldunon patriarka, eta bertsotan ematen zuen euskal tribuen genesiaren berri; Juan Antonio Mogelen Peru Abarkan, 1880an Beti-bat egunkarian argitaratua, herri jakinduriaren adierazpen gisa bertsolaritzak presentzia oso garrantzitsua zuen; Vicente Aranak El Aralar egunkarian bertsolari bat jarri zuen zaldunen istorio bateko protagonista nagusi 1896an; ABCk folletoi gisa eskaini zuen Pierre Lotiren Ramuncho, garaiko best seller garrantzitsuenetako bat, eta bertako protagonista ziren euskal kontrabandisten artean bertsolariek dezente luzitzen zuten; edo bertsolarien inguruko hainbat eszena eskaintzen zituen Blasco Ibañezen El Intruso eleberri ezaguna ere atalka eskaini zuen Le Populaire egunkariak 1935ean.

Hala ere, horiek guztiak Prentsa historikoko perlak izenburupean, Bertsolari aldizkari honen 123. zenbakian jasota utzi genituen, eta ez du zentzu handirik hona berriro ekartzeak.

Perlak hartatik kanpoan gelditu ziren bertsolaritzari lotutako hainbat ipuin labur, ordea, egokiak dira idazle garaikideei eskatu zaizkien ipuinen aurrekari gisa.

Ez zuten aurrekoek bezainbesteko oihartzunik eta garrantzirik izan. Gehienak ez dira puntakoak izango kalitate aldetik, baina kurioso askoak iruditu zaizkigu guztiak, eta errepaso arin bat merezi dutelakoan gaude. Bertsolaritzak gaur ere toki garrantzitsua betetzen du euskal kultur sisteman eta iruditerian, baina garai batean iruditeria hori fikziora orain baino dezente gehiago eramaten zela erakusten dute, gainera, ipuinok, eta iruditeria horren nondik norakoak ilustratzeko ere baliagarriak dira[1].


[1] Aipatu beharra dago, ez direla topatu diren guztiak ekarri, bertsolaritzaren presentzia esanguratsuena zutenak baizik. 

Prentsan argitaratutako aurrekarien errepaso arin bat